70 eta 80 urte artekoen belaunaldia

Opor izenik bako udako egunak

1950eko eta 60ko hamarkadetan umeak ziren Rosa Maria Agorria, Julian Bilbao eta Jose Antonio Alzaga iurretarrak. Haiek diotenez, ez zituzten oporrak izaten, baina etxeko jostailu "eta ez hain jostailuekin" igarotako momentu gogoangarriak dituzte buruan hirurek.

Rosa Maria Agorriaren —lehen lerroan lehena, ezkerretik— txikitako argaki bat, hondartza atean familiarekin. BERRIA
Igor Galarza.
2019ko uztailaren 30a
15:34
Entzun

Oporrak? Guk ez dugu oporrik izan! Zer kontatuko dizut nik bada...". Oporrik ez zuten izaten Julian Bilbaok, Jose Antonio Alzagak eta Rosa Maria Agorriak orain 60 urte inguru, baina, hala ere, ekainetik eta abuzturako egunek zapore ezberdina izaten zuten. Oporrak beharrean, "uda garaiko ezohiko egunak" izaten ziren gehienentzat. Frankismoaren garai latzenak bizi zituzten orduan, eta horrek eragin nabarmena izan zuen egunerokoan, baita udan ere.

Eskolako arrosarioak, abestiak eta hizkuntza "arrotzak" amaitzen baziren ere, ez zen askorik aldatzen orduko gazteen egunerokoa. Denbora librea izaten zuten, baina «urrutira joan gabe» aritzen ziren gehienetan.

Julian Bilbao (Iurreta, 1947) Iurretako Bakixa baserri-auzoan (Bizkaia) gora eta behera aritzen zen, lagunekin. Bizkaiko kostaldera joaten zen askotan, Gorlizera batez ere. Gazteentzako udalekuak izaten ziren han, eta haiek izaten ziren haren oporrak. Espainiako Gazte Erakundearekin Burgos aldera (Espainia) joan zen behin, Espinosa de los Monteros herrira, udalekuetara orduan ere. Bilbaok nabarmendu du kosta egiten zitzaiola etxetik ateratzea, ez zuela gustuko, eta "negar asko" egiten zuela halakoetan: "Hamabost egun egin nituen Burgosen, eta hamabost egunak negarrez eman nituen etxean egon nahi nuelako. Jende ugari biltzen zen han, leku ezberdinetatik joandakoak". Hori bai, nabarmendu du 18 urte bete arte, gidabaimena atera zuen arte, ez zuela "ganorazko" oporrik izan.

"Hamabost egun egin nituen Burgosen, eta hamabost egunak negarrez, etxean egon nahi nuelako"

Jualian Bilbao. Erretiratua

 

Beste inguru batzuetara joaten zen Jose Antonio Alzaga (Izurtza, Bizkaia, 1948). "Kostako itzulia egitera joan nintzen behin, mutikoa nintzela, Izurtzako abadeek-eta antolatuta, neskazaharrekin". Egunpasa ugari egiten ziren garai haietan. Udalekuetan, ordea, ume gehienek "sufritu" egiten zuten, ez baitzeuden ohituta bakarrik lo egitera, Alzagak azpimarratu duenez.

Udako egunak alboko herrira joateko baliatzen zituzten orduko gazteek, halere. Alzaga, esaterako, Mañariara joaten zen, osabaren etxera. Ez zuten perimetro hori sarritan gainditzen, baina ez zien ardura urrutiago bidaiatu ez izateak. "Ez genuen pentsatu ere egiten urrutira joatea", adierazi du Bilbaok.

"Sarri entzuten genuen gazteleraz ‘hara! badatoz baserritarrak’ esaldia, gu baino gehiago zirelakoan"

Jose Antonio Alzaga. Erretiratua

 

Oporretarako gogoa izan, izaten zuen Rosa Maria Agorriak (Durango, Bizkaia, 1948), baina ez zuen ezer esaten etxean. Oporretarako zuen aukera aprobetxatzen zuen. Aukera hori senideak bisitatzea zen. Agorria Portugalete aldera (Bizkaia) joan izanaz oroitzen da oraindik, izeba-osaben etxeetara.

9 urte zituela, Agorria etxez aldatu zen, baina ez herriz: Iurreta orduan Durangoko auzo bat baitzen, eta Bakixara joan baitzen bizitzera. Gogoratu duenez, behin han zegoela kosta egin zitzaion lagunak egitea: "Auzoan ez nuen adinkiderik, eta adin desberdinetako lau bat lagun batzen ginen; besterik ez zegoen". Ikusten ziren azken aldian, hurrengo aldirako hitzordua egiten zuten: "Agertzen ez zena, hor konpon". Izan ere, udan ere ez ziren maiztasun handiz egoten lagunekin. Agorriak ere probatu zuen udalekuren bat edo beste, baina, gainontzean, herri inguruan ibiltzen zen.

"Auzoan ez nuen adinkiderik, eta adin desberdinetako lau lagun batzen ginen; besterik ez zegoen"

Rosa Maria Agorria. Erretiratua

 

Baserrietatik kalera

Durangoko kaleetan zegoen giroa, eta baserrietako umeak herrira jaisten ziren. Agorria eta haren lagunak batzen ziren aldiro, beste ume ugarirekin elkartzen ziren. Alzaga eta Bilbao ere Durangora joaten ziren. Alzagak esan du kalekumeek "harrokeriaz" begiratzen zietela baserriko umeei: "Herrira joaten ginenean, sarri entzuten genuen, gazteleraz, 'Hara! Badatoz baserritarrak' esaldia, gu baino gehiago zirelakoan".

Kalekume artean "deserosotasun" puntu bat ere sentitzen zutela esan dute hirurek. Deserosotasun hori etxetik zekarten hizkuntzagatik zen. Euskara besterik ez zuten erabiltzen garai hartan etxean, eta, eskolan derrigorrean gazteleraz eginagatik, "nabarmena" zen haien gaztelera kaxkarra. Kalean ez zen apenas euskararik entzuten; zaila zen gaztelera ez zen beste hizkuntza bat entzutea. Alzagak onartu du euskarakadak gura adina botatzen zituztela. "Hor igartzen zitzaigun gure baserritarkeria", Agorriaren hitzetan. Hori dela eta, berak dio "lotsatiagoak" zirela baserrietatik herrira jaisten zirenak: "Kaleko jendea beti zen bizkorragoa".

Irudiaren deskribapena
Bilbao. E. Portillo / Foku

"Orduko erromeriatan, soinu jotzaile bat eta pandero jotzaile bat nahikoa izaten ziren giroa alaitzeko"

Jualian Bilbao. Erretiratua

 

Gallartara (Bizkaia) udalekuetan joan zeneko aldia oroitu du Agorriak, eta nabarmendu du "oso gaizki" pasatu zuela. Udaleku haiek bereziak ziren, zozketa bidez tokatzen zirenetakoak, eta Espainiatik ere joaten zen jendea Gallartaraino: "Espainiatik etortzen zen jendea askoz biziagoa zen, eta guk oso gaizki pasatzen genuen. Izatez oso itxiak baginen, are itxiagoak udaleku haietan".

Inguru erdaldunetik ihes egiteko, auzoetako festak izaten ziren Bilbaoren, Alzagaren eta Agorriaren udako "arnasguneak". Erromeriak eta dantzaldiak zeuden lekuetan egoten ziren gustura hirurak. Lagunekin baino ez ziren joaten auzoetara: "Familiarekin ezertarako ere ez nuen kontatzen", adierazi du Bilbaok. Alzagak, aldiz, aitonarekin Zornotzara (Bizkaia) eta Elorriora (Bizkaia) egindako bidaiak oroitu ditu.

Gaur egun ez bezala, orduan gaueko girorik apenas egoten zen. Goizaldeko ordu biak aldera erretiratzen ziren, gutxi gorabehera. "Orduko erromerietan soinu jotzaile bat eta pandero jotzaile bat nahikoa izaten ziren giroa alaitzeko; gurasoek elkarrengandik gertu dantzatzeko; gazteek mutiletan zein neskatan egiteko; eta umeak plazatik zehar korrika aritzeko", Bilbaoren esanetan.

Jolaserako eta lanerako

Denbora-pasa ugari zituzten udako egun haietan, askotarikoak. Bilbao aldapan gora eta behera aritzen zen, eta Agorria tortolosetan aritzen zen, adibidez: "Neskak tortolosetan aritzen ginen, eta mutilak, berriz, kanikekin edo botilen txapekin jolasten ziren". Josten ere ikasi zuen Agorriak, bere jantziak konpontzeko edo berriak egiteko. Alzagak, aldiz, garai haietan jostailu bat lortzeko egin behar izaten zuten ahalegina azpimarratu du: "Euskaraz eta latinez hitz egin, eta arrosarioa errezatu behar izan nion behin abadeari baloi bat eman ziezadan".

Irudiaren deskribapena
Agorria. Endika Portillo / Foku

"Espainiatik zetorren jendea askoz biziagoa zen. Izatez itxiak baginen, are itxiagoak udaleku haietan"

Rosa Maria Agorria. Erretiratua

 

Garai haietan, edozein tresna bihurtzen zen jostailu haientzat. Bilbaok karabina batekin izandako susto bat oroitu du: "Lagunari kartutxo bat kendu nion kanoian sartzeko. Lagunak aurpegia kanoiaren zuloan zuen. Nahi gabe, sua piztu, eta tiro egin nuen. Ez dakit zer momentutan eta nola kendu zuen burua kanoi zulotik, baina sekulako eskapada egin zuen".

Aisialdirako ez ezik, lanerako ere izaten ziren udako egun haiek, garai zailak baitziren: baratzean ez bazen, beste nonbait egin behar zen lan, etxera ahalik eta baliabide eta diru gehien eramateko. Bilbaok dio "zortea" izan zuela; izan ere, etxeko lanik apenas egiten zuen udan, umea zenean: "Askotan libratzen nintzen; hori bai, lan egin behar zenean, egiten nuen: osabari behiekin laguntzen nion, adibidez".

Baserriko lanetatik beste lan batzuetara igaro zen hazi ahala. Tailer batean aritu zen lanean gazte garaiko uda batean; han irabazi zuen lehen soldata. "Orduko hiru pezeta irabazten nituen. Hiru!" dio, penatuta ia. Alzaga 14 urterekin hasi zen lanean, eta urte luzez aritu zen opor egunik hartu gabe. Agorria, berriz, ez zen 18 urtera arte hasi ordainpeko lanean.
 

"Euskaraz eta latinez hitz egin, eta arrosarioa errezatu behar izan nion abadeari baloi bat eman ziezadan"

Jose Antonio Alzaga. Erretiratua

 

Irudiaren deskribapenaAlzaga. E. Portillo / Foku

Bizikleta edo oinak ziren 1950eko eta 60ko hamarkadetako garraiobiderik erabilienak. Eskuz eginiko bizikletak nahikoa ziren aldapak igo eta jaisteko. Bilbaok asko erabiltzen zuen bizikleta, uda garaian bereziki: "Orduan arin ibiltzen zen bizikleta hartxinga gainean". Inguruko herrietara joaten zirenean, lagun bat baino gehiago eraman behar izan zuten bizikleta gainean. Udako auzo bateko jaietatik bueltan izan zuten ezbeharra oroitu du Agorriak: "Ez dakit Julian [Bilbao] bera ez zegoen! Baietz uste dut... Hankaz gora joan ginen bizikleta gainean gindoazenok".

Bizikletan ibiltzen ez zekitenek oinez egiten zuten herrirako bidea. Hori da Agorriaren kasua. "Autobusa etxe albotik pasatzen hasi zenean, autobusez joaten nintzen, hori bai". Etxerako bidea pinudien artetik igarotzen zenez, azaldu du bidea "arin" egiten zuela, badaezpada, basurdeen eta otsoen beldurrez.

Oroitzapen gogoangarriak

Gauza asko ahaztu badituzte ere, uda sasoiko garai bereziak, barregarriak, zein beldurgarriak gogoratzen dituzte oraindik ere. Aitortu dute, hala ere, garai haietan uztaileko eta abuztuko egunak izaten zirela haien urteko denbora-pasarako egun bakanetarikoak, eta, gaur egungo haurrekin alderatuta, oso ezberdinak zirela haienak.

Udalekuak, auzoetako festak... garaiak adina aldatu dira oporraldiak ere. Baina berriz biziko lukete horrelakorik? Iritzi desberdinak dituzte horren inguruan. Agorriak argi du bueltatuko litzatekeela 10 urte zitueneko garaira, eta berriz ere uda sasoiko egun haiek bizi nahiko lituzkeela dio. Bilbaoren iritziz, aldiz, iraganeko kontuak dira dagoeneko: "Zertarako? Erretiroan pentsatzen aritzeko berriz?". Alzagak nahiko luke berriz haurtzarora itzuli, baina egungo oporrak bizi ahal izateko: "10 urte eduki nahiko nituzke, baina oraingoak, ez gure garaikoak".

Bihar: 60 eta 70 urte artekoen belaunaldia.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.