ABENDUAK
13
  Asteazkena , 2017ko abenduak 13 , an berritua     |           
Azken ordukoak
   Berriak
   Harian
   Iritzia
   Euskal Herria
   Ekonomia
   Mundua
   Gaiak
   Kirola
   Kultura
   Azkena
   Agenda
   Agenda
   Eguraldia
   Zozketak
   Horoskopoa
   Telebista
   Farmaziak
   Telefonoak
   Bereziak
   Webguneak
   Gure gaiak
   Pareak bai
   Elkarrizketak
   English Edition
   Hemeroteka
   Zerbitzuak
   Harpidetza
   Publizitatea
   Mezuak
 
  Martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna
 

Oihanek Aitziber maite du, ordea...

«Zergatik ez dituzte kalean errespetatzen?». Asun Garcia, Amaia Gonzalez, Ana Txurruka eta Josune Ortiz EHGAMeko kideen hitzetan, gaur egun lesbianek duten arazo handiena ez da ageriko errespetu falta edo diskriminazioa, «ikusi ezina baizik». Hala ere, azpimarratu dute arazo hori ez dela emakume lesbianena bakarrik; «Historikoki eta kulturalki emakumearen bizitza esparru pribatura mugatuta egon da eta, hein handi batean, hori ez da aldatu, ezta emakume heterosexualen artean ere», esan du Asunek. «Horretaz gain», diosku Josunek, «emakumeok askotan geure intimitatea sakralizatu izan dugu, eta lesbiana askok direna naturalitatez aitortzeko beldurra dute». Gainera, aitortu digute lesbianismoaren inguruan dauden aurreiritzi eta irudi okerrek kalte handia egiten dietela beren orientazio sexual lesbikoaz ohartzen diren emakume askori: «Emakume asko ez dira lesbianei buruz aurrez entzun dituzten irudiekin identifikatzen eta ez dute beren burua onartzen. Beti lesbianismoa eta feminitatea kontrakotzat hartu izan dira: badirudi ez dela ile luzeko lesbianarik existitzen, kamioilari itxurako lesbianaren mito tipikoa hor dago... Barneratutako lesbofobia sortzen dute aurreiritzi eta estereotipo oker horiek guztiek».

Ingurukoen erantzuna

Lau emakumeek aho batez esan digutenez, familia eta lagunen artean ere beren aukera sexualari ez ikusiarena egiten zaiola da arazorik larriena: «Familiakoek, gure lesbianismoa onartu arren, gehienetan ezkutuan eramateko eskatu ohi digute». «Inoiz ez digute gure bikotekideari buruz ezer galdetzen, haren izena ez da inoiz aipatzen, ez dituzte inoiz etxeko ospakizunetara gonbidatzen, gure bikotekideak ez ezagutzea nahiago dutela esaten digute...», adierazi digu Josunek. Gainera, Asunek baieztatu duenez, oharkabean jende askok onartuko ez lituzkeen gauzak onartzen dituzte lesbianek: «Beti gu izaten gara besteen aurrean kontrolatu edo erreprimitu behar izaten dugunak. Gogorra da zarena leku batzuetan eta une batzuetan soilik izan zaitezkeela barneratua izatea».

Neska-lagunik ez dutenean egoera oraindik okerragoa dela diote, gainera. «Badirudi gure familiei beti geratzen zaiela ‘bide onera’ itzuliko garen ‘esperantza’».

Barne eta kanpo espazioak

Asun Garciak argi dauka gaur egun lesbiana izan eta zoriontsu izan nahi bada aurpegia eman besterik ez dagoela; baina, Josunek azaldu digun eran, «kanpora ateratzea ez da lesbiana naiz dioen kartel batekin bizitzea, zure egunerokotasuna normaltasun eta naturalitate osoz bizitzea baizik».

Hori horrela izanik ere, Ana Txurrukak dioskunez, «emakume askorentzat hau ez da hain erraza, batez ere herri txikietan. Izan ere, erreferente falta handia dago, oso lesbiana publiko gutxi daude eta emakume batzuek bakarrak direla ere uste izaten dute». Horretaz gain, «lan munduan eragin handia izan dezake lesbiana zarela aitortzeak, eta hori albo batera utzita ere, eroso sentitzen garen oso espazio publiko gutxi daude, espazio publikoak guztiz heterosexualak baitira».

Alderantziz, Anak aipatutakoa egia dela aitortu badu ere, Josune Ortizen iritziz, garrantzizkoagoa da barne espazioa, hots, nor bere buruarekin ongi sentitzea. «Zeure buruarekin eroso sentitzen baldin bazara, orokorrean espazio publikoak ez dira arazo izaten», aitortu digu.

Eskubideak eta askabideak

Azpimarratzeko beste puntu bat azken boladan hedabideetan pil-pilean dagoen homosexualen ezkontza eta adopzio eskubideen gaia da, eta Berriarekin hitz egin duten lau solaskideak bat datoz hedabideetan gai hauek eta gai hauek bakarrik lantzeak dakarren arriskuaz. «Argi dago denok eskubide berberak eduki behar ditugula, hori oinarrizkoa da. Argi dago, halaber, homosexualoi eskubide horiek aitortzeak asko lagunduko duela gure errealitatea azaleratzen, jende askok beldurra galdu eta ‘eskubide berberak ditut, berdina naiz’ argudioa erabili ahal izango baitu». Baina argi utzi nahi dute lesbianek, eta baita homosexual nahiz transexualek ere, ezberdintasunean eta ezberdinak izanik izan nahi dutela onartuak. «Badirudi», dio Anak, «betiko egitura tradizionalen barruan sartzen bagara soilik izango garela onargarriak homosexualok. Hau da, ezkondu, haurren bat izan eta bikote heterosexualen antzeko familia nuklearrak osatu eta diskrezio osoz bizi diren bikote homosexualak nahi dituzte. Nire ustez, oso arriskutsua da betiko arauaren barnean sartu behar hori».

«Lesbianok, tokatu zaigunagatik, harremanak izateko beste era batzuk landu ditugu, elkarrekin bizitzeko beste era batzuk, eta, eskubideak oinarrizkoak badira ere, beste gauza asko daude aldarrikatzeko», adierazi digu Anak. «Guk, lesbianok, gizonezko batekin ezkontzeari ezetz esan diogunok eta harremanak izateko era berriak jorratu ditugunok, mundura pertsona bakarrarekin oheratzera baino zerbait gehiagorako etorri garela pentsatzen dugunok, guk landu behar ditugu bide berriak», azaldu digu Asunek. Gainera, irmo esan digunez, bere iritziz, eskubideak ez ditu ez ezkontzak ez beste ezerk baldintzatu behar: «Eskubide indibidualak behar ditugu».

Bestalde, Estatuari homosexualei eskubideak aitortzea ez zaiola batere komeni azaldu digute: «Homosexualak oso merke gara Estatuarentzat: zergak ordaindu bai, baina ez dugu prestaziorik sortzen».

Dena ez da beltza

«Kontua da zaila dela horrenbeste gauzatatik batera egin beharra abstrakzioa: bikote heterosexualetatik, bikote tradizionaletatik, amatasunetik, familia nuklearretik...», azaldu digu Josunek, «baina dena ez da beltza; lesbianok beste askori inoiz burutik pasatu ez zaizkien hainbat gauza planteatu, birplanteatu eta erlatibizatu ditugu. Egin behar izan dugun barne gogoeta ezin aberasgarriagoa da, eta nik behintzat horregatik ontzat jotzen dut nire aukera, oso zoriontsu naiz lesbiana izanda», dio Josunek irribarrez.

 

Inmakulada mujika Soziologoa, sexologoa eta Aldarteko dokumentazio eta ikerketa zentroko langilea

«Bolada homosexualaren barruan lesbianismoa atzean gelditzen ari da»

Duela hamar urtetik Aldartek pertsona homosexualen sozializaziorako eta berdintasunerako lanean dihardu. Horretarako, hainbat zerbitzu eskaintzen ditu: liburutegia, hemeroteka, heziketa tailerrak, taldekako jarduna, aholkularitza indibidualizatua eta laguntza psikosoziala, besteak beste.

Bertako langile Inmakulada Mujikak azaldu digunez, «lesbianismoa ez da oraindik homosexualitate maskulinoak lortu duen zilegitasun mailara iritsi; boom homosexualaren barruan lesbianismoa atzean geratzen ari da». Inmaculadak azaldu bezala, asko dira aipatutakoa baieztatzen duten arrazoiak, «alde batetik lesbianismoak, homosexualitate maskulinoak ez bezala, ez du ia figura publikorik, eta, ondorioz, ezezagunagoa eta arraroagoa egiten da oraindik jende askoren begietara. Honi gure gizartean oraindik sexualitate maskulinoa femeninoaren gainetik dagoela gehitzen badiogu, lesbianismoa are zokoratuago geratzen da», azaldu du Aldarteko kideak. «Jende asko ez da gai sexu harremanak imajinatzeko tartean koitorik ez badago».

Gizartean dagoen egoerak bakoitzarengan eragina duela dio Inmaculadak: «Emakumeek beren homosexualitatea onartzeko eta garatzeko baliabide gutxiago dituzte eta askoz ere barne borroka latzagoak jasaten dituzte. Emakumeek laguntza indibidualizatu handiagoa behar izaten dute».

Seme-alabak izaten omen dira maiz barne borroka horien zio, emakume askok beren homosexualitatea onartu arren seme-alabei ezkutatu egiten baitiete. «Horrek zerikusi handia du emakumeok besteengatik sakrifikatzeko dugun ohiturarekin. Emakume askok beren sexualitatea erreprimitzen dute seme-alabei kalte egingo dietelakoan», esan digu Inmakuladak. Haren hitzetan, gainera, gero eta gehiago dira gizonezko batekin ezkonduta beren homosexualitateaz ohartzen diren emakumeak. Gainera, ez omen dira berdinak beren bikotekidea homosexuala dela jabetzean gizon nahiz emakumeek izaten dituzten erreakzioak: «Emakumeak errudun sentitzen dira; gizonek, aldiz, erreakzio bortitzagoak izaten dituzte».

Seme-alaben gaiari lotuta, adopzioaz eta homosexualei jartzen zaizkien mugez ere mintzatu gara Inmakuladarekin, eta haserre azaldu zaigu Aldarteko kidea: «Behin eta berriz aipatzen da bikote homosexual batek adoptaturiko haurrari, erreferente maskulino edo femeninoa faltako zaiola eta hori kaltegarria dela haurrarentzat. Horrek ez du ez hanka ez bururik, ergelkeriak baino ez dira, espekulazio hutsak. Haurrak bi generoetako erreferentez inguraturik bizi dira eta, gainera, ikerketek ez dute guraso homosexualak izateak haurrarengan eragin psikosozialik izan dezakeenik baieztatu.

Are gehiago, guraso bakarreko familietan hezitako haurrek autoestimu handagoa izan ohi dutela ere egiaztatu dute azken ikerketek». Inmakulada Mujikaren aburuz, horrelako argudioak gay eta lesbianen adopzioa mugatzeko asmaturiko aitzakia gaiztoak baino ez dira, eta, esan digunez, «okerrena emakume lesbianei beren ama izateko gaitasuna ere zalantzan jartzen dietela da, eta hori lotsagarria da».

 

 
 EROSKETAK