Patxi Iturregik (Laudio, Araba, 1952) itsas ikasketak egin zituen Portugaleteko (Bizkaia) Nautika eskolan, eta hainbat urtez nabigazioan egin zuen lan. Gerora, ordea, euskara irakaskuntzan jardun du. Narrazio laburra da gehien landu duen generoa. Bere lehenengo kontakizuna, Tropikoan galtzeko gida, 1986an argitaratu zuen, Erein etxeak plazaratutako Isabel Lertxundi eta Jesus Mari Aldairen omenez literatur lehiaketa izeneko ipuin-bilduman. 1998an Donostia Hiria Saria irabazi zuen Hobe ez gogoratzea istorioarekin eta 1991n Tene Mujika Lehiaketa Hondarreko distira ahantzi hura izenekoarekin. Gerora, bost narrazio bilduma kaleratu ditu: Haize kontra (Elkar, 1996), Behi eroak (Elkar, 2003), Dioramak (Elkar, 2006), Ur biren artean (Elkar, 2019) eta Estuarioa (Gallo de Oro, 2022).
Harkaitz Canok (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1975) zuzenbide ikasketak egin zituen, baina idaztea izan du beti ogibide. Literatur genero ugari landu ditu: poesia (Kea behelainoan bezala, 1994; Pozaren erdia, 2022); narrazioa (Neguko zirkua, 2005; Beti oporretan, 2015); nobela (Pasaia blues, 1999; Twist, 2011; Fakirraren ahotsa, 2018); narrazioa (Piano gainean gosaltzen, 2000); saiakera (Zinea eta literatura. Begiaren ajeak, 2008); haur literatura (Orkestra lurtarra, 2013) eta baita komikia ere (Antzar eguna, 2019; Ni ez naiz Mikel Laboa, 2022). Sylvia Plath, Anne Sexton, Hanif Kureishi eta Raymond Carverren lanak euskaratu ditu, besteak beste.
Arrate Egaña (Errenteria, Gipuzkoa, 1963) filologia hispanikoan lizentziatu zen aurrena eta gerora euskal filologiako eta gidoigintzako ikasketak ere egin zituen. Gaztelaniaz idatzitako bi ipuin saritu zizkioten 1990eko hamarkadaren hasieran, baina gerora, euskaraz argitaratu izan du. Haur eta gazte literatura asko landu du —Printzesa puzkertia, 1999; Benetako pirata, 2001, Maritxu, 2001, Simon ipuinen munduan, 2013—, baina idatzi eta argitaratu ditu antzerkia (Egia, 2012, Alberdania), nobela (Kixmi elurpean, 2005, Elkar) eta narrazioa (Paradisua, 2012, Elkar; eta Itzalen distira, 2022, Erein). Azken hori azkeneko liburua.
Mikel Ayllonen (Laudio, Araba, 1980) lehenengo liburua Gerezi gorrien garaia (Txalaparta, 2005) izan zen, Paul Asensiorekin lau eskutara idatzi eta Haika gazte erakundearen kontrako operazioa kontatzen zuena —Ayllon bera espetxeratuta izan zen—. 2015ean, Ez tiro egin anbulantziei (Elkar) nobela argitaratu zuen, eta, 2020an, berriz, Zoriontsuak izatea aukeratu genuen ipuin liburua (Elkar) —Donostia Hiriko Kutxa saria irabazi zuen—. Antzerki lanak ere idatzi eta zuzendu ditu.
Ana Malagon Donostian jaio zen 1978an. Ikus-entzunezko komunikazio ikasketak ikasi zituen, eta produktu nahiz zerbitzu digitalak diseinatzen ditu. Samuraitasuna blogean idazten du, eta zutabegintza ere landu izan du, besteak beste, Berrian. Hiru ipuin liburu ditu argitaratuak, guztiak Elkar etxearen eskutik: Lasai, ez da ezer gertatzen (2014) —bere blogean ateratzen joandako mikroipuinek osatua—, Gelditu zaitezte gurekin (2017) eta Ez dakit zertaz ari zaren (2021).
Baionan jaio zen, 1959an, eta Oragarren hazi (Nafarroa Beherea). Herria aldizkarian argitaratu zuen lehen poema, 1974an, eta, geroztik, genero ugari landu ditu. 1984an argitaratu zuen lehen poesia liburua: Bizitza nola badoan. Eleberrigintzan eta poesian jardun du gehien, eta ibilbide oparoa osatu du. 2002an, Euskadi saria jaso zuen, %100 basque eleberriarekin, eta narrazioa (Zeruetako erresuma) eta antzerkia ere (Odolak su gabe diraki) landu izan ditu. Amaia Ezpeldoi fikziozko detektibearen sortzailea ere bada. Euri zitalari esker (Susa, 2021) eleberria eta Uhartearen mugak (Maiatz, 2021) poesia liburua ditu lanik berrienak. Bestalde, hainbat hedabidetan kolaboratzaile izan da, besteak beste, BERRIAn, urte luzez. Maiatz aldizkariaren sorreran ere parte hartu zuen.
Donostian jaio zen, 1968an. Argia-n eta Euskaldunon Egunkaria-n kazetari aritu ondoren, 2006. urtean kaleratu zuen bere lehen liburua, Susa argitaletxearekin: Beñat Dardo. Bernart Etxepare du protagonista, euskaraz argitaraturiko lehendabiziko liburuaren idazlea; baina ez da eleberri historiko bat, pertsonaia haren birkreazioa baizik. Aurten, Oizek (H)ilbeltza beka irabazi du, Zorigaiztoko lanarekin. XIX. mendean girotu du kontakizuna, Donostian, jazoera historikoa eta kritika soziala uztartuta. Txalaparta argitaletxeak aterako du liburua, datorren urtean.
Algortan (Getxo, Bizkaia) jaio zen, 1973an. SPrako tranbia bere estreinako nobelari esker, narratiba arloko Espainiako Sari Nazionala irabazi zuen 2002an. Ondorengo urteetan beste bost nobela argitaratu ditu: Van't Hoffen ilea (2003), Vredaman (2005), Londres kartoizkoa da (2009), Iazko hezurrak (2014) eta Iturria (2019). Haur literaturan eta itzulpengintzan ere jardun du, eta ohiko kolaboratzaile eta ipuingilea da hainbat hedabidetan. Filologia ikasketak egin zituen Deustuko Unibertsitatean, eta Labayru Ikastegian aritu izan da lanean.
Oñatin jaio zen (Gipuzkoa), 1995ean. Idazlea eta BERRIAko kazetaria da. Orain hamar urte abiatutako Itu literatur bandako kidea izan zen, eta haren bueltan argitaratu zituen bere lehen lanak, baita ikuskizunak egin ere. Iaz, bere estreinako poema liburua atera zuen, Susa argitaletxearekin: Gu gabe ere. Espainiako Kritikaren Saria irabazi zuen liburuak. Gu gabe ere, biharamunean izeneko emanaldi batean aurkeztu izan du, Mikele Landa zinemagilearekin batera. Beraneantea narrazioa ere badu argitaratua, Bilboko Udalaren Gabriel Aresti lehiaketan saritutako beste ipuin batzuekin batera osatutako bilduman, Erein etxearen bidez. Jakin aldizkarian ere idatzi izan du.
Iruñean 1985ean jaioa, Iñigo Astizek literatura eta kazetaritza uztartu ditu bere ibilbidean. Berriako Kultura sailean aritzen da, hain zuzen ere. Bi poesia liburu kaleratu ditu, biak Susa argitaletxearen bitartez: Baita hondakinak ere (2012) eta Analfabetoa (2019). Baina beste literatur genero batzuk ere landu ditu: kronika (Kixotenean, Elkar, 2016), saiakera (Ez duzu abusatuko, Elkar, 2017) eta haur literatura (Joemak eta polasak, Elkar, 2019). Liburu horrekin Euskadi literatura saria irabazi zuen. Bi poema antologia ere euskaratu ditu: Sylvia Plathen Ariel eta beste poema batzuk (Denonartean, 2013) eta Sandro Pennaren Bilduma bat (Farmazia Beltza, 2019).
Durangon (Bizkaia) jaio zen Leire Vargas Nieto, 2002an. Idazlea, bertsolaria eta itzultzailea da. 2021ean, Irun Hiriko Kutxa Literatura saria irabazi zuen, Dena ametsa den irudipena poesia bildumarekin (Elkar). Besteak beste, gorpuztasunaz, kontzientzia hartze ideologikoaz eta pertsonen arteko harremanez aritu zen lan horretan. Raymond Carverren Bizikletak, giharrak, zigarretak eta Sally Rooneyren Soldata jauna narrazioak itzuli ditu, Armiarma.eus webgunean. Plazan eta sariketetan aritzen da bertsotan. 2020an, bigarren egin zuen Bizkaiko Eskolarteko Bertsolari Txapelketan. Iaz, Erre ikuskizuna plazaratu zuen, Haizea Arana, Oihana Arana eta Aner Peritz kideekin batera. Lanak bertsolaritza du oinarri, baina beste adierazpide batzuekin osatzen da. Aurten, talde berak beste saio bat sortu du: Azken oturuntza.