Elgoibar (Gipuzkoa), 1989. Erraiak nobela argitaratu zuen 2014an, Elkar editorialarekin, 2012ko Igartza Saria jaso ostean. Argitaletxe berarekin argitaratu zuen bere bigarren nobela ere, Azala erre, 2018an. Itzultzaile da ikasketaz, eta David Foster Wallace, Angela Davis eta Eva Illouzen lanak euskaratu ditu, besteak beste. Kazetari ere bada: hainbat komunikabidetan aritu da kolaboratzaile; egunkari honetan bertan eta Argia eta Pikara Magazine aldizkarietan, esaterako.
Tolosa (Gipuzkoa), 1951. Pott Bandaren sortzaileetariko bat izan zen, 1977an, Bernardo Atxaga, Manu Ertzila, Jon Juaristi, Ruper Ordorika eta Joseba Sarrionandiarekin batera. 1983an argitaratu zuen lehen liburua: Dudular (Erein) narrazio sorta. Ordutik, literatur genero ia guztiak landu ditu. Itzultzaile ere aritu izan da.
Goiatz Labandibarrek (Oiartzun, Gipuzkoa, 1985) Igartza Saria jaso zuen 2011n, eta horren emaitza izan zuen lehen lana: Geltokiak edo helduta entzuteko abestiak (Elkar, 2013). Narrazio liburua zuen hura, eta halaxe izan ditu hurrengoak ere: Fotogramak (Elkar, 2016) eta Hori zen dena (Alberdania, 2019). Cafe Bar Bilbao saria jaso du aurten, Salaketa antzezlanarekin.
Bilbo, 1973. 2001ean argitaratu zituen lehen bi lanak: SPrako tranbia (Elkar) nobela eta Literatur ideia batzuk (Labayru) saiakera. Ordutik, beste lau eleberri eman ditu: Iturria (Susa, 2019) du azkena, oraingoz. Hainbat sari jaso ditu lanokin, eta itzuli ere egin dizkiote. Bera ere itzultzaile aritu izan da. Haur eta gazte literatura ere landu du.
Emma Pedreira (Coruña, Galizia, 1978) idazlea eta filologoa da. Hamarretik gora poesia liburu emanak ditu. Azkenak, O libro das mentiras (2012), s/t (2015) eta Antídoto (2018). Espainiako Kritika saria jaso zuen duela bi urte, galegozko narratiba sailean, Bibliópatas e fobólogos-ekin. Xerais saria ere jaso zuen 2018an, Besta do seu sangue nobelarekin —iazko San Clemente-Rosalia-Abanca saria ere eman zioten lan horregatik—. Jules Verne sariduna izan zen iaz, Os corpos invisibles liburuagatik.
Marica Campo 1948. urtean jaio zen, Val do Maon (Lugo, Galizia), . Oso gaztetatik hasi zen idazten, baina 1992ra arte ez zuen argitaratu lehen liburua: Tras as portas do rostro antologia poetikoa. Ordutik, Confusión e morte de María Balteira (1996) narrazio bilduma; Pedinche a luz prestada (2001) poemario saritua eta Memoria para Xoana (2002) nobela laburra argitaratu ditu, besteak beste; baita hainbat antzezlan ere.
Padrom, Galizia, 1972. Idazle, soziolinguista, regueifeiro eta irakaslea da, besteak beste, eta arkakuso-hezle ere bai Galiza Pulgas Circus-en eta gizarte-ekintzailea. Orixe (2004) liburuarekin Blanco Amor saria irabazi zuen, eta Made in Galiza (2009) narrazio-liburuak Ánxel Casal saria eman zion, eta urteko liburua izan zen (Txerra Rodriguezek euskaratua Txalapartarentzat). Talia Teatro taldearekin elkarlanean idatzitako Pelos na lingua lanaren gidoiak Maria Casares saria eta Max sari bat irabazi zituen. Séchu Senderen obra hainbat hizkuntzatara itzuli da (euskara, katalana, kurduera, turkiera...), eta hainbat formatutara egokitu da: ikus-entzunezkoak, antzerkia, musika eta hainbat pop adierazpide (elastikoak, haurrentzako arropak, tatuajeak edo Courel marmeladetarako potoak, azterketetarako txuletak eta kaleko pintaketak). A República das Palavras (2015) du paperean azken plazaratutako liburua. Haren obraren parte handi bat sare sozialetan zabaltzen da aurrena. Nova Regueifa mugimenduko kidea da, Galizian ahozko bertso-inprobisazioa eguneratuz taldean.
Santiago (Galizia), 1970. Galiziera eta literatura irakaslea da ogibidez. Narrazio laburrekin egin zuen ezagun bere idazle ahotsa, 1980ko azken urteetan. Nordeste nobela argitaratu zuen 2016an, eta Galiziako Kritika Sarietarako finalista izan zen lan horrekin. Brasileraz ere argitaratu zioten. As mulleres da fin do mundo nobela eman zuen iaz, eta Xeras sarietarako finalista hautatu zuten. Transmatria poesia liburua ere eman zuen iaz, eta Johan Carballeira saria irabazi zuen lan horregatik.
Saidi (Baix Cinca, Herrialde Katalanak, 1954). Idazlea, kazetaria eta irakaslea da Merce Ibarz, Ikus-entzunezko Komunikazioan doktorea Pompeu Fabra unibertsitatean. Avui egunkarian hasi zuen kazetaritza ibilbidea, eta literatur jardunean La terra retirada lanak egin zuen ezagun 1993an. Lan berrienen artean ditu L'amic de la Finca Roja (Tusquets, 2017) eta Triptic de la terra (Anagrama, 2020). Vilaweb agerkari digitaleko zutabegilea ere bada.
Vilafranca del Penedes (Herrialde Katalanak, 1983). Zuzentzailea eta kazetaria da. Vilaweb-erako egin du lan, baita El Temps i Enderrock eta Media.cat-erako ere. A Ovidi Montllor. Un temps, una estima, una idea (Lo Diable Gros, 2016) eta Nosaltres les fusterianes (Tres i Quatre, 2017) lan kolektiboetan hartu du parte, eta Manuel de Pedrolo, la llibertat insubornable biografia eman zuen 2018an.
Esperança Camps Carrer (Menorca, 1964) kazetaritzan aritu izan da azken hiru hamarkadetan. Batez ere Valentziako irrati eta telebista publikoetan lan egin du, baina baita prentsa idatzian ere. Besteak beste, Enllà de la mar (2004), Quan la lluna escampa els morts (2005), El cos deshabitat (2009), Naufragi a la neu (2012), L'illa sense temps (2016) eta La draga (2017) eleberriak ditu idatzi eta argitaratuak. Hainbat literatur sari ere irabazi ditu.
Biel Mesquida Castelló de la Planan jaio zen, Valentzian (Herrialde Katalanak), 1947an. 1973an argitaratu zuen L’adolescent de sal eleberria, eta 1974an idatzi arren, 1985ra arte ezinezko egin zitzaion El bell país on els homes desitgen els homes poesia liburua argitaratzea. Zazpi narratiba lan eman ditu argitara, guztira, bost eleberri, eta hiruna poesia zein ez-fikziozko liburu. Kataluniako Generalitatek ematen duen Literaturako Premio Nazionala jaso zuen 2006an Els detalls del món lanagatik, eta Llefre de tu du azken argitalpena, 2012koa.