berria Uda batez Galeuscan

Uda batez Galeuscan

Berrikuntza batekin datoz aurten BERRIAko udako narrazioak: izan ere, hiru euskal idazlerekin batera, Galiziako hiruk eta Kataluniako beste hiruk hartuko dute parte. BERRIAk elkarlanean jardungo du Kataluniako Vilaweb atariarekin eta Galiziako Sermos Galizia hedabidearekin: bakoitzak bere ohiko hizkuntzan argitaratuko ditu zortzi ipuinak, jatorrizkoak eta itzulpenak.

Pintadak

Iban Zaldua. Donostia (1966). Historia ikasi zuen EHUn, eta irakasle dabil orain unibertsitate horretan, Gasteizen. Hainbat hedabidetan kolaboratu izan du —besteak beste, BERRIAn—, baita Volgako batelariak bloga elikatu ere. Narrazioak, nobelak eta saiakerak idatzi izan ditu, baina ipuingintzan nabarmendu da batez ere. Zalduaren lanen artean daude, besteak beste, Ipuin euskaldunak (1999); Itzalak (2004); Etorkizuna (2005); Biodiskografiak (2011); Inon ez, inoiz ez (2014) eta Sekula kontatu behar ez nizkizun gauzak (2018).

Igeri

Katixa Agirre. Gasteizen jaioa, 1981ean. Doktore da ikus-entzunezko komunikazioan. 2007an argitaratu zuen lehenengo liburua: Sua falta zaigu ipuin bilduma. Ordutik, beste hainbat lan argitaratu ditu: besteak beste, Habitat (2009) narrazio bilduma eta Atertu arte itxaron eleberria (2015). Habitat-en proiektuak Igartza saria lortu zuen; Atertu arte itxaron-ek, berriz, 111 Akademiarena. Amek ez dute nobela du azkeneko lana (2018). Lau liburuok Elkarren argitaratu ditu. EHUn irakasle dihardu gaur egun.

Idazle bizitza

Harkaitz Cano. Lasarte-Orian (Gipuzkoa) jaio zen, 1975ean. 1994an argitaratu zuen Kea behelainopean bezala poema liburua. Ordutik, Beluna Jazz, Pasaia Blues, Belarraren ahoa eta Twist nobelak; Neguko zirkua eta Beti oporretan ipuin liburuak; eta Norbait dabil sute-eskaileran poema bilduma kaleratu ditu, besteak beste. Saiakerak, artikuluak, gidoiak, liburu ilustratuak eta komikiak ere kaleratu ditu. Bere azken nobela, Fakirraren ahotsa (2018), Imanol Larzabal kantariaren bizitzan oinarrituta dago.

Desiraren ezker aldea

Elias Portela itzultzaile eta idazlea (Galizia, 1981) galegoz, islandieraz eta gazteleraz aritzen da. Islandiako poesiagintzaren ahots nagusietakotzat jotzen da, eta hainbat sari irabazi ditu Galizian ere. Eli Rios (Londres, 1976), berriz, A Sega literatur kritikarako plataformako kidea da. Poesia, nobela, haur eta gazte literatura eta saiakera landu ditu, eta hainbat sari jaso ere bai. O ceo das reixas du azken eleberria (Xerais, 2019).

Ereintza

Maria Reimondez. Lugo, Galizia, 1975. Itzultzaile eta interpretaria ogibidez, eta saiakeratik poesiarainoko eremua hartzen duten liburuen egilea. Narratiban, O club da calceta (Xerais, 2006) du ezagunena, eta zazpi nobelarekin osatu asmo duen Ciclo dos elementos sorta abian du. Oraingoz, sortako lau ale argitaratu ditu: En vías de extinción (Xerais, 2013), A música dos seres vivos (Xerais, 2015), Dende o conflito (Premio Xerais, 2014) eta As cousas que non queremos oír (Xerais, 2018). Poesian, Moda galega (Edicions Positivas, 2002) eta Johan Carballeira saria eman dion Galicia en bus (Xerais, 2018) ditu lan ezagunenak.

Danger

Susana Sanchez Arins. Vilagarcia de Arousa, Galizia, 1974. Filologia hispanikoa eta portugesa ikasi zituen lehenik, eta literatura konparatua gero. Irakasle da ogibidez hezkuntza sare publikoan. Xose Maria Perez Paralle Poesia Sari Nazionala irabazi zuen, 2008an [de]construçom lanarekin (Espiral Maior, 2009). Haren atzetik etorri dira Aquiltadas (Estaleiro Editora) eta A noiva e o navio (Atraves Editora), 2012an: seique (Atraves Editora), 2015ean; eta Carne da minha carne (Apiario Editora) eta Tu contas e eu conto (Atraves Editora), iaz. A Sega literatur kritikarako plataformako kidea da.

Koskortzeko minutuak

Tina Valles. Bartzelona, 1976. Idazle, zuzentzaile eta itzultzailea. Gaztelaniatik katalanera itzuli ditu, besteak beste, Rodoreda: exili i desig (Merce Ibarz, 2008) eta Catalunya serà impura o no serà (Lluis Cabrera, 2010). Narratiban, L'aeroplà del Raval (2006) argitaratu zuen lehenik. El parèntesi més llarg (2012) lanagatik, Merce Rodoreda saria eman zioten. La memòria de l'arbre (2017) du orain arteko azken lana, eta horrek Anagrama saria jaso zuen.

Sakonuneak

Sebastia Benassar. Palman (Balearrak) jaioa, 1976an. Urte luzez kazetaritzarekin uztartu du literatur jarduna. 30 lanetik gorako obra oparoa du, poesia, narrazioa, eleberri beltza eta saiakera biltzen dituena, besteak beste. Hamaika literatur proiekturen sustatzailea izan da, eta hainbat literatur sari irabazi ditu.

Ji-ji-ji-jiii

Nuria Cadenes. Idazle eta kazetaria (Bartzelona, 1970). Gaztetatik parte hartu du politikagintzan, eta kartzelan egon zen denboran argitaratu zuen lehen lana, Cartes de la presó (1990). Narratiba landu du ordutik; tartean, Ovidi Montllor i Mengual kantari eta aktorearen biografia kaleratu zuen 2002an.