berria Udako Serieak

Ezpeletako biperra, zentzumenen plazera

Josean Gil-Garcia

Josean Gil-Garcia

Ezpeleta eta biperra

Biperraren besta ospatzen da Ezpeletan urriaren azken igandean. Tradizio handiko azoka izaki, kaleak jendez mukuru egoten dira hasiera-hasieratik. Produktuaren ezaugarriak kalitate gorenekoak dira. Irabazitako ospea lau haizeetara barreiatu da denboraren poderioz.

Ezpeletako (Lapurdi) karriketan barna ibiltzean, laster ohartzen da bisitaria ezohiko tokian dagoela. Ametsezko herri zirraragarri batean, menturaz. Leihoetatik eta aitzindegi nagusietan eskegita, milaka biper gorri txirikordatzen dira arbasoek oinordetzan utzitako altxorren antzera. Turistak trumilka iristen dira asteburuero, seguruenik herriko landare arkitekturaz gozatzeko premian. Agian, baita biperraren ontasuna bertatik bertara ezagutzeko ere.



Itxura denez, biperra Mexiko aldetik ekarri ostean, Errobiko ibarrean landatu zuen Kolon nabigatzailearekin zihoan euskaldun batek. Hala irakur daiteke, bederen, Ezpeletako Biperra Sindikatuak argitara emandako eskuorrian. Dena dela, gozagarri gisa baliatu zuten denborak aurrera egin ahala, baita haragia eta xingarra kontserbatzeko ere. Emeki-emeki haziak aukeratuta, Gorria izeneko barietatea erdietsi zuten eskualdean. Harribitxi gorria kordan edo hautsean aurki daiteke merkatuan, baita gatzarekin edo gibel orearekin nahasturik ere. Txokolate industria ez da atzean geratzen; izan ere, urrea baino gutiziagarriagoak izaten dira piperrautsez ondutako bonboiak, besteak beste.

Sor-markaren atzetik

Ezpeletako biperra gorria da, zapore gozoa du, eta bizi samarra da. Zalantzarik ez izan, Iparraldeko sukaldaritzan, biziki estimatua. Ezpeletan bakarrik ez, eskualdeko hamar herritan ere barreiatzen da ekoizpena. Horiexek dira komuna guztiak: Ainhoa, Kanbo, Ezpeleta, Haltsu, Itsasu, Jatsu, Larresoro, Senpere, Zuraide eta Uztaritze. Ezpeletako ekoizleak jo eta su ibili ziren urte askoan elikagaiari merezia zuen goraipamena egiteko. Sor-marka XXI. mendearekin batera iritsi zen, baita bi urte geroago Europatik etorritako aitorpen ofiziala ere. Finean, jakina da Ezpeletako biperra bestelakoa dela, ohiz kanpokoa. Labore soroetan jasotzen dena kalitate handikoa da, adituen iritzian. Gibelean ez dagoela alferlanik erakusten du horrek; haatik, landareak eta fruituak lan zehatza exijitzen dute, baita nolabaiteko gaitasuna ere produktuari hobekienik ateratzeko.


Produktu asko ikusi eta erosi ahal dira Ezpeletako azokan.

Artisautzaren jabetza erakuste aldera, Biperraren besta gertatzen dute urriaren azken asteburuan. Lehen aldikoz, 1967an ospatu zen, Ezpeletako kofradiak antolaturik. Gaur egun, 20.000 turista inguru biltzen dira, estu eta artega. Egia da, halaber, azoka egunean turistak saldoka iristen direla eta zoko-moko guztiak jendez mukuru egoten direla. Aurrera egiteko gorriak ikusiko ditu batek baino gehiagok. Zinez! Edozelan ere, karriketan produktoreen ekoizpenak ikusi eta erosi ahal dira. Jendetza biltzen da gero elizaren inguruan urteko biperrak bedeinkatze saioa entzun eta —aukera izanez gero— baita ikusteko ere. Ondoren, kofradeen desfile ikusgarria abiatzen da plazarantz, prozesio animatu baten moldean. Orduan, bai, biperraren koloreari kofradeen janzkera koloretsua gehitzen zaio, eta bisitarien animoak pozaren pozez lehertzen dira.

Mementorik hunkigarriena kofradeen erakustaldia amaitutakoan iristen da. Herriko gazteluaren aurrean jendetza biltzen da, poliki-poliki. Zuberoako pastoraletan legez, ikusleak agertokiaren aurreko belarrezko harmailetan esertzen dira; euren artean, kofrade guztiak. Eskuarki, antolatzaileek norbait ospetsua hautatzen dute egindako lanari laudorio eta ohore emateko. Iazko festan, esaterako, Erramun Martikorena abeslariari egokitu zitzaion txanda. Kantuan hastean, isiltasuna nagusitu zen anfiteatro jendetsuan.


Aldaxka ibilbidea hasten da errepidearen gaineko zubia gurutzatuta.

'Aldaxka' ibilbidea

Ezpeletako bazterrak ezagutzearen karietara, Aldaxka izena daraman ibilbideari jarraitzea da onena. Baliteke Arman David naturan adituak zidor berari noizbait jarraitu izana. Batek daki! Izan ere, Ezpeletako bazterrak ondo baino hobeto ezagutu zituen bere aitaren bidez. Txinara misiolari joan zen, eta maisulana ederki bete zuen han, landareak, intsektuak eta animaliak sailkatu baitzituen. Naturalista horren inguruan gehiago jakiteko, ezinbestekoa da gazteluaren aurreko landan barrena ibiltzea, jakingarriak eta argibideak irakur baitaitezke hantxe propio jarritako estalpean.

Ibilbidea, beraz, Ezpeleta herrian bertan hasten da. Herriko postetxearen ondoan argibide taula bat dago, eta Ezpeleta eta Errobiko bazter inguruan egin daitezkeen ibilbideen berri ematen da. Ibilbide guztietatik ere Aldaxka izena hartzen duen zidorra hautatu behar da. Herriko gazteluari bizkar emanda, Doxpi jatetxearen ezkerraldetik doan kalea hartzen da, lehenik eta behin. Segidan, Donejakue bideko tinda horiko arrastoei men egiten zaie, platanondoek eder-eder janzten duten plazan. Eskuinera okertu behar da laster. Hala, 60 metro egin ostean, ezkerrera jo behar da eta Xuriki bidetik segitzen da.


Gazteluaren aurreko eremuan egiten da urteko omenaldia

Biper-Ona benta parean, mimosa eder bat dago. Une horretan, ezkerrera jo behar da, eta herriko latsarri zaharra altxatzen den lekura jaitsi. Errepidea gurutzatu behar da propio jarritako zubi ikusgarritik, eta Larhun aldera begira jarri. Sansotenbordako bideari oratu behar zaio gero. Kale banatzean, eskumara egin, eta D-918 errepide nagusira irteten da ibiltaria. Ezkerrera hartu ondoren, 150 metro inguru egin behar dira errepide bazterretik. Bi platanondoren parera iristean, asfaltoa utzi, eta ezkerraldetik abiarazten den basabidean gora egiten da. Pinodietako lepoa eta Mehatsea helburu dituen bideari jarraitzen hasita, ezkerretik egin behar da bide banatzean, eta goratasuna hartzeari eutsi. Gaztainondoek lagunduta, gora egiten du ibiltariak. Gaztandegiko bideari oratuta, zuhaiztira jotzen da, zuzen-zuzen. Gaztainondoz jantzitako muinoa ezkerretik inguratuta, bide asfaltatu batera irten, eta eskuinera egiten da, eta maldan gora jarraitzen. Orain begi bsitan da Ezkondraiko piramidea eta harrizko gandorra erakusten duen Mondarrain gaina.

Mehatsetik behera

Aurrerago, Oilakineko bidea alde batera utzita, Tuluntegiko bidea hartu, eta errekaraino jarraitzen da. Erreka gurutzatu, eta ezkerrera egin behar da lepo batera igotzearen kariaz. Hala, GR 8 zidorrak lagunduta, Tuluntegiko baserriaren ondotik igaro, eta maldan behera abiatzen da, betiere Latsa errekaren errekasto adarraren gainetik igarotzeko asmoz.

Biper kordak osatzeko, abilezia erakutsi behar du artisauak.

Igoera xumearen ostean, Mehatsea izeneko etxaldera igotzen da. Haren parean, ezkerrera hartu, eta bi belardien arteko lepo bateraino jarraitzen da. Ate metalikoa gurutzatu, eta ezkerretik segitu, Ezpeletako ordokian barreiatzen diren etxe eta etxaldeak bistan direla. Latsa errekara gurutzatzeko erraza da, pasarela txiki bat da-eta bertan. Galdutako desnibela berreskuratuz, Ezpeleta eta Pinodietako bazterrak lotzen dituen errepide estura iristen da ibiltaria.

Ezpeletara zuzen doan Circuit de la Montagne bidea utzita, eskuinetik irteten den basabideari ekin behar zaio, eta Mikelenborda baserri paretik igaro. Trintxera baten moldean eginda, Itsasuko errepidera jaisten da. Han behean, ezkerretik jarraitu, eta Ezpeletan amaitzen da ibilbidea.

 

Hasierara