ABENDUAK
13
  Asteazkena , 2017ko abenduak 13 , an berritua     |           
Azken ordukoak
   Berriak
   Harian
   Iritzia
   Euskal Herria
   Ekonomia
   Mundua
   Gaiak
   Kirola
   Kultura
   Azkena
   Agenda
   Agenda
   Eguraldia
   Zozketak
   Horoskopoa
   Telebista
   Farmaziak
   Telefonoak
   Bereziak
   Webguneak
   Gure gaiak
   Pareak bai
   Elkarrizketak
   English Edition
   Hemeroteka
   Zerbitzuak
   Harpidetza
   Publizitatea
   Mezuak
 
  Martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna
 

Berdintasuna oinarri duen herriaren bila

Bilgune Feminista 2002an sortu zen, plan estrategiko feminista bat egiteko asmoz

Iazko abenduan egin ziren, Eibarren, Bilgune Feministak antolatutako Emakume Abertzaleen II. Topaketa feministak. Horietan eragile askotako emakumeak bildu, eta hainbat alorretan emakumeak duen egoeraren diagnosia egiten saiatu ziren: komunikabideetakoa, kulturakoa, sozioekonomiakoa eta hezkuntzakoa. Beste askoren artean, han izan ziren Sonia Gonzalez eta Estitxu Arozena ere, elkarrizketatu ditugun bi emakumeak.

Bilgune Feminista 2002ko apirilean sortu zen, berdintasunean oinarritutako Euskal Herri bat sortzeko emakumearen ildoa jorratzea ezinbestekoa zela ikusita. Sektore anitzetako emakumeak bildu ziren, Euskal Herriak behar zuen plan estrategiko feminista osatzea helburu hartuta: sektore guztietan eragina izan behar zuen eta erakundeek birsortu behar zuten plan bat. Planaren helburu nagusiak honako hauek ziren: sexu harreman hierarkikoak amaitzea, patriarkatuak dakartzan ondorioak azaleratzea eta emakumeen bizi-baldintzak hobetzeko dinamikak martxan jartzea.

Helburu horiek aurrera eramateko, 50 bat militante ditu Bilgune Feministak, 10 eskualdetan banatuta; baina, horrez gain, hainbat alorretan diharduten inplikazio ezberdineko 300 emakumetik gora daude Bilguneko sarean. Pertsona horien bitartez lortzen dute hainbat sektoretan lan egitea, eta, horretarako, Emaraun izeneko buletinaren laguntza dute, unean-unean lantzen ari diren proiektuak argitaratu eta sareko emakume guztiak jakinaren gainean jartzeko.

Eibarko topaketak egin eta gero, hasieran aipaturiko lau alorretako bakoitzerako jarduera ildo eta ekimenak zehaztu dituzte, baita aurrerantzean landu beharreko beste esparru batzuk zehaztu ere: emakume etorkinen gaia, lesbianismoarena eta demografiarena, esaterako.

 

ESTITXU AROZENA- BERTSOLARIA
«Emakumea izateagatik, saio gehiagotara deitzen ziguten»

Burua atera zuten lehen emakume bertsolarietakoa izan zinen. Erraza al zen beti gizon artean kantatzea?

Nik uste dut orduan ez nintzela ohartu ere egiten. Emakumeen kantaera normalizatzeko behar bat zegoen eta ez genuen zailtasun handirik topatu.

Inoiz arazorik izan al duzu emakume izateagatik?

Diskriminazio positiboa jasan izan dugula esango nuke: hutsune bat zegoen eta, emakume izateagatik, saio gehiagotarako deitzen ziguten. Kontua da bertsolari gisa hori negatiboa izan daitekeela, ez baitizute deitzen zuk sortzen duzun horrengatik, emakume zarelako baizik.

Maiz esaten da emakumeek bi aldiz frogatu behar izaten dutela talentua dutela. Hori al da emakume bertsolarien kasua?

Nik uste dut mutila nahiz neska izan hasiberriak beti izaten duela bere balioa demostratu beharra, eta ohikoa da zerbait normalizatu arte jendeak deskonfiantza pixka bat izatea. Gainera, nahiz eta kristoren bertsoa bota ez, entzuleei grazia ematen zien neska batek bera baino 20 urte zaharragoa zen gizonari arrazoi bat botatzeak, eta maiz, hori bertsoera baino gehiago estimatzen zen. Nik uste dut 2001eko finala giltzarria izan zela, argi gelditu baitzen emakume bat onena izan zitekeela.

Gaztetan neska ugari dabil bertso eskoletan, baina gutxik egiten dute oholtzarako saltoa. Zergatik?

Gizarteak, egunero-egunero, gugan espektatiba batzuk, konplexu batzuk eraikiz bonbardatzen gaitu, gure ibilbidea baldintzatzen duten milaka iruzkin eta irudirekin bizi behar baitugu. Eta horri buelta ematea zaila. Eta, hain juxtu, nerabezaroan neskek zailtasun handiak izaten dituzte aurrera jarraitzeko, askok ez dute beren burua oholtza gainean ikusten.

Orain arteko emakume bertsolariak ez direla femeninoegiak izan esan izan da.

Lehendabizi, feminitatea zer den definitu beharko litzateke. Egia da askotan erronkan aritzea eta lotsagabe papera hartzea tokatu zaigula, baina nik uste dut jendeak estetika arazo bat ikusten duela gehiago feminitatearen arazoa baino. Baina bertsoaren mundua hitzaren mundua da, eta norberaren janzkera eta transmititzen dituen balioak bigarren mailakoak dira, nire iritziz.

 

SONIA GONZALEZ - IDAZLEA ETA LAB SINDIKATUKO LANGILEA
«Emakume izaera ez laguntza ez oztopo izatea espero dut»

Sonia Gonzalez idazlea da, eta baita LAB sindikatuko langilea ere. Emakumearen inguruan aurreiritzi asko dagoela dio, baina gainditu egin behar direla. Emakumeek lan munduan duten egoerarekin ere kezkatuta agertu da.

Idazlea zaren aldetik, nola ikusten duzu emakumea euskal literaturaren esparruan?

Gutxi, hasteko; emakume gutxi ikusten dut euskal literaturan, eta literaturan orokorrean. Euskal literaturan %10 baino ez gara emakumeak. Baina, inkestek diotenez, irakurleon artean gehiago gara emakumezkoak gizonezkoak baino; beraz, oso argi dago, hor zerbait gertatzen da.

Emakumezko gutxi izateaz gain, emakumezkoena etiketaturiko literatura dela uste du zenbaitek. Zer diozu?

Ez dut uste emakumezkook sortutako literatura gizonezkoek sortutakotik bereizi behar denik, emakume izateagatik ez baituzu zertan sentikorragoa, gozoagoa, ahulagoa... izan. Gainera, askotan, emakumeek zerbait sortzen dutenean sortutako horretaz hitz egin beharrean emakumea bera izaten da hizketagai: nolako itxura duen, zer arropa darabilen...

Emakumeen literatura literatura arrosarekin eta erromantikoarekin nahastu edo parekatu izan da behin baino gehiagotan.

Bai, aurreiritzi pila bat dagoelako. Denok dugu buruan emakume batek zer izan behar duen eta gizon batek zer izan behar duen.

Beste gauza askoren artean, honetaz ere jardun zineten Bilgune Feministak Eibarren antolatutako Emakume Abertzaleen II. Topaketan. Zer atera zenuten esperientzia hartatik?

Literaturako tailerra diagnostiko batera heltzeko lehen pauso bat izan zela esan daiteke. Baina, orokorrean, horrelako iniziatibak interesgarriak eta ezinbestekoak iruditzen zaizkit, beti ikasten baita zer edo zer berria eta aurreiritzi asko hankaz gora jartzen baitzaizkizu beste iritzi eta esperientzia batzuk entzunda.

Lagundu ala traba egin dizu literaturan emakume izateak?

Benetan espero dut ez lagundu ez traba egin izana. Badirudi askotan lagundu egiten duela, berritasuna delako, baina berritasun horrek etiketatu ere egiten zaitu, eta ez da erraza gero hortik ateratzea. Askotan, harira etorri gabe beti zure emakumetasunaren jiran joaten dira galdera guztiak. Gizonari ez zaio inoiz galdetzen gizona izateagatik nola idazten duen! Eta hobe ez aipatzea emakumeak eta sexua lotzeko dagoen ohitura sintomatikoa!

Zer gertatzen da, bada, emakumezkoen literaturarekin eta sexuarekin?

Badirudiela emakume izateagatik sexuaz idatzi behar dugula. Nik Ugerra eta Kedarra liburuan, nahita, ez nuen batere sexurik sartu; baina, hala ere, gertatu zait kazetariak sexua behin eta berriz aipatzea eta horren inguruko galderak behin eta berriz egitea.

Eta zein da literaturan emakumeak duen irudia?

Hori da, azken batean, ni gehien kezkatzen nauena.Garrantzitsuena, nire iritziz, literaturan emakumezko pertsonaiak nola agertzen diren aztertzea da. Normalean, leku guztietan azaltzen garen moduan azaltzen
da emakumea: pertsona pasiboak izan ohi dira, negartiak, problematikoak, sentikortasunez baino sentikorkeriaz jokatzen dutenak... Gainera, gizonezkoek idatzitako literaturan ia sintomatikoa da: pertsonaia nagusi eta aktiboa gizonezkoa izan ohi da ia beti eta emakumeak menpeko rolean azaldu ohi dira.

Literatura albo batera utz dezagun. LAB sindikatuan diharduzu lanean. Zein da emakumeak lan munduan betetzen duen papera?

Argi dago lan munduan emakumea bigarren mailan dagoela alderdi guztietan: kontratu gutxiago egiten dizkigute; lan berbera eginda, batez beste, %20 gutxiago kobratzen dugu; egoera txarrean dauden gehienak emakumeak dira... eta hori lan merkatura sartzen diren emakumeak kontua hartuta, beste askok eta askok ez baitute inoiz lortzen lan merkatura sartzerik. Eta hauek ez dira estatistiketan agertzen, kontratu gabe lan egiten duten milaka eta milaka emakume agertzen ez diren modu berean.

Etxeko lanen kontua ere hor dago.

Bai, niri grazia handia egiten dit orain oso modan jarri den bizitza laboralaren eta bizitza familiarraren bateratzea delakoak. Termino hori emakumezkoentzat bakarrik pentsatuta dago. Kontua da emakumeok lan mundura sartu nahi dugula; baina, noski, familia ere hor dago eta, beraz, oso ondo antolatzen digute dena: ‘Beno, zuek 8 ordu lan egin beharren 4 egingo dituzue eta dena konponduta! Horrela etxeaz arduratzeko astia ere izango duzue!’.

Oraindik ere, emakumezkook egiten dugun lana gizonezkoenaren osagarritzat baino ez da ikusten. Bikote batean biek lan eginda ere, badirudi gizonak ekartzen duela soldata eta emakumeak lagundu egiten diola.

Hala ere, etxeko lanen kontuan bikote gazteetan gauzak hobera doazela ematen du. Arazo handiena umeak tarteko daudenean izaten da, umeen ardura oraindik amak baitu ia esklusiboki. Gainera, haurtzaindegietan ere ez dago lekurik...

Noiz esan ahal izango da berdintasuna lortuta dagoela?

Ingurura begiratu, ondo behatu eta benetan inolako desberdintasunik ikusten ez dugun egunean, bitartean ez. Baina egun hori ez da izango kontratazio eta soldata berberak ditugun eguna, ezta etxeko lanak eta ume nahiz nagusien zaintza banatzen diren eguna ere. Ez, garrantzitsuena gizartean dauden irudiak dira: emakumea zer den eta gizona zer den esaten dutenak. Irudi horiek parekatzen diren egunean, orduan bai, esan ahal izango dugu berdintasuna lortuta dagoela.

Bitartean astelehenekoa bezalako egunak antolatzen jarraitu beharko dugu.

 

 
 EROSKETAK