berria Udako Serieak

Soldadu jantzita ere bai

Arantxa Iraola

Arantxa Iraola

Alardeak

Irunen eta Hondarribian aldarri parekideek sorrarazitako liskarren itzalak estali egin ditu asaldurarik gabe aro berrietara egokitu diren hainbat arma desfile.

Gordina da oraindik Irunen eta Hondarribian (Gipuzkoa) alarde parekideen aldeko urratsen ondorioz sortutako gatazka, piztu zenetik bi hamarraldi baino gehiago igaro diren arren. Lehengo hilean bertan argi ikusi zen, Irungo alarde baztertzaileko buruek desfileari buruzko balorazioa plazaratzeko idatzi zuten oharrean —ekainaren 30ean izan zen, usadioak agintzen duen eran—: arbuioz mintzatu ziren desfile parekideaz, zubirik eraikitzeko batere asmorik gabe. Ohi dutenez, andreak soldadu onartzen dituen desfilea «manifestazio» bat izatea deitoratu zuten, eta irmo kritikatu zituzten jasotzen dituen diru laguntzak eta babes keinuak: «Lotsagarria da, eskandalu bat». Hondarribian oraindik ere nabarmenagoak dira gatazkaren ondorioak: tradizioaren defentsan ari direla diotenek plastiko beltz bat zabaltzen dute andrazkoak soldadu onartzen dituen konpainiari mespretxua erakusteko.

Emakumeak soldadu, Sanjoanetan, artxiboko irudi batean. / Juan Carlos Ruiz, Foku.

Gatazka horien gordintasunak ezkutuan laga ditu Euskal Herriko beste hainbat arma desfiletan ondo bidean konpondu diren hainbat prozesu. Baina izan, badira: arrakastatsuak, gainera. Garai bateko desfile militarren eta armadunen desfile folklorikoen arrastoak dira alardeak, iraganeko bizipenetan oinarritutako ospakizunak; bizirik daude, ordea, hainbat tokitan, eraberritu ondoren ere.

Elorrioko errebonbiloen artean, andrazkoak. Monika del valle, Foku.

Tolosa (Gipuzkoa) hortxe dago, adibiderako. Sanjoanetan egiten den alardean gizonak besterik ez ziren ateratzen orain hiru hamarraldira arte, elkarte gastronomikoen abaroan horietako asko. Baina emakumeek gaia mahai gainean jarri zuten: andrazkoen konpainia bat sortzea proposatu zuten, eta aparteko eragozpenik gabe egin dute ordutik bidea jai horretan. Gipuzkoan bertan, Antzuolan, zuztar sakonak ditu urtero herriko jaietan egiten duten alardeak ere: 920. urtean, ustez, Valdejunqueran (Nafarroa) antzuolarrek mairuen kontra izandako borroka «aitzakia hartuta» egindako erritu bat dela esplikatzen dute antolatzaileek. Duela hamar urtetik dute andrazkoek bertan desfilatzeko era. Bizkaian, Elorrion, errebonbiloen desfilea da etxe gehienetan armak izaten ziren garai urrun hartako lekukoa; urriko lehen igandean izaten da. Desfilatzen dute han ere emakumezkoek. Joan den hamarraldian hasi ziren; entseguetara joaten hasi ziren, eta inork ez zien aterik itxi.

 

Mairuaren alardea, artxiboko irudi batean. / Idoia Zabaleta, Foku.

 

Antzuolako eredua: tradizioa, soin berriz

Orain hamar urte eraberritu zuten alardea Antzuolan: mairuen ordezkari irteten den pertsonaiari duintasuna ematea izan zen aldaketaren ondorioetako bat. Emakumeak hartzea, beste bat.

Eskarmentua badu Margaret Bullen antropologoak hainbat usadioren gaineko ikerketetan, eta aztertua du, besteak beste, Irungo  eta Hondarribiko alardeen auzia. Aintzakotzat hartzeko adibide gisara, kuttunenen artean, Antzuolako alardea (Gipuzkoa) aipatzea gustatzen zaio. Eusko Ikaskuntzak eskatuta, propio aztertu zuen tradizio hori, Xabier Kerexeta historiagilearekin batera. Antzuolako Udalak sustatutako ikerketa bat izan zen, 2006an martxan ipinitakoa. Jaiarekiko atxikimendua behera ari zela antzemana zuten, eta zer gertatzen ari zen aztertzea zen asmoa.

Herrian usadioari buruzko iritziak eta sentimenduak jasotzeko galdezka ibiltzea egokitu zitzaion orduan Bulleni, eta adierazi du berehala igarri zuela alardeak zenbait herritarren artean deserosotasuna eragiten zuela. Pentsatzekoa da jaiaren izaera gerrazalearekin estu lotuta zegoela hori. Izan ere, desfile militarra da ikuskizunaren parte garrantzitsu bat; hain justu, mairuaren alardea izenarekin ezagun egindakoa: «Moruaren gerra esan izan diogu herrian», adierazi du Antzuolako alkate Beñardo Kortabarriak.

Garai batean, hain zuzen ere, mairuen ordezkari irteten den pertsonaia herriko soldaduen gidariaren aurrean nola «umiliatzen» zen erakustea izaten zen tradizio haren helburuetako bat —buruzagia eta mairua; horiek dira Antzuolako alardeko rol nagusiak, halaxe deituak—. Mairuaren irudia bera, «modu ez-duin batean» aurkezten zela adierazi du Bullenek: «Esaterako, agertzen zen oso-oso beltz; betunarekin beltzatuta». Asto gainean eramaten zuten, zarpail; turbantea kendu, eta zapaldu ere egiten zitzaion sasoi batean. Ikerketa egin ostean, ordea, eztabaida prozesu bat jarri zen abian, eta, orain hamar urtetik hona, eraberritutako usadioa da. «Lehendik ere izan zituen hainbat moldaketa», zehaztu du alkateak; adibidez, euskara txertatu zen 80ko hamarraldian.

«Zenbaiten kezka zen gehiegi aldatuko zela; besteona, lehengoan geratuko zela. Gai izan ginen ados jartzeko»

Pilar Etxaniz. Antzuolako Alardea elkarteko kidea

Tradizioarekin iraganean deseroso sentitzen zen herritar horietako bat da Pilar Etxaniz. Ez du ukatzen: «Zeharo kontra nengoen. Txikitan, tradizioa zenez, joaten nintzen alardea ikustera; baina geroago, gauzen kontzientzia hartzen nindoan neurrian, pentsatzen nuen hor erakusten ziren balioak ez zirela oso positiboak; ez bakarrik genero aldetik, gizonak bakarrik agertzen zirelako, baita ere zeukan gerrazaletasunarengatik, eta kultur artekotasuna ulertzeko moduarengatik; mairuak ordezkatzen zuen kultura gutxiagotu egiten zen».

«Ematen zen mezua zen esateko: ‘Guk irabazi dugu gerra, eta orain txiki-txiki egingo zaituztegu’»

Beñardo Kortaberria. Antzuolako alkatea

Beñardo Kortabarriak ere oroitzen ditu, behin hazita, zalantzak jai haren inguruan. «Izan ere, mezu bat ematen zen: ‘Guk irabazi dugu gerra, eta orain txiki-txiki egingo zaituztegu. Gu gara jaun eta jabe’. Kristauak mairuen kontra». Soldadutzarako edadea zuten kintoei egiten zitzaien desfilerako deia, soilik mutilei, eta usadio zahar hura berritzeak «ilusioa» ere sorrarazten zuela onartu du: zuztar sakonak baititu jaiak herrian. Lander Dominguez da gaur egun alardeko buruzagia; aurten bete du lehen aldiz rol hori. Igaro zuen hark ere jaiaren inguruko aro «kritiko» bat. 2009ko eraldaketaren ostean, ordea, «atxikimendu» hura berriz sentitu zuela esan du: «Nire partetik hala izan zen; jende askori ere horixe gertatu zaiola esango nuke».

Zalantzak

Jaiaren eraberritze prozesuaren harira, dudak bazirela onartu du Etxanizek. «Zenbaiten kezka zen gehiegi aldatuko zela, eta nolabaiteko inauteri bihurtuko zela; besteona, itxura aldatu, eta lehengoan geratuko zela. Baina gai izan ginen ados jartzeko eta aldaketak egiteko». Aparteko hausturarik ez zuen eragin moldaketak herrian; kritika ozenik ere ez. Kontrara, zubiak eraiki ziren, aurretik pentsatu ere egin ezin zirenak: Pilar Etxaniz bera alardeaz arduratzen den elkarteko kideetako bat da gaur egun: «Behin aldaketa egin eta gero, egon behar nuela iruditu zitzaidan».

Gaur egun, itxura dotoreagoa du mairuaren pertsonaiak, eta laguntzaile talde bat darama ondoan. Ikuskizunean esaten diren hitzetan ere, aldaketa: agerikoa. «Garai batean esaten ziren hitzak gerraren erabateko apologia ziren; leundu egin dira. Eta elkarrizketa bat sartu da buruzagiaren eta mairuren artean: elkarren aitortza bat egiten dute, eta konpromisoa hartzen dute elkarri ez eraso egiteko, elkar errespetatzeko. Horren ostean, bostekoa ematen diote elkarri. Gatazka tratatzeko beste era bat da», azaldu du Etxanizek. Armekin desfilatzen duen konpainia bat irteten da alardean —gerrako hainbat rol betetzen dituzte: fusilariak, gastadoreak, artillariak...—, baina beste partaide mota asko ere baditu: abesbatza, txistulariak, dantzariak.... Eta ez dute inolako dudarik Antzuolan: eszenaratze aldetik, tradizioa «ikusgarriagoa» da gaur egun.

Parekidetasunera

«Emakumeek propio inoiz ez dute izan desfilatzeko debekurik», adierazi du Etxanizek. «Baina gizonen kontu bat zen». Behin aldaketa prozesuan sartuta, parekidetasunaren aldeko urratsa egin zuten: aparteko eragozpenik gabe. «Nahi zuenak nahi zuen eran parte hartzea zen helburua». Eta sustatu ere egin zen zenbait emakumek pare hartzea. Ez dago, ordea, deus finkatuta. «Urte batean, esaterako, akaso kanoiak eramaten badoa andre bat, eta hurrengo urtean ez... Baina geure buruan badago parekidetasuna». Bai armekin desfilatzeko orduan; baita alardeko gainerako partaideetan ere.

Hasierara