berria Udako Serieak

Ontzi txikian arraun

Aitor Biain - Edu Lartzanguren

Piraguismoa

Piraguan ibiltzeko aukera ugari daude Euskal Herrian: itsasoan, ibaietan eta urtegietan. Esperientzia desberdina da tokiaren arabera, baina edonor
ibil daiteke, eta edonon.

Uribarri Ganboako (Araba) Landako hondartzan jende asko pilatu ohi da udako egun eguzkitsu eta beroetan. Gasteiztik ordu laurden eskasera dago urtegia, eta bainatzeko leku «paregabea» da, Migel Angel Bernalte Pumu Inguruabenturako kidearen esanetan. Itsasoan baino epelago egon ohi da ura normalean, baina barnealdeko beroari ihes egiteko toki aproposa da askorentzat. Hainbat kirol praktikatu daitezke urtegiaren bueltan, eta nola ez, baita uretan bertan ere. Piraguismoa da horietako bat.

Bainurako ez ezik, piraguan ibiltzeko ere toki «perfektua» da urtegia, Pumuk azpimarratu duenez. «Oso desberdina da piraguan urtegian, itsasoan ala ibaian ibiltzea. Eta oso desberdinak dira toki bakoitzean aintzat hartu beharrekoak». Ura bare-bare egoten da urtegian, itsasoan ez bezala, eta, beraz, arraunlariak ez du olatuez kezkatu beharrik. Ibaian, aldiz, harriak egon daitezke, eta ur emaria ere kontuan hartu beharrekoa da. Urtegian ere egon daitezke arriskuak, baina «nabarmen txikiagoak» dira haiek eragin ditzaketen ondorioak.

Ekainetik urrira bitarte alokatzen dituzte piraguak Inguruabenturako kideek Uribarri Ganboako urtegian. Landako hondartzan bertan aloka daitezke, egunean bertan; baita aurrez telefonoz ere. Bakarka zein binaka aritu daiteke. «Bada arrantza egitera etortzen denik ere. Piragua bat alokatzen dute, eta orduak ematen dituzte urtegian zerbait harrapatu artean». Izan ere, naturgune aberatsa da urtegia. Arraun surfa ere egin daiteke.

Goizeko hamaiketan, lauzpabost lagun baino ez daude hondartzan. Eguna triste samar esnatu da, eta eguzkiari kostatzen ari zaio lainoen artean zuloa egitea. Goizegi da, agian, bainu baterako. Tenperatura, aldiz, goxoa da: 20 graduren bueltan ibiliko dira termometroak. Haizerik ere ez dabil. «Egun on! Esnatu gara?» galdetu dio Pumuk gaztetxo talde bati. Donostiako Alde Zaharreko aisialdi taldeko gazteak dira, eta goiza urtegian igaroko dute, ur kirolez disfrutatzen. «Uretan esnatuko gara orain, ez kezkatu!», erantzun die begiraleak.

Gazte batzuk Uribarri Ganboako urtegian piraguismoa egiten./ Endika Portillo, Foku

Bi taldetan banatu dira: talde bat piraguan ibiliko da lehenbizi, eta besteak arraun surfa egingo du; aldaketa egingo dute ondoren. Salbamendu jakak banatu dituzte segidan, eta azalpenak ematen hasi da begiralea. Nola arraun egin behar den azaldu du aurrena, eta kontuan hartu beharrekoak zerrendatu ditu ondoren. «Pisu handiena duena atzean eser dadila, eta bestea, aurrean. Atzekoak aurrekoari kopiatu behar dio, elkarrekin egin behar baita arraun». Salbamendu jakak ongi jarriak dituztela ziurtatu dute berriz, eta uretara sartu aurretik beste ohar bat gogorarazi die Pumuk gaztetxoei: «Eguzkitako krema eman, ez ahaztu!».

Urtegiaren erdigunerantz abiatu da taldea, Zuhatzako irlarantz, lasai-lasai. «Edonork egiteko kirola da hau; ez da abilezia berezirik behar», adierazi du Pumuk. «Gainera, urtegiaren ezaugarriak oso aproposak dira piraguan ibiltzeko. Zeharkaldi lasai batez disfruta dezakezu hemen; ingurugiroaz eta paisaia ederrez gozatzeko aukera dago». Norberaren egoera fisikoaren eta nahiaren arabera moldatu daiteke ibilbidea, gainera. «Goizeko lasaitasunean arraun egitea baino une magikorik ez dago», erantsi du.

Irlara gerturatu aurretik, eskuinetara begiratuta Gorbeiaren tontorra ikus daiteke. Behin uhartea pasatuta, Uribarri Ganboa herriaren parean, kosta egiten da arraun egitea, ur-lasterren eraginez. «Urtegiaren erdian gaude, eta nabari da hori. Aurten, gainera, ur asko dago», azaldu du Pumuk. Urek ez zuten Uribarri Ganboako herria harrapatu urtegia egin zutenean; Landakoa, aldiz, bai. Gasteizko Klub Nautikoa ere herriaren alboan dago. Belaontzi pare bat baino ez daude egun han. «Urtegian debekatuta baitago motorrezko ontziekin ibiltzea». Urteek aurrera egin ahala, ordea, gero eta gutxiago dira, begiralearen esanetan.

Itzulerako bidea hartu du taldeak. Ibilbidearen zatirik «zailena» da, Pumuren hitzetan, nekea nabaritzen baita besoetan, eta haizeak ere arraun egitea zaildu baitezake; «iparraldetik jotzen duenean, batez ere». Gazteek ez dute arazorik izan, halere. Piraguatik salto egin eta bainua hartzeko parada ere izan dute tartean. Zerua ere argitu da. Eta Landako hondartza bete egin da taldea iritsi denerako.

Mikel Razkin piraguista./ Marisol Ramirez, Foku

 

 

Urdaibai. Piraguan, biosferaren erreserba batean

 

Mikel Razkin ibaietako piraguista izan da gaztetatik, eta 25 urte daramatza Ibarrangeluko (Bizkaia) Laida hondartzan, Urdaibaiko Biosferaren Erreserban arraunean ibiltzeko bideak eskaintzen. «Erreserba izanik, kontuan hartu behar dira txorien migrazio garaiak», esan du Razkinek. Batez ere irailean eta urrian hegaztiak ez molestatzea da kontua, «baina ez dago beste oztoporik».
Bi aukera ematen dituzte Razkinen Laida Kanoak zerbitzuan: Laidatik abiatu eta Laidan amaitu ibilbidea, hori da bat. «Nondik nora joan behar duten esaten diegu piraguistei, non igarriko duten ur-laster gutxiena, eta segurtasunaren inguruko jarraibideak ematen dizkiegu». Beste ibilbidea, berriz, Udaibai jaistea edo igotzea da. Bi padura daude inguruan, kanalaren ondokoa —handiena— eta San Antongoa. Handienean egitasmo bat dago martin arrantzale hegazti kolonia berreskuratzeko, eta Urdaibai Bird Centerrekoek ez pasatzeko kartelak jarri dituzte. «Guk gauza bera esaten diegu piraguistei».

Bidasoa ibaian hainbatetan utzi behar izan dituzte bertan behera piragua estropadak, ur ondoko paduretan antzarek habia egina zutelako. Antzarek bortitz egiten dute piraguisten kontra, horiek habietatik gertu pasatzen sentitzean. Razkinen arabera, Laida inguruan ez da halakorik gertatzen, han ez dituztelako habiak egiten, baizik eta Afrikarako bidean atsedena hartzen. «Izaron bai, han erasokor ibiltzen dira, habiengatik».

Piragua kirol segurua dela esaten du Razkinek, eta 25 urtean ez dutela inoiz ezbeharrik izan. «Behin parte bat egin behar izan genuen aseguruan, batek hankako hatz txikia apurtu zuelako piraguatik lehorreratzean. Hori besterik ez, 25 urtean».

Neguan itxi egiten du Razkinek. Aste Santutik Domu Santu egunera arte dute zabalik zerbitzua.

Udan «giri» asko izaten dituela adierazi du, baina, gainerako garaietan, Euskal Herriko jendea edukitzen du bezero. «Familia asko etortzen dira, eta taldeak».

Mugitzeko zailtasunak dituztenek ere egin dezakete piraguismoa./ Jon Urbe, Foku

 

 

Hondarribia. Piragua egokituaren onurak

 

Irati Fernandez Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioko teknikaria da eta, udan, oztoporik gabeko bainuen zerbitzua koordinatzen du. Elbarriei eta mugitzeko zailtasunak dituztenei uraz gozatzeko aukera ematen diete, baita piraguaz ibiltzekoa ere, Piraguismoko Federazioarekin elkarlanean. Horretan trebaturiko begiraleekin aritzen dira Donostiako Kontxa hondartzan, eta Hondarribian (Gipuzkoa).

«Piragua arruntak dira, baina askotan bi lagunentzako piraguak erabiltzen ditugu», azaldu du teknikariak. Aulki berezi bat jartzen diete erabiltzaileei, «enborra ondo finkatuta eta orekatuta eramateko». Erabiltzailearekin, teknikari bat joaten da. Piraguan ibiltzeak zer mesede egiten die mugitzeko zailtasunak dituztenei? Fernandezen arabera, erabiltzaileentzako «aisialdi esperientzia oso ona» da: «esperientzia berrien emozioa» sortzen die.

Duela hiru urte abiatu zuten lankidetza, zerbitzu hori emateko. Piragua Federazioak piraguetarako begiraleak jartzen ditu, eta Kirol Egokituko Federazioak laguntzaileak. Begiraleek arraunaren mugimendua azaltzen die erabiltzaileei, orekari nola eutsi piraguaren gainean, eta, azken batean, «lan psikologikoa» egiten du, «erabiltzailea lasaituz eta segurtasuna emanez». Erabiltzaile batzuk zaletu egiten direla esan du Fernandezek.

«Gauza berriak probatzea beti da osasungarria», esan du Fernandezek. «Konfiantza ematen dizu, ongizaterako; beste bizitasun bat».

Hawaiiko pipraguetan ibiltzeko aukera eskaintzen dute Ziburun./ Atlantic Pirogue

 

 

Donibane Lohizune -Ziburu. Txipiroietara, Hawaiiko piraguan

 

Donibane Lohizuneko badian, proposamen bitxia eskaintzen du Ziburuko Atlantic Pirogue enpresak (Lapurdi): Hawaiiko piraguetan ibiltzea, ilunabarrean eguzkia itsasoan sartzen uretatik ikustea, eta, bide batez, txipiroiak arrantzatzea.

«Beti txango lagunduak proposatzen ditugu», esan du Carec Lenoir Atlantic Pirogueko kudeatzaileak. Eguneko eta arratseko bi orduko zirkuitua dute. Ez dira «ohiko» ontziak, Lenoirrek azaldu duenez; eskuz eginikoak dira: egurrezkoak. Batzuek flotagailu moduko bat dute lotuta, barra batzuen bitartez. Beste batzuk binaka daude lotuta, hau da, piragua bikoitzak dira. «Horren bidez, lau pertsona sar daitezke, eta zortzi bikoitzean. Egonkortasun handiko ontziak dira». Erabiltzen errazagoak dira, beraz, piraguan inoiz ibili ez direnentzat.

Ilunabarretan, proposamen bitxia dute Ziburun: badian txipiroiak arrantzatzera ateratzen dira. «Jendeari piraguan ibiltzen irakasten diogu, baina baita txipiroiak arrantzatzen ere». Haurrak ere ibiltzen dira horretan. Argirik gabe gabe ibiltzen dira, amu handiekin. «Irakasten diegu amua dantzatzen, txipiroiak berez hel diezaion».

Uretara sartu aurretik, begiraleek informazioa ematen diete erabiltzaileei, piraguan ibiltzea zer den azaltzeko. «Ez da oso zaila, edonola ere». Donibane Lohizuneko badia leku segurua da, Lenoirren arabera, olatuetatik babestuta dagoelako. «Arazo bakarra haizea izaten da», gaineratu du Atlantic Pirogueko kudeatzaileak.

Hasierara