berria Udako Serieak

Puzzlea osatzeko gidaliburua

Gotzon Hermosilla

Altsasuko Mahaia

Hasieran zenbait alderdiren arteko hitzarmena izan zena laster bilakatu zen ezker abertzalearen adierazpide politikoaren ernamuina, eta bide eman zion Herri Batasunaren sorrerari.

Puzzlearen antza zuen ezkerreko abertzaletasunak 1977an. Hamaika pieza zituen puzzleak, eta denak ez ziren beti elkarrekin ongi egokitzen: bi erakunde armatu zeuden —hiru, kontuan hartuta urte hasieran Talde Bereziak ETApm-tik aldendu zirela—, hainbat alderdi politiko, eta herri mugimenduan aritzen ziren talde, batzorde eta erakunde ugari. Garai hura ezagutu ez eta ezkerreko abertzaletasunaren orduko egoera aztertu nahi duena erraz gal daiteke EHAS-HASI, LAIA(bai) eta LAIA(ez), ETAm eta ETApm, EIA, ESB eta bestelako siglek osatutako amaraunean.

Garai hartako alderdiek ordezkatu baino askoz zabalagoa zen sektore hura egituratzeko eta hari adierazpide politiko bat emateko saialdia izan zen Altsasuko Mahaia. Zenbait alderdiren arteko hitzarmen gisa sortu zen, 1977ko urrian, baina oso bilakaera azkarra izan zuen, eta alderdietan antolaturik ez zeuden beste sektore batzuk erakartzen jakin zuen. Horren ondorioa sei hilabete geroago iritsi zen, Herri Batasuna koalizioa sorrera zenean.

Patxi Zabaleta (Leitza, Nafarroa, 1947) EHAS Euskal Herriko Alderdi Sozialistako kidea zen garai hartan —1977ko uztailean Eusko Sozialistak taldearekin bat egin, eta handik HASI alderdia sortu zen—. «1976 eta 1977an hainbat alderdi igaro zen hausturaren eremutik erreformaren eremura», azaldu du. Izan ere, Espainiako gobernuburu Adolfo Suarezek 1976ko ekainean antolatu zuen Erreforma Politikoari buruzko erreferenduma, eta, horretan EAJk, PSOEk eta beste zenbait alderdik botorik ez emateko eskatu arren, parte hartzea handia izan zen, eta horrek, Suarezi urrats gehiago egiteko parada emateaz gain, zalantzak sortu zituen hainbat alderdiren artean hauteskundeetan parte hartzeko egokitasunaz.

Ezker abertzale gisa jokatu nahi genuen, eta horri begirako urratsa izan zen Altsasuko Mahaia

Patxi Zabaleta

Altsasuko Mahaiko kide izandakoa

Inguruabar horretan egin ziren Xibertako elkarrizketak, «oso ezagunak direnak; haietan, EAJk azaldu zuen hauteskundeetara aurkeztuko zela, eta lehenengo haustura gertatu zen». Baina, Zabaletak dioenez, handik gutxira beste elkarrizketa sorta bat egin zen Zokoan (Ziburu, Lapurdi), «Ez da Xibertakoa bezain ezaguna. Zokoko sakristian egin ziren elkarrizketak, eta Xibertan parte hartutako gehienak egon ziren, EAJ izan ezik. Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur egon zen ETApm-ren ordezkari, eta Jose Migel Beñaran Argala ETAm-renean».

Zabaletak dioenez, bigarren elkarrizketa sorta horretan EIAk, ESBk eta EAE-ANVk iragarri zuten hauteskundeetara aurkeztuko zirela, KAS osatzen zuten indarrak ez bezala, «eta bigarren haustura gertatu zen».

Geltokiko jatetxean

Haustura giro horretan egin zen Altsasun (Nafarroa) lehenengo bilera hura, 1977ko urriaren 24an. Geltokiko jatetxean elkartu ziren: «Aldez aurretik Iruñean prestatutako agiri labur bat eraman genuen, han aztertzeko», esan du Zabaletak.

Agiri horretan oin hartuta, lau puntuko hitzarmen bat sinatu zuten Altsasuko Mahaian parte hartu zutenek: laster egitekoak ziren udal hauteskundeetan hautagaitza bateratua aurkeztea; geroago ere segida ematea batasun horri eta beste indar batzuei ateak zabaltzea; Hego Euskal Herriko lurraldetasuna aintzat hartuko ez lukeen edozein autonomia prozesu errefusatzea; eta «Euskadi aske, batu, sozialista eta euskalduna» erdiesteko bidean programa politiko bat diseinatzea.

EIA, EAE-ANV, LAIA(bai), HASI eta ESB alderdiek sinatu zuten agiria. Baina gutxi iraun zuen batasunak: EIAk «sinatu eta biharamunean» hautsi zuen akordioa, Zabaletak dioenez. «EIAren aldetik, Mario Onaindia eta Bixente Serrano Izko etorri ziren bilerara. Hurrengo egunean, Juan Maria Bandresek [garai hartan Euskadiko Ezkerra koalizioko senataria zen] ultimatuma bota zien: hortik atera, edo bera etxera joango zela. Hari amore eman zioten, eta alde egin zuten mahaitik. 24 ordu baino ez zuten iraun».

Hura ez zen izan zailtasun bakarra: ANVn eta ESBn ere eztabaidak eta iritzi kontrajarriak izan ziren hitzarmenaren egokitasunaren inguruan. Baina, apurka- apurka, Altsasuko Mahaiak aurrera egin zuen, eta sei hilabete geroago, 1978ko apirilaren 27an, Herri Batasuna koalizioa aurkeztu zuten.

Hura «instituzioetako borrokarako, udal hauteskundeei begira, eta herri borrokarako, hau da, manifestazio eta mobilizazioetarako eraikitako erakunde politikoa» zen, «alderdi bakoitzak bere nortasunari eusten ziola», garai hartan ESBko kide zen Iñaki Aldekoak (Zornotza, Bizkaia, 1940) esandakoaren arabera.

Lau alderdiren arteko hitzarmen hutsa izan ostean ezker abertzale osoa ordezkatuko zuen indarra bihurtzeko bide horretan, berebiziko garrantzia izan zuen independenteen lanak.

Izan ere, ezkerreko abertzaletasunarekin identifikatzen zen giza multzoa Altsasuko Mahaiko lau alderdiek ordezkatu baino askoz zabalagoa zela jakitun, askotariko sentsibilitatetako independenteengana jo zuten, eta handik gutxira, 1978ko udan, Herri Batasunaren Babes Taldea edo Hamabien Taldea aurkeztu zuten: hamabi ziren, Hego Euskal Herriko herrialde bakoitzeko hiru, eta Junta de Apoyo izena eman zioten gaztelaniaz.

Babes talde horretan zeuden Telesforo Monzon, Jon Idigoras, Jose Angel Iribar futbol jokalaria, Jokin Gorostidi eta Patxi Zabaleta bera —ordurako independentea, HASIko kide izateari utzi baitzion—, besteak beste.

Jose Luis Elkoro ere (Elgeta, Gipuzkoa, 1935) izan zen independenteen multzo horretakoa. Bergarako (Gipuzkoa) alkate eta Alkateen Taldeko kiderik esanguratsuenetako bat izan zen Elkoro, eta ez zuen zalantzarik izan egitasmo berriarekin bat egiteko: «Sekulako nahastea zegoen garai hartan. Mota guztietako alderdiak zeuden: sozialistak, komunistak, abertzaleak eta abar. Eta, alde horretatik, uste dut Alkateen Mugimendukook eredu izan ginela. Guk erakutsi genuen zerbait egin behar zela, baina bilduta, eta ez zatituta. Horrek elkartasunerako irudi bat eman zigun».

Gu ez geunden alderdi politiko baten alde: gure buru eta asmoetan Euskal Herria zegoen; abertzaleak ginen

Jose Luis Elkoro

HBko Babes Taldeko kide izandakoa

«Gu ez ginen politikariak, ez geunden alderdi politiko baten alde», esan du Elkorok, «baina gure buru eta asmoetan Euskal Herria zegoen; abertzaleak ginen, eta ikusten genuen zatiketa ez zela bidea Euskal Herriaren alde egiteko, eta elkartu behar genuela».

Elkorok gogora ekarri du foruen abolizioaren mendeurrenaren harira ekitaldi bat egin eta mezu bat irakurri zela 1976ko uztailaren 21ean, Bergaran, hainbat alkatek parte hartuta: «Han argi adierazi genuen nortzuk ginen eta zer nahi genuen. Uste dut mezu horrekin kontsekuenteak izan ginela Altsasuko Mahaiarekin bat egin genuenean».

Asmo «kontzientea»

Esan daiteke Herri Batasunaren sorrerarekin behingoz eman zitzaiola bide bat erreformarekin bat etorri ez eta ezkerreko abertzaletasunarekin identifikatzen zen sektore zabal hari. Baina, Zabaletak dioenez, hori ez zen ausaz gertatu; aitzitik, asmo kontziente baten ondorio izan zen: «Guk egiten genuen analisia zen abertzaleak bi esparru politiko zabal eta askotarikotan banatuta zeudela: erditik eskuinera bata, erditik ezkerrera bestea. EHASen eta HASIren hasierako analisietan agertzen da hori. Gainera, pentsatzen genuen ezker abertzalea izan zitekeela esparrurik handiena. Beraz, ezker abertzalearen esparru hori egituratzeko ahalegin kontziente eta agerikoa izan zen hura; helburua hori zen, nahiz eta zailtasunak handiak izan. Ezker abertzale gisa jokatu nahi genuen, eta horri begirako urratsa izan zen Altsasuko Mahaia; argi eta garbi aitortzen dut».

Antzekoa da Aldekoaren analisia. Dioenez, 1977ko ekainaren 15eko hauteskundeetan «ezker abertzalearen alderdi eta erakundeak zatiturik» agertu ziren, eta, ondorioz, emaitzak «pobreak» izan ziren, baina euren burua ezker abertzalekotzat jotzen zuten alderdi guztien botoak eta abstentzio aktiboarenak —horrexen alde egin baitzuten KASeko indarrek— batera hartuz gero, agerikoa zen ezker abertzalean indar handia zegoela. «Oinarri politiko eta sozial zatitu eta barreiatu hori biltzeko eta indarberritzeko sortu zen Altsasuko Mahaia», esan du.

Mahaia oinarri politiko eta sozial zatitu eta barreiatu hori biltzeko eta indarberritzeko sortu zen

Iñaki Aldekoa

Altsasuko Mahaiko kide izandakoa

1979ko udal hauteskundeak izan ziren Herri Batasunak gainditu beharreko lehenengo proba. 165.000 boto eskuratu zituen, eta Hego Euskal Herriko hirugarren indar bilakatu zen, EAJ eta PSOEren atzetik. Ordurako, 1977an Euskadiko Ezkerraren hauteskunde zerrendetan agertu ziren zenbait lagun ezagunek, Francisco Letamendia Ortzi Espainiako Kongresuko diputatu izandakoak eta Periko Solabarriak esaterako, adierazia zioten euren atxikimendua koalizio berriari.

«Pozik eta harro»

Berrogei urte geroago, zein da ahalegin haren bilana? «Hark berebiziko garrantzia izan zuen ezker abertzalearen garapenean, eta, hortaz, pozik eta harro egon gaitezke han ibili ginenok», esan du Zabaletak.

Hala ere, autokritikari ere lekua egin dio Zabaletak balantzean: «Abian jarri genituen estrategien inguruan eztabaida handiak izan genituen, eta uste dut ez genuela jakin ildo indartsu bat ezartzen. Estatua elkarrizketa prozesu batera eraman nahi genuen; EAJk ere esaten zuen hori, baina, hori lortu bitartean, euren politikak egiten zituzten; gu, aldiz, ez ginen izan gure politikak egiteko bezain trebeak».

«Alderdi guztiek muzin egin eta beste aldera joan zirenean, hausturaren aldeko hautua eutsiezin bihurtu zen», erantsi du Zabaletak. «Nire ustez, ezker abertzaleak jarraitu behar zuen hausturaren aldeko mezu politikoa ematen, baina, aldi berean, politikak uzten zituen zirrikitu guztiak baliatzen saiatu».

Izan ere, hasierako urte haietan Herri Batasunaren estrategia zen udal erakundeak ez beste instituzio guztietan «parte hartze normalizaturik» ez egitea. «Joko zelaia guk nahiko genukeena ez bada ere, horretan ere jokatu beharra dago», azaldu du Zabaletak. «Hamabost urte behar izan zituen ezker abertzaleak hori barneratzen hasteko, eta, zorionez, gaur egun inork ez du zalantzan jartzen».

Aldekoak ere argi-ilunak ikusten ditu balantzean: dioenez, garai hartan «ezker abertzale politikoaren oinarria» jarri zen, eta hori oso garrantzitsutzat jotzen du. Baina okertzat dauka «udaletan bezala gainerako instituzioetan parte ez hartzea»: «Nafarroan bide egokia hartu genuen hasieran, baina gero atzera egin zen, eta hogei urte behar izan dira bide oker hori zuzentzeko. Berandutze hori oraindik ari da ordaintzen ezker abertzale politikoa».

Hasierara