berria Udako Serieak

Pintzelak beti mintzo dira pintoreaz

Iñigo Astiz Donostia

Maider Lopez

Lekuan lekuko errealitatea oso kontuan hartuz sortzen ditu bere piezak Maider Lopez artistak, eta, horregatik, tokiei buruzko argazkiz eta oharrez beteak ditu bere lan koadernoak.

Larrialdietarako sorkuntza kit bat dirudi mahaiak argazkilaria heldu denerako: ordenagailu eramangarria, paper solte batzuk, koaderno txiki bat, koaderno handi bat, boligrafo sorta bat, eta arkatzez betetako kutxa. Hori da Maider Lopezek sortzen jarri ahal izateko behar duen gutxienekoa (Donostia, 1975). Pintoreaz mintzo dira beti pintzelak. Eta, kasu honetan ere, Lopezen sorkuntzari buruz mintzo dira Lopezek darabiltzan tresnak. Pintura lantzen hasi zen hasieran, baina lekuak ditu gaur egun bere lan esparru nagusia. Lekuan lekuko testuingururako sortzen ditu artelanak, kasuan kasurako eta aldian aldirako. Horrek bihurtu du egungo Euskal Herriko artistarik entzutetsuenetariko bat. Eraiki ditu iturriak Donostian, sortu ditu mendiak Austrian, eta ezinezko partidak antolatu ditu kanalek alderik alde gurutzatutako futbol zelaietan. Lekuak zer eskatzen dion entzutea da klabea. Buztinik eta pintura boterik ez, beraz; ideiak dira Lopezek zorrotz mantendu behar dituenak, eta testuz eta iruditxo solteren batzuez beteak ditu, horregatik, bere zirriborroak eta bere zaborrontziak.

Interesgarria den zerbait ikustean ateratzen ditut argazkiak, eta intereseko ezer ikusten ez badut ere bai, maiz

Maider Lopez

«Argazki makinarekin hasten da dena», azaldu du sortzaileak. Bere lanerako sakon ezagutu behar ditu leku bakoitzaren ezaugarri guztiak. Eta, hain zuzen ere, milaka argazki ateratzea izaten du leku hori ehizatzeko bere modua. Hor hasten du bere sorkuntza. «Interesgarria den zerbait ikusten dudan aldiro ateratzen ditut argazkiak, eta, batzuetan, baita ezer interesgarria ikusten ez dudanean ere». Irudi saturazio hori lasai begiratzen du etxean gero, eta orduan hasten da zirriborroen fasea. «Argazkietan ikusi dudanaren apunteak hartzen ditut orrietan. Adibidez, halako zerbait: 'hiru arbola, baina buru bakarra'. Halako ideia abstraktuak idazten ditut, eta, bat-batean, ideia horietako bat garatzen hasten da irudi baten bidez».

Lakua mendi bihurtzea

Adibide bat. Mahaian zabaldutako zirriborroen artean urrundik grafiko ekonomiko baten itxura duen irudia hautatu du azalpenarekin jarraitzeko. Laku bat eta mendi bat irudikatzen ditu irudiak hiru marra sinplerekin, eta azpian oharra dator, ingelesez: «Mendia: lakua sortzeko kendutako lurra». Eta hiru lerroko iruditxo horretan dago 2013an Austriako Grafenegg herrian sortu zuen Mountain lanaren funtsa. Mendi bat sortu zuen hiru marrako iruditxo horrek. Eta zirriborroan zehazten den bezala, lakua egiteko kendutako lurra baliatu zuten horretarako. «Kasu honetan, igual, esaldiarekin hasi, eta gero hasten naiz imajinatzen nola egin daitekeen eta zer egin daitekeen. Irudiekin egiten dut lan, baina testu bidezko irudiez, gehienbat».

Birziklapena du bere zirriborroetarako metodoa.

Boligrafoak

Egoste punturaino eraman izan du tinta inoiz Maider Lopezek. Lekuan lekuko testuingurua kontuan hartuz sortzen ditu artelanak, eta, ondorioz, bidaia asko egitea suertatzen zaio. Horregatik, azken ñabarduraraino ezagutzen ditu eskuetan darabiltzan boligrafoak. «Begira, hauek, adibidez, tinta beltza duten hauek, hegazkin bidaietan beti lehertzen dira. Justu-justu eutsiko diote Europa barruko bidaiei; baina bidaia luzea eginez gero, lehertu egiten dira beti. Boligrafoak ez ditut nahi; horregatik, bidaiatzen dudanean, gela duten beste hauek erabiltzen ditut». Eskuetan darabiltzan boligrafoak ditu bere sorkuntzarako ezinbesteko elementuetariko bat. Sei arkatzeko kutxa, luma bat, kaligrafia errotuladore bat, punta lodiko errotuladore bat eta punta fineko beste bat, etxean dagoenerako. Denak beltzak. Gel laranjazko boligrafo bat eta gel beltzezko bat, kanpoan dagoenerako.


Aurrez beste proiekturen batean erabili dituen eta jada balio ez dioten orrien atzealdeak erabiltzen ditu bere apunteak hartzeko. Horiek maite ditu gehien. Zikin aritzea onartzen dio orri horietan bere buruari, eta orri horietan sentitzen da libreen. «Koadernoak ere erabiltzen ditut, baina hor ez duzu tatxoirik ikusiko, hor saiatzen naiz txukun xamar aritzen. Borradore horietan ez». Batzuetan zein besteetan, nahasian doaz egunean egin beharrekoen zerrendak, ideia artistikoak, iruditxo geometrikoak, aurrekontuak edota lankide edo lagunen helbide elektronikoak eta telefonoak. Zikinago orri solteetan, garbiago koadernoetan, baina nahasian bietan.

Baina nola erabaki zer aukeratu eta zer baztertu? «Koaderno eta orri horietan dauden gauzarik gehienak ez dira ezta baztertutakoak ere, gehienak ez direlako garatu ere egiten. Hor gelditzen dira. Gutxi gorabehera, garapen bat izatera iristen diren bi ideia izaten ditut proiektu bakoitzean. Oraintxe ere une horretan nago, Suedian egin behar dudan proiektu batean. Halakoetan, ez dakizu zein den ona eta zein ez, ez daukadalako perspektibarik, eta, halakoetan, ideia horiei buruz hitz egiten dut». Proiektuaren komisarioarekin hitz egin du horretarako oraingoan. Erakutsi dizkio bi zirriborroak, eta harekin eztabaidan erabaki du zein egin eta zein baztertu. «Bata aukeratu genuen, eta bestea izan da B plana».

Errepikatzen diren irudiak

Hamar urtez izan du buruan bueltaka Suediako proiektua. Hamar urtez zirriborro. «Ideia batzuk badaude beti etortzen eta etortzen dabiltzanak, baina inoiz ez dira nahikoa indartsu eta interesgarriak. Beti pentsatzen dudana da, behin eta berriz bueltatzen badira, inoiz topatuko diedala interesgarri izateko modua edo testuingurua. Eta, batzuetan, hori gertatu egiten da». Hori da kasua oraingoan. «Landare mugikor batzuekin ari naiz orain lanean, eta konturatu naiz duela hamar urte antzeko zerbait bururatu zitzaidala, baina kasu hartan landarez osatutako hesiak ziren mugitzen zirenak. Baina oraintxe ohartu berri naiz horretaz!».

Ez du ideiak garatu gabe uzteko arazorik izaten. Testuingurua du ardatza bere lanean, eta, horregatik, ez du arazorik ideiak baztertzeko, baldin eta testuinguru horretarako egoki ez badira. Espaziontzirik ez landatzea du bere lanaren premisa nagusia. Egiten duen guztiak egon behar du dagoen lekuarekiko harmonian.

Badira proiektu batzuk oso ongi daudenak, baina instituzioek atzera bota eta garatu gabe geratzen direnak

Maider Lopez

«Errealitateak ezinezko egiten ditu ideia batzuk», azaldu du lasaitasunez. Onartua du hori. Aurrekontuagatik dela batzuetan, espazio publikoei buruzko legediren bategatik dela, edo leku bakoitzaren ezaugarri propioengatik dela, burutu gabe geratzen dira zenbait ideia, eta arazorik ez du berak horrekin. Onartzen ditu traba horiek. Are gehiago, sinetsita dago traba horiek maiz balio dutela proiektuak hobetzeko. «Ideiak indartsuago bihurtzen dira kontraste horrekin».

Esandakoa: onartzen ditu muga horiek. Alegia, bi metro altu den pareta batean 3 metroko koadro bat sartu ezin den bezala, Lopezen proiektu guztiak ere ez direla leku guztietan ongi sartzen. Arazorik ez, beraz, halakoetan zirriborroak zirriborro mantendu, edo zaborrontzira botatzeko ere. «Muga horiek batzuetan salbatu egiten zaituzte».

Malda-gorako uneak

Baina aitortu duenez, bada mingarriago zaion trabarik. Bada batere maite ez duen zaborrontzirik ere. «Batzuetan, izaten dira proiektuak oso ongi daudenak eta inportanteak direnak bai niretzat eta bai lekuarentzat, eta gero instituzioak ez dituenak garatzen. Hori da nahiko etsigarria». Horregatik dira garrantzitsuak zirriborro artean B plan modura gordetako ideia horiek.

Beste adibide bat. Bi marrazki ditu oraingoan Lopezek eskuetan darabilen orriak. Sinpleak horiek ere. Lerro gutxi batzuk baino ez. Mendi itxurako paisaia bat irudikatzen dute bi irudiek. Goikoan, 25 muinoetako bakoitzean pertsona bat marraztu du Lopezek. Beheko irudian, berriz, muino bakarrean marraztu ditu 25 pertsonak. Kapadoziako muinoak dira marrazkikoak, Turkian. Han sortu zuen 2015ean 25 People on 25 Hills, 25 People on 1 Hill proiektua: 25 pertsona 25 muinotan, 25 pertsona muino batean.

Baina malkartsua suertatzen da batzuetan zirriborrotik errealitaterako jauzia. «Kasu horretan, nik uste nuen oso erraza izango zela proiektua, muinoak ez direlako oso handiak, baina, nonbait, oso lur mota zaila dute, eta, azkenean, mendizale profesionalekin egin behar izan genuen lan».

Ezinbestekoa zaio lekuarekiko lotura Lopezi. Hori du bere artearen oinarria. Hala sortu zuen bere lanik ezagunena ere 2005ean: Ataskoa. Deialdi publiko bat egin zion jendeari ordukoan, eta beren autoak Nafarroako Intza herriko xendra eta bidexketaraino eramateko eskatu zien. Mendixka artean txertatu zituen hiriguneetako auto pilaketak. Ehunka auto, landa betean.

Indartsua eta jostalaria izan zen irudia, eta, dioenez, maiz deitzen dute bateko eta besteko erakundeek haienean ere atasko bat sor dezan; baina ezetz esaten du beti sortzaileak halakoetan. Leku zehatz hari zegokion proiektu hura. «Gainera, orduko hartan ere, nire hasierako asmoa ez zen auto atasko bat egitea, proiektu hura babestu zutenek uste zuten egin behar nuela zerbait koloreekin!».

Eta egingo du inoiz atasko bat berriz? «Ez, ez, ez. Hori kitto. Haziz joan behar dut lanean. Eta behar da jendea sinesten duena zure gaitasunean. Kapadozian, esaterako, planteatu nien hamabost egun emango nituela paseoan eta harriak lekuz mugitzen. Ba hori onartzeko, behar duzu sinetsi nigan; ze, bestela, pentsa dezakezu lan horren atzean ez dagoela ezer interesgarria. [Barrez] Nigan sinetsi zuten, eta han ibili nintzen harriak mugitzen, eta oso proiektu polita atera zen. Baina, aizu, behar du tarte bat akatsak ere. Gerta zitekeen hamabost egun horien ostean ezer ez gertatzea».

«Ideiak etorri»

Ezinbesteko elementua du zakarrontzia ere. Zirriborroak beste. Izan ere, lotuta doaz biak behin proiektua bukatutzat ematen duenean. Karpetaka biltzen ditu zirriborro, orri, koaderno eta argazki guztiak apalategi batean, baina garbiketa lana egin behar horretarako ere. «Asko bota behar izaten dut, ze asko gordetzen dut. Apuntatuta izaten ditut proiektu bat garatzeko dauden milaka ideia eta milaka aukera, eta egin beharreko pauso guztiak ere. Garbituz joan behar izaten dut aldiro. Proiektu bakoitzeko karpeta erraldoia gordetzen dut, baina paper fisiko asko bota behar izaten dut».

Jarraitzen du solasak, eta erabili ohi dituen boligrafoen arteko aldeaz mintzo da artista. «Begira, hau fina da», dio. Eta bere izena zirriborratu du orri solte batean. «Begira, hau lodixeagoa da». Eta bere izena zirriborratu du beheraxeago. «Orain, luma; ikusten duzu, zeinen xamur zapaldu behar den?». Altxatu du eskua zirriborroz betetako orritik, eta esaldi bat bertan idatzita: «Ideiak etorri». Pintzelak beti mintzo dira pintoreaz.

Hasierara