berria Uda batez Galeuscan

Uda batez Galeuscan 2022

Euskal Herriko, Galiziako eta Kataluniako idazle eta kazetariek sortuko dute udako narrazio sorta aurten. BERRIAk elkarlanean jardungo du Kataluniako Vilaweb eta Galiziako Nòs Diario egunkariekin.

Arantxa Iturbe

Alegian (Gipuzkoa) jaio zen, 1964an, eta ibilbide luzea du kazetaritzan zein literaturan. Batik bat, narrazioa jorratu du: Ezer baino lehen (Elkar, 1992) izan zuen lehen ipuin liburua, eta Lehenago zen berandu (Alberdania, 1995), Bakarrizketan (Alberdania, 2001), Kontu-jaten (Alberdania, 2006) eta Honetara ezkero (Susa, 2017) plazaratu ditu gero. Koadernoa zuri (Elkar) eleberria argitaratu zuen 2017an, eta antzerkia da egilearen hurbileko beste alorra.

Aintzane Usandizaga

Artearen Historian lizentziatua da Aintzane Usandizaga Lopez (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1988), EHUn. Kabitu ezina (Elkar) ipuin bildumarekin agertu zen literatur plazan, 2019an, eta, urte berean, Etxepare saria irabazi zuen Asier Iturralde Gonzalez de Alaiza Gastonekin osatutako Etxe honetan (Pamiela) album ilustratuarekin. Hainbat agerkaritarako idatzi izan du —BERRIArako, tartean—, eta aurtengoa du orain arteko lanik berriena: (Ia) guztia moztu eta itsats daiteke, Aran Santamariarekin ondua eta Esther Ferrer artistaren lanean ardaztua.

Kirmen Uribe

Bitartean heldu eskutik (Susa, 2001) lehen poema liburuarekin lortu zuen sona Kirmen Uribe Urbietak (Ondarroa, Bizkaia, 1970). Beste poema bilduma bat ere badu —17 segundo (Susa, 2019)—, baina nobela da, batik bat, Uribe egungo euskal idazle ezagunenetako bat bilakatu duena. Bilbao-New York-Bilbao (Elkar, 2008) eleberriak eman zion horretarako lehen bultzada —Espainiako Narratiba Sari Nazionala eskuratu zuen harekin—. Mussche (Susa, 2012), Elkarrekin esnatzeko ordua (Susa, 2016) eta iazko Izurdeen aurreko bizitza (Susa, 2021) nobelak idatzi ditu ondotik.

Nuria Bendicho

Bartzelonan jaio zen Nuria Bendicho Giro, 1995ean, eta gaztaroa bidaiatzen eta liburutegietan irakurtzen igaro du. Filologia klasikoko ikasketak egin zituen arren, berehala ohartu zen nahiago zuela klasikoak irakurri itzuli baino. Filosofian lizentziatu zen Bartzelonako Unibertsitatean. 2021ean lehenengo nobela argitaratu zuen: Terres mortes (Lur hilak). Lana urteko eleberri onenarentzako Omnium sariko finalista izan zen, besteak beste; eta La Vanguardia egunkariak katalanez idatzitako urteko nobela onena izendatu zuen.

Gemma Pasqual i Escriva

Gemma Pasqual i Escriva (Almoines, Safor, Herrialde Katalanak, 1967) idazlea da, eta Jollibre argitaletxearen aholkularia. Zenbait komunikabidetan kolaboratu du eta kolaboratzen du oraindik ere, hala nola Serra d'Or, Llengua Nacional, Barcelona Revew, Literatures, Caràcters de la UV, El Punt Avui, Vilaweb eta La Vanguardia komunikabideetan. L'Escletxa-ko erredakzio kontseiluko kide ere izan da, eta Jornada egunkariko editore kontseilukoa ere bai. Kataluniako Pedagogia Sozietateko batzordekide da (IECen filiala), eta Katalanezko Idazleen Elkarteko presidenteordea Valentzian; Letra Katalanen Instituzioko Aholkularien Kontseiluko batzordekide ere bai, Kataluniako PENeko kide, Sambori fundazioaren patroia, baita FULL fundazioarena ere, eta Accio Cultural del Pais Valenciako presidenteordea ere bai. Hainbat sari eman dizkiote bere obragatik: besteak beste, Samaruc saria 2002an, 2003an, 2005ean eta 2015ean; Benvingut Oliver saria 2007an; Barcanova saria 2007an; eta Mallorca saria 2008an. Llibreter sarirako finalista ere izana da, 2020an, Viure perillosament obragatik.

Aina Fullana

Aina Fullana Llull 1997an jaio zen, Manacorren (Mallorca), eta han bizi izan da beti. Istorioak asmatzeko grinak hartaraturik, ipuinak eta komikiak argitaratu ditu txikitatik. Katalan Hizkuntza eta Literaturako gradua ikasi zuen Balearretako Unibertsitatean. 2018an, lehen saria irabazi zuen Femeninoan Idatzitako Kontakizunen Lehiaketan, gazteen kategorian. Ikasketak bukatu eta gero, urtebete ibili zen bidaiatzeari eta idazteari emana. Konfinamenduan, lehenbiziko eleberria bukatu zuen, Els dies bons (Egun onak), eta Bromerak argitaratu zion, 2001ean Alfontso Bihotz-handiaren Institutuak Valencia saria eman eta gero, narratiba sailean. Valentziako Idazleen Kritika Saria jaso berri du eleberriak. Berrogeialdia bukatu zenean, helduentzako katalan eskolak ematen aritu zen. Aurten, zuzenketari eta hizkuntza aholkularitzari buruzko graduondoko bat egin du Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan, eta bertze bat helduentzako katalan irakaskuntzakoa Viceko Unibertsitatean. Ipuinak ere idatzi ditu zenbait aldizkarirentzat.

Mario Regueira

Mario Regueira Ferrolen jaio zen, 1979an. Narratiban abiatu zuen bere literatura ibilbidea, Rebelión no invierno kontakizun bildumarekin (Xerais, 2004), eta L'affiche rouge (Xerais, 2007) eta Outono aquí (Sotelo Blanco, 2012) eleberriak ere kaleratu ditu; azken horri esker, Lueiro Rey saria eskuratu zuen. Poeta gisa, Tanxerina (Espiral Maior, 2006) eta Marco Livorno (Caldeiron, 2019) lanak argitaratu ditu: lehenarekin, Xosemaria Perez Paralle saria eman zioten, eta bigarrenarekin, berriz, Sisarga Uharteetako XIII. Poesia Erotikoko Lehiaketan saritu zuten. Filologia Galegoan lizentziaduna da, Zuzenbidean diplomaduna, eta Literaturaren Teorian eta Literatura Konparatuan doktorea. Ibilbide luzea egina du literatura kritikari gisa, eta bi saiakera ere idatzi ditu: Lois Pereiro, una persecución (2.0 Editora, 2011) eta Narrativa e imaxinario nacional na reconstrución do campo literario na posguerra (1936-1966) (Xerais, 2020). Bestalde, Buran podcastean parte hartzen du, eta tailerrak zuzendu izan ditu Tecedeiras elkartearentzat, besteak beste.

Nee Barros

Nee Barros Ourensen jaio zen, 2002an, eta @neeumatiko izenarekin aritzen da sare sozialetan. Identidade (Galaxia, 2021) du lehen antzezlana: askatasunaz hitz egiten du, izateko premiaz eta, batez ere, identitateaz. Jaiotze hutsak molde batean sartzen du bizitza, eta gizarteak taxua ematen dio molde horri. Baina zer gertatzen da okerreko molde batean jaiotzen bagara? Itxialdian, Youtuben bideoak jartzen hasi zen Barros, Galiziako literaturako zenbait kontzeptu azaltzeko. Azaldu duenez, entretenituago egoteko eta modu interaktiboago batean ikasteko hasi zen bideoak grabatzen. Lagunek bultzatu zuten horiek argitaratzera, eta kanalak 2.700 harpidedun inguru ditu egun. Orain, Barros Interneteko eduki sortzailea da, idazlea, literaturaren zale amorratua eta kausa sozialen babesle sutsua. Froalla izeneko musika talde bat ere badu, eta podcast bat: Conversas perversas.

Xose Manuel Martinez Oca

Xose Manuel Martinez Oca (A Estrada, 1942) narratibako Pedron de Ouro sariaren lehen aldietako ipuin finalistak argitaratuz plazaratu zen literaturaren munduan. 1979an eta 1982an, irabazlea izan zen, ordurako sariak Modesto R. Figueiredo izena hartua zuela. 1981ean, Las Palmasko Casa de Galicia saria irabazi zuen, Os lóstregos e a carballeira lanarekin (Xerais argitaletxea), eta 1983an, berriz, Blanco Amor saria, Beiramar obrarekin (Xerais). Besteak beste, Os Chapurros (Edicios do Castro, 1983) eta Detrás do silencio (Sotelo Blanco argitaletxea, 1986) kontakizun liburuen egilea da, baita As florestas do Mañuema eleberriarena ere (Xerais, 1988): eleberri horretan, Afrika erdialdera egindako espedizio bat kontatzen du, Livingstone doktorearen bila egindakoa. O vicio nefando (Baia argitaletxea, 2009) eta Tres en raia ere (Baia, 2022) argitaratu ditu. Aurten, Escritor na súa Terra ospakizunean omendu du Galizierazko Idazleen Elkarteak (AELG).