Elias Portela eta Eli Rios

Eli Rio eta Elias Portela

Desiraren ezker aldea

Elias Portela itzultzaile eta idazlea (Galizia, 1981) galegoz, islandieraz eta gazteleraz aritzen da. Islandiako poesiagintzaren ahots nagusietakotzat jotzen da, eta hainbat sari irabazi ditu Galizian ere. Eli Rios (Londres, 1976), berriz, A Sega literatur kritikarako plataformako kidea da. Poesia, nobela, haur eta gazte literatura eta saiakera landu ditu, eta hainbat sari jaso ere bai. O ceo das reixas du azken eleberria (Xerais, 2019).

Ilustratzailea:EMMA PEDREIRA

Euriaren eta elurraren lurralde batean laga nuen. Ezker eskua. Esku ezkerra.

Friedak ezker batutarekin ekin dio allegroari, eta oroitu naiz nire hatz haiek idatzi gabeko absentziez.

Herminiak ezin izan dio uko egin kontzertura etortzeari. Ez du negarrik egiten, bederen. Kostatu zait konbentzitzea, baina orain eserita dago lehenbiziko jesarleku ilara honetan, ahoan barre murritz antzeko bat duela. Elkarrekin gaude. Tristuratik urrun. Hala ere, orain neu naiz emozioak ostendu ezin dituena ezkerreko batutak Frieda soinuaren demiurgo bihurtzen duelarik. Mezua niretzat baino ez da: sekula ernetu ez zen bizitzari abesten ari zaio.

Eskua loturik eskolan; deabrukeriak, zioten. Etxean, ganorazko neskatoek bezala patatak zuritzeko borondate trebatua. Jakin nuen esanekoa, kamaleonikoa izaten, nire alde itsusia sutara botatzen. Amorruak eta frustrazioak hasierako urteetan iraun zuten. Hortik aurrerakoa itzal bat izan zen.

Haragi xehetuaren minak errepublika estrainio batera narama, non mundua zuzentzeko aginte-makila hartuta baineukan. Neskek emigratzen zuten garaiko oroitzapenak. Nik banekien, ordea, bihotzaren aldeak eskuinaren mende egon behar zuela aienatu arte. Eta halaxe galdu nuen, bada, eskua emakume batengatik. Eskua eta besoaren zati bat, berari fabrikan laguntzeagatik. Desiraren ezker aldea.

Adagio epel baten uhal ikusezinek ekarri naute atzera kontzertura. Herminia irribarrez dago, Frieda hirira iristen ikusiko balu bezala: zalgurdi batean, ttattarra eta trajea jantzita. Denbora hartan, bagenekien musikagile zela, baina ez hiriburuan orkestra bat zuzendu behar zuenik. Denbora hartan, Herminiak hazien izenak irakatsi zizkidan, sorlekura itzuli berria nintzela. Denbora hartan, paradisua nire etxearen ostean zegoen. Egunak fruta-arbolen adarretan eta loreen orrietan barrena iristen dira eguartera han.

Herminiaren samina, ordea, berriro ernamuindu da, vivace irribarretsuarekin batera, eta harriaren hotza irakurri dut beraren begietan. Gure atseginen baratzearen heriotza. Venus hautsi eta harri eginak. Eskuak min ematen du. Itzuli da. Hogeita hamar urte geroago. Siga-saga dabil emakume ezkertien orgasmoen artean. Firrist-farrast dabil beraren itzala belardian barrena.

Orduantxe hasi ziren abortuak tokitako hiri honetan, non jaiotzak andramariak bezala ospatzen baitira. Hilerria generorik gabeko umekiz horniturik.

Ez dut inoiz ikusi, baina seguru nago haren lana dela. Langar gauetan, haren itzala suma dezaket nire ohetik aldentzen. Atzamarrak aurrean, besoaren laurden bat tatarrez eramanez, armiarma baten hankak balira bezala. Haizez betetzen ditu sabel umedunak. Isilka-misilka, maindireetan gora egiten du, eta falangeek haur jaiogabeak lokarrarazten dituzte odolezko hodeien artean. Oihuek urratzen dute egunsentia.

Azken biktima: Herminia. Bera zen bigarren haur sortugabea...

Begiak zabaldu ditut metalen dei ustekabearekin batera. Erritmo-aldaketa, haizearen soinua. Friedak eldarniotik atera nau piezari minué batekin azkena emanez. Sokek erantzun dute. Deia & erantzuna. Instrumentuak dantzan. Kontrapuntuan barneratzen diren ahaireak, hara-hona joan-etorri dabiltzanak. Dena bere lekuan geratu da, baina. Herminia hipnotizaturik dago, begiak kliskatu ere egin gabe eta ttentte; malkoak zorionezkoak dira. Bihotzaren batutak berriro gorde du dena bere lekuan, isiltasunik barrukoenera iristeraino.

Txalo-zaparrada batek, gure buruen gainetik hegan, poz-atseginetan blaitu ditu Frieda eta musikariak. Gu ere esku-zartaka lotu gara. Harrotasun pizar batekin zutitu gara, jakinik kontzertu horren parte bat gurekin sortu zela, Friedak hirian pasatutako udako unerik ederrenetan.

Arrakastak bahitu egin du gure adiskidea, eta ederki kostatu zaigu berarengana iristea nire lorategiko urrelili sorta bat emateko. Guri baino are ilusio handiagoa egin dio Friedari. Besarkatu egin gaitu, biok, teutoi batentzat ezohiko karrez. Musu laster bat eman dit muturretan, musikariengana itzuli aurretik agintariekin daukaten afari protokolozko batera joateko. Airean, jendaldean aienatutako beraren gorpuztasunaren lurrina baizik ez da geratu.

Nostalgia sasoi arteko puntuzko jakarekin eta baikortasun printza batekin tapatzen saiatzen ari nintzen bitartean, Herminiak bere poltsa perutarra zabaldu eta autoko giltzak atera ditu. Tilin durunditsu batekin eskuetaratu dizkit, nire gorputz osoa ikaran jarriz. Pozik dago, baina arras unaturik, edo besterik gabe dena izan liteke itzala ezkutatzeraino biltzen duten efektu antidepresiboetako bat. Besotik oso-osoan oratu dit, eta aparkalekura irten gara. Azkenak gara, eta gure oin-hots bakartiek oihartzun egin dute asfaltoko hutsartean. Lasterka egin dugu tarte txikia, hotz dagoelako eta arratsaren hatsak euri-lanbro trinko batekin troxatuak dituelako ezkiak eta kale-argiak. Ekaitzaren aurreko barealdia.

Etxerakoan, Friedaren musuaren beroa sentitu dut oraindik nire listuan. Herminia, akiturik eta narkotizaturik, lokartu egiten da berehala. Euria haizetakoa gogotik jotzen aditu dut, harriduraz. Irrati itzaliak ez ditu nire oroitzapenak eten, ez ahotsekin, ez bestelako musikekin. Dena lasai dago. Herminiaren loaldi barbiturikoa. Nire oroitzapen lasaigarriak. Euri-truxua kristalean. Eraman gaitzala euriak gauean barrena. Euria. Iluna. Bihurgune itxia. Oinazturak beltza argitzen. Patua atzamar hiletan. Denbora geldiaren aierua. Falangeen hezurdurek mazurka bat jo dute jesarlekuen larruaren kontra. Dantzarako musikak gogoa barreiaturik, ahaztu egin dut errepidea. Herminiaren hanka lokartuen artetik isurtzen den odol-haria proiektatu du tximista batek. Gure haur sortugabeak bere deia aditu du. Guk ere bai.

Hemen, orain, hogeita hamar urteren buruan, ezker eskuak gidatzen du bolantea.

Itzultzailea: Iñigo Roque Eguzkitza