Samarra

Raquel Ricart Leal (Betera, 1962). Eleberri beltz batekin hasi zuen ibilbidea: Un mort al sindicat (1999). Gazteentzako eleberri batzuk idatzi ditu: Van ploure estrelles, El quadern d'Àngela (Vila de Paterna eta Samaruc sariak irabazi zituen; The White Ravens katalogoan sartua dago, eta galizierara itzulia), En les mars perdudes (Gazte Narratibaren Bancaixa saria). 2010ean, Les ratlles de la vida argitaratu zuen (Andromina saria, Idazle Valentziarren Kritika Saria eta literatur sorkuntzako IIFVren saria). 2015ean, El ciutadà perfecte zientzia fikziozko eleberria atera zuen (IIFVren gazte literaturako kritika saria irabazi zuen, eta galizierara itzulia dago). 2015ean, El Lector de l'Odissea saria irabazi zuen, El temps de cada cosa lanari esker. Zenbait kontakizun liburutan parte hartu du: Entre dones (2016), La improbable vida de Joan Fuster (2017), Nosaltres, els fusterians (2017), Assassins valencians (2019). Azken nobela bukatzen ari da.

Ilustratzailea:TERE GUIX

Festara bere lagun Laurak gonbidatu du; berrogei urte beteko ditu, eta jende pila batekin ospatzea erabaki du.

—Apain-apaina jarri. Ezkongabe batzuk ere izango dira. Gizon interesgarriak eta konpromisorik gabeak.

—Ez dago gizon interesgarri eta konpromisorik gabekorik, Laura. Gainera, uste dut oraindik ez nagoela prest.

—Bai, ikusiko duzu.

Bi egun lehenago, arropa bila joan da. Soineko diskretu bat aukeratu du. Ekaina da, eta bero dago. Gehien gustatzen zitzaizkionek eskote zabalegia zuten, eta oraindik ez dauka adorerik horretarako. Denbora asko darama alkandorak janzten. Urte eta erdiz, mediku txandaz gainezka izan du agenda: kirurgialaria, anestesista, onkologoa, erradiologoa. Urte eta erdiz esaldi bera entzun du behin eta berriz: biluztu zaitez gerritik gora. Horregatik alkandorak. Askatzeko errazak.

Oraindik ez du topatu ondo egokitzen zaion bularretakorik. Iruditzen zaio ez duela inoiz aurkituko halakorik. Orain emakume picassotar bat da; bularrak altuera desberdinekoak ditu, forma desberdinekoak, testura desberdinekoak. Segur aski ez du inork nabarituko jantzita doanean, eta denborarekin ohitu egingo da. Hori esan dio kirurgialariak. Ez ahaztu egingo zaiola, ezta urruneko oroitzapen bilakatuko dela ere; ez zaiola gertatuko denborarekin arindu eta punta ziztagarria galtzen duten esperientzia mingarri horiekin gertatzen dena. Ez. Ohitu egingo dela.

Parpailarik gabeko bularretako beltz batzuk erosi ditu; izan ere, nahiz ebaki dizkioten bularra, muskuluak eta nerbioak, nahiz atera dizkioten besapeko gongoil guztiak, nahiz dena erre duten ondo-ondo, nahiz silikonazko bular bat jarri dioten azal hotzaren pean, izugarri sentibera geratu zaio, beste modu batean sentibera, eta ezin ditu jasan parpailak. Kotoia, eta kito.

—Ezin hobeto geratzen zaizu! —esan dio Laurak bezperan, soinekoa haren aurrean probatzen ari zela—. Asko pozten nau bihar zu etortzeak.

Ezagutzen ditu Lauraren lagun batzuk, baina ez denak, Laurak beti izan baitu bizitza sozial bizi-bizia eta aldakorra. Ordu pare batez han egoteko eta goiz alde egiteko asmoz joan da festara. Mugak jarri dizkio bere buruari, itxaropen handirik ez sortzeko, ez sufritzeko. Beti eduki du bere burua talde txikietan ibiltzeko pertsonatzat. Ez zaizkio gustatzen jendetzak.

Iritsi denean, etxea irekita dago, eta egongela, jendez beteta. Laura jendez inguratuta dago; hura agurtu aurretik garagardo bat hartu du, eta esertzeko txoko disimulatu baten bila hasi da. Aurkitu du bat aurrealdeko lorategitxoan; txiki-txikia da lorategia, irrigarria izateraino, baina iluna da, eta hutsa dago.

Garagardoari tragoak ematen dizkion bitartean, ametsetan, pentsatu du film batean edo eleberri batean balego gizon interesgarri eta erakargarri bat azalduko litzatekeela. Elkarrizketa esanguratsu bat hasiko lukete, eta abar. Literatura. Aspaldi ez dela ipuin bat irakurri zuen halako zerbait kontatzen zuena. Ametsetik atera da. Festakoekin bat egiteko bihotz hartzen ari dela, gizon bat irten da lorategitxora.

—Epa, gabon. Badago beste inor hemen?

—Ez, ez. Ni bakarrik.

—A, primeran. Indar hartu beharra daukat.

—Horretan ari nintzen ni.

—Hara, jendeak beldurra ematen al dizu?

—Ez. Tira, agian pixka bat bai, hainbeste jende dagoenean. Eta zuri?

—Ez— barre egin du—. Niri ez. Kontua da gauza bat eskatu didatela eta pentsatu egin behar dudala. Laurak asko maite nau, eta ez diot itsuskeriarik egin nahi, baina a zer gauzak dituen batzuetan… Haren laguna izango zara, ezta?

—Ba, bai. Gaur denok gara haren lagunak hemen, ez? Haren urtebetetzea da, Laurarena.

—Bai, bai, noski. Eta urtebetetzea denez, esan zidan, ez ekarri oparirik, Robert. Egidazu mesede bat, eta horrekin nahikoa. Pentsatu nuen, ze ondo, ez dut ero moduan ibili beharko harentzako opari bat erosten, opari bila aritzea benetan gogaikarria da eta. Baina orain nahiago nuke zerbait erosia izan, aizu. Eskatu baitit ea gaur gauean bere lagun batekin geratuko naizen. Dibortziatuta dago?, galdetu diot nik. Ze aitortu behar dizut emakume dibortziatu berriak zoragarriak direla. Zu dibortziatua al zaude?

—Ez, ez.

—Bale. Ba, niri asko gustatzen zaizkit emakume dibortziatu berriak. Liberatuak sentitzen dira, eta ez dizute ezer eskatzen, ulertzen? Gau bat pasatzen dute zurekin, edo gau batzuk. Sexuaz gozatzen dute. Eta hain nazkatuta daude gizonak jasateaz, ez baitute inongo konplikazio sentimentalik nahi. Emakume dibortziatu berriek zoratu egiten naute.

—Eta zu ere dibortziatuta zaude?

—Ez, ez. Ni ez naiz inoiz ezkondu. Egia esan, ez naiz inoiz maiteminduta egon. Gustatuko litzaidake, pentsatzen dut. Mundu guztiak esaten du oso polita dela irauten duen bitartean, baina ez zait inoiz gertatu. Eta zu, maitemindu zara inoiz?

—Bai. Behin baino gehiagotan.

—A, normala. Ez dut ezagutzen emakumerik inoiz maiteminduta egon ez denik. Agian aurkitzen dudanean bikotekide perfektua izango da.

Eta barre egin du. Emakumeak trago bat eman dio garagardoari, eta gizonak zigarreta bat piztu du.

—Barkatu molestatzen badizu. Ez dut asko erretzen. Urduri nagoenean bakarrik, orain bezala. Zer arraio, Laura. Uste du gigolo bat naizela, nonbait.

—Baina esan duzu emakumeak gustatzen zaizkizula, ezta?

—Bai horixe, bai gustatu ere. Bereziki dibortziatu berriak. Gero, denbora pasatu ahala, berriz agertzen zaie harra, eta konpromiso bat nahi izaten dute, eta hori guztia.

—Eta Lauraren lagun horrek konpromiso bat nahi al du?

—Ez dakit zer nahi duen. Bularreko minbizia gainditu berri du.

—Ostia!

—Hori diot nik, ostia! Kontxo, Laura, esan diot, nola bururatu zaizu hori? Ez al dakizu ze paranoikoa naizen gaixotasunekin? Ez adarrik jo, Robert, erantzun dit. Minbizia ez da kutsakorra. Eta, gainera, gainditua dauka. Ondo osatuta dago. Orduan zergatik kontatu didazu hori?, esan diot. Ordezko bular bat daramalako. Ostia, Laura, ez da egia izango… Zergatik uste duzu eskatuko zidala hori?

—Baaaa. Ez dakit. Segur aski pentsatuko zuen lagunari ondo etorriko zitzaiola konpromisorik gabeko sexu gau bat. Hori da zure espezialitatea, ezta?

—Tira, hainbesterako ere ez da, baina, bueno, bai. Gustatzen zait sexua, eta ez zait gustatzen lotuta egotea. Baina horrelako emakume bat… Zer esan nahi duzu ordezko-rekin?, galdetu diot. Plastikozkoa dela? Biluzten denean kendu egiten duela? Eta barrez hasi da, sugegorri hori. Ez egin barre, koño. Ez dizut oparirik egin eta orain hau eskatu didazu. Zer esan nahi du ordezko-k? Eta azaldu dit barne protesi bat dela, baina orbainak dituela… Nik zer dakit! Oso urduri jarri naiz, eta horregatik nago hemen, erretzen. Honek guztiak ez nau batere berotzen. Uste dut ez nagoela prest hori egiteko.

—Ba, ez ezazu egin orduan.

—Eta zer esango diot Laurari?

—Ezer ez. Ikusi al duzu laguna?

—Oraindik ez da iritsi.

—Agian ez da etorriko.

—Laurak esan dit etorriko dela.

—Agian oker dago.

—Hala izango ahal da!

—Botila barruan utziko duzu sartzen zarenean, mesedez?

—Bai, baina… bazoaz, ala?

—Bai.

—Agur esan gabe?

—Bai horixe.

—Ostia, ez da ideia txarra. Agian nik ere gauza bera egingo dut. Eta buelta bat ematera joango gara, zu eta biok. Ematen du emakume irekia zarela; hitz egin daiteke zurekin, eta ez zara eskandalizatzen. Ondo baino hobeto ulertu didazu. Eta nik ezin dut egin Laurak eskatutakoa. Ez, ezin dut. Ez nago prest. Itxaroidazu. Edalontzia utziko dut, eta alde egingo dugu.

Roberten zain dagoela, sakelakoa atera du poltsatik, eta mezu bat idatzi dio Laurari. Batzuetan, bizitzak literaturaren antza du. Samarran ginen elkartzekoak, baina Robertek ez daki. Ikaragarria zara gero. Kontatuko dizut. Urte askotarako!

Itzultzailea: BERRIAko euskara taldea