berria Udako Serieak

Oztopoz eta hesiz betetako bidea

Miren Garate

Atzerritarrak

Irteerara iristea bera zaila da; paperak zuzendu gabe etorriz gero, hiru urte behar dira. Eta ondoren, oztopoz oztopo joan behar dute, berriro ere hasierako lekura itzultzeko beldurrez. Helmugara iristeak, naziotasunak, ematen du arnasa, baina hori ere ez da bermea prekaritatetik ateratzeko Euskal Herrira lanera etorritakoentzat.

Nigatik kontratatuko nuke, baina etxe-jabeei ez zaie gustatzen langile marokoarrak bakarrik egotea beren etxeetan». Hala erantzun zion iturgin batek aurrekoan Saad Maleci. Udan umeak zaintzeko norbaiten bila ari zela esan zion beste batek. Emakume bat ezagutzen zuela erantzun zion. «Beloa erabiltzen du? Bai? Orduan, ez». Edo taberna batean orain gutxi gertatutakoa kontatu dute Monica Quirozek eta Rosario Silesek. «Gizonezko bat hurbildu zitzaion zurito bat ordaintzen ari zen emakume latinoamerikarrari, eta esan zion lasai egoteko, pobrea zela eta ordainduko ziola, eta hurrengo batean joateko bere etxea garbitzera; alegia, zurito baten truke, etxe garbiketa». Tolosako Jatorkin elkarteko presidentea da Malec, eta Gernikako Ideasur elkarteko kideak Quiroz eta Siles. Antzeko beste hamaika adibide eta anekdota konta ditzakete. Aurreiritzien eta estereotipoen zama eguneroko ogi dute Euskal Herrira lanera etorritakoek. Lege eta arauek, berriz, ia itotzeraino estutzen dituzte.

Frantziako legediaren mende daude bizi proiektua Ipar Euskal Herrian garatzea erabaki dutenak, Espainiakoaren mende Hego Euskal Herrian finkatutakoak. «Beti gaude lege horri begira: emango ote digute bizitoki baimena, ez ote digute emango, dena da oso zaila, lana aurkitzea, baimena berritzea. Segurtasuna izatea izugarri konplikatua da, eta egoerak estres eta antsietate ugari eragiten dizkio jendeari, asko ari dira gaizki pasatzen», kontatu du Malecek. Araudiak, ezinbestean, lan baldintza txarrak onartzera bultzatzen ditu haren eraginpean dauden herritarrak, eguneroko gastuak hor egoteaz gain, baimenak berritzeko derrigorrez kotizatu behar dutelako. «Asko hitz egiten da diru sarrerak bermatzeko errentaz, baina nik ez dut inor ezagutzen lan kontratu bat onartu ez duenik; eta ez da esaten, baina jendeak onartzen ditu lanak nahiz eta errenta hori baino soldata txikiagoa kobratu, zeren jendeak nahi baitu bere egoera hobetzea; horretarako utzi du sorterria».

Bost urte barru ikusiko da; ez dut
esperantza handirik immigrazio
ez-kualifikatuaren seme-alabekin

Saad Malec

Tolosako Jatorkin elkarteko burua

Gaur egun, inor gutxi etor daiteke paperak zuzenduta; izan ere, bizitoki baimena eskuratzeko baldintzen artean, hau da bat: «Enpleguaren egoera nazionalak kontratua egiteko aukera ematea». Soilik etor daitezke betetzeko zailak diren lanpostuetan aritzeko, edo bestela, beste mekanismo batzuk erabiltzea da beste aukera. «Ohikoena da beste aldean dagoenari galdetzea ea lanik dagoen, eta horren arabera erabakitzen du bakoitzak zer egin», azaldu du Quirosek. Hala, legeak berak «kondenatzen» duela ekonomia uste du: «Turista bisarekin etorriz gero, 90 egunera, paperak erregulatu gabe dituen pertsona bihurtzen zara, eta biharamunean lan eskaintza bat izanda ere, ezin zaituzte kontratatu, ez duzulako Gizarte Segurantzako zenbakirik». Lehen bizitoki baimena izateko, gutxienez, hiru urtean estatuan bizi izana frogatu behar da. «Ez du zentzurik, hiru urte horietan, bizi egin behar duzu, egin behar duzu lan beltzean, ez dago beste aukerarik». Alegia, paperak zuzendu gabe etortzeak, gutxien-gutxienez, hiru urtean luzatzen du prozesua.

Errumaniarrak, bigarren mailako europarrak

Paradoxiko samarra da errumaniarren kasua. Ez da arraroa batez beste tokikoek baino gehiago irabaztea Europako Batasuneko herrialderen batetik etorritako langileek. Ez da haien kasua, EBko kide izan arren, orain urte gutxira arte lanerako baimena behar zutelako, Schengen espaziotik kanpoko gainerako herritarrek bezala. Hego Euskal Herrian, atzerritar kolektiborik jendetsuenetako bat osatzen dute. Gipuzkoan, Decebal elkartean biltzen dira haietako batzuk. Gaizki ordaindutako lanetan aritu behar izaten dutela azaldu dute, eta, askotan, kontraturik gabe. «Ostalaritzan, garbiketan, garraiolari, zaharrak zaintzen eta nekazaritzan aritzen gara gehienbat. Okerrena da badaudela ondo prestatutako gazteak, unibertsitate ikasketak dituztenak ere bai, baina ez dute ikasitakoan lanik aurkitzen». Euskara ez jakitea ere «traba handia» dela azaldu dute, eta azken urteotan okertu bakarrik egin dela haien egoera: «Azken urteotan ugaritu egin dira jarrera xenofoboak eta arrazistak, komunikabideek arrotza zaien herrialde horren eta hango biztanleen gauza txarrak bakarrik transmititzen dituztelako»


Naziotasuna eskuratzeak dakar arnasa pixka bat, baina hamar urte behar izaten dira lehen bizitoki baimena eskuratzen denetik hasita (badaude salbuespenak ere); eta, oro har, enplegu aukeretarako muga da oraindik ere sorterria azal kolore ilunagoko herrialderen bat izatea. Behin lanerako baimena izandakoan ere, tokikoei eskatzen ez dizkieten hamaika eskakizun egiten dizkiete enplegatzaileek atzerritarrei. Esate baterako, Gizarte Segurantzari dagokion zatia norbere poltsikotik ordaintzea, edota sinatzea ez dela sindikaturen batera afiliatuko. Zaintzak, ostalaritza, eraikuntza, zerbitzuak. Zaila da sektore horietatik ateratzea. Askoz gutxiago ikusten dira abokatu, administrari edo ingeniari lanetan. Tituluak baliozkotzeko dauden arazoak aipatu ditu Quirozek. «Zure herrian unibertsitate ikasketak izanda ere, hemen igual pasatu behar dituzu beste bi urte unibertsitatean titulua baliozkotzeko. Eta, hala ere, akaso ez duzu aukerarik izango zurean lan egiteko; tarte horretan, zeharo herdoiltzen zara zure lanbidean. Orduan, merezi dizu denbora eta diru hori inbertitzeak? Kontuan hartu behar da zenbat urterekin etortzen zaren ere; 40-50 urterekin bazatoz, are zailagoa da».

Txikitatik kuadrillan onartzen bazaituzte, aukera gehiago izango dituzu ikasi duzun horretan lan egiteko

Rosario Siles

Gernikako Ideasur elkarteko kidea

Magrebeko herrialdeetatik etorritakoak dira gehienbat Jatorkineko kideak. Gehienek ikasketa maila txikia dutela onartu du Malecek, eta hori ere badela lanpostu kualifikatuagoetan ez aritzeko arrazoia: «Hemengo immigrazioa immigrazio ekonomikoa da, jendea ez da etorri masterrak edo doktoretzak egitera. Eta, gaur egun, lan merkatuak ondo prestatutako jendea nahi du, enpresek ez dute denborarik lanean ez dakien bati erakusten hasteko. Krisia hasi aurretik, indarra edukiz gero, eraikuntzan edo izan zenezakeen aukera, baina hori amaitu da. Horregatik, guretzat ezinbestekoa da erakundeek jendea prestatzeko ahalegina egitea». Azken urteotan ikastaroetan-eta parte hartzeko aukerak asko murriztu zaizkiela kontatu du. «Lehen, ia guztiok etorkinak ginen, orain tokikoak ere apuntatzen dira, eta zailagoa da plazaren bat eskuratzea».

Emakumeen kasuan, are zailagoa da, zaintza lanetarako edo ostalaritzarako, adibidez, jendeak nahiago dituelako emakume latinoamerikarrak edo Europa ekialdekoak. «Janzkerak asko konplikatzen du kontua. Ni neu kolektiboarekin ere kritiko naiz; iruditzen zait haize kontra doazela emakume musulmanak. Eta neurri batean ulertzen dut hemengoen jarrera, jendeak borroka egin duelako apaizak eskoletatik kentzeko, eta abar. Baina komunikabideek ere ez dute gehiegi laguntzen, irudi estereotipatua ematen dute, eta ez dute islatzen gure artean ere denetik dagoela».

Bigarren belaunaldia

Gurasorik gehienen nahia da seme-alabak ahalik eta prestakuntzarik onena izatea. Atzerritarren kasuan, are gehiago akaso. Zein etorkizun izango dute, ordea, bigarren belaunaldiek, inoiz Marokon egon ez den guraso marokoarren semeak edo Kolonbiatik 6 urte zituenean etorritako neskatoak? Panorama iluna ikusten dute. «Hemendik bost bat urte ikusiko da hobeto, baina immigrazio ez-kualifikatuaren seme-alabak izanik, nik ez dut esperantza handirik. Eskola porrotaren tasak handiak dira; behin derrigorrezko ikasketak egindakoak, gutxik jarraitzen dute. Badaude batzuk esfortzu handia egin eta unibertsitatera iristen direnak, baina unibertsitatean ikasteko dirua behar da, eta gurasoek ez badute, nik beltz ikusten dut kontua», dio Malecek.

Kuadrillen pisua

Curriculumak aztertuta hautatzen dute enplegatzaileek kontratatu nahi duten pertsona. Ez beti, ordea. Galdetzen zaie ingurukoei ea ezagutzen duten bilatzen duten soslai horretako norbait, edo ba al dakiten inor prest egongo ote litzatekeen lanpostu jakin horretarako. Hortik joango direla gauzak uste du Silesek. «Hemen, kuadrillaka funtzionatzen dute gauzek. Txikitatik onartzen bazaituzte kuadrillan, eta institutua amaitu arte jarraitzen baduzu haiekin, aukera gehiago izango dituzu maila sozialean, harreman sare zabalagoak, eta iruditzen zait aukera gehiago izango dutela ikasi duten horretan lan egiteko». Alabaina, azaldu du atzerritarren seme-alabentzat ez dela hain erraza kuadrilletan integratzea. «Bat baldin bada bi funtzionarioen semea, etxe horretan igual 5.000 euro sartuko dira hilean. Eta zure amak 1.000 euro ere ez baditu irabazten, eta, gainera, alokairua eta gainerako gastuak ordaindu behar baditu, ba, noski, ez dizkizu markako zapatilak erosiko. Edo lagunak asteburuero edo egunero pizza eta freskagarria hartzera joaten badira, eta horrek eskatzen badu hamar eurorekin ateratzea, ba zu ezin zara joan, eta hor hasten da segregazioa, baztertu egiten zaituzte, ze ez dizute deitzen». Ikusi beharko dela gaineratu du Quirozek, baina ez dago oso baikor. «Badirudi immigratzen jarraitzea tokatuko zaiela».

DATUAK

Lehen bizitoki baimena. Baldintzetako batek dio «enpleguaren nazio egoerak» baimendu behar dituela kontratazioak. Betetzeko zailak diren lanpostuen sektorekoa izan behar du kontratua egin nahi duen enpresak, edo Atzerritarren Bulegoak esan behar du lanpostu hori ezin izan dela bete. Enplegatzaileak erakutsi behar du badituela baliabide ekonomikoak langileari ordaintzeko. Paperak erregulatu gabe etorriz gero, hiru urtean estatuan bizi izana frogatu ezean, ezin da lan baimenik eskuratu.

Iraupenak: Lehen baimena urtebetekoa da, eta gutxienez sei hilabetean kotizatu behar du langileak; bigarren baimena bi urtekoa da, eta urtebetean kotizatu behar da. Ondoren, bi urteko beste baimen bat behar da, eta jarraian bostekoa ematen da. Azken horrekin ez da beharrezkoa gutxienez denbora batean kotizatzea Gizarte Segurantzan.

Naziotasuna. Oro har, hamar urte behar dira nortasun agiria eskuratzeko.


«Klasista» iruditzen zaio euskal gizartea: «Xenofoboa denik ez nuke esango, baina arrazista eta klasista bai. Eta gutaz aprobetxatzen direnak ere asko dira: gela bat alokatu arren, erroldatzen uzteagatik plus bat kobratzen dutenak; odol txarreko jendea ere bai, paperak erregulatu gabe dituzula jakin eta ordaintzen ez dizutenak; edo lapurreta egiteagatik salatu egingo zaituztela mehatxu egiten dizutenak». Horrez gain, lehen mailako eta bigarren mailako atzerritarrak daudela gaineratu dute Ideasurreko kideek: «AEBetakoak eta alemaniarrak atzerritarrak dira, gu beti etorkinak». Ados dago horrekin Malec ere. Mariano Rajoy Barne ministroa zenean gertatutakoa kontatu du: «Langileak behar zirela-eta, Ekuadorrera joan zen akordio bat sinatzera, hango langileak hartzeko. Aldi berean mugak ixten ari ziren Afrikatik jenderik ez etortzeko. Joko zikin asko egon da, Atzerritarren Legearen helburua inondik inora ez da datozenen baldintzak hobetzea, baizik eta guztia kontrolpean izatea. Eta Espainiak beti lehenetsi du immigrazio hispanoa».

Elkarte ugarik salatu dute azken urteotan aurreiritzi eta zurrumurruen gorakada, batez ere enplegu eta diru laguntzen harira: «Beste langileak, adibidez, ez dira konturatzen guretzat zer esan nahi duen greba bat egiteak, kontratua galdu eta ez kotizatuz gero, berriro hasierako puntura joan gaitezke. Askotan esaten da eskulan gehiegi dagoela eta horregatik erori direla soldatak, baina guk ez dugu krisia eragin, soldaten prekaritate globalak eragin du egoera», azaldu du Quirozek.

Krisiaren ondorioak latzak ari direla izaten gaineratu dute: «Europan bezala, hemen ere eskulan atzerritarra behar izan zen ekonomia mobilizatzeko, eta orain, ospa, jada ez zaituztegu behar. Eta jende asko alde egin behar izan du bere migrazio proiektua gauzatu gabe. Baina hemen egin behar dena da tokikoen nahiz migratzaile fronte bakarra osatu, ze bestela denok jango gaituzte, aurrena ilunenak eta urrunetik etorriak, baina gero tokikoak bertakoak ere bai».

Hasierara