Kaledonia Berriaren deskolonizazio prozesuaren bigarren independentzia erreferendumerako bi hilabete eta erdi falta diren arren —urriaren 4an egingo dute—, independentistek eta loialistek asteon hasi dute horretarako kanpaina, eta badirudi aurtengoa duela bi urtekoa baino gatazkatsuagoa izango dela, asteotan gertatu direnek agerian utzi dutenez.
Bi aldeen arteko mezuak eta kritikak ugaritu egin dira azken egunotan, eta, Elie Poigoune Jakintsuen Batzordeko kide ezagunak adierazi duenez —kanpaina gainbegiratzeaz arduratuko dira—, aurten jarrerak «gogortu» egin dira. Oraingoz, gertakariak sare sozialetako mezu arrazistetara mugatu dira, baina Poigounek kezka agertu du datorrenari begira: «2020an, jarrerak gogortu egin dira; lasai egoteko deia egin behar dugu, pospolo batekin nahikoa izango baita [gatazka lehertzeko]. Gorrotoa, indarkeria eta bazterkeria hautu errazak dira».
Mezu arrazista horietako batzuen egileak «ekintza politiko» gisara defendatu du egindakoa, baina horrek ez dio balio izan zigorra saihesteko: urtebeteko kartzelaldia ezarri diote —horietako sei hilabete ez ditu bete beharko—. Pierre Christophe Pantz geopolitikan doktoreak RT France kateari adierazi zionez, aurten bi aldeak are gehiago zatitu dira: «Paisaia politikoaren bipolarizazioa nabarmen kristalizatu da, eta kanpainaren tonua 2018koarena baino askoz ere erasokorragoa da».
Aurtengo kanpainan berritasun garrantzitsu bat izango dute: Frantziako bandera erabiltzea legezkoa izango da, duela bi urte ez bezala. Horrek, noski, independentisten haserrea piztu du, estatuaren neutraltasuna hausten duela uste baitute; hori ikusita, Nazio Askapenerako Fronte Sozialista Kanaka (FLNKS) aliantzak Parisi egotzi dio eskuin loialistarekin «konspiratzea» bandera horren erabilera legezkoa izateko. Are, FLNKSk galdeketako emaitzak zalantzan jartzeko mehatxua ere egin du.
Jakintsuen Batzordeko kide bat argi mintzatu da: «Gorrotoa, indarkeria eta bazterkeria hautu errazak dira»
Horri guztiari gehitu behar zaio independentistek eta Frantziako Estatuak urte honen bigarren hiruhilekoan izan duten beste gatazka bat, Laurent Prevost gobernuaren ordezkaria polemikaren erdian utzi duena. Kaledoniar Batasuna (UC) indar independentistak asteak pasatu ditu Prevost kargugabetzeko eskatzen, osasun larrialdian jarritako baldintzak Noumeako akordioaren aurka doazelakoan. Ez hori bakarrik: armadaren komandante bat Frantziara itzultzeko eskatu du alderdiak, militarrak uhartean «ezkutuan sartu eta atera» dituelakoan.
Laboristen aldaketa
Independentisten aldetik, aurten Alderdi Laboristak ere parte hartuko du kanpainan. 2018. urtean, ezkerreko indar horrek galdeketa boikotatzera deitu zuen, argudiatuta hautesle errolda «mugatuegia» zela —kanak asko kanpoan utzi zituztelako—, eta lehenbiziko erreferendumak ez zuelako Noumeako akordioa errespetatzen. Aurtengoan, bada, iritzia aldatu dute.
Urte hasieran egindako bilkura batean, laboristek erabaki zuten hasi berri den kanpainan botoaren aldeko deia egitea, baina, aldi berean, erabaki zuten FLNKSrekin ez aliatzea, azken urteotako zatiketa are gehiago sakonduz. Louis Kotra Uregei alderdiaren buruzagiak zera adierazi zuen urte hasieran: «Alderdi Laboristak baiezkoaren alde bozkatzera deitzen du, eta nazionalisten batasunaren alde egitera. Guk [galdeketarako] ardura eta jarrera gure gain hartu ditugu, eta hori ikusi egingo da praktikan. Baina FLNKSren egituretatik kanpo izango da».
Independentziaren aurkakoen artean, egoera antzekoa da: sei alderdi politiko —tartean eskuin muturra— Loialistak izeneko kanpainan elkartu dira, 2018ko «hutsegiteetatik ikasi» ostean emaitza hobeak lortzeko; Gil Brial kanpainaren koordinatzailearen arabera, indarrak batzeak arrakastarako bidea erakutsiko du: «Azkenean, arrazoi oso gutxi daude independentziaren alde bozkatzeko, baina arrazoi asko daude Frantziaren parte den Kaledonia baten alde egiteko».
Hori bai, agintean den eta kongresuan ordezkaritza handiena duen Etorkizuna Konfiantzaz alderdiak ez du horretan parte hartuko, baina hark ere ezezkoaren alde bozkatzera deitu du.
Berez, aurtengo erreferenduma irailaren 6an ziren egitekoak, baina koronabirusaren ondorioz urriaren 4ra atzeratzea erabaki zuen Edouard Philippe Frantziako aurreko lehen ministroak. Iragan maiatzean egin zuten eskaria UC independentistak eta Kaledonia Elkarrekin (CE) indar loialistak, baina haiek beste data bat proposatu zuten, urriaren 25a; argudiatu zutenez, kanpaina behar bezala egiteko bermerik ez zegoen. Azkenean, Philippek data aldatzea erabaki zuen, baina ez UCk eta CEk proposaturiko egunera, urriaren 4ra baizik.
2018ko azaroaren 4an egin zuten deskolonizazio prozesuko lehen independentzia erreferenduma, eta, Frantziaren parte izateko hautua gailendu zen arren (%56,7-%43,3), independentismoak espero baino askoz ere emaitza hobeak lortu zituen.
Haustura sakonak
Orduko horrek, gainera, agerian utzi zuen Kaledonia Berriko errealitatea: haustura sakona dagoela jatorriz indigenak diren kanaken eta jatorriz europarrak diren caldocheen artean, bai politikoki, baita soziologikoki ere. Kanakek independentziaren alde bozkatu zuten, eta caldocheek, aurka, baina independentismoak lortu zuen gazteriaren parte bat mobilizatzea —abstentziora jotzeko asmoa zuten gehienek— eta indigenak ez diren batzuek ere baiezkoaren alde egitea.
Lehen galdeketan bezala, aurten ere, Hegoaldeko probintziako boto emaileak erakartzea da independisten erronka. Iparraldeko probintzian eta Leialtasun uharteetan, kanakak gehiengo dira, eta hori sumatu zen Kaledonia Berriko Kongresurako iazko bozetan, independentziaren aldeko alderdi politikoek jaso baitzituzten boto gehien bi eremu horietan.
Arazoa, ordea, hirugarren probintzia horretan dute: biztanleriaren %75 bizi da eremu horretan, eta probintzia horretatik doaz ordezkari gehien ganberara; bada, eremu hori da loialisten gotorlekua. 268.767 biztanle ditu Kaledonia Berriak, eta horietatik 199.983 bizi dira Hegoaldeko probintzian; batez ere, Noumea hiriburuaren inguruan.
Halere, azken bozetako joerak mesede egiten dio independentismoari: 1999ko bozetan, independentziaren aldeko alderdiek 19 diputatu eskuratu zituzten, eta indar loialistek, 35; egun, berriz, independentistek 26 ordezkari dituzte, eta unionistek, 28.
Sei indar unionista Loialistak kanpainan elkartu dira, 2018ko «hutsegiteetatik ikasi» ostean emaitza hobeak lortzeko
Ofizialki, 30 urte dira Kaledonia Berria deskolonizazio prozesu batean murgilduta dagoela, 1988ko Matignongo eta 1998ko Noumeako akordioen ondorioz. Frantziako Estatuaren eta Kaledonia Berriko independentisten eta loialisten ordezkariek adosturiko eta sinaturiko hitzarmenek koloniaren hiru probintzien eta komunitateen arteko desorekak orekatzeko neurriak aurreikusi zituzten, eta, lehen akordioaren kasuan, baita sinatu eta hogei urtera autodeterminazio erreferendum bat antolatzea ere. Hamar urteren ostean, ordea, independentistek eta loialistek ez zuten argi ikusi galdeketa horren antolaketa, hori egiteak aurreko hamarkadako tentsioak berpitz zitzakeelakoan; horren ondorioz, hiru aldeek Noumeako akordioa sinatu zuten, eta Parisek onartu zuen pixkanaka gero eta eskumen gehiago ematea Kaledonia Berriari. Alegia, koloniaren autonomia progresiboki handitzea.
Gaur-gaurkoz, Kaledonia Berria testuinguru horretan dago: Justizia, ordena publikoa, Defentsa, moneta eta nazioarteko harremanak —falta zaizkion eskumenak— soilik independente bilakatuz gero bereganatuko ditu.
Urte gatazkatsuen ondorio
Matignongo eta Noumeako akordioak bide gatazkatsu baten ondorio dira. Independentziarako bidean, lehen harria Maurice Lenormandek jarri zuen, 1953an UC alderdia sortu zuenean; kaledoniarrak eta melanesiarrak elkartzea zuen helburu, Bi kolore, herri bakarra lelopean. Kanakek 1957ra arte itxoin behar izan zuten bozkatzeko eskubidea izateko; horren aurretik, ez zuten eskubide zibilik, eta lan behartuak egiteko erabiltzen zituzten.
Lafleur loialista eta Tjibaou independentista, elkarri eskua emanda, Matignongo 1988ko akordioak sinatu ostean. BERRIA
Iragan odoltsuak goia jo zuen 1980ko hamarkadan, Kaledonia Berria gerra zibilaren atarian zegoenean. FLNKSk, Jean-Marie Tjibaou buru zuela, «Kanakyko behin betiko gobernua» osatu zuen 1984an, eta hurrengo lau urteetan krisi politikoa eta iskanbila bortitzak izan ziren protagonista herrialdean.
Goia 1988an jo zuten, Frantziako presidentetzarako bozen atarian: Ouvea irlako Gossanaheko kobazuloan ezkutatu ziren zenbait militante independentista, bahitu zituzten 27 jendarmerekin; militarrak bortizki sartu ziren, eta 25 hildako izan ziren; tartean, hemeretzi kanak. Orduan, negoziazioetako bidea hartzea erabaki zuten Tjibaouk eta loialisten ordezkari Jacques Lafleurrek, eta urte berean Matignongo Akordioa sinatu zuten; Ouveako tragedia, ordea, ez zen berehala amaitu: 1989an, aurreko urteko gertakarien oroimen ekitaldi batean, independentista batek Tjibaou hil zuen, aurreko urteko akordioa sinatzeagatik.
30 urteren ostean, Kaledonia Berriaren independentziak eztabaida politikoaren erdian jarraitzen du, eta aurtengo galdeketak ez dio amaierarik emango auzi horri. Baiezkoak irabaziko balu, Parisek eta Noumeak trantsizio epe bat jarriko lukete abian, etorkizuneko herrialdea prestatzeko, eta Kaledonia Berriari falta zaizkion eskumenak emateko; ezezkoak irabazita, Kaledonia Berriak ez luke eskumen gehiago izango.
Halere, emaitza edozein dela, aurtengo galdeketa mugarri bat izango da, bai Kaledonia Berriaren historian, bai Frantziarenean.