Udako narrazioak
berria
Gotzon Hermosillaren argazkia
Sar al naiteke?

Kaixo! Sar naiteke? Zure baimenaz. Eseriko naiz, ezta? Ez zaizu axola? Bai, badakit aulkiak gainean eseritzeko daudena, baina niri gustatzen zait ezer egin baino lehen baimena eskatzea. Badaezpada ere.

Aitor naiz. Aitor Garzia Egibar, nahi duzunerako. Ez nauzu gogoratzen? Atzo zurekin hitz egin nuen telefonoz. Bai, kurrikuluma ekarri dut. Hemen daukazu. Hor dituzu nire datu guztiak. Barkatu atrebentzia, baina zeuk egingo al didazu elkarrizketa? Ez, niri ez zait axola, baina… Egia esatea nahi baduzu, ez nuen espero hemen neska gazte bat topatzea. Ez dakit zergatik, baina pentsatzen nuen gizon heldu batek egingo zidala elkarrizketa. Baina tira, nik nahiago horrela, ez pentsa! Gainera, oso neska polita zara. Beno, arrazoia duzu, joan gaitezen harira.

Zertarako etorriko nintzen, ba? Lana topatzeko, jakina. Zelako galderak egiten dituzun! Nazkatuta nago etxean egoteaz, gurasoen eguneroko matraka entzuten. Ez, gurasoekin bizi naiz eta ez daukat diru behar handirik. Gainera, orain gutxitan irteten naiz etxetik, parrandak-eta amaitu zaizkit, ez zaizkit interesatzen, eta diru gutxi behar dut. Lanarena gehiago da zerbait egin nahi dudalako, egun osoan sofan botata potrojorran egon ordez.

Zer daukadan? Denetarik. Ez dut uste hezur bakar bat geratzen zaidanik osorik. Kostatzen zait oreka mantentzea, herren samar ibiltzen naiz, eta ikusmenean ere problemak ditut. Adibidez, zuk ikusten nauzu zinemaskopeko pelikula batean egongo banintz bezala, ezta? Bada, nik ikusten zaitut telebista txiki eta zahar batean egongo bazina bezala. Alboetan dagoena txarto ikusten dut. Ez dakit esplikatzen naizen. Jakin nahi duzu nola gertatu zen? Ez, ez zait axola kontatzea. Alderantziz, kontatzeak on egiten didala pentsatzen dut batzuetan.

Herriko jaietan izan zen. Nik afaria neukan soziedadean koadrilakoekin. Urtero egiten dugu, jaietako lehenengo larunbatean. Oraindik ere egiten dutela uste dut, baina niri amaitu zaizkit afarietarako gogoak. Bada, hori, afarian geundela, amaitzear ia, oso giro onean, mozkortu antzean ere bai, eta pattarra edateko eta kantuan hasteko garaia ailegatua zen. Nik txirri bat egin nahi nuen baina ez neukan paperik, eta barrara joan nintzen paper bila. Ez dizut esan, baina gure soziedadean badago bazkideentzako txoko bat, afariak-eta egiteko erabiltzen duguna, eta taberna bat ere badago, mundu guztiari irekia. Beraz, tabernara jo nuen, eta han auzoko lagun bat ikusi nuen. Ni ikusteaz batera urduri jartzen zela konturatu nintzen, eta harengana jo nuen, adarra jotzeko asmoz. Berak larridura aurpegiz begiratu eta zera esan zidan: «Aitor, ni ez naiz inoren kontuetan sartu zalea, baina nire laguna zara eta esan behar dizudala uste dut. Txosnetatik nator, eta han zure neska ikusi dut, tipo batekin elkarri muturrak jan beharrean». Goxo jarri nintzen gero! Ziztu bizian atera nintzen handik, eta txosnetara jo nuen zuzen-zuzenean, dena gaizki-ulertze bat edo gustu txarreko bromaren bat izango zela eta itzulitakoan auzokideari muturrak hautsiko nizkiola pentsatu nahian.

Buelta pare bat egin nuen txosnen inguruan, baina ez nuen Idoiaren arrastorik inon topatu. Rugby taldearen txosnara ailegatu nintzenean, goiko auzoko koadrila bat ikusi nuen, eta konturatu nintzen niri begira zeudela, elkarri ukondokadaka eta barre txikiak eginez. Goiko auzokoek astapotro ospea izan dute beti, badakizu. Haiengana jo eta zuzenean galdetu nien ea Idoia ikusia ote zuten. «Bai, hemen inguruan ibili duk», erantzun zidan putakume haietako batek, «baina txosnaren atzeko aldera joan duk txiza egitera. Eta uste diat tipo bat berekin eraman duela, pottorroa garbitzen laguntzeko-edo».

Txosnaren musika ozen demonio zegoen, baina uste dut astakirten haien barre-karkailak inguru osoan entzun zirela. Txosnaren atzean zegoen lorategira jo nuen itsu-itsuan. Belardiaren gainean etzanda bikote bat zegoen, elkarri zirriak egiten, inguruko txiza usainaren axola handirik gabe. Guztiz ilunpetan zegoen arren, ez zitzaidan batere kostatu tipoaren gainean etzanda zegoen neska ezagutzea. Eta berak ere erraz asko ezagutu ninduen. Esnegaina baino zurbilago geratu zen, harri eta zur. Nik oihu egin nahi nuen, negarretan urtu, bi haiek jo eta bertan txikitu. Baina ez nuen ezer egin. Han geratu nintzen, mozolo baten moduan, haiei begira, ezer esan gabe. Eta gero alde egin nuen.

Kotxera joan nintzen. Ideia bakarra neukan buruan: handik alde egin, herritik bost kilometrora dagoen dantzalekura joan eta han ziplo erori arte edan. Baina ez nintzen ailegatu. Antza denez, bazter baten kontra jo nuen. Nik ez dut ezer gogoratzen. Kolpearen ondorioz, haizetakoaren kristala zeharkatu eta kotxetik hamar metrora gelditu nintzen, asfaltoaren gainean botata, aurkitu ninduten arte.

Hiru astez egon nintzen koman, eta gero esnatu nintzen. Edo, hobeto esanda, nire buruaren zati bat esnatu zen, eta besteak lo jarraitu zuen. Garai hartakoa lagunek eta gurasoek kontata dakit, nik ez dut ezer gogoratzen-eta. Itxuraz, ni esna nengoen eta nire buruan pentsamenduak leku batetik bestera zihoazen, baina gero, pentsamendu horiek hitzez azaldu nahi nituenean, ez nuen asmatzen. Antza denez, taxuz hitz egiteko gaitasuna kontrolatzen duen buruaren zatia lo neukan oraindik, eta ez nintzen ganoraz hitz egiteko gauza. Koadrilakoek esan didate sekulako barreak egiten zituztela nire kontura, bazirudiela latinez hitz egiten nuela, eta hori oso arraroa da, institutuan latinean desastre samarra nintzen-eta. Astebetegarrenean nire buruaren gainerako alderdiak ere esnatu ziren, eta orduantxe hasi nintzen pulamentuz hitz egiten.

Eta orain hemen nago, ea lanen bat topatzen didazuen. Denbora dezente pasatu da, eta hobeto nago orain. Behintzat, nire kabuz ibiltzeko gauza naiz. Ez da gutxi. Hemen ohituta egongo zarete kasu okerragoak ikusten.

Idoia? Ez, ez dut berriro ikusi. Nirekin hitzegiten saiatu da behin baino gehiagotan, baina nik uko egin diot beti. Ez diot damua arindu nahi. Hori da nire mendekua. Aukera dudan bakoitzean galdetzen diet lagunei haren berri, eta, kontatzen didatenez, badakit oso gaizki pasatzen ari dela. Askotan pentsatzen dut kontu honengatik sufritzen egongo dela, eta horrek aldarte onean jartzen nau. Orduan, neure bostean egiten dut nahiago nukeela istripu hartan elbarri geratu izan banintz. Edo hilik. Hori da; hil izan banintz, orduantxe bai hondatuko niola bizitza urdanga horri behin betiko!

I. Martiarena Mattin-en ilustrazioa

Ilustrazioa: I. Martiarena Mattin