50 eta 60 urte artekoen belaunaldia

Zoriontsu ezer gutxirekin

Familiari eta naturari lotuta pasatzen zuten udako oporraldia, jolasa eta lana uztartuz. Etxean edo handik gertu egoten ziren batzuk, euren herrian edo sendikoenean; beste batzuk urrunago joaten ziren, gurasoen sorterrira.  

jarraia169479.jpg
Izaro Zinkunegi Barandiaran.
2019ko abuztuaren 1a
07:50
Entzun

Ez genuen ezer berezirik egiten, baina oso zoriontsu ibiltzen ginen". Jerusalen Juanenak (Astitz, Nafarroa, 1961) gogoan ditu duela hiruzpalau hamarkadako uda egun haiek. Jaioterrian igarotzen zituen, familiakoekin. Aitor Aldasorok ere (Ataun, Gipuzkoa, 1969) herrian pasatzen zituen oporrak, Aralarko egonaldiak salbu. Joxepi Monje (Gasteiz, 1969) amaren eta amonaren jaioterrira joaten zen, Asturiasko (Espainia) Trabau herrira. Uda gurasoei laguntzeko garaia zen haientzat, baina jolaserako tarteak ere bazituzten; natura zen orduan umeen jolastokia. Txangoak egiteko aukera gutxi zuten, denbora eta baliabide falta tarteko.      

Etxekoengandik gertu

Bidaia luze batekin hasten ziren oporrak Monjerentzat: "Uztaila iristean, etxeko emakume guztiok joaten ginen amaren eta amonaren herrira: bi ahizpak, ama eta amona". Ia egun oso bat behar zuten Gasteiztik Trabaura joateko: Galiziarako trena hartu, eta Ponferradara (Leon, Espainia) joaten ziren lehenik. Handik, Villablinorako (Leon, Espainia) bidea egiten zuten: "Meatze tren bat zen, egurrezkoa; dibertigarria zen, western filmetakoa zirudien". Autobusean egiten zuten azken etapa. Bi hilabeterako bizitokia bihurtzen zen Trabau.

Meatze trena
Ponferrada eta Villablino arteko meatze trenean. Joxepi Monje

Monjeren aita abuztuan joaten zen, orduan hartzen baitzituen oporrak: "Zaramaga auzoan bizi ginen orduan; langileen auzoa da.  Uda iristean, ohikoa zen gurasoen herrira joatea. Etorkin guztiok han bizi ginen". Trabaun bertan ere, Monje bezala joandako ume asko elkartzen ziren: "Familiak handik atera ziren beharra zegoelako. Uda iristean, neska-mutil asko joaten ginen hara uda pasatzera: Madrildik, Valentziatik [Herrialde Katalanak], Leonetik, Euskal Herritik, Bartzelonatik...".

Aitor Aldasoro ere oroitzen da gurasoen jaioterrira joaten ziren ataundarrekin. Harentzat, ordea, etxean hasten ziren oporrak, gurasoei laguntzen: "Lana egin beharra zegoen zortzi senideko etxe batean eta nekazari herri batean". Tarteka, Aralarrera ere joaten zen, artzaina zen osabaren txabolara: "Udan, osabarekin Aralarrera bidaltzen gintuen amak; ez denok, baina bai lauzpabost anaia".

Belar lanak eta beste

Juanenak ere Aralarren magalean igaro ohi zuen uda, Astitzen. Bost neba-arrebatan erdikoa da, eta baserriko lanen garaia zen uda guraso eta haurrentzat. "Oporrak hartu, eta belarretara joaten ginen, aitari eta amari laguntzera". Eskuarearekin belarrak biltzen eta gurdia kargatzen ibiltzen ziren nagusiki. Auzokoak elkarri laguntzen ere aritzen ziren. Aldasoro ere aritua da belar lanetan. Zelaiko lanez gain, belarra zapaltzea zen haurren zeregina: "Garai hartan ez zen fardorik egiten. Soltean sartzen zen belarra, eta ganbaran zapaltzen genuen".

 

Juanena, Astizko frontoian
Juanena, Astizko frontoian txikitako argazkiak eskuetan dituela. Iñigo Uriz / Foku

"Guk belar zuloa geneukan etxean, eta han saltoka ibiltzen ginen. Herriko ume guztiak etortzen ziren"

Jerusalen Juanena. Astiztarra

 

Lana nola, jolaserako aukera ere ematen zuen belarrak, Juanenak azaldu duenez: "Guk belar zuloa geneukan etxean, eta han saltoka ibiltzen ginen. Herriko ume guztiak etortzen ziren. Hori zen gure Port Aventura". Trabaun ere bazuten horretarako ohitura, Monjeren arabera: "Pare bat urtetan ibili ginen belar zuloan jolasten. Gaur egungo puzgarriak bezalakoa zen guretzat".

Ganaduarentzako bazka prestatzeaz gain, beste lan batzuk ere egiten zituen Aldasorok. "Amak denda eta taberna zituen, eta aurretik arrandegia ere eduki zuen. Aita kamioiarekin ibiltzen zen; hari karga-deskargan laguntzen genion". Bazen bereziki gorrotatzen zuen lan bat: arrainari ezkatak kentzea: "Ez dakit horregatik zen, baina orain ez dut arraina ikusi ere egin nahi".

Arrainaren usainaz ez, baina amonak egindako ogiarenaz oroitzen da Monje: "Etxean bagenuen labe bat, eta amonak ogia egiten zuen; udan, gutxienez, behin. Gogoratzen naiz nolakoa zen ogiaren usaina eta ogia egiteko erritu osoa. Hura da udako oporretako oroitzapenik politena".   

 

Aldasoro, Aralarko txabolan
Aldasoro, Aralarko txabolan. Aitor Aldasoro

Naturan jolasean

Aldasorok eta haren anaiek hiru arau zituzten Aralarren: "Amak etxetik ateratzerako jartzen zizkigun: osabak esandakoa egin, eskolako lanak egunero egin, eta bizilagunarentzako mantzanilla bildu". Bizilagunak galtzerdi pare bana egiten zien eskuz urtero; horren truke ematen zizkioten mantzanillak. Esan du arau hori txintxo betetzen zutela; besteak, berriz, erdizka.

Alta, osaba saiatzen omen zen lana jolas bihurtzen: "Garai hartan ez zegoen urik txabolan, eta putzutik eramaten genuen. Haga bat prestatua zuen osabak; bi aldeetan marmitak jarrita ibiltzen ginen. Osabak hori egiteko jolasak asmatzen zituen: ea nork ekartzen duen gehien, edo azkarren...". Esan du iluntzean karta jokoan aritzen zirela, biharamunean ura ekartzea zeini zegokion erabakitzeko.

Oilo habien bila eta amuarrainak harrapatzen ere aritzen ziren Aralarren. Erreka zen dutxatzeko tokia ere. "Hilabete Aralarren egoteko, komeni zen pixka bat garbitzea ere. Osabak Maizi errekara eramaten gintuen, perretxikoak biltzeko aitzakian. Han, xaboi koxkor batekin astindu bat eman, eta bueltatu egiten ginen. Txabolara iristerako izerditan egoten ginen berriz", esan du Aldasorok.

Juanenak eta haren lagunek ere naturan topatzen zituzten jostailuak. "Arkuak eta geziak egiten genituen lizar adarrekin, eta haiekin jolasten ginen. Txistuak ere egiten genituen". Monjeri Abenturetara jolasa gustatzen zitzaion gehien: "Oinetako zahar zulatuak janzten genituen, eta ibaira joaten ginen. Han, korrontearen aurka igotzen ginen". Masustak biltzen ere aritzen ziren: "Masustekin itzultzen ginen etxera. Azken astean, gure abentura masusten bila joatea izaten zen. Gero, etxean tarta bat egiten genuen. Eta berehala itzultzen ginen Gasteizera".

 

Monje, Gasteizen
Monje, Gasteizko Arriaga parkean. Jaizki Fontaneda / Foku

"Zaramaga auzoan bizi ginen orduan; langileen auzoa da. Uda iristean, ohikoa zen gurasoen herrira joatea"

Joxepi Monje. Gasteiztarra

 

Astizko frontoian ordu asko pasatutakoa da Juanena: "Pilotan eta futbolean aritzen ginen; pilota ikaragarri gustatzen zitzaidan. Herriko gazteak ibiltzen ginen, denak elkarrekin, neskak eta mutilak". Sokasaltoan eta txingoka ere ibiltzen ziren.

Okerkeriak

Baina jolas guztiak ez ziren zuzenak. Auzokoen sagarrak harrapatzen gustura ibiltzen zen Juanena: "Behin, Allira [Nafarroa] joan ginen hiruzpalau lagun, bizikletan, poltsak hartuta. Emakume bat atera zitzaigun makila batekin, eta hura estutasuna! Sagarrak utzi, eta ihes egin genuen".

Aldasorok eta haren anaiek ere egiten zituzten bihurrikeriak: "Amak denda zeukanez, auzoko etxe askotara enkarguak eramaten genituen. Familia denak katalogatuta genituen: honek propina ematen du, honek ez...".  Haietako emakume bati egindakoa gogoratu du: "Inoiz ez zigun propinarik ematen; belzten hasitako frutak ematen zizkigun, zurituta, disimulatzeko. Bere etxearen atzealdera joan, eta leihora botatzen genizkion guk".

 

Juanena bere familiarekinJuanena familiakoekin, txakurra laztantzen. Jerusalen Juanena

Festarako prest

Asko bidaiatu gabe pasatzen zuten uda hirurek. Juanenaren etxean, festak ziren herritik ateratzeko aitzakia: "Ama Gorritikoa [Nafarroa] genuen, eta hango ostatura laguntzera joaten zen festetan. Gu ere eramaten gintuen, eta primeran ibiltzen ginen". Aitarekin, ostera, Iruñera joaten ziren: "Sanferminetan, Iruñera eramaten gintuen aitak, zirkua ikustera. Txantrean arreba bat zuen; han afaltzen genuen gero". 12-13 urterekin, inguruko herrietako festetara joaten hasi ziren, euren kabuz: "Oroitzen naiz, behin, anaia zaharrenak, Pascualli traktorea hartu, gaztez bete, eta Allira joan ginela festara. Bizpahiru orduz dantzan aritu ginen han".  

Monjek ez zuen egunpasak egiteko aukera handirik: "Ez genuen autorik. Garai hartan jende gutxik zuen autoa. Errepidea ere oso korapilatsua zen. Ez zegoen txangoak egin eta bazterrak ezagutzeko ohitura hori". Baina harengan ere eragina izan zuten jaiek; festak tarteko, Gasteizen geratzen hasi zen: "Trabaura joateari 16-17 urterekin utzi nion. Gasteizko jaiak ziren nire plana orduan". Egun, bizpahiru aldiz joaten da urtean.

Lehenengo bidaia hura

Koxkortuak ziren Juanena, Monje eta Aldasoro lehenengo bidaia egin zutenean. Juanena Murtziara (Espainia) joan zen: "Ezkondu aurretik behin bakarrik joan nintzen lagunekin oporretara. Ford zahar bat nuen; hura hartu, eta Murtzian izan nintzen bi lagunekin. Majo pasatu genuen". Monjeren helmuga Italia izan zen: "Ahizparekin egin nuen lehenengo bidaia. Uda osoan lan egin genuen, eta lortutako diruarekin Italiara joan ginen. 18-19 urte izango genituen".

 

"Hilabete Aralarren egoteko, komeni zen pixka bat garbitzea; osabak Maizi errekara eramaten gintuen"

Aitor Aldasoro. Ataundarra

Aldasoro, iturrian
Aldasoro, Ataunen, txikitan jolasten zuten iturriean. Juan Carlos Ruiz / Foku

 

Aldasororen lehen bidaia ez zen oso gozoa izan. "16 urte inguru izango genituen. Urdiaingo [Nafarroa] harizti batera joateko plana egin genuen lagunok, kanpinarekin". Guraso batek eraman zizkien trasteak, eta eurak bizikletan joan ziren: "Apustuan igo genuen Lizarrusti, eta egarriak itotzen iritsi ginen hara. Errekatik ura edan eta edan aritu ginen, eta porru eginda bukatu genuen". Aldasorok bueltan etorri behar izan zuen; lagunek astebete pasatu zuten han. Bidaia hura okertu arren, umetako oporretako gomuta gozoak ditu Aldasorok, baita Juanenak eta Monjek ere.

Bihar: 40 eta 50 urte artekoen belaunaldia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.