berria Udako Serieak

Barraskiloak, Gernikan kozinatuak

Josean Gil-Garcia

Josean Gil-Garcia

Gernika eta barraskiloak

Urteari azken agurra eman aurretik, Euskadiko karakol txapelketa antolatzen da Gernikako Merkatu plazan. Lau hamarkadatan baino gehiagotan, barraskiloari gorazarre egiten jarraitu dute zale amorratuek, nork bere sukaldea eta tresneria plazaraino ekarrita.

Urtearen hondarrean ekitaldi berezia izaten da Gernikako Merkatu plazan (Bizkaia). Eguberriak hurren direla, partaide ugarik tokia hartzen dute estalpe sonatuan, etxeko karakol kazola txapelketan parte hartzeko. Zapatuan, lurreko barraskiloek lehentasuna hartzen dute Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren inguru paregabean. Jakina, Gernikan ez ezik, Mundakan ere lehiaketa bat antolatzen dute egun berean. Parte hartzaile bakoitzak gehienez bi kazola aurkez ditzake Gernikakoan. Udalak sei sari banatzen ditu eguerdian, txapeldun izendatuetan. Osagaiak etxetik egosita eramateko aukera ematen du antolakuntzak, baina ondorengo prestalana Merkatu plazan egin beharra dago, nahitaez.



Partaideak goizetik ibiltzen dira postuak egokitzen, nork bere sukaldea eta tresneria plazaraino ekarri ostean. Bi kilo karakol kazolan jarrita, su txikian kozinatzeko momentua iristen da. Piperrak, baratxuriak, tipula, urdaiazpikoa, txorizo xehatua eta saltsa loditzeko tomatea gehitzean, pentsa liteke plater zaporetsuaren misterioa guztiz argitzen dela, baina ez. Sekretu eta trikimailu guzti-guztiak ez dituzte erakusten sukaldariek. Plazara biltzen diren zale amorratuek badakite-eta beste osagai batzuk direla tartean.

Lehen mailako karakolak

Aita Barandiaranen arabera, euskaldunak ez dira antzina oso barraskilozaleak izan. Hala ere, gaur egun, zalantza izpirik ez dago urteko hainbat sasoitan moluskuak dastatzeko joera dagoela Euskal Herri osoan. Sona handikoa, agian, babazorroen kasua. Eroki maitatuak dira Arabako herrialdean; sekulako kazolak ikus daitezke San Prudentzio egunean, apirilaren 28an. Arabako tradizioa hain da aspaldikoa, non teoria ugari dauden barraskiloei zor zaien miresmena interpretatzeko. Akaso, mahastietara etorritako galiziarrek ekarri zuten XIX. mende bukaeran, edo nekazari arabarrek haietaz libratu nahirik-edo modu bitxia asmatu zuten: jatea, alegia. Batek daki! Dena dela, hasieran jaki umila izaki, gaur egungo sukaldaritzan goranzko urratsak egitea lortu du.

Barraskilo haztegiak geografian barrena sakabanatuta daude, merkatuko eskariari aurre egitearen kariaz. Ezkur txerriaren urdaiazpikoaren kasuan bezalaxe, ekoizle etxalde batzuk barraskilo lirain, haragitsu eta zaporetsuen atzetik ibiltzen dira. Hori lortzeko, lehen mailako plater zukutsuak eskaintzen dizkiete gonbidatu lirdingatsuei, orekaturiko dieta gisan: barazki urtsuak, landare fresko-freskoak, zerealak eta azenario afrodisiakoak, besteak beste. Denboran hamarkada batzuk atzera eginez gero, ordea, erraz da imajinatzen beste egoera bat; bizilagunak baratze inguruetan bila eta bila ibiltzen zireneko garaia, alegia. Prozedura erraza da: atertu ondoren, eskuan poltsa eraman, baita makila luzea eta esku-argia ere gauez irtetekotan. Eskuarki, harresi eta errepide bazterretan ikusten dira molusku gasteropodoak, baina hilerrietako hormak korritzen dituztenak dira zaporetsuenak, hainbat zaleren iritzian.

Euskadiko karakol txapelketaren egunean, barraskiloak dastatzeko aukera badago ere, Gernika eta inguruak ezagutzeko parada ezin hobea da. Ibilbide guztietatik Lumo eta Forua ezagutzeko gonbita ematen duen PR-Bi 181 zidorra aukeratu daiteke. Hari esker, harbideak, ur jauziak eta ondare arkitektoniko oparoa ezagutuko ditu ibiltariak.

Ibilian, Batzar-Etxean

Gernikako Batzar-Etxean hasi behar da ibilbidea. Batzar-Etxearen eta parkearen artetik doan Santa Klara kalean aurrera egiten da. Parkean barrena doazen xendak utzita, ezkerrera hartzen da 15. zenbakidun eraikinean, eta PR-BI 181 kodea duen Gernika-Lumo-Forua ibilbideari jaramon egiten zaio. Errepidera irtetean, ezkerrera egin, eta Zearreta kaletik jarraitzen da. Segidan, Errigoiti auzora doan errepidearen eskuineko bidetik zuzendu behar dira pausoak. Hala, ikastetxeko eremua inguratuta, eskaileretatik gora egiten da. Aldatsa amaiturik, zuzen jarraitzen da Lumoraino laguntzen duen harbidetik jotzeko. Busturialdean egin daitezkeen ibilbideen berri ematen du elizaren aurreko plazatxoan jarritako argibide taula batek. Jakingarri horiez baliatuta, Foruko naturaren balioez eta ondare artistikoaz zein arkeologikoaz ondo baino hobeto jabetuko da ibiltaria.

Lumoko plazan aurrera egin eta berehala, iturrira iristen da. Gernikara jaitsi gabe, ezkerrera egiten da han. Arte eta pinuen artetik ibili ondoren, Kosnoagako gotorlekua eskuinean altxaturik dago. Inguruko iraganaz mintzatzen den gain historikotik hurbil izan arren, ez da hartaraino gerturatu behar. Bide behinenari jaramon eginda, hortaz, Bastegieta baserri multzora iristen da ibiltaria. Baserri parean, eskuineko bidea hautatu eta Berriz, Goikoerrota eta Forua helburuak dituen bidexkari ekiten zaio. Hiru aukera zabaltzen baitira han, erdiko bidea hautatu eta zehar-zehar jarraitu behar da. Berriz baserriaren ondotik igarota, Goikoerrotarako bideari jarraitu, eta, laster batean, bidebanatze bat agertzen da, eukaliptoen babesean. Ezkerreko bidea aukeratuta, mazela zeharkatzeari eutsi behar zaio.

Baldatikako ur jauziak

Berehala, soilgune batera irteten da ibiltaria. Orduan, tinda horiko arrastoek agintzen duten legez, eskuineko bidetik segitu eta goratasuna galtzen hasten da. Ibarrarekin bat egitean, Goikoerrota izeneko aspaldiko errota ikusten da hesiaz beste aldean. Baldatika erreka gurutzatzeko aprobetxatuta han, Armotxerri aldera egiten da. Baldatika errekaren paraleloan jarraiturik, natur balio handiko parajeak deskubritzeko parada du ibiltariak. Artadi trinkoaz gainera, Baldatika errekak sorrarazten dituen jauzi eta bote ederrak ikusteko abagunea dago, bide nagusitik hainbat metro aldenduz gero.

Armotxerriko auzora heltzean, ezkerrera egin, eta San Kristobal atsedenlekuraino jarraitzen da. Gernika eta Altamira lotzen dituen GR 38 zidor sonatuarekin bat egin behar da errepidean. Hurbil-hurbil, ordea, Urdaibai Dorrearen hondakinak ikusten dira, eta horiek bisitatzeko parada dago PR eta GR zidorrak alboan utziz gero. Dorre sendoa eta ondo gotortua izan zen behiala; gaur egun, 1929an gertatutako sute baten ondorioz, erortzeko zorian dago. Egoera tamalgarrian dagoelarik ere, bere izena memoriarako gelditu da, Oka ibaiaren padurak eta bokale babestuak hartu baitzuten toponimo ezaguna paraje zabalari nortasun puntua emateko asmoz.



Dorreari bisita egin ostean, aurreko bidegurutzera itzuli, eta Urberuaga aldera egin behar da. Foruko harrobi ezaguna aurrez aurre, GR eta PR zidorrak bereizten direla ikus daiteke. Orduan, eskuinera hartu eta Foruko erromatarren herrixkaraino laguntzen duen bideari oratu behar zaio. Barandiaranek 1959-1960ko urteetan arakatu zuen Atxetako haitzuloa ikusteko aukera dago, bidearen ertz batean baitago, harkaiztegi xumearen altzoan. Burdinazko hesi batek itxia baita, barrualdea ezin da bisitatu.

Oka ibaiaren estuarioa

Errepidean aurrera eginda eta Baldatika ibaia ondoan dela, Forura iristen da ibiltaria. Errepidea gurutzatu eta 200 metro inguru eginda, herrixka erromatar sonatura iristen da. Aztarnategia A. Martinez Salcedok eta M. Unzuetak aurkitu zuten, 1982an, eta, geroztik, Bizkaiko Foru Aldundiak bere gain hartu zuen ingurua induskatzeko ardura. Gaur egun, argibide taula ugari jarri dituzte ondare arkeologikoa bertatik bertara ezagutarazteko asmoz, baita balkoi moduko batzuk ere, bisitariek eremu induskatuaz gozatu ahal izateko. Aztarnategia atzean utzi bezain pronto, errepidea laga eta eskuinean agertzen den bideari jarraitzen zaio. Jaitsiera xumearen ostean, Oka ibaiaren estuarioa ezagutzeko aukera paregabea dago. Egurrezko pasarelak eta argibide-taula batzuk daude ibilbidean. Horiei esker, bertatik bertara ezagut daiteke estuarioaren nondik norakoa. Oka ibaiarekin topatzean, eskuinera jo eta haren paraleloan jarraituta, Gernikan bukatzen da ibilbidea.

Hasierara