Gurpilaren logika

Gidoigilea lanbidez, Yurre Ugartek (Tolosa, Gipuzkoa, 1965) telebistarako eta zinemarako gidoiak idatzi ditu, baita antzerkirako testuak (Ezin ihesi), komikiak (Katu hegoduna, Joana Maiz) eta haur literaturako lanak ere (Naia eta Nabil detektibeak). 2010ean argitaratu zuen bere aurreneko narrazio bilduma (Gasolindegian), eta hamar urteren ondoren, joan den udazkenean kaleratu zuen bere bigarren ipuin liburua: Lilurabera.

Ilustratzailea:EXPRAI

Zoriontasunaren obligazioa, inon izatekotan, kanpin batean dago, oroitarazi nion neure buruari karabana honetan igaro genuen lehenengo gauean, azaroaren hamabian. Ez dira kopetilunen paradisua, ez horixe, karabanak, kanpin dendak, autokarabanak eta mobil home direlakoak, egunak aire zabalean gozo igarotzeko burbuilak baizik, zorion aldarteak automatikoki ziztatzen dizkizuten egonlekuak, gehien bat jabeen bigarren etxetxo-kapritxo udatiarrak. Zorionitis kroniko bat, geruza epidermikoan zein animikoan, behar nuen nik, eta esna-amesten nenbilen ohean sartuta. Haizeteak karabana jotzen zuen bakoitzean ongi etorri abisua zekarkidala iruditzen zitzaidan: lauki zuzena oso-osorik hegan eraman dezaket. Sabai-leihotik sartzen den zeru zatitxoa beltzetik urdingorrira igaro zenean lokartu gabe jarraitzen nuen.

Arratsaldean ginen etorriak. Kai eskolan jaso ostean, busa hartu eta farotik gertuen dagoen geltokian jaitsi ginen. Hor, paralizatuta geratu nintzen, errepidearen bestaldean zegoen kanpalekuko sarrerako kartelari adi-adi begira, Kairen eskuari indarrez eutsiz, oharkabean ia min emateraino estutuz. Haize ufada batek handik urrunduko banindu!Kaik nire eskua askatu eta korrika alde egin zuen harrera bulegoraino. Oinak geltokian iltzatuta neuzkan, hirira bueltatzeko tentazioak bat-batean harrapatuta, nik neuk erabaki, kalkulatu eta antolatutako mudantza izanagatik, atzera egiteko posibilitateak kolpatu ninduen istant batez. Zain neuzkan karabanaren barruan gure maletak eta nire marrazteko tresneria guztia, aurreko egunean Eleneren kotxean igo genituenak. Zain neukan Kai, parean, zatoz, zatoz, builaka, sei urteko alaba ni banintz bezala, begiradarekin gogoraraziz “zorretan itota zaude, ekainera arte utzi dizu karabana Elenek, ez dugu inora itzultzerik, ez dugu inora itzultzerik”. Haize ufakoak belarri zuloetan barrena eta ile nahasiak aurpegia estaltzen zidala, aurrera pausoa eman nuen.

Inork ez daki hemen gaudela. Tira, Kairen aitak izan ezik, zaintzaren zatitxo bat hari dagokiolako. Eta, nola ez, Elenek, karabanaren jabeak, aspaldiko kuadrillako lagunak, eskaera egin nionean erotzat hartu ninduenak.

—Faroko kanpina, neguan, dibortziatuen aparkalekua da. Ezin dezakezu alokairu sozial horietako bat lortu?

Brast. Ze pena ematen didazun, Olatz, esatea besterik ez zitzaion falta. Haren karabana nire azken aukera ez balitz bezala. Lurmuturreko kanpalekuan, itsaslabarretik hurbil, kokatua dagoen karabana bat. Elenek udako bi hilabeteetan soilik erabiltzen duen karabana.

—Gorkari galdetuko diot, biona baita.

Funtzionario baten bulegoan formularioa betetzen ari nintzela sentitu nuen. Alegazioak entzunarazi nizkion.

-Dirua eskatu behar izan dut alokairua ordaintzeko, eta urtebeteko zorrak ditut. Lan bat lortu dut etxeak margotzen eta ekainerako, karabana itzuli behar dizudanean, ahalko dut alokairu batean sartu. Horixe uste dut.

Ez dakit Gorkarekin eztabaidatu behar izan zuen edo aho batez errukitu ziren nitaz.

Laster, kuadrilla guztiak jakingo du. Kuadrillaren albo-kuadrilla kontzentrikoetan dabiltzanak ere, berandu gabe, nire aterpearen berri izango duten moduan. Lotsarik ez zait geratzen, zentzu horretan. Aldiz, nire baitako amorruarekin eta sentimendu kontrajarriekin borrokan nabil, ze beti gorrotatu izan ditut kanpinak. Bidaiatzerakoan, ostatuak, hotelak eta apartamentuak hobetsi izan ditut, nahiz eta askotan narrasak izan. Bidaia hitza bera mikatza gertatzen zait zazpi metroko teilape gurpildunean nagoenetik; auskalo noiz izan zen modu turistiko mendebaldarrean norabait mugitu nintzen azken aldia. Pandemia aurretik jada oporretako lekualdatzeak ez zeuden nire esku eta. Aurreiritzi praktikoak ere baditut; ea, zazpi metro hauetan, larrua joko dudanean nola moldatuko naiz Kai ez esnatzeko? Bestetik, lan domestikoak erabat murriztuko zaizkit hemen, bai pagotxa. Egia esateko, kanpalekuei diedan gorrotoa, batez ere, alde estetikotik dator. Kanpin edo karabana bat ageri den artelan gogoangarririk ez zait bururatzen. Orokorrean, historian zehar artistei ez zaie okurritu kanpalekuak errepresentatzea, ezta pop-aren maisu piszinazaleei ere. Eta, fikziozko zinemagintzan nahiz antzerkigintzan, ez dira ohiko eszenatokiak. Tira, Julio Medem ausartu zen La ardilla roja kanpin batean kokatzen, eta hura bera omen da hain justu haren film kaskarrenetakoa. Nik neuk ere ez dut inoiz karabana bat ageri den koadrorik margotu. Aspaldi ilustratu nuen ipuin bateko gazteen kanpalekua salbu. Burutazio horietan galduta nenbilen lokartu ezin nuen beste gau batez. Altxa eta mahaira eseri nintzen. Karabana bat marraztera. Argitxo baten pean, Kai ez esnatzeko. Boligrafo gorriz, lehenik, gurpil bat marraztu nuen. Jarraian, gurpilaren barruan beste gurpil bat egin nuen, eta gurpil horren barruan beste bat, eta gero beste bat, amaierarik gabeko kiribilean. Karabanaren bigarren gurpilak ere bere baitan hamaika gurpil zituen.

—Zure begiak dirudite.

Esan zuen Kaik gosaltzerakoan. Gero, gure ondoko karabanan bizi den Susanaren kotxean jaitsi ginen hirira. Hark ere seme-alabak eskolara daramatza lanari ekin aurretik. Elkarri laguntzen diogu. Lanean, etxejabe baten logelatako hormak bai pintura-arrabolarekin bai brotxakadaz brotxakada kolore alaiez margotzen nituen bitartean, paradoxikoki, pinturaren usain sarkorrak, sudur zuloetatik gora arnastean, esna mantendu ninduen. Bazkal orduko etenaldian lo kuluxka egiten hasia nintzen menua jaten dudan jatetxean, eta egun hartan ere, izkinako mahaian eseri eta flana irentsi ahala betazalak beheratu nituen. Burua paretaren kontra inklinatuta nuela esnarazi ninduen zerbitzariak, sorbaldan kolpetxo leunak emanda.

Gauean, beste bi gurpilak marraztu nituen, izan litezkeenak begiak, labirintoak, errotarriak, helizeak, espiralak, armiarma sareak. Hipnotizatuta lokartu nuen.

Gaur, abenduak hamabi dituen honetan, marrazki mordoa dut pilatuta mahaian. Erakusketa baterako adina. Kaik lagun bat gonbidatu du jolastera, eta kartulinarekin Gabonetarako apaingarriak prestatzen dabiltza. Harrera bulegoa espumilloiez apainduta dago, sarrerako hurritzean bolatxo distiratsuak daude zintzilik, eta arropa zabaltzeko sokatan, koloretako argitxoak. Honaino ere badatoz Gabonak, gorroto ditudan opor horiek. Zorionak blaituko gaitu agian. Ekaina azkarregi iritsiko ez ote den beldur naiz. Nire baitako kalaka hau entzun beharrean sikiera gertu dauden olatuak aditzea lortuko banu, desiratu dut sabai-leihotik sartzen diren izarrei begira, lotarako pilula irentsi ostean.