ABENDUAK
13
  Asteazkena , 2017ko abenduak 13 , an berritua     |           
Azken ordukoak
   Berriak
   Harian
   Iritzia
   Euskal Herria
   Ekonomia
   Mundua
   Gaiak
   Kirola
   Kultura
   Azkena
   Agenda
   Agenda
   Eguraldia
   Zozketak
   Horoskopoa
   Telebista
   Farmaziak
   Telefonoak
   Bereziak
   Webguneak
   Gure gaiak
   Pareak bai
   Elkarrizketak
   English Edition
   Hemeroteka
   Zerbitzuak
   Harpidetza
   Publizitatea
   Mezuak
 
  Martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna
 

Gizartearen beheko mailan

Maiz gizarteak ez ikusiarena egiten badu ere, Euskal Herrian ere immigrazioa gero eta fenomeno ohikoagoa da. Arrazoi asko direla medio, beren herrialdea uzten duten etorkin horietariko asko emakumeak dira, Hego Amerikatik alde egindakoak batez ere. Errealitate horretara hurbildu nahian, SOS Arrazakeriako Diego Jauregirekin eta Bilbon bizi diren hiru emakume etorkinekin mintzatu da Berria.

SOS Arrazakeria xenofobia eta arrazakeriaren aurka dagoen eta giza eskubideak eta berdintasuna defendatzen dituen giza mugimendu bat da. Etorkinen arazo partikularrak aztertu eta bideratzen dituzten arren, beren helburu nagusia arazoa errotik konpontzea da: legeak aldatzen, diskriminazioen kausak ezabatzen eta abarretan saiatzen dira egoera horiek berriro ere errepika ez daitezen.

Diskriminazio bikoitza

Diegok azaldu digunez, «emakume etorkinek diskriminazio bikoitza pairatzen dute, emakume izateagatik jasaten duten gutxiespenari eta laneko eta gizarteko diskriminazioari etorkin izateak dakarren bereizkeria guztia gehitu behar baitzaie: alde batetik, beren egoera arautzeko arazoak eta, bestetik,
diskriminazio arazoak sozializatzeko, lana bilatzeko nahiz etxebizitza aurkitzeko orduan; esplotazioa ere hor dago...Hala, emakume etorkinek gizarte mailarik apalena betetzen dute».

Emakume etorkinen % 90ek etxe zerbitzuko lanean dihardute eta «etxeko lanetan aritzen diren bertako emakumeen arazo guztiez gain, beste askori aurre egin behar izaten diete: beren etxeetan diru premia ikaragarria dago, eta maiz paperik izaten ez dutenez, lan hobea bilatzeko esperantza oso txikia da; asko ia esklabotzan bizi dira, astean pare bat ordu soilik libratuz. Horrek harreman sozialak garatzea eta bertakotzea galarazten die, eta nagusiekiko menpekotasun latza sortzen».

Gainera, etorkin gehienak egoera latzean bizi arren, beren familiei gutxitan aitortzen diete hemen benetan nola dauden, «mundu garatuan» bizi berri bat hasteko ametsari jarraiki beren buruez gain familia osoak ere zorpetzen baitira askotan». Zubipean bizi den jendeari lagundu izan diot lan on bat eta bertako mutil-lagun bat topatu dituztela esanez etxera gutunak idazten», diosku Diegok.

Immigrazio legeak arazo

Azpimarratzekoa da, bestalde, immigrazio hitza arazo hitzarekin lotuta ematen dela ia beti: «immigrazioaren arazoa» eta antzeko terminoak egunero entzun daitezke hedabideetan. Diegok aitortu digunez, «immigrazioa da dagoena, ez immigrazioaren arazoa». «Gorabehera batzuk egon daitezkeen arren, arazoak ez dira, ez hainbeste, ez eta hain larriak ere; sinetsarazi nahi diguten baino hobeto prestatuta dago gizartea immigrazioaren aurrean», haren iritziz. Azken batean, bertokoon artean ere ikaragarrizko ezberdintasunak daude, eta moldatzen gara. Haur batek buruan zapia eramaten duela? Lagun taldeko batek Santo Tomas ospatu beharrean Ramadana ospatzen duela? Nik ez dut uste hori arazo denik. Arazoak sortu egiten dira, hala komeni denean».

Arazoa, immigrazioa eragozten duten legeak ezartzen direnean azaltzen dela dio Diegok: «Legeak gogortuagatik ez da etorkinen kopurua jaitsiko. Beharra duenak immigratu egingo du. Beti izan da hala. Kontua da zein baldintzatan immigratu behar duen: erraztasunez, dirutzak ordainduta, txalupan edo igerian. Baina behar duenak bere herritik alde egiten egingo du. Beharra izan eta immigratzen ez duten bakarrak ahaleginean bizia galtzen dutenak dira».

Beste datu deigarria bat: Espainiako Estatuan egoera erregularizatuta bizi diren etorkin ingelesen eta kolonbiarren kopuruak oso antzekoa dira. «Baina inork ez die ingelesei etorkin deitzen; hortxe dago koska».

 

Elvira eta marta eugenia Fernandez, Bibiana Gomez eta Regina Cobarrubias ETORKINAK

«Oraindik ere etorkinak gaizkileak gara hemen»

Elvira eta Marta Eugenia Fernandez, Bibiana Gomez eta Regina Cobarrubias Bilbon bizi dira eta etorkinak dira. Reginak 25 urte daramatza Euskal Herrian. Bibianak, aitzitik, urte eta erdi darama hemen, eta Elvirak, bi hilabete. Hirurak Munduko Emakumeak elkarteko kideak dira. Bibiana eta Elvira arbasoen arrastoen atzetik heldu ziren hona; Regina, aldiz, bertako gizon batekin ezkonduta. Reginak dioenez, hasiera gogorra izan zen: «Mexikon irakaslea nintzen, baina hemen ez zuen nire titulazioak balio; ezin izan naiz inoiz irakaskuntzan aritu. Garai hartan Euskal Herrian ia etorkinik ez zegoen, senarraren familiak ere ez ninduen onartzen...»

Elvira eta Bibianak, ordea, ilusioz eta hunkituta oroitzen dute Euskal Herrira iritsi ziren eguna: «Aitak horrenbeste aldiz aipatu zigun Bilbo, hegazkineko leihatilatik ikusi nuenean ezin izan nien malkoei eutsi»; gainera, uste baino gutxiago kosta omen zitzaien senideak aurkitzea. Hala ere, beren egoera pribilegiatua dela aitortu dute: «Gure egoera arautua dago, eta, horretaz gain, azal zurikoak ere bagara. Ezin da alderatu arraza beltzeko edo paperik gabeko emakumeek duten egoerarekin. Oraindik ere etorkinak gaizkileak, emagalduak, lapurrak, letragabeak... garen ideia indarrean dago.»

Ikasketak eta titulazioak izan arren, lana aurkitzeko arazoak dituzte, eta 35 urtetik aurrera lan merkatuan sartzea ia ezinezkoa dela azaldu digute: «30 urtetik beherako jendea eskatzen da lanerako».

Arrazakeria arazorik izan duten galdetuta, Reginak eta Bibianak baiezkoa eman digute: «Behin baino gehiagotan esan didate hitz egingo ez banu bertakoa irudiko nukeela, kolonbiarra izateaz lotsatu beharko banu bezala», dio Bibianak.

Hala ere, Euskal Herria eta euskaldunak maitatzen ikasi dutela aitortu dute hirurek, eta gaur egun zoriontsu direla diote. Horretan asko lagundu die Munduko Emakumeak elkarteak; bertan, elkartzeko gune bat edukitzeaz gain, ikastaroak eskaintzen baitituzte emakume etorkinok: «Nork bere jakintzak lantzen jarraitu eta gainontzekoei transmititu ahal dizkie. Orotariko ikastaroak ematen ditugu».

 

 
 EROSKETAK