Mugako oporrak
Arrate Egaña (Errenteria, Gipuzkoa, 1963) filologia hispanikoan lizentziatu zen aurrena eta gerora euskal filologiako eta gidoigintzako ikasketak ere egin zituen. Gaztelaniaz idatzitako bi ipuin saritu zizkioten 1990eko hamarkadaren hasieran, baina gerora, euskaraz argitaratu izan du. Haur eta gazte literatura asko landu du —Printzesa puzkertia, 1999; Benetako pirata, 2001, Maritxu, 2001, Simon ipuinen munduan, 2013—, baina idatzi eta argitaratu ditu antzerkia (Egia, 2012, Alberdania), nobela (Kixmi elurpean, 2005, Elkar) eta narrazioa (Paradisua, 2012, Elkar; eta Itzalen distira, 2022, Erein). Azken hori azkeneko liburua.
Ilustratzailea:EXPRAI
Nork esango! Postaz jasotako argazkian ageri dira emakume biak, eta haurtxo bat bien artean. Lortu zuten, antza.
Zoritxarreko opor haietan ezagutu genituen bi emakume haiek.
Martin squatterra zen, okupa, Londresen, zuela ia bi urte, eta koadrilako guztiek bisitatu zuten, guk izan ezik. Idoia lagun minarekin joatekoa nintzen, baina berak Xabi mutil lagunarekin egin zuen plana; han zeuden jada. Lana zela medio, beranduago abiatu nintzen ni, Xabiren arreba Elirekin batera. Ez nuen lar ezagutzen, baina pinpirin eta tentel samartzat nuen. Pentsatu nuen behin Idoiarekin elkartu ondoren baizik ez nintzela oporrak gozatzen hasiko.
Autobusez iritsi ginen Calais herrira. Eli ez zen bidaia osoan isildu; Ingalaterran estreinakoz izateak biziki hunkitzen zuela, Piccadilly Circus-en antzerkira joango zela, baita shopping ere Camden-era, mihi-mihi-mihi… Itsas-estazioa zikina bezain jendetsua zen, baina laster utziko genuen. Ferryko zurezko eserlekuetan egokitu genituen motxilak. Mendirakoa zen nirea, zaharra; Elirena, berriz, markakoa, oso dotorea. Han jarri genuen Martinentzako poltsa ere, amak eta lagunek bidalitako gauzez betea. Plana zen Doverren trena hartu eta lagunek Londresen geu jasotzea.
Arratsaldea goibeldu zuen, bero likinari eutsirik hala ere. Nekatuta geunden, ilusioz beterik ere bai, bereziki Eli. Zilarrezko itsasori begira jarri nintzen, atseden bila. Distantziak ikasturte amaiera gogorra arintzen zidan. Bi emakume beltzi erreparatu nien; aldarte seriosa sumatzen zitzaien. Batek oihalezko petatea zeraman; besteak saltoki ezagun bateko plastikozko poltsa. Haratago, gazte zaratatsu batzuk zeuden.
Ferrya utzi eta Ingalaterrako itsas-estazioan ilaran jarri ginen, pasaportea eskuan. Elik gero eta urduriago zirudien, eta nik Idoia ikusteko gero eta gogo handiagoa nuen.
Polizia batek albo batera bideratu gintuen, besoei eraginda eta aurpegira begiratu gabe, roboten antzera.
Trena galduko dugu!
Poltsak eta mugikorrak eraman zizkiguten. Orduantxe hasi zen erromeria.
Zulo karratu batera eraman ninduten, eta, gero jakin nuenez, Eli ere antzeko beste batera. Han ez zegoen deus, ez aulkirik, ez leihorik, ezer ere ez. Emakume-polizia batek arropa eranzteko agindu zidan, irmo. Zurtuta obeditu nion. Ilea altxatzeko eskatu zidan, zirrikitu guztiak miatzeko. Hankak zabaltzeko, lehor betiere. Bagina eta uzkia aztertu zizkidan, eskularru urdinez jantzitako esku hotzekin. Hatzen mugimendu zehatzak pairatu nituen. Minik ez, umiliazioa baino ez. Janzteko.
Irten nintzenean, Eli kausitu nuen. Sutsuki aipatzen zituen gure eskubideak. Besarkatu ninduen. Ez zezala negar egin, erregutu nuen isilean. Gure motxilen edukia mahai baten gainean barreiaturik ikusi genuen, polizien ekintza. Martinen poltsak zekarrena ere agerian geratu zen: arropaz gainera, kafetera txiki bat, atun eta antxoa pote pare bana. Haxix harri koskor eder bat ere azaldu zen, eta etiketarik gabeko pote bat, pilula zuriz betea.
Polizia batek gure mugikorrak aztertzen zituen; beste bik eman ziguten aurkikuntzaren berri: droga generaman poltsan.
Guk ez genekien.
Isiltzeko agindu zioten Eliri.
Ukondokada bat eman nion, ez zezala egoera okertu. Droga kantitate eskasa zenez, hura konfiskatu eta gu uhartetik botatzea erabaki zuten. Berehala sartu gintuzten Frantziara zihoan ferryan. Nahaspilaturik utzi zizkiguten poliziek gure gauzak motxiletan, eta telefonoak erabilezin, manipulazioagatik.
Nori otu zaio kaka hori Martinen poltsan sartzea, muga pasa behar genuela jakinik? Txoroa izan behar da, gero! oihu egin nuen amorruz.
Elik irribarre egin zidan; bustita zeuzkan begiak, ordea.
Ez negarrik egin, Eli, mesedez!
Beste aldera begira jarri zen. Gure ondoan, kontinentera bueltan halaber, bi emakume beltzak zeuden. Petatea zeramana, argala eta txikia, haurdun zegoen. Eli beraiekin komunikatu zen, nola edo hala, zekizkien hizkuntza guztiak erabiliz. Nik, ostera ere, itsaso axolagabeari so egin nion. Zirimiria ari zuen.
Calaisen berriro, hortaz. Jendea eta zikinkeria edonon, eta gu shock egoeran. Ezin giro aproposagoa nire alergiak pizteko. Estazioa korritu genuen, motxilak gurekin generamatzala. Lehendabiziko solairuan bankuak, komunak eta txartelak erosteko leihatila; bigarrenean, dendatxo txikiren bat eta telefono publiko bat. Elik etxera deitu zuen, nebaren telefonoa eskatzeko, azalpen urriak emanda. Lagunekin komunikatzea lortu genuenean, hurrengo egunean deitzeko eskatu ziguten, plana antolatzeko. Han egin behar genuen lo. Niri orduan blaitu zitzaizkidan begiak.
Beheko solairura jaisteko kristalezko igogailua hartu genuen. Gurekin batera gizon bi sartu ziren, ulertzen ez nuen hizkuntza batean solasean eta barrez. Irtetean, Eli aurrean paratu zitzaizkien.
Dena ulertu dizuegu, urde zikin alaenak esan zien ingeles garbian; ez guregana hurbildu, bestela salatuko zaituztegu.
Azkar batean aldendu eta galdu ziren geltokian gizonak, broma zela murduskatuz. Elik esan zidan gau hartan bertan gu bortxatzeko aukerez mintzatu zirela.
Lo egiteko txoko bat bilatzeari ekin genion. Azkura nuen besoetan eta buruan. Zorriak antzeman nizkion Eliri ilean.
Bi emakume beltzak banku baten atzealdean zeuden eserita. Beraien ondoan jarri ginen. Txikiak Amani zuen izena eta besteak Rida. Gazta-bokata bat partekatu zuten gurekin. Geltokian gora eta behera zebilen jendeak utzia zion ordurako jende izateari. Ferrya galdu zuen familia bat zegoen, drogazale bat, eskale bi, sei etorkin…, eta bortxatzaile biak. Ondoko zaborrontzitik arma gisa kristalezko botila bat hartu nuenean, Ridak eta Amanik barre egin zidaten.
Utzi hori, emakumea esan zidan Elik, kokotea hazkatzen zuela.
Nik ere barre egin nuen. Eliren adats argia mataza zikin bat zen, eta nire elastikoari kiratsa zerion.
Elik orduan ilea bildu eta azkazalak mozteko guraize txiki batzuekin mototsa ebaki zuen. Afrikarrak, harriturik, berriro hasi ziren barrez.
Erotu al zara?
Lasai, edonola ere ilea moztu behar nuen, eta horrela errazagoa izango da zorriak kentzea.
Hura bai piura bitxia. Ridak puntak kamustu zizkion, ebaketaren erradikaltasuna konpontzeko asmoz. Azkenean, beste banku baten gibelaldean kokatu ginen, ilez beterik baitzegoen aurrekoa.
Ez nuen lo handirik egin. Besoak gorritu zitzaizkidan. Hiru labezomorro ikusi nituen, eta arratoi handi bat.
Eguna argitzean, Ribak eta Amanik kanpoan zeuden dutxa publikoetara eraman gintuzten. Haratago, errefuxiatuen kanpamendua ikus zitekeen. Hainbeste behar genuen garbiketa amaitutakoan, goiko pisura igo ginen, eskaileretatik, eta janaria eta ozpina erosi genuen; ozpina, noski, buruan botatzeko. Horrek ere barregura eragin zien lagunei.
Denbora dezente daramate hauek hemen, ziur esan zidan Elik; esango nuke behin baino gehiagotan saiatu direla beste aldera pasatzen.
Auskalo.
Egun bakar bat aski izan zitzaigun estaziora moldatzeko. Bagenekien nor izan zitekeen arriskutsu eta nor lagun. Riba eta Amanirekin pasa genituen ordu guztiak, nahiz eta elkarrekin hitz askorik egin ez. Eli ere normalean baino isilago zebilen. Xabik eta Idoiak hurrengo egunean etorriko zirela esan ziguten; beraz, beste gau bat pasatuko genuen han.
Lo egiteko prestatzen ari ginenean, garbitzaileak etorri ziren. Geltokia desinfektatu behar zutenez, irteteko eskatu ziguten. Inork ez zien kasurik egin, guk ere ez. Apatiak jota geunden, besteak bezala.
Gau hartan lo gehiago egin nuen, nahiz eta aurreko gaueko arratoia ikusi, eta labezomorroak, eta zilarrezko arraintxo nazkagarriren bat. Biharamun goizean, laurok dutxatu, gosaldu eta berriro ikuskatu genuen geltokia. Familiak ferrya hartu zuen, bi gizon arriskutsuek ere ospa egin zuten eta etorkin gehiago azaldu ziren. Eguerdi partean, poliziak irtenarazi gintuen. Erresistentzia pixka bat egon zen arren, kanpoan ginen minutu batzuen buruan, bero kiskalgarriaren pean.
Talde bitan banandu gintuzten: batean dokumentazioa genuenok, gainerakoak bestean. Geltokia gainetik garbitzeko aprobetxatu eta berriro sartzeko agindu ziguten dokumentatuoi. Besteak errefuxiatuen kanpamendura eramango zituzten. Riba, Amani eta beren aldekoak kexaka hasi ziren. Eli eta biok haiengana jo genuen, gurera ekartzeko asmoz, baina poliziak ziztuan bideratu zituen agiribako guztiak furgoneta batera. Elik bere motxila Ribari bota zion, polizien hesiaren gainetik.
Zertan zabiltza? -esan nion- Hor duzu dena!
Ez da larria!
Joder, bai zera pinpirina, ninja hutsa zen Eli! Mugikorra eta dokumentazioa hartu ondoren, nire motxila ere lagunei bota nien, eta berehala desagertu zitzaizkigun bistatik.
Oso bakarrik geratu ginen geltokian, diru barik, alderrai, eskalea bezala, edo heltzen ari ziren etorkinak bezala. Arratsaldean, goseak hiltzear ginen. Txokolatina bat lapurtu genuen. Xabi eta Idoia azaldu zirenean, pizza handi bat erosi ziguten.
Zer gertatu zaizue? galdetu zigun Idoiak. Ia ez zaituztet ezagutu.
Ez genekien nondik hasi edo zer kontatu. Auto alokatuan sartu eta Parisera hartu genuen, Londres beste baterako utzirik.
Hemendik aurrera, oporrak!
Elik eta biok baietz egin genuen buruaz. Idoiak gure emozio falta kritikatu zuen.
Tontotuta zaudete…
Urruti sentitu nuen laguna.
Ia urte bete ondoren jaso nuen postala. Nire motxilan nire helbidea zuen dokumenturen bat geratuko zen. Eta, negar pixka bat egin ondoren, Eliri deitu nion.