berria Udako Serieak

Jaitzeko gatza, osagarri aparta

Josean Gil-Garcia

Josean Gil-Garcia

Jaitz eta gatza

Ekialde Hurbileko Itsaso Hilaren kasuan bezala, antzerako zirrara txundigarria bizi daiteke Jaitzeko gatzaren azokan. Eguna, uztailaren azken igandea. Denboran atzera egiteko okasioa izaten da Jaitzekoan, gatza betidanik ustiatua izan baita. Gaur egungo gatz ekologikoaren munduan murgiltzeko abagunea ere izaten da ibar diapiriko horretan.

Zuri biziko paisaia izaten zen Jaitz (Nafarroa) herri inguruan antzina, ekainetik irailera bitartean. Gatzak urrearen balioa zueneko garaian, erraz-erraz joaten zen bizimodua. Eguzkiaren lan eskerga gogaide, bizibidea erabakia zuten herriko familiek. Hein handi batean, bederen. Arabako gatzagan legez, nork bere gatz-apala izaten zuen, egin beharreko lanak ez baitzuen ia sekreturik: iturburutik isuritako ur gatzduna igeltsuzko apaletara eraman ondoren, eguzki amandrea arduratzen zen gainerako lanaz. Eta, gurdiak gatzez ongi zamatuta, ohiko bideetatik abiatzen ziren geografian barrena: batzuk, Gares aldera; beste batzuk, Andia mendigunea zeharkatuta, Sakanako herrietarantz.

Baina gatzaren produkzioak beherakada tamalgarria ezagutu zuen denboran aurrera egin ahala. Kontsumoaren jaitsierak urre zuria baztertzea ekarri zuen Jaitzeko ibar diapirikoan. «Errepideetako elurra urtzeko baino ez zuten erabiltzen», esan zuten Jaitzeko azokan.

Ur gazitan blai

Zorionez, gatza biziaren bizigarri baita, betidanik etenik ezagutu ez duen produkzio xumeari merezitako bultzada egitea otu zitzaien herritarrei. Gaur egun, bi familiak jarduten dute Salado errekaren ondoko larrainetan. Familia biek, jarraikitasunezko elkarlanak gidaturik, gatzen kabiarra moda-modan jartzea ahalbidetu dute. Eskuz eginiko gatz produkzioa gora doa, eta kalitate goreneko gatza merkatuan jarri dute. Eskualdeko ezaugarri geologikoak eta lan egiteko era direla eta, bertako gatz ekologikoa gero eta ezagunagoa da.

Argazki Bisita gidatuak antolatzen dira gatzari gorazarre egiten zaion egunean

Gatza apalean dekantatzen utzi gabe eta disoluzioan daraman sodio kloruroa kristalizatzen hasi bezain pronto, uki leuneko lore gatzdun apartak jasotzen dituzte artisau nekaezinek, tentu handiz, arrantzan arituko balira bezala. Gatzagan diharduen sustatzaileetako batek Jaitzeko jardunaldi gastronomikoak baliatu ohi ditu produkzioaren berri emateko: «Gatz on batek gazitzeaz haratagoko lana bete behar luke, derrigor; produktuaren beraren ezaugarriak indartu, alegia».

Gatzari gorazarre egitearen kariaz, Jaitz herrira bertaratu behar da uztailaren azken igandean. Gatz-apalak dauden tokiraino iriste aldera, ofitazko harrobi zaharraren aurreko terrazetan autoa lagatzea gomendio egiten dute antolatzaileek. Hala, erromesen antzera, bisitariak ur gaziko bainuak egiteko lekuraino iristen dira. Ur gazia dioen seinalearen atzean, pedilubioa prestaturik dago. Eguna berotu ahala, asko animatzen dira joan-etorriak egitera. Toalla eta zapatilak belartzan lagata, gazte ausartenek sartu-irtenak egiten dituzte 300 gramo litroko gatz kontzentrazioa duen igerilekuan. Trebakuntza txundigarria, benetan!

Egun osoan zehar bisita gidatuak antolatzen dira euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez. Jaitzeko diapiroaren jatorriaz eta erreka gaziaren nondik norakoez jabetzeko, biziki interesgarriak izaten dira. Gastronomia goraipatzeko ere jarduerak antolatzen dira; jatetxe sonatuetako hainbat aditu gonbidatzen dira urtero. Plater ederren inguruko iruzkinak egin, eta mokadu goxoak prestatzen dituzte.

 

Jaitzeko azokan, pedilubioan ibiltzeko aukera dago

Esparatz mendiko itzulia

Gatzaren azoka aprobetxatuz, ibiltariak aukera du gatzagatik bertatik abiatuta mendi-itzuli eder bat osatzeko. Esparatz tontor sonatua gertu baitago, haraino joatea gomendagarria da. Itzuleran, ordea, San Jeronimo baseliza eta harizti ederra bisitatzeko aukera du ibiltariak.

Gatzagan hasiz gero, errekan behera egin behar dira lehen urratsak. Zubira heldutakoan, ezkerrera jo eta Aranzelaiko sakanean gora egin behar da. Jaitz herrian bertan hasi nahi izanez gero, haatik, herriko iturri eta latsarria dauden lekuan ematen zaio hasiera ibilbideari. Hala, errepidean behera metro batzuk eginda, maldan behera egin behar da 6 zenbakidun etxe parean. Eskuinera doan errotarako bidea lagata, bide nagusiari jaramon egin behar zaio, begi bakarreko zubi erromanikora iritsi arte.

Zubia gurutzatu, eta eskuinera okertzen da Arizdia bidean. Bat egin da hor gatzagatik datorren bidearekin. Lehen bidebanatzean, ezkerrera jo eta Aranzelai sakanean gora egiten da. Artadiaz gozatzen hasita, gora doan bide zabala laga eta eskuinetik jarraitzen du ibiltariak, hots, errekaren hurbilen doan bidetik.

 

 

Bisitariak gatzagan ibiltzeko aukera izango du.

 

Aurrez aurre, Haitz Handiaren kareharrizko hormatzarrak daude. Atentzioa ematen dute haien artetik maisuki hegan aritzen diren arrano eta sai arreek. Artadia atzean utzirik, panoramika zabaldu eta harrizko horma tentagarriak bistan daude. Bietako txikiena gaztelu menderaezin baten moldean dago, Matterhorn mendiaren antzera. Haitz Txikitara hurbiltzen hasita, Ollakarizketa bideak eskuinera egiten du une batez. Aranzelai sakana zeharkatu, eta, ehiztarientzako aparkalekuaren ondoan, hesi bat gurutzatzen da. Gero, ezkerrera doan bidexkari men egiten zaio. Artadi trinkotik irtendakoan, belardi ttipi batera iristen da. Bertako edanlekuan, eskuinera egin eta iturbururaino igotzen da. Gero, Haitz Txikitari bizkar emanda, aldatsean gora jarraitzen da ezpela, nazarenoak eta arte xumeak gogaide.

Behin lepoan, ezkerretik doan xendaren ondoan jarraitu eta, burdinazko langara iritsita, Esparatz tontorrera igotzeko aukera dago. Tontorrera igotzeko, nahikoa da hesiaren ondoko zidorrari jarraitzea. Ibilian 25 minutu inguru eman behar dira balkoi panoramikora iristeko. Allotz urtegia bete-betean harrapatzen da gainaldetik, baita Estellerria eta Iruñeko eskualdea inguratzen dituzten hainbat mendigune ere.

 

Uztaileko azken igandean ospatzen da Jaitzeko Gatzaren Azoka.

 

Ikuspegiez aski aseta, burdinazko ate metalikora jaitsi behar da igoeran eginiko bide beretik. Gero, ezkerretik jarraitu eta, bihurgunean, behera doan bide zabalari ekin behar zaio. Sigi-saga hariztian barrena, ostera ederra egiten da orain. Oroko bordara iristean, eskumatik jarraitu eta San Jeronimo baselizarako bideari jaramon egiten zaio. Behin tenpluan, zaindarien behialako bizilekura irits daiteke, hilarri txiki baten ondoan abiarazten den bidexkari segika. Haitzulo txikia da, eta barruan Lourdes birjinaren ikonoa ikus daiteke harriari ongi atxikita.

Behera egiten duen basabideari jarraitzen zaio Haitz Handiko mazela korrituz. Basoaren atarian alanbre bat zeharkatu ondoren, erkameztian barrena segitzen da. Salado errekarekin bat egitean, eskuinera egin eta, zubi erromanikora iritsita, aukera dago herrira igotzeko edota gatzaren azokarekin bat egiteko.

Hasierara