berria Udako Serieak

«Ezker Batuak bezala amaituko du Ahal Dugu-k»

Jokin Sagarzazu

Jokin Sagarzazu

Kontxi Bilbao

2000ko hamarkadan Ezker Batuak euskal politikari eginiko ekarpenaz harro dago Bilbao. Haren ustez, Madrilekiko «menpekotasunak» sortutako tentsioak eta EPKren «kontrolak» zapuztu zuten proiektua.

Faltan sumatzen du Eusko Legebiltzarra Kontxi Bilbaok (Bilbo, 1958). Han egon zen zortzi urteetan alderdien barne funtzionamenduaz asko ikasi zuela dio: ikusi zuen denek zituztela barne arazoak, familiak zeudela alderdi guztietan... Psikologoa da, familia-bikote terapeuta eta bitartekaria, eta akaso horregatik suertatu zitzaion «erakargarria» hori. Eusko Legebiltzarreko Mahaiko idazkari zela auzipetu zuten, Juan Mari Atutxa presidentearekin eta Gorka Knorr presidenteordearekin batera. Eta 2009. urtean itzuli zen Gasteizko Udaleko gizarte zerbitzuetan duen lanpostura.

Zerk eraman zintuen politikara?

Ezker Batukoa [EB] egin arte ez nintzen inoiz izan alderdi bateko afiliatu edo militante. Javier Madrazoren eskutik heldu nintzen. Hura HOACekoa zen [Hermandad Obrera de Acción Catolica], eta ni kristau taldeetan nenbilen. Esan zidan EBn oso ahul zegoela independenteen taldea, hori indartzeko asmoa zutela, eta jendea behar zutela Araban. 1997an afiliatu nintzen.

Hasiera hartatik zer duzu bereziki gogoan?

Fernando Buesarenak asko markatu ninduen. 2000. urtean, EB eta PSEren zerrenda bateratu batean joan nintzen  Senaturako. Pertsona ezezaguna nintzen. Buesak aurkeztu ninduen ekitaldi batean, ETAk hil baino bi aste lehenago. «Non ari naiz sartzen?», pentsatu nuen. Beldur handia sentitu nuen. Politika uztekotan egon nintzen.

Legez kanporatzeen garaia ere bizi izan zenuen. Sozialista Abertzaleak taldea desegiteko Auzitegi Gorenaren agindua ez betetzeagatik inhabilitatu zintuzten. Zer ikasi zenuen?

Estatua oso indartsua dela. Bat-batean, ikusi nuen espetxean buka nezakeela. Ziur nengoen arrazoi juridikoa genuela. Baina fartsa bat izan zen dena: epaia aurretik idatzita zegoen. Azkenean, Estrasburgok eman zigun arrazoia; hamalau urte geroago.

Zer zetorren ikusteko balio al zizun?

Garai hartan ez nintzen gai aurreikusteko zer etor zitekeen ilegalizazioekin-eta. Eta uste dut nik bezala besteek ere ez, ezta ezker abertzalekoek ere.

Kontxi Bilbao, Gorka Knorr eta Juan Mari Atutxarekin, EAEko Auzitegi Nagusian eginiko epaiketan, 2005ean. / EFE-

Soilik ezker abertzalea zegoen jopuntuan?

Egia da besteontzako abisu bat ere izan zela. Garai hartan, autogobernua berritzea zegoen mahai gainean, eta gure instituzioen erabakitzeko ahalmena mugatu nahi zuten. Neurri batean, lortu zuten.

Zure alderdiaren babesa sentitu zenuen?

Aitortu behar dut Izquierda Unidan [IU] bazegoela jendea ez zuena hain gaizki ikusten ilegalizazioen estategia hori. Baina nik beti jaso nuen babesa. EA eta EAJko militanteak ere oso gertuko sentitu nituen.

Zergatik diozu IUko batzuek ez zituztela gaizki ikusten legez kanporatzeak?

Espainian orduan —eta gaur egun ere bai— gai batzuk ez dira behar bezala azaltzen eta ulertzen. Orduko giroa oso gogorra zen. Abertzaleak ziren etsaiak, eta gu ere bai, haiekin batera gobernatzeagatik. Horrek tentsioak sortzen zituen gure alderdian, Madrilen eta hemen.

«IUkoek ipurdi bistan uzten gintuzten. Ez dute sinesten federalismoan, eta are gutxiago erabakitzeko eskubidean»

IUko zein sektore zen kritikoena zuekin?

PCEkoak [Espainiako Alderdi Komunista]. Haiei ez zaie gustatzen baskoekin nahastea. Madrilgo komunikabide handien bertsioak irensten dituzte, baita hemengo EPK-koek ere [Euskadiko Partidu Komunista]. Gero esaten dute beraiek puruak direla, soilik komunistak, ez direla nazionalistak...

Kontxi Bilbao, Javier Madrazorekin batera, erabakitzeko eskubidearen aldeko ekitaldi batean, 2008an. / Raul Bogajo, Foku.

Gobernu horretan parte hartzea izan zen Ezker Batuaren hausturaren arrazoi nagusia?

Botorik galdu izan ez bagenu, ziurrenik ez zen horrela izango. Baina esperientziak dio EAJrekin koalizioan gobernatzen duenak gehiago galtzen duela. Ezkerreko alderdiek, halaber, gobernatzen dutenean azaleratzen dituzte barruko ildo eta tentsioak, eta gure boto emaileek, berriz, asko neurtzen dituzte erabaki guztiak.

Madrazo EBko buru hautatu baino urtebete lehenago, 1994an, 93.000 boto eta sei legebiltzarkide lortu zenituzten, alderdiaren inoizko emaitzarik onenak Eusko Legebiltzarreko bozetan. 2001ean, 79.000 boto eta hiru legebiltzarkide bildu zenituzten, eta orduan sartu zineten gobernuan. Eta irten zinetenean, 2009an, 36.000 boto eta legebiltzarkide bakarra.

Horiek dira emaitzak; hor daude. Baina esan beharra daukat gauza on asko egin genituela gobernuan egon ginen bi legealdietan, Gizarte Politiken eta Etxebizitza Sailean. Gure jendeak gehiago eskatzen zigun, baina hiru boto baino ez genituen legebiltzarrean. Gobernuan egon ez bagina, ezer ez genuen lortuko. Batzuek nahiago dute boto asko lortu eta oposizioan egon; nik ez.

«Baskoekin nahastearen aldekoa» zarela esan duzu inoiz. Zuen boto emaileek ez zuten berdin pentsatzen?

EBren barruan bazeuden EPK-ko batzuk oso oldarkorrak: «EAJri gerra», «EAJren kontra denak balio du» eta antzekoak defendatzen zituztenak. Ni ez naiz horrelakoa. Ni Euskadin bizi naiz.

Kontxi Bilbao Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakariari babesa ematen, EAEko Auzitegi Nagusian deklaratzera deitu zutenean, Batasuneko kideekin biltzeagatik, 2007an. / Luis Jauregialtzo, Foku.

Ezker Batuak babesa eman zion erabakitzeko eskubidea jasotzen zuen estatutuari; IUk, aldiz, aurka bozkatu zuen Madrilen. Ibarretxeren gobernuan zeundetelako babestu zenuten zuek?

Eragina izan zuen. Kanpoan egon izan bagina, presio handiagoa egitera behartuko gintuzten Madrildik.

Hori gertatzen ari al zaio Elkarrekin Podemosi gaur egun gai horri buruzko eztabaidetan?

Baliteke. Dena den, nik uste dut haiek baino argiago genuela guk gure proposamena: atxikimendu askeko federalismoa zen gurea. Ez dakit haiek zer pentsatzen duten; ez hemen, ez Madrilen.

Zuen jarrerak nola eragin zuen IUrekiko harremanetan?

Gaizki. Ipurdi bistan uzten gintuzten. Haiek ez dute sinesten federalismoan, eta are gutxiago erabakitzeko eskubidean. Haientzat abertzaleen kontuak dira horiek. Eta hori gertatzen zaie, besteak beste, Espainiako hauteskundeen logikan preso daudelako. Ez dute batere pedagogiarik egiten Espainian.

Madrilek ateak ixten baditu, zer bide geratzen da?

Egoera perbertsoa da. Egungo konstituzioak esaten duena esaten du. Ibarretxe saiatu zen bide hori erabiltzen, eta umiliatu egin zuten. Nireetakoa nuen Ibarretxe, eta prest nengoen amaierara arte babesteko, baina atzera egin zuen, EAJ barruan aldatu egin zirelako indar harremanak.

Soluzioa, beraz?

Pedagogia handia egitea Espainian eta konstituzioa aldatzea.

Mikel Arana EBko eta Cayo Lara IUko koordinatzaile nagusiekin, 2009ko ekitaldi batean. / Marisol Ramirez, Foku.

Egun ez zaude alderdi batean afiliatuta, baina nori ematen diozu botoa?

Alderdi sozialistari, Espainiako Gorteetarako azkenengo bi hauteskundeetan eta Eusko Legebiltzarreko azkenengoetan.

Zergatik ez Elkarrekin Podemosi?

Nik ez dudalako inoiz bat egin alderdi komunisten funtzionamendu sektarioarekin eta haien ideia batzuekin. Eta Elkarrekin Podemosen dago Ezker Anitza, eta Ezker Anitza da EPK.

Eta Podemos?

Podemos ere bai. Nor da, bada, Pablo Iglesias? Hura beti izan da komunista. PCEn ere badaude ildoak, eta agian garai batzuetan hura ez da izan ofizialekoa. Baina egin dituen mugimenduekin —IU Podemosera ekarriz, adibidez—, hura da orain haien guztien burua.

Baina Podemoseko denak PCEkoak al dira?

Ez. Baina hasierako Ezker Batuan edo Izquierda Unidan ere ez ziren —horregatik sartu nintzen—, eta begira zer gertatu zen. Podemosekin gauza bera gertatzen ari da. Eta Euskadin ere bai. Ezker Batuak bezala amaituko du Ahal Dugu-k.

«Espainiarekin ditugun loturak oso sakonak dira: kulturalak, ekonomikoak... Ezinbestekoa da elkar ulertzea»

Zuek ez bezala, haiek diote ez direla sartuko Jaurlaritzan, EAJ ordezkatzea dutela xede.

Hori da jarrera ofiziala, eman nahi duten irudia emateko. «Gu gehiengoa izango bagina, hau egingo genuke». Guk gauza bera esaten genuen hasieran, eta boto pila lortu genuen. Baina hori ez da errealista.

Baina aldeak egongo dira Urkulluren eta Ibarretxeren gobernuen artean, ezta?

Urkullu ez dut ikusten Ibarretxe heldu zen tokiraino iristen, bera den bezalakoa delako eta bere alderdia beste bat delako. Baina testuingurua alda daiteke, aldatu da Madrilen, eta aldatuko da Euskadin, denentzat, eta Ahal Dugu-rentzat ere bai.

Ahal Dugu sortu zenean, izan zenuen «tentaziorik» politikara itzultzeko?

Hasieran, ikusi nuen konexio bat, baina zeharka mezu bat bidali zidaten, saiorik ez egiteko esanez, ni bezalakoak persona non grata garela. Ez nuen kontrastatu. Baina denborak erakutsi dit nire tokia ez dagoela hor.

EB 2011n desagertu zen behin betirako, Arabako ahaldun nagusia hautatzeko negoziazioen harira zure ildoko batzuek EAJri eskatu ziotenean 39 afiliaturentzako lanpostuak edota kargu publikoak, eta diru laguntza eta kreditu batzuk. Zu beste negoziazio mahai batean zinen, programatikoan. Zer gertatu zen?

Polemika handia piztu zen. Baina denek egiten dutena egin genuen guk. EAJ eta PSEkoek egin dute Jaurlaritzan, adibidez. Eta Bildukoek ez al dituzte beraien sokakoak sartzen eta finantzatzen gobernatzen dituzten instituzioen bitartez? Ez gaitezen inozoak izan: normala eta legezkoa da, eta logikoa.

Beraz, zer zegoen oinarrian?

EB zatituta zegoen, eta EPK-koek hori erabili zuten alderdia desegiteko. Eta Arabako EAJn ere bazegoen borroka. Esan zuten EBren erruagatik gobernatuko zuela PPk. Baina nik orain entzun nahiko nituzke Xabier Agirreren [EAJko ahaldungaiaren] eta Iñaki Gerenabarrenaren [ABBko orduko presidentearen] azalpenak, bienak.

Eusko Legebiltzarreko bozetan zergatik egin duzu PSEren alde?

Nire familia balitz bezala bizi dut euskal politika. Izango da nire jardun profesionalagatik-edo. Kontua da ni ez naizela independentista, nahiz eta haien argudio asko ulertzen ditudan. Eta ez naiz uste dudalako Espainiarekin ditugun loturak oso sakonak eta askotarikoak direla: kulturalak, ekonomikoak... Horregatik pentsatzen dut ezinbestekoa dela elkar ulertzea, eta zintzoa eta errealista iruditzen zait Euskadiko alderdi sozialistaren jarrera.

Eta zergatik eman diozu botoa Espainian?

Konfiantza dut Pedro Sanchezengan. PP gobernutik kentzeko aukera egokiena zela uste nuen, eta hala gertatu da. Ikusiko dugu.

Desegin da ETA: zer da bakea?

Bake prozesua ez dago itxita. ETA desegitearekin asko aurreratu dugu, baina presoen hurbiltzea aspaldi egin behar zen, eta gaixoena... Niri ere tokatu zait egoera hau bizitzea. Izugarria da. Legea ezin da horrela erabili. Familiak ezin dira zigortu. Garaileez eta garaituez hitz egiten dutenean, sutu egiten naiz. PP oso oldarkor ikusten dut oraindik, baina presoena konpondu heinean aldatuko da.

 

Ahotsak-ek 2006ko abenduan Bilboko Euskalduna jauregian eginiko ekitaldian. / Marisol Ramirez, Foku.

 

 

 

Bake prozesua, «emakumeen erara»

Harreman pertsonal batetik abiatuta eta «klandestinitatean ia». Hala hasi zuen bere ibilbidea Ahotsak mugimenduak, Kontxi Bilbaoren arabera. Euskal gatazkaren konponbidearen alde Euskal Herriko hautetsiz osatutako emakume taldea izan zen Ahotsak; 2006an sortu zuten, eta 2009ra arte iraun zuen. Azkenengo urteetan, hainbat hitzaldi eman dituzte horko kideek, Foro Sozialaren bitartez. Bilbaok hasieratik parte hartu zuen. Gogoratu duenez, ezker abertzaleko Jone Goirizelaiak eta Gema Zabaleta sozialistak legebiltzarrean egin zuten harreman estuaren emaitza izan zen, «paraleloan Arnaldo Otegik eta Jesus Egigurenek kanpoan zutenaren oso antzekoa». Bilbaok dio Goirizelaia eta Zabaleta «ausartak» izan zirela gainerako legebiltzarkideei zertan ari ziren jakinarazi eta batzeko eskatu zietenean. Gogoan du inori ez ziola «baimenik» galdegin horretarako —«denaren berri eman behar izaten genuen orduan»—, baina bere alderditik zein gobernutik jaso zuela abisuren bat «kontuz ibiltzeko», «ezker abertzalearen tonto baliagarriak izan gintezkeelako». «Hain justu jarrera paternalista hori amaitu nahi genuen. Ez genuen protagonismorik nahi, baina konponbidearen parte izan nahi genuen, gizartearen %55 garelako emakumeak». Herriz herri ibili zen Bilbao hitzaldiak ematen-eta; bereziki, gatazkak utzi dituen «askotariko zauriak» ezagutzen. «Beste Euskadi bat ezagutu nuen».

BIHAR: Koldo Amezketa (EAko legebiltzarkide ohia).

Hasierara