Psikonautaren paradisua
Patxi Iturregik (Laudio, Araba, 1952) itsas ikasketak egin zituen Portugaleteko (Bizkaia) Nautika eskolan, eta hainbat urtez nabigazioan egin zuen lan. Gerora, ordea, euskara irakaskuntzan jardun du. Narrazio laburra da gehien landu duen generoa. Bere lehenengo kontakizuna, Tropikoan galtzeko gida, 1986an argitaratu zuen, Erein etxeak plazaratutako Isabel Lertxundi eta Jesus Mari Aldairen omenez literatur lehiaketa izeneko ipuin-bilduman. 1998an Donostia Hiria Saria irabazi zuen Hobe ez gogoratzea istorioarekin eta 1991n Tene Mujika Lehiaketa Hondarreko distira ahantzi hura izenekoarekin. Gerora, bost narrazio bilduma kaleratu ditu: Haize kontra (Elkar, 1996), Behi eroak (Elkar, 2003), Dioramak (Elkar, 2006), Ur biren artean (Elkar, 2019) eta Estuarioa (Gallo de Oro, 2022).
Ilustratzailea:EXPRAI
Julen Goirik —zazpi anai-arrebaren artean nagusia— Ekonomia eta Enpresa zientziak hasi zituen Deustuko unibertsitate pribatuan, jainkoaren borondateari eta jatorri burgeseko familiaren tradizioari men eginik, nahiz berak, aukeran, itsas biologoa izan nahiago zukeen, eta koral arrezifetako ur epelak esploratu, Jacques Cousteauren antzean, ozeanoen biodibertsitatearen inbentario zehatza jasotze aldera. Bizitzak, ordea, berehala irakatsi zion, arrakasta nahi izanez gero, funtsik gabeko ameskeriak errealitatearen neurrira ekarri behar direla, derrigor. Hortaz, nerabezaroko snorkel-maskara eta zodiac tolesgarria etxeko garajean zokoratu eta teoria finantzarioaren zurrunbilo nahasian murgildu zen, ezelako aurreiritzirik gabe.
Karrera bukatuta, aise lortu zuen lana bere osabetako batek gomendatu zion banku ezagun batean, eta, nahiko gizon handinahia eta talentuduna izanik, denbora gutxian, hiriburuko sukurtsal nagusiaren zuzendaritzaraino aupatu zuten, barneko antolakuntzan eta gastu kudeaketan bildutako merituei esker. Abiapuntu horrekin, benetako zortea izan balu, espediente profesional eredugarria osatuko zuen, ezbairik gabe; baina goi mailako ardura-karguetan bi hamarkada luze zeramatzala, finantza krisi globalak bete-betean harrapatu zuen. Hori, duela hamabost urte gertatu zen, 2008ko uda dohakabe hartan hain zuzen, badakizue, higiezinen burbuilak eta subprime hipoteken eskandaluak eztanda egin eta gutxira.
Ataka zail hartan ere, gure bankari ausarta ez zen kikildu. Ordura arte emaitza ezin hobeak emanak zizkion estilo zuzena eta oldarkorra baliatuta, bere banku-entitatea salbatzeko ahaleginean hasi eta, antza denez, kapital-ekarpen berriak lortzearren, hainbat finantza-produktu toxiko zabaldu zituen inbertitzaile xume eta esperientziarik gabeko bezero txikien artean, hori bai, benetako arriskuen gaineko informaziorik eman gabe eta balore-merkatuaren kontrol-komisioa konplize isila zuelarik, harik eta komunikabide fidagarrienek etikaren kontrako jarduera haietaz ohartarazi eta irmo gaitzetsi zituzten arte. Egia esan, inork ez zuen espero ekonomiaren zutabeak hain ustelduta egotea.
Munduko banku-sistemaren lurrikararen ondoren, hondamendi existentziala etorri zitzaion Goiriri. Bat-batean, arropa zikinaren saskira bota izan balute bezala sentitu zen. Izan ere, zuzendaritza galdu orduko, emazteak dibortzioa eskatu zion, seme-alaba nagusiak bata bestearen atzetik muturtu zitzaizkion eta hainbat elkarteren bazkidetza bertan behera utzi behar izan zuen, egoera berrian zituen baliabide ekonomiko murritzagoak optimizatze aldera. Mingarriena tenis-klubeko karneta galtzea suertatu zitzaion, bertan aritzen baitzen monitore bere azken urtetako maitalea, Nina, neska sinesbera eta zozo samarra, fede onez jokatu arren egoera areago katramilatu ziona.
Gizona egun batetik bestera goibeldu zen. Jadanik ez zuen batere interesik erakusten lehen hain gogokoak zituen zaletasunetan: operan, padelean, gastronomian edo Bat Formulako auto lasterketetan, alegia. Aldika, jatorri ezezaguneko txistu hots asaldagarriak sumatzen zituen ezkerreko birikan. Kaleko jendeak zein trafikoaren zaratak neurri gabe alditxartzen zuten maiz. Eta, astean behin, negar-zotinka bukatzen zuen psikologoarenean, burua esku bien artean hartuta. Hitz batez, gero eta mingarriago gertatzen zitzaion bere larruan bizi beharra.
Tratamendu moduan, farmako eta psikoterapia-saioez gain, yoga, meditazioa eta erabateko deskonexio digitala aholkatu zizkioten.
Baina jakina da depresioaren kontra ez dagoela erremedio miragarririk, eta, nahiz bere osasun mentalak zertxobait hobera egin duen, sendatze prozesua luze eta nekagarria aurreikusten zaio oraindik.
Gaur egun, mikrobiota zaintzen du. Azukrea, ultraprozesatuak eta trans gantzak arras saihesten ditu, baita laktosa eta glutendun jakiak ere. Zazpi orduz egiten du lo gauean. Eta, ahal duen neurrian, lagun hurkoarekiko onberatasuna praktikatzen du. Egunero, ezinbesteko meza entzun ostean, metro-geltokiaren ahoan belaunikatzen den eskalearen saskitxoan euro bateko txanpona bota ohi du, nahiz eta beti ez den behartsu berbera izaten. Gaur goizean, adibidez, hanka izugarri puztuak dituen emakume errumaniar lotsabakoa dago, eta ez berak gogokoago duen akordeoilari itsua, azken honen zoritxarra benetakoagoa iruditzen zaiolako eta, ondorioz, hobeto sentitzen delako hari lagunduta.
Gero ibaiertzeko pasealekura jotzen du ezinbesteko ibilalditxoa egitera, «If you don’t use it, you lose it», esan ohi baitio fisioterapeutak, Hipokratesek 400 bat urte Kristo aurretik asmatu zuen maxima burutsua ergelentzako ingeles arruntera moldatuta.
Urriaren amaiera izanagatik ederto berotzen du eguzkiak eta jende andana dabil hara eta hona kaio hauskaren hegadaren pean: jubilatuak, korrikalariak, maskotadunak, maitemindu bikoteak, turista taldeak...
Halako batean, kontrako noranzkoan datorren bere adin bertsuko paseatzaile bati irribarrea loratu zaio ezpainetan, oraindik urrun dagoelarik. Aspaldiko lagunen bat ote? Ederki ahalegindu arren, ez dio inoren tankera hartzen. Edonola ere, diosal labur baterako prestatu du bere burua. Besteak, ordea, zeramikazko hortz-inplante distiratsuak erakutsi eta tu egin dio aurpegian, paretik pasatzean.
–Lapur halakoa!
Egia esan, ez da kalean ezagutu eta iraintzen duten lehen aldia, aurreztaile txiki asko erabat engainatuta sentitu baitziren bere garaian, akzio preferenteen iruzurrarekin. Eta, badaezpada, udaltzainen autoaren babesaren bila hasi da larri samar, begiak harantz eta honantz. Zorionez, ezusteko erasotzaileak ez dauka areago liskartzeko asmorik eta aurrera segitzen du, egindako akzioaz kontent, ezer gertutu ez bailitzan. Azken finean, nor konturatuko zen bien arteko gorabeheraz? Inor ez. Gertuko paseari guztiak burua bueltatu gabe igaro dira.
Uneko antsietatea gainditzeko, ibai ondoko petrilean etzan da, esku bat sabelaren gainean eta bestea bihotzetik gertu. Eta, ibai-korrontearen ur palastada leunak entzunik, bere sentsazioak bistaratzen saiatu da, arreta guztia bere arnasketan jarriz: sudurretik hartu eta ahotik bota, sudurretik hartu eta ahotik bota... Orain alga eta anemonen mundu uhindunean murgildu da eta bere pentsamenduak marearen atzera-aurrerarekin batera dabiltzan medusa gelatinakarak dira, poliketo gardenak, simetria ezinezko ekinodermoak eta koloreetako arrainen artean sosegu handiz higitzen diren dekapodo mimetikoak. Dagoeneko ezerk ez dio arima asaldatzen. Atoloiaren magalean dena da bakea, harmonia eta zoriontasun betea, azken milioika urtetan bezala.