Bi ipuin naif
Iruñean 1985ean jaioa, Iñigo Astizek literatura eta kazetaritza uztartu ditu bere ibilbidean. Berriako Kultura sailean aritzen da, hain zuzen ere. Bi poesia liburu kaleratu ditu, biak Susa argitaletxearen bitartez: Baita hondakinak ere (2012) eta Analfabetoa (2019). Baina beste literatur genero batzuk ere landu ditu: kronika (Kixotenean, Elkar, 2016), saiakera (Ez duzu abusatuko, Elkar, 2017) eta haur literatura (Joemak eta polasak, Elkar, 2019). Liburu horrekin Euskadi literatura saria irabazi zuen. Bi poema antologia ere euskaratu ditu: Sylvia Plathen Ariel eta beste poema batzuk (Denonartean, 2013) eta Sandro Pennaren Bilduma bat (Farmazia Beltza, 2019).
Ilustratzailea:EXPRAI
MONOGAMOAK
Gauza gehienak ahaztu egiten ditut, baina oso ona naiz dokumentalekin. Amak beti esaten dit. Adibidez, gepardoa da lurreko ugaztunik azkarrena, 130 kilometro orduko abiadura hartu dezake, eta, zaldiek, berriz, gehienez ere, 88 kilometro ordukoa. Eta panterek badakite arboletara igotzen, eta horregatik gordetzen dituzte euren ehizakiak adarretan, gazelak eta zebrak, batez ere, edo haien puskak, han goian seguru daudelako, harrapari handiagoei zail egiten zaielako haraino iristea, eta, han, bide batez, hienek ere bakean uzten dituztelako. Pantera da nire felino faboritoa. Beti bakarrik dago, baina ez du inork molestatzen, han goian. Felinoak dira katuen familiakoak direnak. Hienak ez ditut gustuko: beti dabiltzalako taldean, beren barre horrekin, eta orain ez dut gogoan haiek ere felinoak ote diren edo ez, baina lehoiak bai, badira. Lehoien artean, emeak dira beti ehizan aritzen direnak, eta arrak ehiza jadanik eginda dagoenean azaltzen dira. Zatirik onenak haiek hartzen dituzte beti. Odolarenak beldur pixka bat ematen dit, eta begiak ixten ditut, baina, gainerakoan, lehoiak bai gustatzen zaizkit; emeak batez ere. Lehoiak dira nire bigarren felino faboritoak. Badakit ere pinguinoak monogamoak direla, eta horrek esan nahi duela beti bikote berarekin ibiltzen direla. Amak esplikatu zidan hori. Gero arrak dira arrautzen gainean egoten direnak, eta oskola puskatzen denean, orduan ez dakit nork irakasten dien igeri egiten pinguino kumeei, baina, edonola ere, azkar ikasten dute. Orkek jaten dituztelako da, eta orkak ugaztunak dira, gepardoak eta panterak bezala, baina ez dira felinoak, eta uretan bizi dira, gainera, eta badute hizkuntza bat euren artean komunikatzeko. Hizkuntzarena ere gustatzen zait, batez ere nola zabaltzen den itsasoan, lagunak topatzeko. Badira txinpantze batzuk ere, adibidez, zeinu lengoaia erabiltzera iristen direnak, eta bazegoen txinpantze bat, izena ez dut gogoan, baina keinu lengoaia horri esker identifikatu ahal izan zutena, ze eduki zuten hizkuntza ikasten lehenengo, baina gero eraman egin zuen norbaitek beste leku batera, eta han egin zizkioten esperimentu pila bat, eta edukitzen zuten kaiolan sartuta eta orduan, urte pilo batera, ikusi zuen bere zaintzailea izan zen emakume bat, eta txinpantzeak egin zion eskuarekin keinu bat, horrela, esateko bera zela, eta horri esker ezagutu zuen emakumeak, eta orduan bai atera zuten handik eta eraman zuten lehenengo lekura. Ez dakit beste txinpantzeak ere atera ziren. Igual txinpantze hori da nire hirugarren animalia faboritoa, felinoen ondoren esan nahi dut. Dokumentalak asko gustatzen zaizkit, eta, gainera, beti-beti botatzen dituzte telebistan, berdin du ze ordu den. Amak esaten dit oso ona naizela dokumentalak ikusten, gauza asko gogoratzen ditudalako. Gizonak etortzen direnean jartzen dizkit dokumentalak amak, eta gero, joaten direnean eta berriz bakarrik geratzen garenean, galdetu egiten dit ea zer ikusi dudan, eta ea gustatu zaidan, eta nik azaldu egiten diot. Baina badago gizon bat, batzuetan, geratu egiten dena nirekin dokumentalak ikusten. Azkena etorri zenean makilen antza duten xomorro batzuei buruzko bat ikusi genuen, eta kamuflatzeko zela ikasi nuen. Amari gustatu zitzaion hori esan nionean, baina ez dut gogoan arra edo emea ote zen kamuflatzen zena. Gizonari galdetuko diot, igual. Ez dakit gizonak itzultzen ote diren edo ez, elefanteak bai, beti, eta kilometro pila egiten dituzte.
SVASTIKAK
Zer jakingo nuen nik, ba, zer zen svastika bat. Milioi bat aldiz esan nion aitari txorrada bat baino ez zela, baina ez zuen ezertarako balio izan. Gainera, Gartxoten ideia izan zen. Ez zuen ezer entzun nahi izan, eta, total, azkenean, ni ere, bera bezala, bota egin naute ikastolatik bi hilabetez, nahiz eta nik berak baino askoz ere kulpa gutxiago dudan; azkenean, nik bi svastika bakarrik pintatu nituelako, eta Gartxotek egin zituelako beste guztiak. Baina ez dit inork kasurik egiten etxe puta honetan, eta zer esanik ez zuzendaritzan. Txikienak dira nire biak, gainera.
Begira, zigor modura jarri ziguten dokumentalarena, onartuko dut, han, hildako judu haiekin guztiekin, meta horietan eta, ba tira, interesgarria ere izan zen. Pasa egin ziren naziak, eta ulertzen dut hori dena orain, baina herriko pintada guztiak borratzen jartzea, hori gehiegizkoa izan da. Gainera, zer kulpa izango dugu guk besteek egindako pintadengatik? Eta, gainera, herriko kalerik pintatuenetik hasi behar dugula esan digute. Orain arte, urteak eman ditu pintadaz beteta inori kalterik egin gabe, eta justu guk borratu behar ditugu? Eta zer zerikusi dute pintada horiek gureekin? Ez dut ulertzen, benetan, baina edozeinek esaten dio ezer aitari orain. Aurrekoan oihuka aritu zitzaidan gau osoan. Gau osoan, tio. «Gure historiarekin!». Azkenaldian badirudi lorito bat irentsi duela, «gure historiarekin», «gure historiarekin», beti esaldi bera errepikatu eta errepikatu. Judua balitz ere. Baina horiek niri bakarrik esaten dizkit, klaro, ze harroxkoa bai, baina etxean eta nirekin bakarrik, eta zertarako balio dit niri horrek.
Gartxoten aitak bai dituela potroak.
Plantatu egin zitzaion zuzendariari, hantxe bertan, zu. Onartezina zela svastikena, hori berak ere ikusten zuela, lotsatuta zegoela, bera lehena, eta hartu behar zela neurriren bat, baina pintadak ezabatzearena neurriz kanpokoa zela esan zuen, eta aber zer lotura duten, ba, svastikek eta guri ezabatu arazi nahi dizkiguten pintada horiek guztiek, eta hori ez dela historia irakastea, historia ukatzea baizik, eta zuzendaria, tio, isilik, baietz eta baietz. Mesedez lasaitzeko eskatu zion momentu batean, ulertu behar zuela hau eta nik zer dakit zer, baina ezetz eta ezetz Gartxoten aitak, eta jarraitzen bazuen tematzen planto egingo zuela, eta, ez hori bakarrik, salatu egingo zuela ikastola, por muy ikastola que fuera, eta, zer, eta berearekin atera zen! Eta, gure aitak etxean bai, baina han isil-isilik, eta, klaro, niretzat ostia erdirik ez. Asike imajinatu ze planazoa dudan nik orain hemen, bakar-bakarrik, nik egin ez nituen svastika horiengatik herriko kalerik pintatueneko pintada guztiak borratzen, eta, joder, un huevo daude, eta zer, eta, gainera, ikastolako svastika haietako gehien-gehienak Gartxotek egin zituenean. Nireak txiki-txikiak zirelako, benetan. Ez banindu salatu, ez zituzten ikusi ere egingo.
Bere aita ETAkoa izan zela esan zidan behin Gartxotek. Eta nik ez dakit zer den ETA, baina ojala nire aita ere ETAko izan balitz, ze orduan ez nuke ibili beharko hemen auskalo noizko eta noren pintadak borratu eta borratu.