berria Udako Serieak

Olatu arteko bizimodua

Uxue Gutierrez Lorenzo - Izaro Zinkunegi Barandiaran

Surfa

Euskal Herriko kostaldean egunerokoa da surfa: olatu preziatuak daude, baita hondartza eta surflari ugari ere. Uda aprobetxatzen du zenbaitek kirola ikasteko, eta horretarako aukera zabala dute surf eskolek.

Neoprenoa jantzi, taulari estu oratu, eta hondarretan oinak hondoratu. Haizeak surf ohola hara eta hona astintzen du, uretarako bidea zailtzen du. Hala ere, gogoko bidean aldaparik ez dagoenez, itsasoa gero eta hurbilago dago, olatuen soinua gero eta ozenago entzuten da.

Teoriarik gabeko praktikarik ez omen dago: uretara sartu aurretik begiraleen gomendioak entzuten dituzte surflari hasiberriek. Hondartza gela eta harea arbel bihurtuta, ur lasterrak, olatuen sorrera edo haizearen noranzkoa azaltzen ditu irakasleak. Zirrara nabari da hondar aleekin jolasean ari diren gazteen artean.

Azalpenen ostean, beroketa dator; gorputza itzartu ondoren, ohola har dezakete, oraindik ere hondarretan. Hankak batuta, gorputza zuzen eta oholaren erdia ardatz, egoki etzanda. Besoekin arraun, besoak luzatu, gorputza biratu eta, orduan, une erabakigarria: zutik ipintzekoa. Atzeko hanka, aurrekoa gero, eta eskuak askatu. Besoak aurrera, gorputza tente. Hondarretan bada ere, surf egiteko prest. Orain bai, itsasora salto egin dezakete ikasleek.


Hendaiako Lehena surf eskola. Isabelle Miquelestorena

Olatuek atzekoz aurrerako bidea egiten dute; alderantzizkoa, aldiz, ikasleek. Pausoak ematea ere zailtzen da uretan, baina apurka-apurka badoaz itsasoan barneratzen. Urak aurpegian gogor jotzen die, aparretan hondoratuz. Zailtasunak zailtasun, irakasleen laguntzaz lortzen dute taula gainean altxatzea. Olgetan asko, etengabeko ahaleginean beste hainbeste, surfaren munduan murgiltzen ari dira. Euskal kostaldean maitatua eta aintzat hartua da surfa, eta herri askotan bizitzaren ardatz ere bihurtu da.
 

LAGA: OGOÑOPE ESKOLA

Txikitasunetik ikasten
Lagako hondartzan kokatua dago Ogoñope lagunarteko eskola, Ogoño mendiaren magalean. Hirigunetik urrun, Ibarrangelu (Bizkaia) du hurbileneko herria, 640 biztanlerekin. 1989an sortu zen eskola, eta Jokin Etxebarria durangarrak hartu zuen zuzendaritza, duela zazpi urte. Hiru lagunekin batera dihardu «inguruko gazteak hezteko» ahaleginean. Eskola txikia eta lokala da, «etekina ateratzea» filosofiatik at jardun gura duena. Guztira ehun ikasle izaten dituzte uda osoan; kopuru hori aise betetzen dute beste eskola batzuek egun bakarrean. Astebeteko hastapeneko ikastaroak antolatzen dituzte uztailean eta abuztuan, bereziki 6 eta 14 urte arteko eskualdeko haurrentzat.

Goranzko joera hartzen ari da surfa, eta geroz eta gehiago dira probatzera ausartzen direnak. Hala ere, Etxeberriak azaldu du gizarteak surfaz duen irudia eta errealitatea ez datozela bat: «Benetako surfa kirol gogorra eta arriskutsua da: hotza pasatu eta itsasoarekin borrokan ibili behar da». Itsasoa eremu ezezaguna da, eta tentuz jokatu beharra dago.
 

SOPELA: PUKAS PEÑA TXURI

Itsasoari lotutako herria
Elkarte gisa jaio zen Peña Txuri, 1991n, herriko surf zaletasuna zela eta. Orduan, elkarteko kideek doan eskaintzen zituzten klaseak Arrietara hondartzan, herriko biztanleentzat, era «informalean». 23 urte igaro dira ordutik, eta asko aldatu dira gauzak: egun, Naroa eta Aritza Saratxaga neba-arrebek dihardute eskola kudeatzen, 24 kidez osatutako lantaldearekin batera.

June Prieto, Foku

Talde osoak Aste Santutik irailera jarduten du lanean, eta urte osoan zazpi pertsonako taldetxoa mantentzen dute. Beste hainbat eskolatan udako jardunbide dena euren kasuan urte osoko lan bilakatu da. Bizkaiko surf eskolen erdiak Sopelan kokatuak daude, eta Peña Txurik 6.000 ikasletik gora hartzen ditu urtean. Adin tartea eta ikastaro aukera ere zabala da: 4 urte dituzte gazteenek, eta 80 urteko andreak ere izan dituzte ikasle.

HENDAIA: TXINGUDI ESKOLA

Itsasoan ere, euskaraz
«Surfa euskaraz bizi eta parteka dezagun»; asmo horrekin ireki zuen Haitz Ostolazak Txingudi surf eskola, duela dozena bat urte, eta helburu berarekin jarraitzen du gaur egun ere. Hendaiako (Lapurdi) hondartzan ematen ditu ikastaroak Txingudik; ez du bulegorik, eta telefonoz edo Internetez ematen du izena jendeak.

«Ez dut bakarkako kirol moduan ikusten surfa; nahiago dut lagunekin partekatzea», azaldu du surf eskolako arduradunak. Horixe da, hain justu, haren egunerokoa, bereziki udan. Euskal Herriko eta atzerriko bezeroak dituzte, frantziarrak nagusiki. Beste urtaroetan jende gutxiago ibiltzen da, baina alde onik ere badu garai horrek: «Surfean badakien jendea da, eta gehiago sakontzeko aukera dugu eurekin».

Asko aldatu da surfa eta haren ingurua, Ostolazaren ustez: «Kirol lasaia zen lehen; gaur egun, aldiz, oihartzuna hartu du, eta industria indartsu bat dago haren gibelean». Horren ondorioz-edo, gero eta jende gehiagok probatzen du. Gainera, Hendaiako hondartza surfean ikasteko hondartza egokia da, haren ustez: «Hondartza handia eta laua da, eta olatuak nahiko erregularrak dira». Erraztasunak erraztasun, Ostolazak argi dauka: badira oholaren gainean jarri eta olatuak hartzen ikasteko ezinbesteko bi baldintza: «Denbora eta gogoa».
 

 

HENDAIA: LEHENA ESKOLA

Ingurumena zainduz
Hendaiako hondartza parez pare du Lehena surf eskolak. Handik atera da Battitt Chaudiere irakaslea, kamiseta zuria soinean eta ohola besapean; 8 eta 13 urte arteko zortzi gaztetxo atzetik ditu. Hendaiako hamar surf eskolatako bat da Chaudierena.


Isabelle Miquelestorena

Pasioz bizi du surfa Chaudierek, eta hori kutsatzen saiatzen da ikasleei ere. Publiko ugaria du: gaztetxoak, helduak, familiak... Elbarrientzat egokitutako ikastaroak ere badituzte. Adin guztietako jendea izan arren, 8 eta 16 urte artekoak dira gehienak; jatorriari dagokionez, berriz, Frantziako, Madrilgo eta Herrialde Katalanetako jendea da nagusi, Euskal Herrikoak ere badiren arren.

Itsasoa eta mareak ezagutzen, besoekin arraunean eta olatuak hartzen irakasten die, besteak beste. Kirolaz gain, ordea, balio batzuk irakastea ere badu xede: «Itsasoarekin eta ingurumenarekin sentsibilizatu nahi ditugu, naturaren erdian egiten baita surfa».
 

DEBA: YAKO SURF ESKOLA

Ezkutuko olatuak
«Surfa gauza bizi baten gainean egiten duzu, olatua mugitzen ari baita», azaldu du Unai Uribeondo Yako surf eskolako arduradunak. Debako (Gipuzkoa) surf eskola bakarra da harena, eta duela zazpi urte ireki zuen. Etxola bat jartzen du portuan maiatzaren erdialdera, eta han izaten da irail amaierara arte. Ikastetxeetako haurrak izaten ditu bezero lehenengo hilabetean; udakoetan, ostera, ikastaroa egitera datozen haur eta helduak, baita Itziarko kanpinetik joandako jendea ere.



Debako surf eskola. Juan Carlos Ruiz, Foku

«Deba ez dago turistei dagokienez hain esplotatua, jende gutxi dabil», azaldu du Uribeondok. Horri esker, surfa lasai egiteko tokia da Debako hondartza. Surfaz gain, arraun surfeko ikastaroak ere egin daitezke Yako surf eskolan. Ikastaro ugari ditu Yako surf eskolak: ordu gutxikoak, bi egunekoak edo gehiagokoak, saio bereziak... Kirola ezagutaraztea dute helburu, baina ez kirola soilik: «Balio batzuk ere irakasten ditugu: ingurumena, euskara, berdintasuna...».
 

ZARAUTZ: AXI MUNIAIN

Surfaren Meka
Eskutik doaz Zarautz (Gipuzkoa) eta surfa; horren lekuko da hango hondartza luze-zabala, baita herriko surflarien zerrenda ere. Haien artean da Axi Muniain: «Itsasoak irakatsi didan guztia beste belaunaldiei erakutsi nahi diet». Asmo horrekin ireki zuen eskola, duela zazpi urte inguru.

Neoprenoak eta kolore bereko kamisetak soinean jantzi, eta hondartzara abiatu dira euskarazko surf udalekuetako 24 ikasleak; 12-14 urte dituzte, eta ikastaroko hirugarren eguna dute: hasteko, korronteak azaldu dizkiete irakasleek; gero, beroketak egin eta uretara sartu dira, ohol gainean zutik jartzeko erronkarekin.

Horrelakoa da Muniainen bizimodua, eta maite du, baita surfa ere. Hala ere, uste du herrian badagoela zer hobetua: «Errekurtso naturalak mugatuak dira; orduan, zergatik dira eskolak mugagabeak?». Hondartzan eskola eta jende gehiegi dago haren iritziz —iaz, hamahiru eskola zeuden—, eta neurriak hartu beharko lituzke udalak: «Surfaren habia dago Zarautzen, eta erantzukizun handia dugu».
 

 

 

 

 

INFORMAZIOA

Surfaren inguruko informazioa bila daiteke ondoko helbideetan: hona eskolenak eta federazioenak.

Surf eskolak

www.rockthewave.surf

www.surf.tourisme64.com/ecoles-de-surf

Federazioak

Euskal Herriko Surf Federazioa. www.euskalsurf.com

ehsf@euskalsurf.com

(0033) 944-73 51 25

Bizkaiko Surf Federazioa.

www.bizkaisurf.net

(0034) 658-75 54 72

Gipuzkoako Surf Federazioa. www.gipuzkoakosurffederazioa.com

(0034) 943-47 52 07

Comite Departemental 64 de Surf.

www.surfing64.fr

cdsurf@orange.fr

(0033) 06 13 29 42 75

Hasierara