berria Udako Serieak

Urrutiko ortzimuga

Mikel Rodriguez

Mikel Rodriguez

Kosovo

Kosovoko agintariek herrialdea Europako Batasunean sartzea dute helburu, baina EBko bortz kidek ez dute onartzen estatu independente gisa. Hortaz, guztiz itxita dauka bidea.

Duela hilabete, ekainaren 28an, serbiarrek Kosovoko Guduaren 629. urteurrena oroitu zuten. Ehunka lagun elkartu ziren Gazimestan monumentuan, Kosovoko Pristina hiriburutik gertu, San Vito eguneko ekitaldi erlijiosoak eta oroimen nazionala uztartzen dituen zeremonia ospatzera. Serbiako Erresumak Otomandar Inperioaren aurka galdu zuen bataila egun horrekin, eta horrek Europa inbaditzeko ateak are zabalduago utzi zizkien turkiarrei. Serbiarren izaera nazionalarentzat berebiziko garrantzia duen gertakaria da, eta 1913an, Serbiako Erresumak Kosovo berreskuratu zuenean, serbiarrek sentitu zuten galdutako historia berreskuratu zutela. Gaur egungo errealitatea, ordea, guztiz bertzelakoa da. Kosovok aurten hamar urte bete ditu errepublika independente gisa, eta gehiengo albaniarrak bozkatutako ordezkariek agintzen dute. EB Europako Batasunean sartzea dute ortzimugan ordezkari horiek, nahiz eta helburuak urrutikoa dirudien oraingoz, konpontzeko baitu Mendebaldeko Balkanetako bertze estatuek ez duten oinarrizko arazo bat: bere independentziaren onarpena nazioartean.

EBko bortz estatuk ez dute onartzen Kosovoren independentzia, eta, Rok Zupancic doktorearen ustez, «etorkizun hurbilean ez da espero EBra batzeko oniritzia emanen diotenik». Zupancicen iritziz, Kosovoren etorkizuna «etsigarria» da bide horretan. «Oraindik zailagoa ere bihur liteke, Serbiak EBrekin bat egiten badu Kosovok baino lehen, eta errealistagoa da hori gertatzea. Kasu horretan, are urrutiago geldituko litzateke Kosovok EBn duen etorkizuna».

Austriako Graz Unibertsitateko Europa Hego-ekialdeko Ikerketetarako Zentroko ikerlaria da Zupancic, eta Marie Curie Ekintzako ikerlaria ere bada —EBk bultzatutako ikerlari elkartekoa—. Kosovoko auzia eta herrialde horrek EBrekin duen harremana du ikergaietako bat. Zupancicek nabarmendu du EBko bortz estatu horiek Kosovori ezarri dioten betoak ez duela zerikusirik «zehazki herrialde horrekin», jarrera hori beren barne politikarengatik hartu dutela. Espainia, Errumania, Eslovakia, Grezia eta Zipre dira herrialde horiek. Kosovok alde bakarrez aldarrikatu zuen independentzia, Serbiarekin adostasunik egin gabe, eta EBko estatu horiek beldur dira hori eredu izan ote litekeen haien mugen barrenean dituzten mugimendu independentistentzat eta lurraldetasun auzientzat.

Hala ere, blokeo horrek ez zuen eragotzi EBk Kosovo gonbidatzea joan den maiatzean Sofian Mendebaldeko Balkanetako estatuekin egin zuten bilkurara. Serbia ere han izan zen, eta ez zuen eragozpenik paratu. Gatazkaren parte den herrialdeak baino jarrera gogorragoa hartu zuen Espainiak, Mariano Rajoy orduko presidenteak uko egin baitzion bilkuran parte hartzeari, Kosovoren presentziarengatik. Kosovoko agintariak saiatu ziren Espainiakoak limurtzen, bertzeak bertze, Kataluniako mugimendu independentistatik aldenduta. «Ez genuke inoiz onartuko Kataluniaren independentzia», adierazi zion Ramush Haradinaj lehen ministroak Espainiako El Pais egunkariari, Sofiako bilkura baino aste batzuk lehenago. «Kosovok eta Kataluniak ez dute deusen antzik, eta zentzugabekeria da analogiaren bat ezartzea». Solas horiek, ordea, ez dute inolako eraginik izan Madrilen jarreran.

 


Hashim Thaci Kosovoko presidentea (ezkerretik bigarrena) eta Aleksandar Vucic Serbiakoa (eskuinetik lehenengoa) Angela Merkel Alemaniako kantzilerrarekin, joan den maiatzean, EBk Mendebaldeko Balkanetako herrialdeekin antolatu zuen goi bileran, Sofian. (VASSIL DONEV, POOL)

Elkarrizketa Serbiarekin

EBko estatu guztien onarpena lortzeko, Kosovorentzat beharrezkoa da Serbiaren onarpena lortzea, baina horrek, gaurkoz, hagitz zaila dirudi. EBk elkarrizketa prozesu batean sarrarazi ditu bi estatuak. Joan den astean elkartu ziren azkenekoz Aleksandar Vucic Serbiako presidentea eta Hashim Thaci Kosovokoa Bruselan, Federica Mogherini EBren diplomazia arduradunaren bitartekaritzarekin. Ez zuten inolako aurrerapausorik egin; Thacik Vucici errepikatu zion Serbiak Kosovoren independentzia onartu behar duela, eta Vucicek hori ez dutela eginen erantzun zion bertze behin. Irailerako egin dute hurrengo hitzordua. EBk «harreman normalak» ezartzea paratu die baldintzatzat batasunean sartzeko prozesua egin nahi badute.

«Espero dena da EBk, eta zehazki Mogherinik, Serbiari eta Kosovori presio eginen diela nolabaiteko konpromiso bat har dezaten», erran du Zupancicek. Ikertzaileak oroitarazi du gaur egungo Europako Batzordeak heldu den urtean bukatuko duela agintaldia, eta uste du Mogherinik «zerbait» lortu nahi duela haren oinordekotza pertsonal gisa oroitzeko, «Pristinak eta Belgradek egin zuten Bruselako Hitzarmena Catherine Ashtonentzat izan zen bezala 2013an». Ashton EBren diplomazia arduraduna zenean hamabortz puntuko agiri bat sinatu zuten bi gobernuek, baina ez zuten berretsi, eta ez da indarrean sartu. Hortaz, bi aldeen marra gorriak hain argiak izanik, zaila dirudi irudikatzea zer-nolako akordioa egin dezaketen bai bi herrialdeak, bai Brusela kontent uzteko.

Mendebaldeko Balkanetan Serbiak bete ditu baldintza gehien EBn sartu ahal izateko, baina Kosovorekin akordio bat egin behar izateak hagitz ataka zailean paratu du. Serbiar nazioaren ideiaren esentzian dago Kosovo, eta, 1998-1999ko gerratik lurralde horren kontrola galduta badauka ere, Belgradek bere agintepeko probintziatzat hartzen du, modu sinbolikoan bada ere. Gainera, gerraren ondorioz Kosovoko dozenaka milaka serbiarrek ihes egin bazuten ere —UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren arabera, 2009an 205.000 errefuxiatu zeuden izen emanda Serbian—, gaur egun Kosovoko herritarren %7-10 artean dira serbiarrak, eta udalerri batzuetan, nagusiki iparraldean, gehiengoa dira. Horien gehiengoak ez du errepublika independentearen zati izan nahi, eta estatu berriak zailtasun nabariak ditu udalerri horiek integratzeko.


Marko Djuric Serbiako Gobernuaren Kosovorako arduraduna Kosovoko indar armatuen ibilgailu batean atxilo, joan den martxoan. Pristinako agintarien debekuari jaramonik egin gabe sartu zen herrialdean. (VALDRIN XHEMAJ, Efe)

«Solas egin dudan serbiar gehienak hagitz kritiko agertu zaizkit Belgradek Kosovon egiten dien patroi lanarekin», erran du Zupancicek. «Bertzalde, badakite haien patua eztabaidagai denean Belgrad dela Pristinaren eta EBren aitzinean balantza orekatu dezakeen eragile bakarra». Graz Unibertsitateko ikerlariak azaldu duenez, herritar serbiarrek uste dute haien egoeraren gaineko «negoziazio estrategikoetan baztertuta» daudela. «Kosovoko elite politiko serbiarra, hala dei badiezaiokegu, ez da eragile independente bat. Serbiako presidentearen [Vucicen] besoaren luzapen bat baino ez da. Ez dute deus egiten haren oniritzirik gabe».

Gutxiengo serbiarraren estatusa babesteko mahai gainean dagoen proposamena da Udalerri Serbiarren Erkidegoa izeneko egitura autonomo bat sortzea. 2013ko hitzarmenean bildu zuten, baina ez da indarrean sartu.

Azken urteotan modu ikusgarrian hazi den alderdi batek, ordea, ez du serbiarren egitura autonomorik onartu nahi. VV Vetevendosje (autodeterminazioa, albanieraz) da alderdi hori. Kosovok Albaniarekin bat egitea defendatzen du VVk, eta Mendebaldeak duen eraginarekin hagitz kritikoa da. Iazko parlamenturako hauteskundeetan bigarren indarra izan zen, botoen %27rekin —PDK Kosovoko Alderdi Demokratikotik bortz puntura—, eta Pristinan alkatetza dauka. Gerraren ondoren agintean ezarri zen elitearen aurkako diskurtsoak eta karrikako mobilizazioek egin dute azkar VV.

Vetevendosje eta Brusela

Zupancicen ustez, alderdi «interesgarria» da VV. «Haren politika eta jarduteko modu anitzekin ez nago ados —parlamentuan negar egiteko gasa jaurtitzearekin eta halakoekin, errate baterako—, baina uste dut eragile garrantzitsu bat dela gutxienez gardentasun pixka bat emateko Kosovoko prozesu demokratikoei, VVren ordezkariek elite politikoaren behatzaile bezala jarduten baitute, eta oker dezente argitara ateratzen baitituzte». Zupancicek uste du EBk VV «baztertu» egiten duela, Bruselak Kosovon duen rolarekin kritikoa delako. «Ez da politika zuhurra EBrena. VVk defendatzen dituen politikak defendatzen dituela ere, hautesleen artean nahiko babes handia du, eta Kosovoko albaniar anitzen sentimenduak ordezkatzen ditu».

Vetevendosje alderdiko diputatu bat negar eragiteko gasa jaurtitzen parlamentuan, joan den martxoan, Montenegrorekin sinatu zen mugen inguruko akordioarengatik protesta egiteko.

 


Tentsio etnikoez eta eztabaida politikoez gain, ordea, Kosovok zailtasun nabarmenak ditu estatu gisa funtzionatzeko. «Ustelkeriaren aurkako borroka eta sistema judizialaren gabeziak dira segur aski Kosovoren bi arazo inportanteenetakoak», azaldu du Zupancicek. «Kosovok etorkizun hurbilean EBrekin bat egiteko aukera balu, teorikoki elite politikoak herritarren presio handiagoa sentituko luke beharrezko hobekuntzak egiteko. Baina EBk ez duenez eskura deus eskaintzeko, orain boterean daudenek ez dute interesik erreformak egiteko. Ez genuke ahantzi behar Kosovon hagitz jende gutxik onurak lortzen dituela ur nahasietan, eta erreformak indarrean bazeuden, hori ez zatekeen hala izanen».

Kosovo.

1913. Serbiako Erresumak Kosovo berreskuratu zuen, bost menderen ondoren. Ordurako, baziren ehunka urte lurraldeko herritar gehienak albaniarrak zirela.

1941. Alemaniak eta haren aliatuek Jugoslaviako Erresuma inbaditu zuten, eta Kosovo gehiena Albaniaren esku utzi zuten (Italiaren kontrolpean).

1945. Josip Broz Tito-k zuzentzen zituen partisanoek Jugoslavia osoa askatu zuten.

1946. Kosovo Serbiako eskualde autonomo izendatu zuten, Jugoslaviako Errepublika Sozialista Federalean.

1974. Konstituzio berriarekin, Kosovok autonomia zabala lortu zuen Serbiaren barnean.

1981. Ikasle albaniarrek mobilizazioak hasi zituzten Kosovo Jugoslaviako errepublikatzat aldarrikatzeko. Tentsio etnikoa hazten hasi zen.

1987. Slobodan Milosevic Serbiako Komunisten Ligako presidenteak Kosovon salatu zuen probintziako agintari albaniarrek serbiarrak diskriminatzen zituztela, eta autonomia murriztea defendatu zuen. Tentsio etnikoa areagotu zen.

1990. Serbiako Errepublikan konstituzio berri bat sartu zen indarrean, eta Kosovori zeharo murriztu zion autonomia.

1991. LDK Kosovoko Liga Demokratikoak Serbiari desobedientzia egiteko kanpaina bat hasi zuen.

1996. UCK Kosovo Askatzeko Armadak erasoak hasi zituen.

1998. Serbiako Poliziak eta Jugoslaviako armadak operazio bat hasi zuten Kosovo kontrolpean hartzeko. Gerra hasi zen.

1999. Martxoan NATOk bonbardaketak hasi zituen Jugoslaviaren aurka. Belgradek indar guztiak erretiratu, eta onartu zuen Kosovo NBEren administraziopean uztea. 13.000 lagun inguru hil zituzten gerran, horietako 8.000 inguru zibil albaniarrak.

2006. Kosovoren estatusaren negoziazioak hasi ziren.

2008. Kosovoko Gobernuak negoziazioak bukatutzat eman, eta parlamentuak independentzia aldarrikatu zuen.

2013. Serbiak eta Kosovok alde biko harremanak izateko akordioa egin zuten, EBren bitartekaritzarekin.

2015. EBk eta Kosovok elkartze eta egonkortze akordioa sinatu zuten.

2018. EBk Serbiaren eta Kosovoren artean sustatutako elkarrizketak «azken fasean» sartu ziren. NBEko 193 estatutatik, 113k onartua zuten Kosovoren independentzia.

Hasierara