Buia

Oñatin jaio zen (Gipuzkoa), 1995ean. Idazlea eta BERRIAko kazetaria da. Orain hamar urte abiatutako Itu literatur bandako kidea izan zen, eta haren bueltan argitaratu zituen bere lehen lanak, baita ikuskizunak egin ere. Iaz, bere estreinako poema liburua atera zuen, Susa argitaletxearekin: Gu gabe ere. Espainiako Kritikaren Saria irabazi zuen liburuak. Gu gabe ere, biharamunean izeneko emanaldi batean aurkeztu izan du, Mikele Landa zinemagilearekin batera. Beraneantea narrazioa ere badu argitaratua, Bilboko Udalaren Gabriel Aresti lehiaketan saritutako beste ipuin batzuekin batera osatutako bilduman, Erein etxearen bidez. Jakin aldizkarian ere idatzi izan du.

Ilustratzailea:EXPRAI

Ari nintzen pentsatzen: nola bateratu daitezke gure bizitzen mugak harago eramateko gogoa, baina gauzak arinago hartu beharra; neurriak hartzea, baina dena neurtzen ez bizitzea?

Ez dakit. Ez dizut ondo jarraitzen hiztegi hori ateratzen duzunean.

Zergatik gaude hain gutxitan lasai?

Ja.

Ur ertzeko horien bumerana bezalakoa da. Etengabe itzultzen da zerbait, presio klase bat, eta ikaragarria da ez izatea guztiz uxatzeko gauza; beti jotzen du bueltan ekartzen didan norbaiten gorputzean, ahotsean, are gaurkoa bezalako opor egun batean, han eta hemen, han eta hemen, zeharkaldian halako bits horixka moduko bat bilduz.

Polena bezala?

Adibidez.

Ez duzu esan, baina badakit pentsatu duzula.

Pentsatu zer.

Kutre-kutrea dela apartamentua, Iztu. Logelak ez du leihorik, hormigoia sofa barruan ere sartu dutela dirudi, eta zarata... ea gauean.

Aberatsak izan nahiko genukeela ari zara esaten?

Ez da hori.

Bada, noski. Haien bizitzetako isiltasun magnetikoa, bista zabal-zabalak lorategira ateratzean, pote politetan batutako janari horiek denak... Orain esango duzu: aberatsak bagara, Iztu.

Indio eran jarrita, egun gutxitan beltzarandu zaion izter zati bat atximurkatzen ari da, suge larru estanpatuko bikini-kuleroen hegalean. Laranja azala behatz mamien artean. Iaztik hona nabarmen ugaritu zait. Ongietorri zuri ere, eta barre egin dut, fuga txiki bat. Kale-saltzaile bati erosi dion oihal handi batean gaude, zuri-beltzezko elefante-kate baten gainean. Niregatik balitz, nor bere toallan geundeke, baina ezin dut ezer esan. Niregatik etorri da Mediterraneo aurrera, azken orduko eskaintza bati amore emanda —lau gau, hirurehun euro—, eta etxean urak hazita utzita.

Iztu dena posible zen lekura itzultzea da.

Ez nuke hau egin behar bere aurrean. Bere bizitzan, eta utzi dion azala ikusita kasik inbidia diot enpatia baino gehiago, beti egon dira marea biziak, ekaitz itxiak, garrantzitsuena atzean ez geratzea izan den egunak, ez dutenak aurrera egitearen antz handiegirik, hondoratu gabe eustearekin baizik.

Egiaz, ez dut inoiz jakin zein izan ziren institutu garaian ama eta biak herrian bat-batean agertzearen arrazoi zehatzak.

Beti sutan dagoen eltze bat bezalakoa da, esan zidan behin, urtetara. Kontuz izan behar da urak ez dezan gainez egin. Baina ahaztu itzali ahalko duzunik.

Atzera-buelta bihurriak dituzten bideetan sartzen hasi gara. Hori da?

Zuen haurdunaldiagatik diozu ala nire hipotekagatik?

Niri orain atximurka. Begira, eta hodei ubelen masa pitzatzen hasi da; ikusi dugu, entzun ia: argia zerua tarratatzen. Liburua apartatu dut eta besoak garondo atzean lotu. Orain bai bainua. Arratsaldeko zazpiak eta dozena erdi bat giza orban laurehun metro eskaseko hondartzan. Betaurrekoen azpian begiak tximututa jarraitu dugu arrakala, atzean zer dagoen asmatu nahi genuke, eta emakume bat hurbildu da masaje bat eskaintzera —hogei minutu hamabi euro—. Irribarre gatzgabe bat itzuli eta igeri egitera sartu da Iztu.

Ahopean segitzen dut: kontrapisu egiten jakin nahiko nuke nik ere. Flotatu. Ez sentitu denbora hainbeste, nahikoa izan egunean egunekoarekin, hainbeste kalkulu egin gabe. Buia bat izan, inon gutxi lortzen diren ziurtasunez puztuta, neguan elurra ikustea ziurra zenean bezala, igeri egon, hauek dira nire kaleak esan dezaketenak bezala, hauek zahartzen doazen nire lagunak, hauek lau urtaroak beren fruituekin. Oroitu atzean geratzen direnen igeriketa barea, ezagutzeko geratzen dena arrainez, algez, gizakiaren pasio negargarriez.

Hur koloreko melena bi eskuekin estutu eta euri egin dit bizkarrean. Nahi baduzu aurreratu. Etxera deitzeko aprobetxatuko dut. Ados, eta musu bat kopetan.

Oinetako haragi kozkorrak hozkatzeko arrainontzi argiztatuak, souvenir dendak, eguzkiz eguzkiko lanaldiak. Berrespena: ez dakit zergatik etortzen garen halako lekuetara. Kanpotik ikusi dut neure burua beti bakarrik gauden bidegurutzera iritsita, eta ezin izan dut saihestu: hau baino gehiago merezi dugu eta hau baino dezentez gutxiago.

Eraikin artetik itsaso puska bat bistaratzean parean eseri naiz. Ez da dardara hauetarako sasoia, Joana. Gutxienez hamar urte aterako dizkiodan neska ilehori batek ekarri dit garagardoa —hiru euro eta erdi—, eta arkitektoaren bi mezu ikusi ditut. Bueltarako, baina obraren lehen aurrekontuak dira. Badirudi horma pare bat bota ahalko ditudala. Pozak hartu nau. Eta hala ere ezin erosi errepikatzen dizkidatenak. Ilusioa. Zortea. Loteria balitz bezala.

Zerbezak, patatak, arrautzak, ura, tomatea, ahuakatea, ogia eta urdaiazpikoa erosi ditut bidean. Pausa prosaikoa. Autoak alokatzeko lokal baten aurretik igarotzean, ilaran jarri, bi egunetarako zenbat galdetu —berrogeita hemeretzi—, eta erreserba eginda utzi dut biharamunean lehen ordurako. Fiat Panda beltza.

Iztu dutxan da heldu naizenean, mugikorreko musikaren gainetik kantu-marmarrean. Balkoian jarri naiz, eguzkiak jandako plastikozko aulki zurietako batean, hankak luze. Autoen gainetik ozentzen joan da trumoi hotsa, eta otoitz moduko bat egin dut eraman diezadan laino mendi hau.

Burua biratu dudanean egongela erdian biluzik dago krema zabaltzen, bere ebakortz bereizien amildegitik irribarrez, nire Decathloneko toalla buruan eta ozpinetakoen lata batetik gorroto ditudan pepino txikiak eta tipula zurixkak arrantzatzen.

Leila Guerriero oroitu dut: hau da salbatuko gaituen zoriona, faltan izango dugunean hilko gaituen berbera.

Dena ondo? Imajinatzen dut.

Bihar deituko dut, hobeto. Ongi ikusi du autoarena. Nora joango garen galdetu dit, eta, une batez, irla batean gaudela ahanztera arte, iruditu zait edonora joan gintezkeela.