berria Udako Serieak

Hamabi kilometro koadroko kaiola

Kristina Berasain Tristan Melilla Berriemaile berezia

Melillako hesia

Hamabi kilometro luze eta sei metro garai diren hiru hesi paralelok gotortzen dute Melilla. Txarrantxak eta kontzertinak daude tartean, baina, bizia arriskatuz, iaz 316 lagunek lortu zuten hesiaren gainetik salto egitea.

Ceutatik 385 kilometro ekialderago dago Melilla. Marokoko Rif eskualdea zeharkatu behar da, kostaldetik, batetik bestera joateko. Tarajalgo sarbidearen itxura bera dauka Beni-Enzarkoak. Korridore luze eta estu bat, burdin barraz osatua, militarrez inguratuta. Palestina izan zitekeen, baina, ez da. Espainiaren kolonialismoaren ondare diren bi hiri autonomoen egoera oso antzekoa da: ekosistema berean bi mundu paralelo, bi errealitate, elkarren ondoan, baina elkar ikusi gabe. Mario Benedettiren poeman biziko balira bezala: «Halaxe gaude, nor bere ertzean, elkar gorrotatu gabe, elkar maitatu gabe, elkarrengandik urrun»

Beni-Enzarkoa da pasabide nagusia, baina hiriak baditu beste hiru muga postu txikiagoak: Farhana, Mariguari eta txinatar auzoa. Lerro beltz batek lotzen ditu denak, puntatik puntara, txarrantxaz eta kontzertinaz egindako besarkada bat, itsasoraino sartzen dena. Hamabi kilometro koadroko kaiola baten barruan bizi da Melilla.

Bertakoa da Silvia. Melankoliaz oroitzen du Rostrogordoko pinudiko hondartzara joaten zen garaia: «Haurrak ginen, eta albo batetik bestera ibiltzen ginen; orduan ez zegoen mugarik, eta are gutxiago hesirik. Orain, gero eta burdina gehiagoz inguratuta gaude».

Kontzertinak

1971n ezarri zuten lehen txarrantxatxoa Melillan. Sinbolikoa zen kasik, egurrezko paldoei heldua, huskeria bat egungoarekin alderatuta. Espainiako Armadako Ingeniari Erregimentua jatorrizko haren lekuan hasi zen eraikitzen lehen hesia, 1996an. Bi urtean egin zuten hiru metrokoa. El Telegrama Melillako egunkariak honela zioen urte hartako ekainaren 6an: «Hesi garden bat, altzairu gogorrekoa, bi aldeetatik ikusten dena». Espainiako Gobernuak pertsonen kontrako minak jartzea ere aurreikusi zuen hasieran, baina gero atzera egin zuen —Ottawako Ituna urtebete geroago sinatu zuen Espainiak, 1997an—.

Halaxe gaude, nor bere ertzean, elkar gorrotatu gabe, elkar maitatu gabe, elkarrengandik urrun.

Mario Benedetti

Paraleloan beste hesi bat egin zuten gerora, eta, urteek aurrera egin ahala, moldaketa gehiago eta gehiago. 2005ean, sei metrora handitu zituzten hesiak, eta, handik bi urtera, 2007an, bi hesien artean hiru metroko beste bat egin zuten. Jose Luis Rodriguez Zapateroren garaian «profesionalizatu» zuten hesia, saltoen maiztasuna areagotu zenean: kamerak ezarri zituzten, mugimenduak detektatzeko sentsoreak, ilunpean ikusteko argiak... Marokoren aldera egiten duen hesia makurtu egin zuten, igotzea zailtzeko, eta hurrengo hesirako tartean zirga bat ezarri zuten, altzairuzko harien mataza bat.

Ordukoa da kontzertinen polemika ere. 2005ean ezarri zituzten, aurreneko hesiaren kanpoaldean, bi altueratan, igotzea zailtzeko sare batekin batera.

Rodriguez Zapateroren garaian «profesionalizatu» zuten hesia, saltoen maiztasuna areagotu zenean.

Agerikoa zena ukatu bazuten ere, kontzertinek oso zauri larriak eragiten zituzten-eta, gobernuz kanpoko erakundeen presioaren ondorioz kendu egin zituzten, eremu batzuetan behintzat. Urte batzuetako kontua baino ez zen izan. Mariano Rajoyren gobernuan ezarri zituzten berriro ere, 2013an, hesiaren heren batean, baita behatzak sartzea eragozten duen metalezko sare bat ere. Marokoko aldean dagoen hesiak, txikiagoa bada ere, aiztoak ditu. Ondoren, hiru metroko lubaki bat dago.

Makoak eta iltzeak

Amnesty Internationalen arabera, Espainiak egunean 22.000 euro gastatu zituen 2005-2013 artean hesiaren instalazioan eta mantenimenduan. Punta-puntako hesi batek ez ditu, hala ere, bertan behera utziko errefuxiatuen salto etsiak. Iaz 316 lagunek igaro zuten, eta aurten 134k. Abdalak xehetasunez azaltzen du nola egiten duten salto: «Eskuetan makoak jartzen ditugu, piratek bezala, eta zapata zoletan iltzeak, hesiari heltzeko. Garrantzitsuena, dena den, taldea da».

Maiatzaren 9an izan zen taldeko azken saltoan sartu zen bera. Dioenez, 300 lagun saiatu ziren hesia igarotzen, baina 110ek baino ez zuten lortu. Aurretik, zazpi hilabete eman zituen basoan, plastikoz eta adarrez egindako etxoletan bizitzen.

Gurugu mendiak babesten du Melilla. Eta hantxe babesten ziren errefuxiatuak egurrezko eskailerak prestatzen. Batzuek urteak egin dituzte han, eta badago hesiaren gainetik 25 bider saltatzen saiatu denik ere. Marokok erre egin ditu kokalekuak.

Silvia maiz izan da han, iheslariei arropa eta janaria eramaten, baina, 80.000 biztanleko hirian, errealitate horrekiko axolagabekeriak amorratzen du: «Militarren eta funtzionarioen hiria da hau, okerrera egiten ari dena, eta okerrena da norbera ere ohitu egiten dela». Gotorlekuan dagoen hondartza txikira doa. Egunkarian irakurri berri du kaian dagoen hesiaren garaiera ere bikoiztu egingo dutela, bi metrotik laura; 2.362 metro koadroko eremua hesituko dute. Kaiolaren barruan beste kaiola bat.

«Errefuxiatuek pertsona izateari uzten diote hesira iristen direnean»

Jose Palazon. Prodein elkarteko presidentea eta ekintzailea

Melillako hesian segurtasun indarrek erabiltzen duten indarkeria salatu du Palazonek: «Hesi asko ikusi ditut, baina bakar batean ez dut ikusi hemen praktikatzen den indarkeria. Neurrigabea da. Gizagabea».

Jose Palazonek (Cartagena, Espainia, 1955) hogei urte daramatza inork ikusi nahi ez duen errealitateari begira, hegoaldeko mugari begiak jartzen eta izenik ez duten horiengana gerturatzen, izenak jartzen. Prodein Haurren Eskubideen Aldeko elkarteko presidentea eta ekintzailea da, eta kalean bizi diren haurren eskubideak bezain irmo defendatzen ditu errefuxiatu guztienak.

Melillako CETI etorkinak behin-behinean hartzeko zentroaren atarian gaude. Parez pare dugu hesia. Gurugu mendia ostertzean. Melillan begi bistan dagoen mundu bat dago, baina badago oharkabeago dagoen beste mundu bat ere, ezkutuagoa. Iheslarien errealitate gordina.

Hala da. Ikusten den errealitate bat dago, eta begiratu behar den beste bat, askorentzat oharkabean dagoena, ez ikusiarena egitea errazagoa delako. CETI bat dugu hementxe, itxuraz txukuna, margotu berria, baina fikzio bat baino ez da: barruko errealitatea bestelakoa da; errefuxiatuen egoera gordina da. Batzuk sei urte egon dira barruan. Hesiaren gainetik salto egin ostean, beste hesi bat gurutzatu behar dute, burokratikoa.

Europa hesiz betetzen ari da, baina hegoaldeko muga honetan hogei urte dira hesia eraiki zutela.

Pobreen aukera bakarra salto egitea da, bizitza arriskatzea, ez baitute beste ezer, ez baitute galtzeko asko


Jose Palazon

Europak ez du ezer ulertu. Errefuxiatu batek bizitza duinago bat izateko nahiari ezin zaizkio hesiak jarri. Absurdoa da. Hesiek ez dute ezertarako balio. Hesi hau lotsagarria da, heriotzaren hesia da. Hesi honetaz hitz egin behar badut, ezaugarritzen duen zerbait nabarmendu behar baldin badut, hori da bertan praktikatzen den indarkeria. Hesi asko ikusi ditut, baina bakar batean ez dut ikusi hemen praktikatzen den indarkeria. Neurrigabea da. Gizagabea. Errefuxiatuek pertsona izateari uzten diote hesira iristen direnean; eskubiderik gabe geratzen da. Pertsona hauen duintasunarekiko mespretxua ikaragarria da. Printzipioek eta moralek ez dute lekurik hesi honetan. Animaliak balira bezala tratatzen dituzte. Melilla inguratzen duen burdinazko hesi hau gure politiken sinbolo erabatekoa da.


Heriotzen hesia dela esan duzu.

Bai. Asko dira gure begien aurrean dagoen hesian hil direnak, banan-banan, tantaka. Izugarrikeriak egiten dira hemen. Marokoko aldean gehiago, baina baita Espainiakoan ere. Marokoko Poliziak basakeria praktikatzen du. Salto bakoitzean laupabost lagun hartu, eta makilekin eta burdinekin jipoitzen dituzte. Mutiko bati hankak harrika nola apurtzen zizkioten ikusi dut. Gure begien aurrean egiten dute hori. Itzela da.

Kontzertinak ere jarri zituzten.

Bai. Kendu egin zituztela esan zuten, baina hor daude. Hesi honek metro gehiago edo gutxiago izango ditu, kontzertinak izango ditu edo ez ditu izango, baina, berriro diot, hemen praktikatzen den indarkeria da niretzat okerrena. Hesiaren ezaugarriez asko mintzatzen da komunikabideetan, baina ez hemen praktikatzen den indarkeriaz. Inork ez du hitz egiten Nadorko ospitalera zaurituta, hilzorian eramaten dituzten errefuxiatuez. Espainiak horrekin zerikusirik izango ez balu bezala. Marokok egiten dituen giza eskubideen urraketen konplize da Espainia. Eta ez hori bakarrik: errefuxiatuen joan-etorriak kontrolatzeko itun ezkutuak dituzte.

Zer-nolako itunak?

Inon idatzi gabeko akordioak dira, eta ezin da horietaz hitz egin. Tabu bat da. Marokoko eta Espainiako gobernuek kontrolatzen dituzte errefuxiatuen sartu-irtenak. Zergatik siriarrak daudenean ez dira beltzak sartzen, eta zergatik beltzak daudenean ez dira siriarrak sartzen? Mugako kontrol horrek dauka erantzuna, unean uneko interesen araberakoa da, eta nazionalitatearen, kolorearen eta poltsikoko euroen araberakoa. Gobernuek, trafikatzaileek bezala, ibilbideak sortzen dituzte. Zergatik ez dago siriarrik Ceutan?

Zergatik?

Melillara bideratu dituztelako. Hasieran, ehun siriarri ematen zieten asiloa; gero, 40ri; eta gero, 20ri. Marokoko aldean zegoen zokoan aukeratzen zituzten, 1.000 eta 3.000 euroren truke; diru gehien zuenak lortzen zuen txartel gorria, eta eguneko hogeiak sartzen zirenean itxi egiten zen merkatua. Familia ugari banatuta geratu ziren horren ondorioz, ez zutelako senide guztientzako adina diru. Itun zitala da, legez kanpokoa, beste asko bezala.


Orain apenas dagoen siriarrik.

Gutxi dira. Iritsi eta bi-hiru astera ateratzen dira penintsulara, txartel gorriarekin. Zortea dute besteekin alderatuta, nahiz eta haien eskubideak ere urratzen diren; legearen arabera, asilo eskatzaile batek hasiera-hasieratik dauka mugitzeko askatasuna. Eskubideak ez lirateke egun bakar batez ere urratu behar, inorenak, ez siriarrenak, ezta Saharaz hegoaldeko errefuxiatuenak. Siriarrek, hala ere, asiloa eska dezakete; zuriak dira, arabiarrak, ekialdetik datoz... Badirudi liburuko errefuxiatuek bakarrik eska dezaketela asiloa, baina zergatik siriar bati bai eta beltz bati ez? Afrikako gosea isilarazitako gerra bat da; bost segundoan behin haur beltz bat hiltzen da gosez.

Saharaz hegoaldekoak dira hesiaren gainetik salto egiten duten guztiak?

Bai. Ezer ez dutenen aukera da. Hesiari eraso egiten diotela esaten dute, baina ez diote eraso egiten: hortik sartzen saiatzen dira ezin direlako beste bide batetik sartu, ez dutelako horretarako dirurik. Dirua dutenak ez dira hortik sartzen: Beni Enzarko pasabidetik sartzen dira, poliziei ordainduta edo trafikatzaileei ordainduta; horrela sartzen dira immigranteen %75. Pobreenen aukera bakarra da salto egitea, bizia arriskatzea, ez baitute beste ezer, ez baitute galtzeko asko. «Allahu Akbar» oihukatzen dute, laguntza eskatzen diote jainkoari, badakitelako tiro bat jaso dezaketela.

Gurugu mendian ezkutatzen dira saltoa prestatzeko, ezta?

Bai, baina orain apenas dagoen inor hor. Marokoko militarrek hartuta dauzkate mendia, mazela eta inguruko herriak. Itzela da armadaren presentzia hesiaren inguruan. Errefuxiatuek atzerago egitea eragiten du horrek. Gurugutik haratago daude orain, mugatik urrunago, eta itsasotik saiatzen dira orduan. Melillatik Al-Hoceimarako tartetik ere patera ugari ateratzen ari dira. Malagara, aurten bakarrik, 800 lagun iritsi dira, hesitik urte giltzarrietan iritsitakoak baino gehiago; asteburu bakar batean 300 ere iritsi dira, hesia parez pare zabalik egongo balitz bezainbeste. Gobernuak hesiaren defentsaren arrakasta bat balitz bezala saltzen du, gutxiago sartuko balira bezala, baina ez da hala; itsasotik doaz, eta, noski, itsasoan hiltzen direnek ez dute erantzulerik. Hesian hiltzen direnek erantzuleak dituzte; itsasoan hiltzen direnek, ez. Bada, lurreko muga zorrotz zaintzen baduzu, itsasora joango naiz, eta itsasokoa areagotzen baduzu, berriro etorriko naiz hesira. Etengabeko mugimendua da, baina, batera edo bestera, ez diote etortzeari utziko. Hesiek ez dute ezertarako balio. Integrazioarena da balio duen hesi bakarra.

450 pertsona abiatuko dira gaur Melillara

Mugak zabalduz karabana gaur abiatuko da Melillara. Europako Batasunaren eta Espainiaren migrazio politikak salatzea da ekinaldiaren helburua, eta, bide batez, hegoaldeko mugan gertatzen ari dena ikusaraztea eta errefuxiatuen eskubideak errespeta daitezen aldarrikatzea. Iaz, Greziara joan ziren, han zeuden iheslarien egoera salatzera. Estatuko 450 lagunek egin dute bat egitasmoarekin; Euskal Herrikoa izango da talderik handiena, 200 lagunek parte hartuko baitute.

Hasierara