Udako narrazioak
berria
Karmele Jaioren argazkia
Cry baby
Garrasi egin du Janis Joplinek zure autoko irratian. Eta ustekabean harrapatu zaitu. Ez duzu zenbaketa zehatzetan sartu nahi izan, baina izango dira hogei urte ahots hori entzuten ez zenuena. Zuk ere Janisen antza zenuen garai hartatik. Begiak itxiko zenituzke gidatzen ez bazeunde, garai haiek hobeto gogoratzeko. Errepidean josita badituzu ere, begiak itxita dituzula imajinatu duzu eta garrasi egin duzu zuk ere. Janisekin batera. Craiiiiiiibeibeeeee… Lepoko zainak loditu egin zaizkizu, azkar doakizu odola gorputzetik. Kolpea eman diozu bolanteari abestiak dituen geldiuneetako batean eta notak berriz abiarazi direnean burua atzera bota duzu, indarrez, adats luzea lepo gainetik bota nahiko bazenu bezala. Baina hor bukatu zaizu ametsa, hor desagertu da buruan darabilzun irudia, ez baitzaizu ilerik mugitu. Laka gehiegi daramazu.

Bat-batean Janisen ahotsa urrun geratu zaizu. Gramofono batetik irtengo balitz bezala entzuten duzu. Lakak ilea ez ezik, irribarrea ere gogortu dizu. Jada ez daukazu aspaldiko craibeibe kantatzeko gogorik, negar egitekoa baizik. Negar egizu, baby. Egizu negar, esaten dizu Janisen ahots garratzak urrunetik, goiko aldean duzun ispiluan zure bekoki tximurtua ikusten duzun bitartean. Semaforoan geldituta zaude.

Semea futbitotik jasotzera zoaz, astearte eta ostegunero egiten duzun bezala. Mingainaren punta pasatu duzu ezpainetatik. Erre egin zaizu lagunekin degustazioan hartu duzun kafesnearekin. Azkarregi hartu duzu, Nekanek bere liposukzioaren pausoz pausoko kontaketa jasangaitza egin dizuen bitartean. Nahiz izanez gero, medikuaren telefonoa eskatzeko esan dizue, oso ona dela. Eta baietz egin diozue hiru lagunek buruarekin. Orduan semea jasotzera joan behar duzula esan eta bakoitzari musu bina emanez agurtu dituzu. Sei musu guztira. Ia masaila ukitu gabe, bata eta bestearen makillajeak nahastu ez daitezen.

Autoan sartu eta besteetan legez irratia piztu duzu, baina espero ez zenuen musika jarri dute, eta lehenengo doinuekin batera hainbat irudi jaio dira zure buruan, hainbat argi, hainbat usain. Kaseteko zinta bat gogoratu duzu, azalean «Janis Joplin» du idatzita boligrafo urdinez, eta zure burua ikusi duzu boligrafoa eskuan duzula hitz haiek indarrez markatzen. Tronpeta eta saxoaren soinua entzutean intsentsuaren usaina hartu duzu, geroago laka usaina bihurtu zaizuna. Bertok gaur ere gehiegi bota dizu, ia ito arte. Buruaren inguruan lakaz egindako hodeia daramazula iruditu zaizu ile-apaindegitik irten zarenean. Hodei zuri bat buruaren inguruan, Janisen abestiak entzuten zenituen garaian haxisaren ke zuria zeneraman bezala.

Ez da autoaren motorra. Janisen ahots garratza da, espartzuzkoa, autoa bereganatu duena. Semaforoan geldituta zaudela, begiak itxi eta kantaren lehenengo notak entzutean ikusi duzun irudia berreskuratu nahi duzu. Indarrez itxi dituzu begiak, eta orduan zeure burua ikusi duzu hondartza batean udako gau batez. Kontzertu bat entzuten ari zara. Burua aurrera eta atzera daramazu, eta ile artetik sartu zaizu aire kresalduna, ile bakoitza dantzan jarri dizuna. Dantzan ari dira zure buruko ileak, libre. Haizeak alde batetik bestera daramatza.

Klaxona jo dizu atzekoak. Argi berdea ikusi duzu begiak irekitzean eta indarrez zapaldu duzu azeleragailua, autoaren motorra garrasika jarriz, Janisen antzera. Semeak entrenatzen duen kiroldegiaren inguruan zaude. Ilea bustita eta xaboiaren usaina ekarriko duela pentsatu duzu, eta zure burua ikusi duzu hari galderak eginez. Zer moduz gaur eskolan? Zer moduz entrenamendua? Baina semeak silaba gutxiko hitzekin erantzungo dizu. Ondo. Ba beti bezala. Zer nahi duzu kontatzea, ama? Eta orduan zuk ez diozu galdera gehiagorik egingo, badakizulako adin batzuetan ezin zaiela galdera gehiegirik egin. Baina semaforoetan gelditzen zarenean zeharka begiratuko diozu, eta mingainari haginka egingo diozu beste galderarik ez egiteko, erantzun zakarrik jaso nahi ez duzulako. Eta orduan gogoratuko duzu mingaina erreta duzula eta min hori ere ezkutatu egingo diozu semeari, nahiz eta Janis bezala garrasika hasteko moduko mina sentituko duzun.

Zeharka begiratzen diozunean pentsatuko duzu Xabierren gero eta antz handiagoa duela, eta Xabierren gaztetako ile-kizkurra gogoratuko duzu. Ilea galdu du ordutik eta oso motz eramaten du orain, galera nabaritu ez dadin. Xabier ezagutu zenuen kontzertu erraldoi hura gogoratu duzu, eta haren ondoren beti elkarrekin egoten zinetela. Aste barruan Fakultateko kafetegian, asteburuetan tabernetan edo mendian. Orain, aldiz, bere aita jubilatu eta enpresako buru izendatu zuenetik gauetan bakarrik ikusten duzue elkar, eta azken boladan ez du gehiegi hitz egiteko gogorik ekartzen, eta, badakizunez adin hauetan ezin zaiela galdera gehiegirik egin, ez diozu gauza askorik esaten. Sindikalistek zoratu egiten dutela kontatu zizun atzo, eta purrustaka joan zen afaldu ondoren egongelara.

Bigarren lerroan gelditu zara eta balaztatu duzun momentu berean bukatu da Janisen abestia. Orduan ahots batek gogoratu dizu Janis Joplinen abestia izan dela aurrekoa —jakingo ez bazenu bezala!—, eta Klasikoen tartea saioa entzuten ari zarela.

Semea ikusi duzu kiroldegitik irteten, esku artean daraman baloiari lurrean boteak emanez. Gizon gazte batekin dator berbetan. Txandala jantzita du gazteak eta zure semearen sorbalda gainean jarria du eskua. Entrenatzailea da. Aurretik ere ikusi duzu semearen igandeetako partidaren batean. Ile bustia dakarte biek. Autotik metro gutxira daudenean, zure semeak eskua altxatu eta atzamarra zuregana zuzendu du. Entrenatzaileak auto barnera begiratu du orduan eta, bere begiek zureekin topo egin dutenean, asaldatu egin zara, eta bat-batean lepoa eta bizkarra gogortu egin zaizkizu, igande horietako batean partiduari barik berari begira harrapatu bazintu bezala. Gazteak eskua altxatu eta irribarre egin dizu zure semeari buruan laztan egin ondoren. Agur, Iñaki, entzun diozu zure semeari autoko atea ireki duenean.

Xaboiaren usaina hartu duzu semea autora igo denean, baina ez diozu begiratu ere egin. Autoaren aurretik irribarrez igaro den entrenatzaileari begira geratu zara, zeuk ere aho erdia irribarrez duzula. Bolantetik hiru atzamar igo dituzu hura agurtzeko. Ez duzu atzamar gehiago igotzeko ausardiarik izan. Gero ilera eraman dituzu hiru atzamar horiek eta behin eta berriz pasatu duzu eskua ile artetik, orrazia bailitzan, gazte hura kaletik nola desagertzen den begiratzen duzun bitartean. Indarrez hartu duzu arnasa, eta haren xaboi usaina hartu dezakezula iruditu zaizu. Poliki-poliki, atzamarrak iletik pasatuz, lakaren gogortasuna desagertzen sentitu duzu, eta ez zara konturatu ere egin semea zuri begira daukazula, harrituta, gaur galdera bakarra ere ez diozulako egin.

I. Martiarena Mattin-en ilustrazioa

Ilustrazioa: I. Martiarena Mattin