berria Udako Serieak

Produktuak eta lekuak

Euskal Herriko zenbat herri daude produktu jakin bati lotuta? Produktu horiek jarraituz herri horiek ezagutzeko aukera ematen du Josean Gil-Garciak ibilbide erreportaje sorta honetan.

Arabako Errioxa eta ardoa

Udazkena hastearekin batera, bilkura berezia izaten da Arabako hegoaldeko eskualdean. Bisitaria Bakoren erreinura bildurik, isurkari magikoaz gozatzen has daiteke, goxo-goxo. Ardo festaren zilarrezko ezteiak ospatuko dituzte aurten, Bilar herrian.

Gernika eta barraskiloak

Urteari azken agurra eman aurretik, Euskadiko karakol txapelketa antolatzen da Gernikako Merkatu plazan. Lau hamarkadatan baino gehiagotan, barraskiloari gorazarre egiten jarraitu dute zale amorratuek, nork bere sukaldea eta tresneria plazaraino ekarrita.

Idiazabal eta gazta

Euskal Gaztaren Azoka Idiazabalen ospatzen da urtero, Euskal Herriko jatorri izeneko gazta motak ezagutarazteko asmoz. Gazta egite eta ketze erakustaldia ez ezik, dastatzeko eta artzainak omentzeko parada ere izaten da Goierriko azoka horretan.

Milagro eta gereziak

Ekainaren hirugarren igandea gorriz margotuta dago Milagron. Aurten ere jende mordoa bildu da Nafarroako Erribera aldera, gereziondoen fruitu mamitsua dastatzeko gogo biziz. Kalitateak ez du huts egin, eta, gerezi ohantzeak izango balira bezala, ederki kulunkatu dira geografian barna. Ibilbide polita egin liteke Milagro inguruan.

Jaitz eta gatza

Ekialde Hurbileko Itsaso Hilaren kasuan bezala, antzerako zirrara txundigarria bizi daiteke Jaitzeko gatzaren azokan. Eguna, uztailaren azken igandea. Denboran atzera egiteko okasioa izaten da Jaitzekoan, gatza betidanik ustiatua izan baita. Gaur egungo gatz ekologikoaren munduan murgiltzeko abagunea ere izaten da ibar diapiriko horretan.

Ezpeleta eta biperra

Biperraren besta ospatzen da Ezpeletan urriaren azken igandean. Tradizio handiko azoka izaki, kaleak jendez mukuru egoten dira hasiera-hasieratik. Produktuaren ezaugarriak kalitate gorenekoak dira. Irabazitako ospea lau haizeetara barreiatu da denboraren poderioz.