Ukimena

Ukimena, zentzumenik sentikorrena

Eskuez gain, larruazalak ere badu garrantzia ukimenean. Horiei esker, gizakiak zenbait sentsazio izan ditzake: adibidez, norbaitekiko hurbiltasuna. Eskuek badute beste funtzio bat ere: lanabes dira askorentzat.

Eskuak. Ehuleko kideek eskuak dituzte lanabes nagusi. ARITZ LOIOLA / FOKU
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2020ko abuztuaren 18a
16:50
Entzun

 

Bost zentzumenen artean gertukoena, hurbilekoena izan daiteke ukimena, akaso. Hari esker ukitzen dira objektuak, baita alboan ditugun pertsonak ere. Sarri asko, hari esker egiten dira harremanak ere. Zeinu afektiboen bidez adierazten dira sentimenduak, ezinegonak eta nahiezak, besteak beste. Halaxe jasotzen eta sentitzen dira ere estimuluak. Ikerketa batzuen arabera, ukimenak, kalteak baino gehiago, onurak dakartza gizakiarentzat; esaterako, autoestimua eta egoera emozionala landu daitezkeela diote adituek. Guztiaren erdigunean, berriz, eskuak daude, eta larruazala dago. Eremu emozionalaz gain, ordea, lan arloarekin ere badu harremana ukimenak, eta sorkuntzarekin. Hainbat dira eskuak lanabes nagusi dituzten langileak eta sortzaileak.

Ukimena zer den azaltzen zaila da askorentzat; eskuekin ukitu eta egin daitekeenaz harago, nekeza baita zein funtzio duen jakitea. «Ukimena gizakiok ditugun bost zentzumenetako bat da, eta, horretaz hitz egiten dugunean, pentsatzen dugu zer den eskuekin transmititzen duguna, baina ahazten zaigu ukimena larruazal osoaren bidez ere transmititu daitekeela», adierazi du Beatriz Oronoz psikologoak. Hark dioenez, larruazala giza gorputzeko organorik handiena da, eta sentsazio ugari elkartzen dira bertan. Are, funtzio artatzailez beteta dagoela gaineratu du, eta eremu batzuk beste batzuk baino sentikorragoak direla. Horrez gain, ukimenaren bidez mina sentitu daitekeela ere azaldu du: esate baterako, bero-bero dagoen ura larruazalera erortzean. Hein batean, psikologoak uste du ukimenak «gorputz eskema egituratzen» laguntzen duela. Sentsazio fisikoak sortzeaz gain, ordea, alderdi emozionalean ere rol garrantzitsua duen zentzumena da.

«Pertsona bat maitatua eta babestua sentitzen da kontaktu fisikoa sentitzean, eta emozio egoera indartzen da»

Beatriz Oronoz. Psikologoa

 

Haur bat jaiotzen den momentutik, inportantea da ukimenaren estimulazioa martxan jartzea, Oronozek azaldu duenez. «Ukimena garatzen den lehen zentzumena da, umetoki barrenean jada badagoena; jaiotzean, umearentzat garrantzitsua da amaren azala kanpotik ukitzea, eta lehen harremana sortzea». Psikologoak funtsezkotzat jotzen du laztantzen jarraitzea urteek aurrera egin ahala, baina hutsune bat identifikatzen du. «Handitu ahala, ahaztu egiten zaigu zer garrantzitsua den besarkatzea, baina hori ezin dugu ahaztu, beti izan behar da inportantea». Gainera, gehitu du ukimena dela galtzen den azken zentzumena, eta beste era batera komunikatu ezin daitekeen harekin erlazionatzeko aukera ere eman dezakeela: esate baterako, koman dagoen pertsona batekin. Beste zentzumen batzuk garatuta ez dauzkatenek ere badute hari esker zenbait gauza atzemateko aukera: adibidez, ikusmen urritasuna duen batek.

Beatriz Oronoz psikologoa, Pasaian (Gipuzkoa).
 

Beatriz Oronoz psikologoa, Pasaian (Gipuzkoa). JON URBE / FOKU

Ukimena, hurbiltzeko

Harreman afektiboetan, askotan, ukimena da nagusi. Baita sexu harremanetan ere. Gehienetan, hark ematen du bide beste baten edo norberaren gorputza ezagutzeko, eta sentsazioak izateko zein gozatzeko. Oronozen arabera, zentzumen horrek gauza «positibo» ugari eskaini litzake. «Pertsona batek kontaktu fisikoa sentitzen duenean, automatikoki, maitatua eta babestua sentitzen da, eta emozio egoera indartsuagoa bilakatzen da, segurtasun handiagoarekin». Sistema immunologikoa indartzen laguntzen duela ere erantsi du, eta, esaterako, estresa eta antsietatea gutxitzen dituela. Azkenik, adierazi du ukitzearen bidez giza harreman «sakonagoak eta zintzoagoak» sortzen direla, eta horren oinarrian ezarri du hitzezkoa ez den komunikazioaren garrantzia. «Esaten dute eguzkiak ematen dituela bitaminak, baina uste dut jendearen kontaktua ere bitamina dela».

Fisioterapeuta da lanbidez Amaia Diez, eta eskuak ditu lanabes nagusi egunerokoan. Lan fisikoaz harago, alderdi emozionalari ere garrantzia ematen dio: «Pertsonalki, ukimena ezinbesteko tresna da bizitza pertsonalean eta profesionalean; lehen unetik saiatzen naiz pazientea hurbil sentiarazten, eta hari segurtasuna adierazten». Haren ustez, fisioterapiaren alorra, gehienetan, esku terapiarekin lotzen da, eta aitortu du hori ere egiten dutela, baina beste metodo batzuk ere erabiltzen dituztela. «Pertsona batek gainkarga bat izanez gero, eskuen bitartez askatzen dugu; paziente neurologiko batek, ordea, baliteke gorputzeko atal bat ez sentitzea; beraz, ukimena erabiltzen dugu nerbio sistemari estimuluak bidaltzeko, eta leku konkretu horretan zer eduki behar duen sentitzeko». Gainera, azaldu du minduta dagoen atala ez ezik, gorputzaren osotasuna hartu behar dela kontuan. «Eskuak pilula bezala dira: mina arinduko dute, baina horren atzean dagoen mina ez bada sendatzen, berragertu egingo da».

«Eskuekin egiten dugu lan, eta gauzak ukitzea oso ohikoa izaten da; gauza asko sentitzen ditut atzamarrarekin»

Leire Aiartzaguena. Ehule proiektuko eskulangilea

 

Diezek adierazi du txikitatik izan duela harremana ukimenarekin, goxotasunean egotea gustuko duelako, adibidez. Horregatik egin zituen Fisioterapia ikasketak, baita jendearekin lan egin nahi zuelako ere. Azaldu du ikasketak egin zituenean handitu egin zela zentzumenarekin zuen erlazioa: «Garatu egiten da, eta ikasten da zer sentitu behar den eskuekin; aurretik, beso bat ukitzean ez nuen beste ezer atzematen, baina orain jakin dezaket zer dagoen horren azpian, hala nola muskuluak eta ehunak». Hala ere, aitortu du ikasketa horietan pazientzia ere ezinbestekoa dela. Ukimenaren beharra aipatu du: «Patologia bat tratatzeaz harago, pazientearen eta langilearen artean konfiantza ezartzeko ukitu beharra dugu fisioterapeutok, betiere mugak non dauden jakinda; pazientearekin sortutako harremanak badu zerikusia eraginkortasunarekin».

Amaia Diez fisioterapeuta, bere lantokian, Bilbon.
 

Amaia Diez fisioterapeuta, bere lantokian, Bilbon. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU

Eskuak, sortzeko

Eskulangileek ere harreman estua dute ukimenarekin. Hitzaren esanahiak dioen moduan, hainbat dira ukimenari eta eskuei esker sorkuntzari ekiten dieten sortzaileak. Leire Aiartzaguenak, esate baterako, bere ama Mila Bravorekin batera abiatutako proiektu bat du momentu honetan esku artean: Ehule. Batak puntu eta kakorratz lanak sortzen ditu, eta besteak, poltsak. Haria erabiltzen dute material nagusi gisa. «Guk eskuekin egiten dugu lan, eta guretzat gauzak ukitzea oso ohikoa izaten da; esango nuke atzamarrarekin gauza pila bat sentitzen ditudala nik neuk», adierazi du Aiartzaguenak. Kasu horretan, egunerokoaren parte dute hariak eskuekin ukitzea eta horiek sentitzea. Gainera, uste du eskulangile orok eduki beharko lukeela sentimendu hori ukimenarekin; eskuekin sentitu beharra, hain zuzen.

«Pilula bezala dira eskuak; mina arinduko dute, baina berragertu egingo da atzeko mina ez bada sendatzen»

Amaia Diez. Fisioterapeuta

 

Diezen eran, eskulangile horrek ere aitortu du txiki-txikitatik izan duela gertuko harremana zentzumen horrekin. «Betidanik eduki ditut martxan eskuak eta ukimena; orokorrean, hari artean aritu izan naiz, baina baita beste gautza batzuetan ere; adibidez, sukaldean kozinatzen aritzean, asko gustatzen zait gauzak eskuekin ukitzea». Haren ustez, baliteke beste zentzumen batzuk baino garatuago edukitzea ukimena, eta horren adierazle izan daiteke erabili ohi duten materialaren kalitatea nabaritzeko gai dela sarri askotan. «Kakorratza egitean, eskuekin nabaritzen dugu materiala egokia den ala ez, ea artilea bertako ardiena den edo ez, esaterako». Hala ere, gaineratu du nabaritu duela ekoizpenak egiten joan ahala zentzumena garatu egin zaiola. Gainera, gehitu du gehienetan gauzak ukimenaren bitartez hautatzeko ohitura ere baduela egunerokoan: «Erosketetara joaten naizenean, garrantzitsua iruditzen zait gauza bat edo beste ukitzea, eta horri esker aukeratzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.