berria Udako Serieak

Zubia gurutzatu ezinik

Miren Garate

Dibertsitate funtzionala

Orain hamarkada batzuk ez bezala, lan merkatuan daude elbarritasunen bat duten pertsonak ere. Baina, oraindik, nahi baino gutxiago lan merkatu arruntean. Kritiko dira Administrazioak hartutako bidearekin, eta, desgaituak baino gehiago, gizarteak desgaitutakoak direla diote.

Nazio Batuen Erakundeak emandako datua da: dibertsitate funtzionaleko pertsonen %80 pobrezia mugaren azpitik bizi dira. Munduko batezbestekoa da hori, baina Euskal Herriko egoerari buruzko estatistikek ere ez dute panorama onik erakusten: soldatetan, enplegu tasan nahiz langabezia tasan gainerako langileen atzetik daude. Desgaitasun fisikoak dituzten pertsonak biltzen ditu Arabako Eginaren Eginez elkarteak. Arrakala horien zergatiei buruz galdetuta, ideia batekin laburbildu du egoera Igor Nabarro bozeramaileak: «Oraindik arrastatzen ari gara dibertsitate funtzionaleko pertsonen gaitasunari buruzko zenbait estereotipo».

30 urte atzera egiteko eskatu du. «Norbaitek disfuntzionalitate organikoren bat baldin bazuen, inoren planetan ez zen sartzen pertsona horrek autonomia izango zuenik. Inork ez zuen planteatzen pertsona horrek prestakuntza beharko zuenik edo lanpostua egokitu beharko zitzaionik. Pertsona horren bizi plana eremu pribatura mugatzen zen, bizitza publikotik ateratzen zen».

Ezin ukatu egoera asko hobetu dela azken urteotan, baina arrakalak handiak dira oraindik. Nabarroren esanetan, aspalditik datozen ideia oker horiek gainditzea da lehen erronketako bat. «Jendearen gaitasunari eta produktibitateari buruzko zalantzak oraindik hor daude, bai enpresarien iruditegian, bai administrazio publikoarenean, eta kolektiboko pertsona askoren buruetan ere bai».

Desgaitasunen bat dutenak ez, desgaitasun ziurtagiria duten langileak nahi dituzte

Igor Navarro

Eginaren Eginez-eko bozeramailea

Ikasketa mailan igartzen dira horren ondorioak. «Disfuntzionalitate organikoak dituzten zenbaitek ere barneratuak dituzte beren gaitasunei buruzko estereotipo negatiboak, eta horrek prestakuntza defizita dakar. Gainera, ikusiz gero prestakuntzan ahalegina eginda ere lan inklusiorako politikarik ez dagoela, frustrazioa da emaitza». Gaur-gaurkoz, enplegu babestuan aritzen dira gehienak, administrazioek aukera hori lehenetsi baitute kolektiboaren okupazio maila hobetzeko.

Hain zuzen, erakunde publikoek hartutako norabidearekin ez daude konforme Eginaren Eginezen. «Zentro horiek sortu ziren helburu batekin: zubi lanak egiteko helburuarekin, hau da, jendea lan merkatu arrunterako prestatzeko helburuarekin. Estatutuetan ere hori jartzen du. Zer gertatzen da? Salbuespena direla zentro berezietatik atera eta merkatu arruntera joaten direnak, gehien-gehienak zentro berezi batetik beste zentro berezi batera doaz. Hala eta guztiz ere, administrazioak, alde handiarekin, zentro berezi horietan jartzen du dirua».

Eta zentro berezietan, lan merkatu arruntean baino dezente apalagoak izaten dira soldatak. «Arrakala, batik bat, hortik dator. Noski, ez dugu esaten desagertu egin behar dutenik, baina disfuntzionalitate organikoren bat duten asko eta asko gai dira lan merkatu arruntean aritzeko. Enpresa arruntetako kontratazioak sustatu behar dira. Alabaina, oraindik ez dago benetako kontzientziaziorik».

Eta enpresak «akzio positiboak» egitera bultzatu. Garraioaren adibidea jarri du Nabarrok. Gaur egun, oso ohikoa da lantokira iristeko autoa behar izatea, edo, gutxienez, garraio publikoren bat hartu behar izatea gerturatzeko, esaterako, beste herriren batean dagoela lantegia. Lan eskaintza askotan exijitzen da gidabaimena ere, lanpostuaren ezaugarriengatik. Gehienentzat, asko jota, erosotasun galerara mugatzen dira eskakizun horiek, zenbaitentzat, ordea, oztopo handi dira: «Kolektiboko askok ez dute gidatzeko aukerarik. Administrazioak edo enpresak ez badiote eskaintzen garraioa, pertsona horrek hilero egundoko dirutza gastatu behar du bere poltsikotik. Pentsa, batzuetan ekonomikoki hobeto etorriko zaio etxean geratzea, lanera joatea baino».

Enpresa arruntek, berez, badituzte obligazio batzuk. Tamaina jakin batetik gora, behartuta daude dibertsitate funtzionaleko langile kopuru jakin bat kontratatzera. «Baina arauak ez dira betetzen. Gainera, aukera dago zentro berezien bidez egiteko kontratazioak, eta, horren eraginez, soldaten arazoa ez da konpontzen. Eta eskaintzen diren lanpostuak, normalean, prestakuntza maila txikikoak izaten dira, lanaldi erdian aritzekoak...».

Hemen benetako arazoa eratorritako urritasuna da, urritasun soziala

Melania Moscoso

Politika Zientzietan doktorea

Lehendik zaila zen bidean, beste kontu bat ere «arazo handi» ari dela bihurtzen kontatu du Nabarrok. «Lanbideren iragarkietan sartuz gero, ikusten da eskaintza batzuetan %33ko desgaitasuna eskatzen dutela. Baina iragarkiaren mamiari begiratuz gero, segituan konturatzen zara desgaitasunen bat duten langileak ez, desgaitasun ziurtagiria duten langileak nahi dituztela, enpresari inolako premiarik sortuko ez dioten langileak, lanpostua egokitu beharrik izango ez dutenak.... %33ko desgaitasuna duen batek agian inoiz ez du arazorik izango disfuntzionalitate organiko horrengatik, baina ehunekoak langile horiekin ari direnez betetzen, lana aurkitzeko zailtasun gehiago izan ditzaketen pertsonak kanpoan ari dira geratzen. Ez gara desgaituak, baina bateko eta besteko, desgaitu egiten gaituzte».

Enpleguaren gaingarrantzia

Antzeko ideia bat bota du Melania Moscosok ere, gaiari beste ikuspegi batetik ere begiratzen dion arren. «Hemen, benetako arazoa urritasun eratorria da, urritasun soziala. Urritasun fisikoak, mentalak edo sentsorialak ditugunoi bigarren mailako herritartasuna egozten zaigu. Berez, elbarritasunak ditugun pertsonok hain produktiboak ez izateak ez luke arazo bat izan behar, baina aitzakia horrekin, gizartetik kanpo nahi gaituzte». Antropologoa, Politika Zientzietan doktorea eta EHUko irakaslea da Moscoso, eta garuneko paralisia du. Gizarteak enpleguari eta produktibitateari gehiegizko garrantzia ematen diela uste du. «Duintasun osoko herritarra izateko, lana izan behar duzu, eta lan kualifikatua. Produktibitatea hitza bera neoliberalismoaren diskurtsoarekin dago lotuta, gainditze pertsonalaren diskurtso hori lotsagarria da, erantzukizun pertsonalaren diskurtsoarekin egiten du bat, eta horrek asko despolitizatzen du. Produktibitatearen kontu horrek ondorio oso perbertsoak ditu».

Nabarrok aipatutako estereotipo horien ondorioak bizi izan ditu Moscosok ere. «Nik argi nuen lan merkatu arruntean aritu nahi nuela, baina ez dakit nire ingurukoek hain argi zuten gai izango nintzen. Adibidez, A ereduan ikasi nuen, seguru asko gurasoek pentsatu zutelako euskaraz ikastea arazo bat gehiago izango zela niretzat». Oraingo lanpostua eskuratu aurretik, enplegu zentro berezi batean lan egindakoa da. «Batzuetan, elbarrientzako zoologikoak dirudite. Nire esperientzia txarra izan zen, diru laguntzak kobratzea beste helbururik ez zuten. Dena den, badakit batzuek ondo funtzionatzen dutela».

Hura ere kritikoa da erakunde publikoek dibertsitate funtzionaleko pertsonekiko duten jokabidearekin. «Beste gutxienekoekin bezala, elbarritasunak ditugunokin ere erabilera oso perbertsoa egiten dute». «Tokenismoa» hitza aipatu du. «Kanpora begirako neurriak hartzera mugatzen dira, taldeko kideen egoera hobetzen saiatu gabe. Ematen du zure onerako egiten dituztela gauzak, baina nahi dutena da beraien ospea babestu». Eta paternalismoa ere bai. «Hala tratatzen gaituzte, paternalismoz. Unibertsitatean, eskolak ematerakoan, ikasleen partetik ere nabaritu dut jarrera hori, baina nahiko pozik nago, uste dut hobekuntza bat egon dela alde horretatik».

Prekaritate horren barruan, beste lurraldeetan baino hobeak dira datuak hemen

Andoni Garai

Lanerako programaren koordinatzailea

Arrakalak murriztu behar direla bai, baina Moscosoren esanetan, garrantzitsuena beste gauza bat da: «Enpleguaz gain, beste modu batzuk aurkitu behar ditugu gizarteratzeko, lan egiteak ezin du izan modu bakarra, jende askok ezin du edo ez du gogorik. Horrez gain, lan kualifikatu hori ere gero eta jende gutxiagok izango du. Alabaina, tamalez, kontrako bidea hartu du gizarteak, gero eta beranduago hartzen dugu erretiroa».

Jauzi «kualitatiboa»

Onartzen ditu Andoni Garai Bizkaiko Lantegi Batuak-en Lanerako programaren koordinatzaileak ere soldatetan, okupazio tasetan eta langabezian dauden aldeak. «Saiatu behar dugu egoera hori aldatzen, ez gara konformatzen, baina prekaritate horren barruan, esan beharra dago beste lurraldeetan baino hobeak direla datuak hemen». Hainbat kopuru eman ditu: «Gaur egun, desgaitasun intelektual edo buruko gaitz handi bat duten ehun pertsona ditugu Bizkaiko 70 enpresa arruntetan lanean, eta haietatik %70ek kontratu mugagabea dute; langabezia tasarik txikieneko erkidegoa gara; eta okupazio tasarik handienekoa». Krisi urteak izan dira azkenak. «Eta krisiek beti kolektiborik ahulenei eragiten die gehien, baina 2008tik, gai izan gara 500 lanpostu berri sortzeko».

Garaiaren arabera, lehenik eta behin, bi motako zentroak daudela nabarmendu behar da: irabazi asmorik gabekoak eta irabazi asmokoak. «Nik uste arazoak etor daitezkeela zentro batek helburu produktibista hutsa izanez gero. Ez da gure kasua, irabazi asmorik gabekoak garelako. Gure helburua da desgaitasunak dituzten pertsonei laneko aukerak eskaintzea, batez ere desgaitasun intelektualak dituzten bizkaitarrei, ahalik eta garapen eta bizi kalitaterik handiena izan dezaten. Eta, horretarako, hainbat ibilbide eskaintzen ditugu: prestakuntza, okupazio programak, enplegu arruntera salto egiteko bitartekaritza...».

Alde horretatik, kuantitatiboki baino gehiago, kualitatiboki egin direla urratsak nabarmendu du Garaik «Eredu aldaketa bat egon da, pertsonari begirako ikuspegi baten alde, eta helburua izan da txertatze ibilbide pertsonalizatuak ezartzea. Hau da, baliabideak moldatu ditugu pertsona bakoitzaren jomugei, interesei, gaitasunei eta trebeziei buruzko informazioa biltzeko eta haren soslai profesionala osatzeko. Ondoren, estrategiak definitu ditugu bai lan merkatuan, bai handik kanpo».

Nabarrok aipatu bezala, Garairentzat ere prestakuntza da hobetu beharreko arloetako bat. Hala, Lan Eskola sortu du Lantegi Batuak-ek, eta han ikasten dutenek ziurtagiri profesionalak lortzeko aukera dute. «Badakigu lan merkatua gero eta prekarizatuagoa dagoela, eta gero eta lehiakorragoa dela, baina guri ere hor egotea tokatuko zaigu, merkatu horren beharrak aukera bihurtzeko gure langileentzat. Erronkak? Lan aukerak sortzea, pertsona hauek gaitasunak agerian jartzea eta babes iraunkorra eskaintzea, garapen eta ongizate ahalik eta handiena izan dezaten».

Hasierara