Etorkizuna

Tradiziotik esperimentaziora

Geroz eta artzain gutxiago dago, baina daudenek inoiz baino prestakuntza hobea eta pentsaera irekiagoa dute. Sektorearen etorkizuna bermatzeko giltzarriak "elkarlana sustatzea eta ekoizpena dibertsifikatzea" izango direla uste du Batis Otaegik, Gomiztegi artzain eskolako koordinatzaileak.

Batis Otaegi Arantzatzuko Gomiztegi artzain eskolako koordinatzailea. JON URBE / FOKU
2019ko abuztuaren 9a
07:17
Entzun

 

Tradizioak berritu daitezkeelako adibide da Arantzazuko Gomiztegi Artzain Eskola. Areago, Batis Otaegi (Legazpi, 1959) eskolako koordinatzailearen ustetan, «berritzea da tradizio batzuen iraupena ziurtatzeko bidea bakarra». Sektore tradizional batean esperimentazioari bidea zabaltzea lan nekeza dela aitortu du, kontu handiz egin beharrekoa, «tradizioari traiziorik egin gabe». Horretan saiatzen dira artzain eskolan, eta bide onetik doazela uste du koordinatzaileak. «Eguneratu egin dugu artzainen lana, gaurko gizartearen beharretara egokitu, baina artzaintzaren oinarriei eta balioei eutsita».

Gomiztegiko eskola 1997an sortu zuten. Nikolas Segurola fraide frantziskotarra, Jose Manuel Goikoetxea Eusko Jaurlaritzako orduko Nekazaritza sailburua, Eduardo Urarte teknikaria eta Juan Jose Aranguren Legazpiko artzaina jabetu ziren eskola sortzeko beharraz. «Industria sekulako indarra hartzen ari zen, eta baserriak husten ari ziren, irabazirik ematen ez zutelako. Baziren lana ondo egiten zekiten baserritarrak, ustiategiari errentagarritasuna ateratzen ziotenak, baina gutxi ziren», azaldu du Otaegik.

 

Gainbehera hori geldiarazi, eta baserriaren eta artzaintzaren etorkizuna ziurtatu nahi zuten, artzaintza «lanbide soil bat baino askoz gehiago» baita. «Artzaintza sistema tradizionalak pertsona indartzen du, inguru hauetara ondo egokituta dagoen ardi latxaren iraupena bermatzen du, mendien kudeaketa egokia eta mantentzea ziurtatzen du, eta kalitatezko elikagaiak ekoiztea ahalbidetzen du». Artzainak Euskal Herriko historiaren, kulturaren eta gastronomiaren «gordailu» direla uste du Otaegik. Horri bizirik eusteko modua ondo prestatutako artzain gazteak sortzea izan zitekeela pentsatu zuten, eta, halaxe, artzain eskola martxan jartzea erabaki zuten. Lehen urtean, laguntzaile gisa ibili zen Otaegi, eta bigarren urtean hartu zuen koordinatzaile kargua. Horretan dabil harrezkero.

Formakuntza handikoak

Arantzazuko eskola abian jarri aurretik, Ipar Euskal Herriko eta Frantziako artzain eskolak ikustera joan ziren. «Orduan ez zegoen besterik, eta haiek izan genituen inspirazio iturri». Interesgarriak iruditu zitzaizkien ideiak hartu, eta hemengo beharretara egokitu zituzten. Hasieran «nahiko eskola militantea» izan zela gogoratu du Otaegik; ikasle gehienak artzainen semeak izaten ziren, etxeko negozioan laguntzeko prestakuntza jasotzera joandakoak. «Ganadua maneiatzen bazekiten, baina teknika berrien inguruan ezagutza gutxi zuten, eta paper kontuetan ez ziren oso iaioak». Gaur egun, aldiz, formakuntza handia izaten dute Gomiztegiko ikasle gehienek. Ikasketak bukatu berri dituztenak edo fabriketan lanean jardun dutenak izaten dira. «Enpresako lana gustatu ez eta artzaintzan hastea erabaki dutenak, artzainena bizimodu erraza ez den arren gustuko lekuan aldaparik ez delako izaten». Paper kontuak ez zaizkie horren arrotzak, eta teknologia erabiltzen ohituta daude.

"22 urtean, 278 ikasle pasatu dira artzain eskolatik, eta erdiak baino gehiago sektorean ari dira lanean"

 

Artzain batek bere lanbidea garatzeko jakin behar duen guztia irakasten diete artzain eskolan. «Zer artzaintza mota egingo duten zehazten dugu aurrena: ardiak mendira igoko dituzten edo lautadan ibiliko dituzten; esnea, gazta edo arkumeak salduko dituzten...». Horren arabera irakasten diete gainontzeko guztia: animaliak gobernatzen, belardiak zaintzen, enpresa proiektua lantzen, esnea eraldatzen eta produktuak merkaturatzen...
 

Ikastaroak sei hilabete irauten du, eta bi parte izaten ditu: alde teorikoa eta alde praktikoa. «Gazta nola egiten den lantzen badugu, gazta egiten dugu gero; ardiak nola elikatu behar diren lantzen badugu, ardiei jaten ematen diegu gero», zehaztu du koordinatzaileak. Horretarako, ukuilua eta gaztandegia dituzte Gomiztegin bertan. Praktikak ere egiten dituzte ustiategi profesionaletan. «Artzain eskolako ikasle izandako asko artzain profesionalak dira orain, eta normalean beren ustiategietan egiten dituzte praktikak. Artzainek badakite ikasleak nola hartu, eurak hortik pasatutakoak direlako».

Ikastaroa bukatzeko, enpresa proiektua landu eta hura aurkeztu behar izaten dute ikasleek. «Ikasi duten guztiarekin osatutako lan hori azken azterketa moduko bat izaten da». Eskolatik irteterako esku artean bizitza eta negozio proiektu bat landua izatea «oso garrantzitsua» iruditzen zaio Otaegiri, «artzaintzatik bizitzea ahalbidetuko dien negozio bideragarri baterako urratsak han dituztelako».

Emakume gutxi

Ikasturte bakoitzean dozena bat ikasle izaten dituzte Gomiztegin, eta 27 urte da batez besteko adina. «Talde txikia dirudi, baina hobe da horrela; denbora gehiago eskain diezaiokegu ikasle bakoitzari, jarraipen zuzena egin eta prestakuntza hobea eman». Emakumeak bostetik bat izatea da arruntena, baina azken ikasturteko zortzi ikasleetatik bat bera ere ez da izan neska, eta horrek kezka eragiten die. «Emakumeak oso garrantzitsuak izan dira eta dira artzaintzan, eta haien parte hartzea beharrezkoa da sektorearen etorkizuna ziurtatzeko».

Aurreneko urteetan, kanpotik zetozen ikasleak ere hartzen zituzten, baina azken hamabi urteotan Euskal Herrikoei bakarrik daude irekita. «Hazi institutuak esan zigun ahalegin guztia hemengo artzaintza indartzera bideratu behar genuela, egoera nahiko larria zelako. Dena dela, kanpotarren bat urtero etortzen zaigu, eta beti gordetzen diogu lekuren bat gogotsu datorrenari».

Gehienak, sektorean lanean

22 urteotan, 278 ikasle pasatu dira artzain eskolatik, eta erdiek baino gehiagok —154 lagunek— sektorean jarraitzen dute lanean. Emaitzak onak iruditzen zaizkio eskolaren koordinatzaileari. «Batzuk egoera zailagoan daude, artalde txikiekin, eta beste batzuk, oso egonkortuta». Sektorearekin lotura duten lanetan ari dira beste ikasle ohi batzuk ere. «Bost edo sei lagun artzainen langileak dira, euren artalderik ez dutenak, horrek eskatzen duen inbertsioari aurre egiteko modurik ez dutelako. Beste dozena erdi bat, berriz, albaitariak eta elkarte profesionaletako langileak dira».

Sektorera jende berria sartzeko artzain eskola bitarteko garrantzitsua dela uste du koordinatzaileak, eta aurrerantzean ere lanean gogotsu jarraitzeko asmoa azaldu du. «Egia da inoiz baino prestakuntza handiagoa duten artzainak ditugula sektorean, baina gero eta artzain gutxiago daude. Beraz, ezin dugu lo hartu».

Artzaintzak etorkizunik baduen galderari, beste bi galderarekin erantzun dio: «Lehenengoa da: artzainek izango dute lurrik eta mendirik euren artaldea kudeatzeko? Eta bigarrena da: egiten duten lanari daukan balioa emango zaio? Bi galdera horien erantzuna baiezkoa bada, izango du etorkizuna artzaintzak». Artzain gazteak lanerako gogoz daudela dio, euren esku dagoena egiteko prest daudela, baina babesa ere ezinbestekoa dutela.

Indarrak batuta

Tokian tokiko produktuak kontsumitzeak duen garrantziaz geroz eta kontzienteago dira herritarrak, eta Otaegik uste du horiengana iristen asmatu beharko dutela artzainek. Horretarako, noski, baliabideak beharko dituzte. «Batzuek izango dituzte, eta beste batzuek sortu egin beharko dituzte». Ustiategi txikiek zailtasun handiagoak izan ditzakete horretarako. «Bi laguneko ustiategietan, normala da denera iritsi ezina. Baina bakoitzak bere aldetik ezin badu, zergatik ez beste batekin edo batzuekin elkartu?».

"Ikasturte bakoitzean dozena bat ikasle hartzen dituzte, eta datorren ikasturterako leku batzuk gelditzen dira oraindik"


Ekoizpena dibertsifikatzeko bidean aukerak sor daitezkeela uste du Gomiztegiko koordinatzaileak, eta pentsaera irekia eta esperimentatzeko gogoa dutenek hortik joko dutela. «Oraintsu arte, ardi gaztaz hitz egiten genuenean, Idiazabalgo gaztaz ari ginen. Baina azken hamar urteotan beste era batzuetako gaztak eta esnekiak ekoizteko prestakuntza jasotzen ari dira artzain batzuk». Ekoizleei ez ezik, kontsumitzaileei ere geroz eta jarrera irekiagoa nabaritzen die, produktu berriak probatzeko garai batean baino erreparo gutxiago. «Pixkanaka, gaztaren inguruko kultura zabaltzen ari da. Kontsumitzaileak Idiazabalgo gazta nahi du, baina beste gazta batzuk ere nahi ditu. Haien gustuko produktuak ekoizten eta saltzen jakitea izango da gakoa».

Artzain eskolan, ari dira urratsak egiten ardi esnetik eratorritako produktu desberdinak garatzeko bidean. «Garai bateko artzainek, berez, ez zuten gaztagile izan nahi, baina behartuak sentitu ziren sobran zuten esnea gazta bihurtzera». Gaur artzain eskolara doazenek, ordea, beste pentsaera bat dute. «Gaztagintza maite dute, eta gazta mota desberdinak egiten ikasi nahi dute. Eta gustuz egiten denak emaitza hobeak eman ohi ditu».

Urte gutxiren buruan berrikuntza handiak etorriko direlakoan dago. «Egiten ari diren esperimentuek emaitzak emango dituzte, eta, aurki, ardi esnetik eratorritako produktu sorta zabala izango dugu merkatuan».

Esneki eta gazta berriak, zentro teknologikoetatik

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.