berria Udako Serieak

Zuloz
betetako sarea

Miren Garate

Digitala

Esan izan da teknologia digitalen ekarpenak herrialdeen arteko aldeak murriztu ditzaketela; herrialde barrukoak ere bai. Baina, oraindik, 'ditzakete' da erabili beharreko aditza, ez baitago esaterik lortu dutela. Teknologia berrien etekinak ez dira modu berean iristen ari herrialde eta sektore guztietara.

Arrakala asko ditu barnean arrakala digitalak. Sarbidearena da bat, nagusia. Munduko biztanleen %60k oraindik ez dute Interneterako konexiorik, eta ezin dute ekonomia digitalean parte hartu. Beste bat, belaunaldien artekoa. Premiarik ez ikusteak edota gailuekin ez asmatzeko beldurrak mesfidantza eragiten die adinean aurrera doazen batzuei. Generoarena ere bada; adibide soil bat da, baina Wikipediako hamar editoretik bederatzi gizonezkoak dira. Nekazaritza eremuetatik hiri eremuetara ere aldeak daude. Herrialde aberatsetatik pobreetara. Eta abar. Aurrera doa iraultza digitala, baina arrakala horiek badira zerbaiten seinale: teknologia digitalen etekinak ez dira modu berean iristen ari guztiengana.

Honela laburbildu zuen egoera Munduko Bankuak iaz, Dibidendu digitalak txostenean: «Enpresak inoiz baino konektatuago daude, baina produktibitatea murriztu egin da munduan; teknologia digitalak lan merkatua eraldatzen ari dira, baina polarizazioa eta desberdintasunak gero eta handiagoak dira, gehienbat herrialde aberatsetan; demokraziak gero eta gehiago dira, baina hauteskunde libre eta justuak, gero eta gutxiago. Joera horiek iraun egiten dute, ez teknologia digitalengatik, baizik eta haiek existitu arren».

Hain zuzen, Interneti jarri izan zaizkion helburuetako hiru dira horiek: enpresen produktibitatea handitzea, pertsonen aukerak zabaltzea, eta gobernuak eraginkorragoak izatea. Esaten da mundu inklusiboagoa lortzen lagun dezaketela teknologia digitalek, baina, gaur-gaurkoz, ahaleran dago kontua, emaitzak ez baitatoz erakunde batzuek nahi bezain bizkor. Are gehiago, arrakala digitalak desberdintasun sozialen oinarri bihurtu dira, eta haiek erabiltzeko gaitasun faltak, hemendik urte batzuetara, iraganean analfabeto izateak zituen ondorioak izango ditu, zenbaitek diotenez.

Lan merkatua, zalantzekin

Hain zuzen, etorkizuna eta lan merkatua esanda, eta egoera irudikatzen hasita, teknologiaren bilakaerari lotutakoak dira galderetako asko. Zenbat lanpostu galaraziko ditu? Zenbat sortu? Nolakoak? Guztientzat enplegurik ezean, oinarrizko errenta bermatuko da? Euskal enpresak atzean geratuko al dira? Tresna informatikoak maneiatzen ez dakiten horiek zer toki izango dute lan merkatuan? Asko luzatu daiteke zerrenda.

Munduko Bankuarenean ez ezik beste hainbat ikerketatan ere ageri den kontua da prekaritatea eta polarizazioa areagotzeko arriskua. Prestakuntza oso handiko lanpostuak sortuko direla esaten dute adituek, arlo teknikokoak gehienbat, eta horiei ondo ordainduko zaiela; alabaina, zenbait eginkizunetarako ez da inor beharko, eta langile horiek prestakuntza txikiko beste lanposturen bat lortzeko lehian arituko direnez, baldintza kaskarrak handitu egingo dira, betiere iragarpen horien arabera.

Lanpostuak ez, zeregin errepikakorrak desagertuko dira. Horregatik naiz baikorra

Tomas Iriondo

Gaia klusterreko zuzendari nagusia

Tomas Iriondo elektronika, informatika eta telekomunikazioko Gaia klusterreko zuzendari nagusiari ere sarri egin dizkiote lanpostuen etorkizunari buruzko galderak: «Lanpostuak ez, zereginak desagertuko dira, zeregin errepikakorrak, pertsonaren garapenari ekarpen txikia egiten diotenak. Horregatik, baikortasunez hartzen dut nik kontua: pertsonari laguntzera dator teknologia; teknologiari esker garatu ahal izango ditugu bestela ezingo genituzkeen gauzak. Hau da, teknologiak osagarri izango ditugu gure jarduera profesionalean. Konpainiak eraginkorragoak izango dira, globalagoak, eta, era berean, garapen profesional handiagoa eskaintzen dutenak».

Estropaden adibidea ekarri du gogora. Orain urte batzuk, traineruak ikusten ziren telebistan, baina ez zen informazio gehiagorik ematen. Perspektiba bisual hutsarekin ez zen posible jakitea zein ari zen irabazten, are gutxiago zenbat zen ontzi batetik besterako aldea. «Errealitate handitua eta halako teknikei esker, marra batzuk jarri dizkigute, eta ikus dezakegu zenbat falta den helmugarako, zenbat den elkarren arteko denbora… Informazio horrek informazio bisuala osatzen digu, eta erabakiak ondo hartzeko balio digu. Bada, lan arloan, berdin: teknologiak aprobetxatuko ditugu gure jardueran laguntzeko eta ezagutza propio gutxiago behar izateko».

Badatorrela eta badatorrela, baina zein da oraingo egoera? Antsietate moduko bat ere igartzen da gaiaren bueltan, ez bakarrik lanpostuen etorkizunaz dauden zalantzengatik, baizik ez dagoelako argi enpresen beraien geroa nolakoa izango den ere: zer eskaini beharko duten, nola, non. Eraldaketa hasita dagoela azaldu du Iriondok, baina ez oso bizi oraindik: «Gaur-gaurkoz, inflexio puntu batean daude, oraindik iraganean, industria analogikoan. Estrategiak diseinatzen, metodologiak definitzen eta abar ari gara».

Abiapuntu horretan, ondo kokatuta ikusten ditu euskal enpresak. Herrialde aurreratuenekin alderatuta arrakalarik ez dagoela dio, ez dutela arazorik Alemania, Japonia eta AEBetakoekin lehiatzeko. «Inflexio puntu batean gaude: aldaketa dator, laugarren industria iraultza. Teknologia digitalen txertatze masibo horren ondorioz, hiru espaziotan aurrera egin beharko dute gure konpainiek: handitu egin beharko dituzte prozesuen kudeaketa, eraginkortasuna eta automatizazioa; gaur egun ekoizten diren produktuei adimena sartu beharko diete; eta, hirugarrenik, gaur egungo produktu edo prozesuak zerbitizatu». Adierazi du kontzeptualizaziotik ekintzetara azkar pasatu ezean orduan izango direla arrakalak.

Iriondoren esanetan, ikusten da jada batzuk erbiak bezala joango direla. «Gutxitan aipatzen da, baina guk ere badugu abantaila handi bat: Euskadik badu industria digitala; eskaintza propioa du, beste lurralde batzuek ez dutena, eta oso partner garrantzitsua izango da eraldaketa digitala arrakastaz burutzeko, egoera interpretatzen lagunduko duelako, besteak beste. Eta, azken finean, helburua hori da: helmugara iristea eraldaketa digitala interpretatzen eta bilakaera horretan eboluzionatzen asmatu duen herrialde bat izanez». Erbi horien aldean atzean geratzeko arrazoiak zein izan daitezkeen galdetuta, enpresen txikitasuna aipatu du: «Tamaina beti da oztopo; abilak izan behar dugu, eta, ikuspegi indibiduala izan beharrean, ikuspegi kolektiboa izaten asmatu, enpresen arteko aliantzen bidez, sektore arteko lankidetzaren bidez eta abar».

Paradoxikoa ematen duen arren, soslai jakin bateko langile faltak ere kezkatzen du klusterra. 2020ra arteko plan estrategikoa aurkezteko egindako agerraldian ere jarri zuen gaia mahai gainean, orain hilabete gutxi. «Bokazio teknikorik ez dago, eta ez da hemengo kontua bakarrik. Humanitate arloko ikasketak erakargarriagoak dira gazteentzat, eta, ondorioz, orain urte batzuk baino jende gutxiago ari da prestakuntza teknikoan». Horrez gain, aldaketa kultural bat egiteko gai ez izatea ere ikusten du mehatxu moduan. «Eraldaketa digitalak teknologia eskatzen du, baina teknologia bakarrik ez da aski. Kultura aldaketa batek etorri behar du erakundeen eta pertsonen aldetik; gauzak beste era batera egin behar dira, merkatuaren beste ikuspegi bat izan».

Lehentasuna, sarbidea

Prestakuntzaren gaia «osagarri analogikoen» artean sailkatu du Munduko Bankuak, aurrez aipatutako txostenean. Haren arabera, teknologia digitaletarako sarbidea herritar guztiei bermatuta ere, horrekin bakarrik ez da ezer konponduko; iraultza digitalari ahalik eta etekin handiena ateratzeko, «osagarri analogikoez» arduratu behar dute herrialdeek; haren ustez, enpresen arteko lehia bermatzeko araudiak indartu behar dituzte, langileen prestakuntza ekonomia berriaren beharretara egokitu, eta erakundeek arduraz jokatzen dutela bermatu.

IKTak ez dira helburu bat, gauza asko lortzeko bitartekoak baizik; funtsezkoak aurrera egiteko

Aitor Gomez

Mugarik Gabeko Ingeniaritza

Baina lehentasuna lehen urrats horrek du, asko falta baita munduko bazter guztietan eta munduko biztanle guztiek Internet lasterrerako sarbidea bermatuta edukitzeko. Aurrerapausoak agerikoak dira. Askotan aipatzen den adibidea da gunerik pobreenetan ere hamar etxetik zazpitan badutela sakelako telefonoa, errazagoa dela halako gailu bat izatea edateko moduko ura edo komun bat izatea baino. Hedapen horrek eraginda, Interneteko erabiltzaileen kopurua ere nabarmen ugaritu da: 2005etik 2015era bitartean, hirukoiztu baino gehiago.

Eta gorabidean diren herrialde askotan aurki daitezke esperientzia oso interesgarriak. Kenya da, adibidez, sakelakoarekin ordainketa gehien egiten dituen munduko herrialdea. Hango barne produktu gordinaren %25 M-Pesa zerbitzuaren bidez mugitzen da. Hala eta guztiz ere, oraindik 4.000 milioi lagunek ez dute sarbiderik munduan; beste zenbait kasutan, berriz, hileko diru sarreren ehuneko handia behar izaten da informazio eta komunikazio teknologien zerbitzuak ordaintzeko.

Herrialde batzuetatik besteetarako arrakalak murrizteko lan egiten duten eragileetako bat da Mugarik Gabeko Ingeniaritza gobernuz kanpoko erakundea. Aitor Gomez da kideetako bat: «Askotan, zaila da arazo hau ikustea; ez da ukitzen den zerbait, baina informazioa eta komunikazioa (bitartekoa) izatea funtsezkoak dira beste gauza batzuetan aurrera egiteko». Nazio Batuen Erakundearen Garapen Iraunkorreko Helburuei begira jarri da. Berez, helburu horien artean ez da propio agertzen IKTen beharra: genero berdintasuna, ur garbia, pobrezia amaitzea eta abar daude hamazazpiko zerrendan. «Baina helburu bakoitzean sakonduz gero, ikusten da nola IKTak ondo erabilita errazagoa den erronka horiek betetzea. Azken finean, IKTak ez dira helburu bat, gauza asko lortzeko bitartekoak baizik».

Nori dagokio, ordea, sarbidea bermatzeko ardura hori? «Enpresak pribatuak dira, eta etekinak nahi dituzte. Nire ustez, administrazio publikoena da ardura: hezkuntzarekin eta osasunarekin bezala, IKTekin ere bai». GKE horrek software askearen alde egiten du apustu. «Guk aldarrikatzen duguna da garapen teknologiko guztiek giza garapenerako izan behar dutela. Software askearen bidez, gizarteak eskatzen duena betetzea lortzen da, ez enpresen helburuak betetzea bakarrik, komunitatean eratzen baita, eta, kodea askea denez, edonork garatu baitezake».

Ez da atzo goizeko esaera informazioa boterea dela. Onura ekonomikoei lotuta, adibide bat jarri du Gomezek: «Herrialde txiroetan aritzen garenean, nekazaritza eremuetako jendearekin egiten dugu lan asko. Ikuspegi mikroekonomiko batetik, teknologia digitalei esker pertsona horiek jakin dezakete zein preziotan dagoen beraiek lantzen duten produktua, ahalmena ematen die negoziatzeko edo egun horretan edo hurrengo batean saldu erabakitzeko; bestela, bitartekariak du botere guztia».

Horrekin lotuta, beste erronketako bat alfabetizazio digitala da: «Eta nahiko konplikatua da, askotan teknologia alfabetizazioa baino azkarrago joaten baita, denbora eskatzen baitu hezkuntzan aldaketak egiteak edo arauak moldatzeak. Berez, herrialde guztietan gertatzen den zerbait da, baina argi dago: herrialde garatuetan analfabeto gutxiago dago. Orduan, betikoa: botere ahalmena sortzen da herrialde batzuetatik besteetara, eta arrakalak zabaldu egiten dira».

Hasierara