DRJ EFPn

Urteetan Euskaldunon Egunkaria-n eta BERRIAn kazetari lanean aritu ostean, itzultzaile ari da gaur egun Juan Luis Zabala (Azkoitia, Gipuzkoa, 1963). Literatur lan ugari argitaratu ditu: nobelak (Zigarrokin ziztrin baten azken keak, 1985; Kaka esplikatzen, 1989; Galdu arte, 1996; Agur Euzkadi, 2000; Txistu eta biok, 2016), eta narrazio bildumak (Gertaerei begira, 1988; Sakoneta, 1994; Ospa, 2017). Baita dietario bat (Inon izatekotan, 2006) eta bi biografia ere (Jesus Mari Artze, ttakunaren esku isila, 2003; eta Maltzeta, soinu bete bihotz, 2012).

Ilustratzailea:EXPRAI

NASA National Aeronautics and Space Administrationetik deitu zidatenean, pentsatu nuen iragarki bat egiteko izango zela. Inork niri harrokeria leporatu gabe esan dezaket garai hartan ni, David Robert Jones, beste izen batekin bazen ere, rock izar ospetsua nintzela, mundu guztian ezaguna, erreferentzia laudatua. Gainera, nire kantuen artean ez ziren gutxi espazioarekin eta zientzia fikzioarekin zerikusia zutenak, egokiak NASAren era askotako ekimenetarako.

Ez nuen inondik inora ere espero EFP Esperimental Foreverland Projecten parte hartzeko proposamenik, ez bainuen proiektuaren berririk. Nola ba! Proiektu sekretua da, eta hala izan behar du, oraingoz behintzat, ezinbestean.

Hasieran ezezkoa eman nuen. Maite nuen jendeak inguratuta bizi nintzen eta une oparoan nengoen musikari moduan ere, disko berria plazaratzear. Osasunez ere ondo nenbilen, 70 urteetara gerturatzen ari banintzen ere. Ez nuen bizimodua aldatu nahi.

Baina, kasualitatea!, eskaintza jaso eta astebetera prostatitisa diagnostikatu zidaten. Ez zen, berez, ezer larria, baina gaitz hark ikusarazi zidan bizitzaren beste fase batean sartzen ari nintzela, eta fase hori, gainera, ezingo zela oso luzea izan, ez nik nahiko nukeen bezain luzea behintzat. Bizitzaren oso zalea izan naiz beti, bizitzari oso atxikia.

Horregatik eman nien baiezkoa NASAren EFP proiektuko arduradunei, zalantza askoren ondoren. Kontu eta zehaztasun handiz landu zuten handik aurrera dena. Gibeleko minbizi baten ondorioz hil nintzelako itxurak egin genituen denon artean, 2016an, eta inor ezertaz jabetu gabe ekarri ninduten hona. Ez zen zabaldu bizirik jarraitzen nuelako zurrumurrurik, hamarkada batzuk lehenago hildako beste rock izar baten kasuan bezala, Elvis Presley mito handiarenean.

Arduradunek orduan esan zidatenez, aho batez erabaki zuten ni proiektu honetan parte hartzeko hautatuen artean izatea. Batetik, garaiko gizateria ordezkatzeko talentu handiagoko inor aurkitzea zaila izango zela iritzita; bestetik, nire edertasun moldakor miresgarria balioetsita. Ez dira nire hitzak, arduradunenak baizik, proiektuaren eta eskaintzaren berri emateko bildu ginenean esanak.

Azalpenak entzun ondoren, galdetu nien ea Lou Reed ere, nire garaiko beste kantari ospe handiko bat, ni baino lehenago hila, hautatuen artean zegoen, baina ezetz esan zidaten, hura modu naturalean hil zela, proiektua artean ere abian jarri gabe zegoela. Pena eman zidan. Beste kantari ospetsu bat hil zen gero, Leonard Cohen, ni hona etorri eta hamar hilabetera, eta pentsatu nuen hura ere hautatuen eta baiezkoa emandakoen artekoa izan zitekeela, baina ezin izan dut egiaztatu, eta ez naiz arduradunei galdetzen ausartu, Lou Reedi buruz galdetu nienean galdera deserosoa egin zitzaiela iruditu baitzitzaidan.

Proiektu hau isilean gorde beharraren ondorioz, debeku, morrontza eta aje asko nozitu behar izan ditut azken urteotan, kide boluntarioa egin nintzenetik. Berez, orain hasi dudan egunkari hau idaztea ere debekatua dut, eta seguru asko idatzi eta gero suntsitu egingo ditut koadernoko orrialdeak, badaezpada ere.

Zigorrik gogorrena, bakardadea da, erabatekoa ez izan arren giza harremanak oso mugatuak baititut. Zazpi laguneko burbuilatan banatuta bizi gara, oraingoz behintzat, EFP proiektuko aukeratuok, eta ezin gara ezertarako ere irten burbuila bakoitzari dagokion kilometro koadro inguruko esparru itxitik. Munduaren ikuskizuna, eta hondamendiaren aurka egiten ari den borroka etsiarena, egunero ikusten dugu telebistako eta ordenagailuetako pantailetan, baina aurrez aurre ikusten ditugun gizaki bakarrak nork bere burbuilako kideak eta proiektuko zientzialari, mediku eta psikologo bakan batzuk dira, eta azken horiekin dugun harremana nahiko azalekoa da, oso profesionala.

Ez asko, baina kantu batzuk sortu ditut hemen nagoenetik. Beti aldatzen da sormena sortzailearen bizipenen, minen eta esperantzen arabera, eta hemengo egonaldiak inoiz pentsatuko ez nituzkeen eremuetara eraman nau kantuen sorkuntzan. Ezin, ordea, lehen bezala erakutsi egindako lana. Zuzenean jotzeko aukera ere izaten dut batzuetan, hemengo areto txiki batean, baina ikus-entzule bakar burbuilako kideak izan ditzaket. Oso publiko urria, garai batean miresle sutsu izaten nuenaren aldean. Uste dut, hala ere, estimatzen dituztela nire kantuak.

Burbuilan ditudan sei kideetako batek poesiarako zaletasun handia dauka, eta esan dit gogoan ez daukadan lurralde txiki bateko poeta batek idatzi zuela berarentzat historia nik ilea moztu nuenean hasi zela, beste batzuentzat Jesukristo gurutzera igo zenean edo Leninek «botere osoa sovieterako» deiadar egin zuenean hasi zen modu berean. Ez dakit zer egingo dudan hemendik aurrera nire bizitzan, baina inoiz balioa duen zerbait egina banaiz behintzat, bakarren baten, edo batzuen, ustez.

Litekeena omen da aurrerago, proiektua pixkanaka argira ateratzen hasten denean, ezin jakin oraindik ere noiz, jende gehiagorekin harremanak izatea, baita publiko zabalagoen aurrean kantatzeko aukera ere. Mundu osoa gobernatzeko, eta ahal bada hondamenditik salbatzeko, erabateko agintea eman diotenez, AGK Aginte Global Konputerizatuak bere gain hartu du gurearen antzeko proiektu guztien kudeaketa, eta horren ondorioz EFPk eraginkortasun osoz eta askoz bizkorrago garatu ahal izango ditu aurreikusitako urrats guztiak.

Bien bitartean, ez naiz lehen bezain libre eta zoriontsu bizi hemen, hori egia da, baina aitortu behar dut heriotzak izutu egin ninduela, eta beldur hori izan zela hona etortzeko bultzada nagusia.

Esan didatenez, beste bi mendez eutsi ahal izango diot bizirik, ia 300 urte bete arte edo. Brian Jones, Janis Joplin, Jimi Hendrix, Jim Morrison, Ian Curtis, Kurt Cobain, Amy Winehouse eta beste hainbat rock izar ezagun halako hamar eta are gehiago ere biziko naiz, kantitatez behintzat. Beharbada gehiegi izango da eta lehenago hil nahi izango dut, baina oraingoz dena nahiko ondo doa hemen eta ez dut damurik.

Hurrengo igandean: Yurre Ugarte.