BiDeAn

Artearen Historian lizentziatua da Aintzane Usandizaga Lopez (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1988), EHUn. Kabitu ezina (Elkar) ipuin bildumarekin agertu zen literatur plazan, 2019an, eta, urte berean, Etxepare saria irabazi zuen Asier Iturralde Gonzalez de Alaiza Gastonekin osatutako Etxe honetan (Pamiela) album ilustratuarekin. Hainbat agerkaritarako idatzi izan du —BERRIArako, tartean—, eta aurtengoa du orain arteko lanik berriena: (Ia) guztia moztu eta itsats daiteke, Aran Santamariarekin ondua eta Esther Ferrer artistaren lanean ardaztua.

Ilustratzailea:EXPRAI

Bero sapak harrapatuko ditu aire girotuak bete ezin dituen zirrikituetatik. Kristalak erre egingo dizkie azal deshidratatuak, ajearen egarri asegaitzak zupatuak. Parajea erabat berdintzen duen lur/zeru/ezleku hori zeharkatzen ariko dira; paisaiak eskainiko dien interesgarriena: errepideko marra zurien etenunea.


Galbanak hondoratuko ditu A, B eta D; asteburu luzean Cri egindako bisitaren ondoren, etxera bidean.

Bk musika itzali eta gero, ez da askoz gehiago entzungo autoan. Ez du jasaten etengabeko zarata, ez du ulertzen garai batean ofizialki lotsagarriak ziren abesti horiek orain garrasika abestu beharra; ez du aitortuko, ordea, eta bera izango da altuen kantatuko dituena, dei bat egiteko aitzakian bolumena guztiz jaitsiko duen arte, berriro ez igotzeko. Gaizki sentituko da, baita fisikoki ere: lunbalgiaren bat izango du edo gehiegi beharturiko gihar-lesioren bat; ez da garrantzitsua zehazki zer. Kopilotuaren eserlekua toperaino okertu eta etzanda egingo du bidea, irribarrea ozpinetik lehor mantentzen saiatuz. Ak eta Dk ez dute ezer antzemango, edo ez dute deus esango, behintzat.

D joango da gidari. Beti doa gidari, «esango dizuet nekatzean» baina ez du sekula amore emango, ezta begiak ixtear izanda ere, edo umorea iluntzen. D ez da ozpintzen, umorea uhertu egingo zaio, desagertu egingo da, bere baitan galdu. Hiru ordu geratzen zaizkio, dena den, lehen zurrunbiloak nabaritzerako. Bitartean ongietorri eternala izango da bere bisaia, nare eta oskarbi. Maletan falta gabe eramango du astebururako, bizi oso baterako behar den guztia; Ak beharko duena barne. Beti izan behar du kontuan zer ahaztuko zaion Ari, edo zer ez oroitzea erabakiko duen. Eta irribarrez eskainiko dio, eskuzabaltasun soila izateko aseegia den keinu horrekin.

Ak ez dio hutsik egingo «ui! kargagailua! Aiba galtzerdiak!» despiste xarmagarriekin, jite laño, zirikatzaile horrekin, guztiak bere imanari lotuz. Ak badaki unean zer gai, zein pertsona, musika, eztabaida den mahai gainera atera beharrekoa, «kalean bolo-bolo» dabilena. Atzeko jarlekuan alboka eserita, margolari batek intentzioz bota duen modelo baten jarreran, ahots nagiz esango die «eta hori ni ez naizela ezertaz enteratzen! Ez duzue entzun, benetan?». Axolagabekeria konprometitua, modako alternatibotasuna. D izan da iman horren biktimarik perfektuena, baina orain ezingo du saihestu pentsatzea hain axolagabea izanda gehiegi inporta zaiola Ari kaleko, sareetako oihartzunik txikiena ere; axolagabeki erraz egokitzen zaizkiola armairua eta diskurtsoa sasoian sasoiko tonu eta ñabardura must guztiei; pixkanaka, «naturalki» gertatu dela bere buruari ere sinetsarazi arte. Hori pentsatuko luke Dk, Aren inguruan zerbait pentsatzen utziko balio bere buruari.

Bere buruari etenik gabe galdezka ibiliko dena, aldiz, B izango da, gai berdinean kateaturik oraindik, jira eta buelta: zergatik besteei ez ote dien bizkarrak, musikak, meniskoak, munduak molestatzen, eta berari bai. Zergatik ez ote den trebeagoa disimuluan, Ak disimulatzen duen moduan Dren jateko manerak sortzen dion higuina, edo Dk disimulatzen duen moduan Crekin bakarka egotea tokatzen zaionean besteekin bezain eroso dagoela. A eta D dira onenak horretan, ez dago zalantzarik. Bk sumatu izan du zerbait egon dela inoiz bi horien artean, zerbait intimoa, eurena bakarrik, besteei erabat itxi zaiena, disimulatu. Auskalo ordu txikietako aitortzetan edo maindire artean eraikia izan den, baina isileko lengoaia propioa dute. Atzoko parrandan Cri galdetzeko tentazioa izan zuen, ea inoiz zerbait jakin ote zuen. Ez zen ausartuko azkenean, urrunegi sumatu zuen, bere hiri, hizkuntza, bizimodu berriko burbuilan mozkortuegi.

B, uste propioen kontra, oso interesgarria iruditu zaio beti Ari. Ez erakargarri, baina bai interesgarri, tarteka beste plano batean biziko balitz bezala, berak nahita ere atzeman ezin duena. Guztiek miretsi izan dute B nolabait, ez bere presentzia etengabe bilatuz, Arekin egiten duten bezala, baizik eta distantziatik, errezeloz. Ak sarri ez du asmatu Bri nahiko lukeena nahiko lukeen moduan esaten, ez da harenganaino iritsi. Azken aldian, gainera, B aingura botata dago bere plano urrun horretan, kexua bakarrik iristen zaielarik Ari eta gainontzeko lurtarrei: arrangura isil bat, keinu eta barre tenkatuen mozorropean. Pena da, faltan botatzen baititu Bren beste alderdiak... baina ezinezkoa da hori esan ahal izatea. Mindu gabe behintzat.

Dren begirada konplizea bilatuko du Ak atzerako ispiluan, ohitura hutsez, aho-keinu neutroenarekin topo egiteko, aurpegitik guztiz isolatua: arrakala huts bat. Zirrikitu horretan atzamarrak sartu nahi izaten zituen Ak, eta Dren barruan pilatzen zen guztiari kanporantz isurtzeko bidea egin. Nekatu zen. Orain ez da gertu egongo euste-hormak eztanda egiten duenean; ze lehertu, lehertuko da berandu baino goizago. Beldurtu eta erakarri egiten du A ideia horrek, D gainezka, bere onetik aterata irudikatzeak munduaren euskarri handi bat kolokan jarriko balio bezala. C desagertzeak ere oinarriak astindu zizkion, bere buruari aitortu nahi diona baina gehiago. Ez zuen espero hura izatea joango zena, hain kanpora, hain hirira, halako amets arranditsuaren atzetik. Hori Ari zegokiola pentsatzen zuten guztiek, Bri asko jota, beste mota bateko ametsekin izanda ere. Baina C? Beti izan zen, guztien artean, nola esan... arruntena, taldearen betegarri erosoa. Eta azalpenik eman gabe desbideratu zen. Orain Ak ez daki Crekin nola hitz egin bere burua lekuz kanpo sentitu gabe.



«Nola ikusi duzue C?».



Ak botako du galdera autoaren sabelera, minutu luzeko isiltasuna urratuz. Modu xaloan, kezka zipriztinez, bere intentzio onen zalantzarik egon ez dadin. Dk ez du hitz egingo, begiak behar baino arreta gehiagoz iltzatuko ditu errepide aldakaitzean, elkarrizketaren tonua besteek erabaki dezaten utziz. Bk ezingo dio isiltasunaren tentsioari eutsi eta hasiera emango dio, tantaz tanta, gero hirurek batean isuriko duten txorrotari: asmo onez jantziriko ekarpen zorrotz eta, esan dezagun garbi, makurrei.

Horrela osatuko dute etxerako bidea, modu honetan beteko euren arteko ezinegon hustua; edo hala irudikatzen ditut nik, C arrunt, eroso honek, haien egonaldiak utzitako betekadaren ondoren.

Zenbat bisita gehiago egingo dizkidate B, D eta Ak ohartu arte nire absentzia dela elkarri lotuta mantentzen dituen betegarri bakarra?