Potemkin

Mario Regueira Ferrolen jaio zen, 1979an. Narratiban abiatu zuen bere literatura ibilbidea, Rebelión no invierno kontakizun bildumarekin (Xerais, 2004), eta L'affiche rouge (Xerais, 2007) eta Outono aquí (Sotelo Blanco, 2012) eleberriak ere kaleratu ditu; azken horri esker, Lueiro Rey saria eskuratu zuen. Poeta gisa, Tanxerina (Espiral Maior, 2006) eta Marco Livorno (Caldeiron, 2019) lanak argitaratu ditu: lehenarekin, Xosemaria Perez Paralle saria eman zioten, eta bigarrenarekin, berriz, Sisarga Uharteetako XIII. Poesia Erotikoko Lehiaketan saritu zuten. Filologia Galegoan lizentziaduna da, Zuzenbidean diplomaduna, eta Literaturaren Teorian eta Literatura Konparatuan doktorea. Ibilbide luzea egina du literatura kritikari gisa, eta bi saiakera ere idatzi ditu: Lois Pereiro, una persecución (2.0 Editora, 2011) eta Narrativa e imaxinario nacional na reconstrución do campo literario na posguerra (1936-1966) (Xerais, 2020). Bestalde, Buran podcastean parte hartzen du, eta tailerrak zuzendu izan ditu Tecedeiras elkartearentzat, besteak beste.

Ilustratzailea:'Orelhas' irudia. ALEX ROZADOS.

Starla eta Grampoder-entzat, eskaizko sofan.

Adak, sartzean, pentsatu zuen gehitxo zela toki hari areto esatea, aldirietako industrialde bateko pabilioi bat besterik ez baitzen, ederki atondua, baiki, eta arte surrealistaz, erreferentzia sobietarrez eta elementu estrainio-ustekoz betea. Publikoa ere sartuta zegoen jokoan, Starla-k aingeru-hego beltz batzuk jantziak zituen ukitzeko, eta pelutxezko belarriak partitu zituen lagunen artean. Taldea aurkezten zuten koruek biribiltzen zuten furry-bilera baten eta meza beltz baten erdibidean zegoen ekitaldi hura.

Ez zirudien oso legezkoa zenik han elkartzea kontzertu baterako, baina Starla tematu zen beraren taldea ikustera joan behar zuela, eta aspalditik geratzen ez zirenez... Bi urte pasatxoko pandemia bat zegoen tartean, eta bizitzara eta juntadizoetara itzuli beharra zegoen, baita erbinude-belarrizko diadema bat jantzi beharra bazegoen ere taldea sostengatzeko. Adak gogoan zuen gaixotasunaren eta haren errituen aurretik behin ere ez zitzaiola axola izan zerbait legezkoa edo egokia ote zen, haren gaztaro goiztiarra lokal askoz okerragoz betea zegoen: jendez lepo zeuden etxe okupatuak, poliziak etendako kontzertu inprobisatuak, zorua ikaran bezala zeukaten ikasle-pisuak.

Horretatik bazen asko, jakina, baina dena ez zen pandemia. Pandemia gutxiena zen, halaber gertatua zen leherketa kontrolatu doi bat Xanekin egindako urteei azkena emateko. Itxialdi gogorra amaitutakoan egin zuen aldaira, ordurako guda-zelai sorra zen etxe hura utzita, non gizalege hotzak alarauen lekua hartzen baitzuen. Atearen zaratak, ixtean, askapenaren hotsa ekarri zion, ohartu gabe itotzen aritu balitz bezala harik eta airea, zakar eta hotz, biriketara berriro sartzen hasi zitzaion arte. Eta arnasa sakon hartzeak ia min ematen zion, baina era berean indar berria eransten zien egunei. Adio esan zien paranoiako eta kontrol disimulatuko urteei, baten bat agurtzen zuenean Xanek lokalaren atzealdera zuzendutako gorrotozko begiradei, beraren ohean hiriko zenbat gorputz izanak ziren jakiteko temari. Eta adio ere bai hura guztia beraren errua zela sentiarazteko modu hain sotil hari.

Kontzertuetara itzultzea eta lagunekin berriro elkartzea pandemiatik ateratzea baino gehiago zen. Horixe zerabilen buruan 80etako garagardo-makina batekin ezin buruturik zebilela, txanpon baten truke marka ezezaguneko lata bat atera zain. Trukean oso merke ateratzen zen, zapore bitxia izan arren. Ez zegoen eszenatokirik bere horretan, eta lehen lerroa bilatu zuen: Starlaren gitarraren indarra suma zezakeen bularraldean. Ohartu zen lagunak ikusten zituela berriro eszenatokian baina ez zuela publikoko inor ezagutzen. Hainbeste urte halako ekitaldietara joan gabe ez ziren alferrik pasatu, ordurako ohituta zegoen lokaleko atzealdekoak ez agurtzen Xanek gaizki hartuko zuen beldurrez eta orain ez zeukan diosala zeinek bueltatu. Suertez ez zitzaion sekula axola izan beste ikusle mota batekoa izatea, musikariekin gozatu ez ezik publikoa ere ikusmiratzen zuen klase horretakoa, haien bizitzak asmatuz eta, bigarren edo hirugarren garagardoaren ondoren, inorengana solastatzera hurbilduz.

Orduan ikusi zuen hura. Zaila izan zen umetako bideo-jokoekin ez gogoratzea. Borroka-joko haiek, non, bi jokalarik pertsonaia bera aukeratzen zutenean, bietako batek kolorez aldatuta ibili behar izaten baitzuen. Neska hura beraren ordezko pertsonaia zen: janzkera bera koloreak aldatuta, beraren peto bakero argiaren eta elastiko urdin ilunaren partez bakero iluna eta urdin argia. Berak bezala belarri-diadema zeukan buruan, baina berarenak azeriarenak ziren eta ez erbinudearenak. Antz fisikoa harrigarria zitzaion, altuera, gorpuzkera eta aurpegia bera, nahiz bestea arean gazteagoa zen itxura batean. Luze gabe adi-adi begira ari zitzaion.

Ada neskekin oheratua zen lehenago, horixe zen hain zuzen Xanek sekula barkatuko ez zion gauzetako bat, baina susmoa zuen biok hain antzeko izateak egolatria-pekatu modukoren bat salatzen zuela, bere buruarekin oheratu nahi balu bezala. Ezin zituen begiak bestearengandik aldendu, baina ordu arte sentitu gabeko erakarmen klase bat zen. Hantxe ikusten zuen bere taldearekin barreka, gitarren erritmoan saltoka, azeri-belarriekin jolasean. Bigarren edo hirugarren garagardo baten bila joan zen. Laugarrena izango zen beharbada. Kosta ala kosta hitz egin nahi zion, baina Potemkineko makina zaharreko alkohol guztiak ere ez zion nahikoa adorerik ematen nonbait; etengabeko orbita batean bezala zebilen, hura bistatik ez galtzearren, aretoan gertatzen ari zen beste ezeri erreparatu gabe. Gau batzuk ziztuan pasatzen dira. Neskari oraindik begiekin segika ari zitzaiola, Starlak kanpora lagundu zion eta toki bat aurkitu hirigunera parrandan segitzera zihoazen autoetako batean. Aldiriko pub batetik gertu jaitsi ziren, musikariak han geratuak baitziren publikoarekin parrandan segitzeko.

Litekeena da laurogeietako makina hartatik ateratako garagardoak kalte egin izana, buru-txoroa demasa zeukan eta. Mario's Pizzaren paretik pasatzean konturatu zen, oroitu baitzen bazirela bost urte itxia zutela pizzeria hura eta lokala orain bizikleta-denda bat zela. Hantxe zegoen, ordea, Mario's-en kartel gorri-berde-zuria, haren memoriari eta denbora-nozioari erronka joz, tipulaz mukuru betetako pizzen behialako karten gainaldean. Bideo-jokoko doblea aurrexeago zihoan, azeri-belarriak ordurako kenduta , eta nesken taldearen bila ari zen, pixka bat aurrerago zegoen tipo batekin hizketan. Berehala konturatu zen besteak hurbil zuen morroiak Xanen traza zuela eta haiek ere kale hartantxe hasi zirela elkarrekin solasean urte batzuk lehenago.

Garagardoaren erruz izan edo ez, espazio-denborak aukera bat emana zion; laster eginez gero, azkenean beste Ada haren aurrez aurre jartzeko parada zuen, ohartarazteko zer ekarriko zion geroak. Hala egin zuen ia, baina, solasa eta irriak aldendu ahala, pentsatu zuen hondatu egingo zela gau hartan nagusi zen askatasuna, ezin dela harrapakariengandik nola ihes egin ikasi inoiz haien hortz-haginen arriskua sumatu ezean, ezin ziola uko egin orduan bera zen Ada kontziente eta zaildu hari. Buelta hartu zuen, eta horrenbestez kaleak itxuraldatu egin ziren diapositiba-orga zahar batean bezala: hasten ari zen egun horretako hiria zen. Erbinude-belarriak jarri zituen, eta ibiltzeari ekin zion.

Itzultzailea: Iñigo Roque Eguzkitza.