Sinatuko nuke

Tolosa (Gipuzkoa), 1951. Pott Bandaren sortzaileetariko bat izan zen, 1977an, Bernardo Atxaga, Manu Ertzila, Jon Juaristi, Ruper Ordorika eta Joseba Sarrionandiarekin batera. 1983an argitaratu zuen lehen liburua: Dudular (Erein) narrazio sorta. Ordutik, literatur genero ia guztiak landu ditu. Itzultzaile ere aritu izan da.

Ilustratzailea:MARTINTXO

Bi gorpu ari ziren sanitarioak jaisten gure bloketik anbulantzietara. Haietako bat, Reymirez anderea, ederki ezagutzen nuen, 7 A-n bizi zelako, nire parean. Bakarrik bizi zen alarguntsa, nik laguntzen nion erosketak egiten, zaborra jaisten... Apartamentuko giltza utzia zidan, eta, astean behin edo, dirua ematen zidanean erosketak egiteko, sukaldera bidaltzen ninduen dirua kaxatik ateratzen zuen bitartean. Salan, koadro batek disimulatuta, kutxa gotorra zeukan, eta, ondoan, zintzilik dagoen beste koadroaren atzealdean, idatzia zuen ezkutuko zenbakia. Ohean hil zen, siesta garaian, doña Angela. Birus hau adineko jende ugari ari da beste mundura bidaltzen.

Nire blokean (18 B), hilabeteotan, lau pertsona hil dira, eta 18 A blokean, beste bizpahiru. Pandemia eta pandemonium hitzek etimo bera al dute? Baietz esango nuke, esanahi antzekoa dutela, ikusi besterik ez dago bestela, egun hauetako anabasa, sortu den nahaste-borrastea, zabalduriko kaosa...
Pandemonium itzela zegoen eskaileretan, igogailua blokeatuta, jendea oihuka, anbulantzien sirenotsak, sendagileak, erizainak gora eta behera... Aurrena gorpu bat jaitsi behar, poliki, kontuz, gero, bigarrena. Nik, bitartean, hartu nuen kutxatik doña Angelaren dirua, itxi eta beste koadroaren atzealdeko pasahitza ezabatu nuen.

—Eraman txakur hori! —buila egiten zuen sendagile nagusiak. Zeharo izuturik, yorkshire txakurtxo bat, nonbait kaletik ezkaratzera sartu eta eskaileretan gora zihoan osotoro galduta. Kasu egin nion, hartu besoetan eta kalera atera nuen.

—Norena ote da txakur hau? —galdetu nuen.

—Hemengoa ez, behintzat —erantzun zidaten—. Bloke honetan ez da txakurrik.

Zaborra bota, buelta bat eman urbanizazioaren inguruan eta blokeen aurreko lorategian, eserlekuan, eseri nintzen, txakurtxoa aldamenean, zigarroa erretzeko. Hamar minutura edo, emakume bat aurretik pasatzen ikusi nuen, bere artean hizketan, burumakur, negarrez. Oihu egin nion ea txakur hura ezagutzen zuen. Ikusi orduko, builaka hasi zen, pozez txoratzen, nireganantz korrika.

—Ai, nire Lutxy, eskerrik asko, jauna, non aurkitu duzu? Musu bat emango nizuke, edo bi, edo besarkada luze bat, ezin da fase honetan, badakit, mila esker, berriz ere... Non zegoen? Lutxy! Eskerrak!

Ez dut gogoan itxialdiaren zein fasetan geunden, seguru dakit, ordea, ezin zela hori egin; halaz ere, Luisak etxera igotzeko gonbitea egin zidan, eta nik, segituan onartu. 18an bizi da, baina A blokean, 2 D-n. Kafesne bana hartu genuen, gaileta batzuekin, eta, agian gonbidapena eskas samar iritzita, botila bat ron atera zuen, erdiraino zegoena. Hiru txupito nik eta Luisak pare bat hartu genituen, hizketan etengabe ari ginela. Corte Inglés-ean ez, baina antzeko saltoki handi horietako batean dagoela enplegatu esan zidan, arropa eta oinetako-sailean, eta bakarrik zegoela apartamentuan argitu zidan, pozarren, Lutxy maitea aurkituta, betiko galdua zuela etsita zegoenean. Arratsaldea, hantxe eman genuen, hantxe, zera... logelan, zehazkiago oraindik, ohean esan nahi dut, eta ez nolanahikoan gainera, ur-koltxoia baitzen! Nik uste nuen horrelako trasteak ez zeudela jada!

Bikote-laguna zaindaria dela erietxe batean eta ia hiru hilabete daramala ikusi gabe. Gizonak txandaka egiten omen du lan, azaldu zidan Luisak, hemendik 45 kilometrora dagoen erietxe batean; astebete lana izaten omen du jarraian eta, gero, beste hainbesteko atsedenaldia. Pandemiaren hasierak han harrapatu omen zuen, eta erietxe hori beste probintzia batean dagoenez, eta beste komunitate autonomo batean gainera, ba, bakarrik zeramatzan Luisak aste luze eta aspergarri hauek. Orain etxean maskaratxoak egiten ditu, bere saltokirako, laneko errutinara itzuli arte. Hori eta gehiago esplikatu zidan Luisak ohean geunden bitartean. Arratsaldeko zortziak arte. Orduan, balkoira atera zen eguneroko txalo saioa egitera eta, orduan, ni, ene blokera erretiratu nintzen.

Doctor Johnson idazle ingeles ospetsuak adierazi zuen: «Ideiak argitzeko, ez da ezer hoberik gaur arratsaldeko hiruretan puntuan erremediorik gabe urkatuko zaituen ziurtasuna izatea baino». Neu ere antzekoxe nenbilen: astebete gehiago, eta kale gorrian nengokeen, martxoaren 18an bota behar baininduten etxetik, arratsaldeko hiruretan. Zorioneko Covid-19a! Benetan sentitzen dut gertatzen ari den guztia, pena izugarria dut hil diren guztiengatik, sentitzen dut benetan birus madarikatuak eragindako hainbeste min eta desgrazia... Nire kasuan, ordea, pandemiaren aurretik neuzkan arazoak eta buruhausteak konpondu dizkit...

55 urte dauzkat, Hilario B. naiz, Historian lizentziaduna, duela bost urte arte ikastetxe pribatu batean egiten nuen lan, Latina, Grekera eta Historia erakusten. Krisiarekin kaleratu ninduten. Saiatu nintzen han eta hemen edozein lan mota aurkitzen, alferrik. Azkenean, etxean ematen nuen egun osoa, itxita, lanik gabe. Orain bezalaxe, itxialdiarekin. Orduan, Rosana emazteak alde egin zidan, kakamokordoa niretzat utziz, hots, zor guztiak. Guru antzeko tipo batekin joan zen etxetik.

—Kirtena haiz, benetan, Hilario —esan zidan emazteak—, guru hitza ez dik jada inork erabiltzen. Roman Javier aparteko coach-a duk.

—Zer dela?

—Gidari energetiko-espirituala.

Rosanak azaldu zidan energia kanalizatzeko beharrezko diren ibiak taponatu egiten nizkiola, erabat, niregatik ez zuela bere izaki holistikoa aurkitzen, eta Valentziara zihoala Roman J. horrekin. Uste dudanez, Gnoseoekologia da sekta horren izena.

—Roman Javierrek chakra guztiak askatzen zizkidak, neure burua aurkitzen laguntzen zidak.

Laster lau hilabete itxialdia hasi zela, Covid-19aren pandemiarekin. Ez naiz kexu. Caritasek daukan egoitzara ez banoa, eurek ekartzen didate bazkari-afaria etxera. Ez naiz bakarra; lehengoan, banatzaileak esan zidan 18 A blokean sei familiari ekartzen ziotela janaria eta hemen, 18 B blokean, bost etxebizitzatan banatzen zutela.

Egia esan, oraintxe bertan ez dakit zein fasetan gauden, ezta zilegi den hori egitea, baina astean lau arratsaldez Luisaren etxera joaten naiz: ur-koltxoi saio ederrak egiten ditugu biok, arratsaldeko zortziak arte. Txalo saioa hasten denean, ospa etxerantz. Gainera, lana aurkitu dut: maskaratxoak egiten laguntzen diot Luisari. Diru apur bat da astero ematen didana.

Doña Angelaren diruarekin, goian bego, 3.700 euro, badut orain etxe alokairua ordaintzeko, gutxienez urtebetez irauteko adina. Gainera, pandemiak indarrean jarraitzen duen bitartean, legedi berri honekin, banketxe putre horiek ezin dute inor etxegabetu.

—Zorte handia duzu, Hilario, Covid-19arekin! —ziostan lehengoan telefonoz Celsok, sindikatuan dudan adiskideak. Berak negoziatu du banketxearekin nire etxe arazoa, entregatu die nik emandako dirua eta adostu dute akordioa.

—Bai, ez dakizu ondo! —izan ere, Luisaren berri ez daki—. Denok bezalaxe sentitzen dut benetan jendearen sufrimendua..., hildako hauek guztiak... Baina, oraintxe bertan sinatuko nuke Covid-19ak jarrai dezan sei hilabete gehiago...

—Sinatuko zenukeela? Baina, zer diozu? —Celsok niri, apur bat eskandalizatuta—. Benetan? Honek horrela jarrai dezan?

—Bai, sinatuko nuke. Eta gero, iritsiko balitz Covid-20a ere, ni neu ados...