berria Udako Serieak

Itu-larriak jota

Amagoia Gurrutxaga Uranga

Amagoia Gurrutxaga Uranga

Itu banda

Literaturzaletasunak eta adiskidetasunak lotu zituen 2013an, eta Itu fanzinea, ikusgarri zenbait eta Lekore aldizkaria eman dituzte ordutik. Trantsizio fasean daude orain, soka horretatik tiraka segitzeko gogoa galdu gabe.

Udaberrian loratu zen Itu banda, nola ez, Zarauzko (Gipuzkoa) Eguzki tabernaren terrazan. Kontua da Franz Kafka, Virginia Woolf eta Anton Txekhoven bibotea kafea hartzera eseri zirela hementxe. Hutsa eta hirukoitza, ebakia eta deskafeinatua, hurrenez hurren. «Eguraldiaz, literaturaz eta ateen, kale argien, mahaien poetikotasunaz elhaketan». Halaxe utzi zuten idatzita bandakideek Itu fanzinearen lehen zenbakiaren aurkezpenean. «Nik ez nuen Txekhoven lana ezagutzen», dio Paul Beitiak (Zarautz, Gipuzkoa, 1997) orain. Duela bost urteko terraza bileran, itukide izaten hasi zen. Eta Txekhov ezagutzen. Ondoan zituen lehen bilera hartan Peru Iparragirre (Tolosa, Okzitania, 1996) eta Alazne Arruti (Usurbil, 1996).

Elkarren gertuan bizi ziren lagunen arteko kontua izan zen, Beitiaren arabera. Iparragirrerekin bazeukan harremana, baina ez omen ziren literaturaz hitz eginak inoiz. «Peruk bezerabilen buruan talde bat sortzeko asmoa, letren inguruan aritzeko. Uste dut beste saiakera frustatu bat ere egin zuela, baina hura ez zela atera, eta mezua bidali zidan Whatsapp-ez, talde bat sortu nahi zuela esanez. Uste dut literatura fanzine bat argitaratzeko asmoa zeukala ere esan zidala». Eta baietz erantzun berak. Literaturzaletasun handia baitzeukan ordurako. Hasierako juntadizo haren bueltan, euskal literaturari buruzko Armiarma webguneko literatur aldizkarien gordailuko ale guztiak irentsi zituzten: Igela, Pott, Oh Euzkadi!, Susa... Beren aurrekoen lanak ikusteak «eragin handia» izan du haiengan denboran zehar, Beitiaren ustez.

Itziar Ugarte, Paul Beitia eta Jon Gurrutxaga, Itu banda sortu zeneko tokian, Zarauzko (Gipuzkoa) Eguzki tabernako terrazan. / Juan Carlos Ruiz, Foku.

 

 

Bat, bi eta hiru

Iparragirreren eta Beitiaren arteko lehen Whatsapp harreman haren ondorioz, bada, fanzinearen proiektuari begira jarri ziren. Huraxe ezarri baitzuten lehen helburu. Hor gehitu zitzaien Alazne Arruti. «Fanzineaz ari ginen, baina, gaurtik begiratuta, elkar ezagutzen eta zer egin pentsatzen ari ginen».

 

«Hasieratik, zaletasun eta jardun batean elkarri babes emateko, hitz egiteko izan da taldea; laguntasuna izan da»

Paul Beitia. Itu bandako kidea

 

Hiruren testuak argitaratu zituzten fanzinearen lehen alean. A-4ko orrialde tolestuak, grapatuta, zuri-beltzean. Iparragirrek maketatu zuen. Hortik aurrera, proiektua beste batzuengana zabaltzen hasi ziren. Horixe da, Beitiaren ustez, ordukoak gaur arte utzi duen emaitzarik ederrena: «Talde bat, norbere ideiak eta lanak lagunartean konpartitzeko eta eztabaidatzeko. Hau ez zen sortu proiektu jakin bat abian jartzeko. Hasiera-hasieratik, zaletasun eta jardun batean elkarri babes emateko, hitz egiteko izan da taldea; laguntasuna izan da. Hori zen benetako motorra: zaletasuna inguruko jendearekin konpartitzea».

'Itu' fanzinearen 1. alea.

Taldea zabaltzen

Eguzki tabernako terrazan, 2018ko uda betean, 2013ko bilerako bat eta taldera geroago sartu ziren Jon Gurrutxaga (Azpeitia, Gipuzkoa, 1996) eta Itziar Ugarte (Oñati, Gipuzkoa, 1995) eseri dira gaur. Beitiak Gurrutxaga ezagutzen zuen, bertso mundutik, eta bandan sartzea proposatu zion. Ugarteri, berriz, Mikele Landak (Ea, Bizkaia, 1995) proposatu zion, eta hari, Iparragirrek. «Denok ginen norbaiten ezagunak, eta, testuren bat bazenuen, bidaltzeko esaten zizuten. Hala hasi ginen kolaboratzen, batak besteak ezagutu barik». Zarautzen testuak jaso eta bilerak egiten zituzten batzuk bazirela jakinez. Halaxe gogoratzen du ordukoa Ugartek. Urruzuno literatur sarien bueltan ezagutzen zutela elkar batzuek. «Elur bola baten modukoa izan zen», dio Gurrutxagak. Bakoitzak bere ingurua astindu zuen, eta testuak heltzen hasi ziren. Eta testuekin batera, talderako jende berria. «Hori izan zen oinarria gero sortu ziren proiektuetarako».

Ezizenez sinatzen zituzten hastapen testu haiek. Ez omen dituzte gogoan beren goitizenak, baina bai bat baino gehiago izan dituztela batzuek. «Azkenean, elkar ezagutuz joan ginenean, bagenekien testua norena zen, baina, hasieran, ‘Hau norena duk?’ galdezka aritzen ginen», Gurrutxagaren oroitzapenetan. Arruti-Beitia-Iparragirre hirukotea testuak jasotzeaz eta fanzinea prestatzeaz arduratzen zen garaietaz. Lau Itu zenbaki izan ziren emaitza: 2013ko ekainean lehena, 2014ko martxoan azkena. Aldi berean, Info7 irratian saioa zeukaten, bi astean behin. Hura ere bukatu zuten, baina, 2014ko ekainean.

Itu bandako Paul Beitia, Jon Gurrutxaga eta Itziar Ugarte. / Juan Carlos Ruiz, Foku.

Eta beste bilgune bat sortu zen Bilbon. Maialen Akizu, Mikele Landa, Garazi Mugarza eta Itziar Ugarte bi aldiz elkartu ziren Landaren etxean, Zazpikaleetan. Han jaso zuten Eako Poesia Egunean aritzeko proposamena. Eta Ituskizuna sortu zuten. Ituskizuna, edo Belaunaldi bat hiru ekitalditan, ikusgarri hartarako prestatutako testuekin osatu zuten, bilduman idatzita utzi zutenez. «Eakoa genuen lehen jendaurrekoa, eta, ikuskizuna zeren inguruan ardaztu erabaki genuenean, belaunaldiaren gaia aukeratu genuen. Gure belaunaldiaz entzun genuenari, sentitzen genuenari, ikuspegi kritiko eta probokatzaile batetik erantzun nahi genion», gogoratu du Ugartek. Belaunaldi kontuak ez zitzaizkien arrotz, bandaren lehen manifestuan argi utzia baitzuten ez zirela «generazio distopikoa».

Gaur egun ez bezalako intentsitatearekin bizi zuten gai hori taldekideek duela hiru urte, Ugarteren ustez. «Hemen gaude bat izan zen, nolabait, hura, baina gaur egun pisu gutxiago du kontu horrek taldean», Gurrutxagaren aburuz. «Erantzun bat izan zen, bai», Beitiaren iritziz ere. «Geure belaunaldiaren inguruan gogoeta egiteko bidea ere eman zigun», erantsi du Ugartek. «Ez datorren belaunaldi horren ideia pertinentea da oraindik, hala ere, nire ustez», Gurrutxagak. Bertso mundutik dator, eta arlo horretan ere ikusten dio mamia gai horri. 

 

«Norbere burua agertzeko urratsa errazago egiten da taldean. Hala sentitu dut nik; eta ikasi ere bai»

Itziar Ugarte. Itu bandako kidea

 

Kaixo, Lekore

Ituskizuna lantzeak eta aurkezteak taldea trinkotu zuen. Baita hauspotu ere. «Aspalditik generabilen buruan aldizkari formalago bat ateratzeko ideia, eta Eakoarekin ikusi genuen taldeak bazuela indarra lan horri heltzeko», Beitiaren hitzetan. Eta, uda haren ostean, unibertsitatean hasi ziren ikasten itukide guztiak. Batzuk Donostian, baina Bilbon gehienak. Horrekin, astero elkartzeko aukera zabaldu zitzaien. Zarauztik Bilbora aldatu zuten taldearen egoitza nagusia. Eta Lekore aldizkaria jaio zen. 2015eko abenduan, Durangoko Azokara begira, kalean zen 0 zenbakia. «Lekore egon den bitartean, Bilboko Lamiak izan da gure elkargunea», zehaztu du Ugartek. «Astero bildu gara han, bi urtez. Kristoren oroitzapena daukat egun horietaz», Gurrutxagak. «Eskola» ere izan da talde dinamika hori, Ugarteren iritziz: «Astero bilera egitea eta etxera lau bat gauza apuntatuta eramatea akuilu ederra izan da. Egia da oso momentu diferentean geundela duela hiru urte eta orain, baina egia da norbere burua agertzeko urratsa azkarrago egiten dela taldean. Nik hala sentitu dut. Eta ikasi ere bai. Eta jende asko ezagutu. Asko zabaldu eta aberastu dit literaturarekin neukan harremana».

Peru Iparragirre mikrofonoaren aurrean, 'Isabel Iturberen bizitza eta heriotza' ikuskizunean. / gorka Rubio, Foku.

Aldizkariarekin batera, izan ere, aurkezpen errezitalak eta bestelako proiektuak ere heldu ziren. Isabel Iturberen bizitza eta heriotza ikuskizunaren txanda etorri zen, esaterako, 2016an: Zarauzko Literaturian eta Bilboko Loraldian eman zuten, besteak beste. Bilboko Kafe antzokian, berriz, Sei aita gure —belaunaldi kontuak berriz ere— taularatu zuten, 2017an. «Jendaurreko agerraldiei garrantzia eman diegu, bai», dio Beitiak. Unibertsitateko egunerokoan antzeko martxa izateak ahalbidetu zien hori guztia. Norbere proiektuei heltzea ere bai. Peru Iparragirrek Itzulera poemarioa argitaratu zuen iaz, Susarekin, Martin Bidaur ezizenez. Beitiak eta Gurrutxagak, berriz, Errime musika taldea sortu zuten hainbat lagunekin —hasieran Iparragirre ere taldean zegoen—. «Gure proiektu denetan ikusten da taldearen arrastoa», azpimarratu du Beitiak. Errimen ere bai, jakina, eta Errimetik kanpo ere bai, Gurrutxagaren hitzetan: «Itu bandak eragina izan du nire bertsokeran ere».

 

«Bandak aukera eman digu beste diziplinetan ari diren belaunaldikideekin elkarlanean aritzeko ere»

Jon Gurrutxaga. Itu bandako kidea

 

Taldetik kanpoko harremanetan ere utzi du itzala bandak, gainera, Gurrutxagak nabarmendu duenez: «Guri buruz hitz egiterakoan asko aipatu izan da belaunaldi kontua, eta beste diziplinetan ari diren belaunaldi kideekin ere elkarlanean aritzeko aukera eman digu talde jardunak. Hori oso aberasgarria izan da». Kaluse musika taldekoekin, Txakur Gorriak kolektibokoekin eta besterekin kolaboratzea, alegia.

Adio, Lekore

'Lekore' aldizkariaren laugarren eta orain arteko azken alea.

Lekore-k ehundik gora lektore-harpidedun eta bandakoak izan gabe aldizkarian kolaboratu duten dozena inguru konplize lortu ditu abiarazi zutenetik. Joan den azaroko data du orain artean argitaratu duten azken zenbakiak, laugarrenak. Aldizkaria prestatzeko lana beste lan batzuetarako denbora kentzen hasi zitzaien iaz. Bosgarrena prestatzen ari dira orain. Azkena izango omen da.

«Lekore, orain arte ezagutu dugun formatuan, paperean, bukatzear dago», dio Ugartek. Bukaera hori ordenatu nahian ari dira orain. «Aurten ikusi dugu nahiko kostata ibili garela, beste lan batzuetara jarrita gabiltzala, eta ezingo diogula orain artekoari eutsi». Arrazoia eman dio Beitiak; eta taldeko kideak barreiatu eta lan berriei ekin izanak eragin handia izan duela erantsi: «Ia denok Bilbon geundenean, denbora ematen zigun urtean hiru aldiz paperean aldizkari bat emateko, elkarrekin egoteko, eta testuei eta geure buruari buruz aritzeko. Heldu da momentu bat, ez bata ez bestea egin ezin duguna; balantzan jarri ditugu denak, eta taldeari eusteari eman nahi diogu garrantzia, paperekoa utziz».

Itu bandaren blogeko irudia (ituliteratura.wordpress.com). Bertan eskuragarri daude orain arteko argitalpen guztiak.

Ez da tragedia bat, nabarmendu dutenez; hasieran «frustrazio pixka bat» sortu zien arren gonbidapenak jaso eta ezetza eman behar izateak, ezinezkoa zitzaielako bilerak egitea eta proposamenak lantzea. Taldearen egoera berrira egokitzen ari ei dira orain, «aldaketa onartzen». Lekore albo batera uztea eta taldea lehenestea erabakita, lan egiteko modu bat bukatu zaielako. Baikor, hala ere. Ideia batzuei bueltaka ere hasi omen dira, aldizkaria Interneten beste modu batean antolatzeko, Ituren inguruan lan egiteko prest dagoen jendearengana proiektua zabaltzeko... Ez dute erabakirik hartu oraindik horiei buruz. Eta zuzeneko emanaldien «gogoz» daude. «Freskotasun hori, esperientzia hori, ederra da. Zeure testuak beste era batera ematen dituzu», Ugarteren hitzetan. Gurrutxaga ere errezitalen aldekoa da: «Paperean edo boz gora, beste hots bat dauka hitzak, eta guk errezitalak egin ditugunean kolpe handiagoa sentitu dut. Asko erakartzen nau formatu horrek».

Idazten segitzen dute denek. Bakoitza bere martxan. «Talde barruan, idazteko pultsio maila ez da bera. Batzuk lanean ari gara, besteak ikasten. Taldeari eskerrak, literaturarekin beste harreman modu bat dugu oraindik, hala ere». Itu-larriak jota segitzen dutela, alegia. «Kritikoa izango den konfiantza eta truke eremu» gisa ulertzen duten bandari esker. Larritu gabe. «Itu fanzinea bukatu zenean, taldea hor geratu zen, eta gauza berriak atera ziren. Lekore hau bukatuko da, eta taldea geratuko da».

2015eko Eako Poesia Egunak. 'Ituskizuna' egin zuten Itukoek. Ikusgarri hartako testuen bildumatik hartua da irudia.

 

 

Lehen izpia. Elkar ezagutu, besteren aurrean agertu

Zazpi kide zituen Itu bandak 2015eko uztailaren 18an, jendaurrean lehen aldiz agertu ziren egunean: Alazne Arruti, Paul Beitia, Jon Gurrutxaga, Peru Iparragirre, Mikele Landa, Garazi Mugarza eta Itziar Ugarte. Eako Poesia Egunetan izan zen; Ituskizuna ikusgarria eman zuten. «Horren gertaketarako asteburu batean Auritzen [Nafarroa] egin genuen egonaldian ezagutu zintudan, Paul», dio Ugartek. Baiezko keinuarekin erantzun dio Beitiak. «Ezizenez sinatzen genuen garai hartan». Eta ezizenaren atzean ezkutatzen zenaren berririk ez. Barre txikia egin du Gurrutxagak elkar ezagutu aurreko garaia aipatzean: «Bazenekien, esaterako, kide bat Oñatikoa zela, eta, hango festetara joandakoan, ‘Hori ote da?’ galdetzen zenion zeure buruari».

Eako hitzorduak elkar ezagutzea ekarri zien taldekideei. Ez hori bakarrik, baina.«Motibazio ziztada potente bat izan zen hura guretzat. Erantzun oso indartsu bat jaso genuen, eta uste dut hori pizgarria izan zela segitzeko. Batu gintuelako eta indarra eman zigulako», Gurrutxagaren esanetan. Arrazoia eman dio Ugartek. Haren memorian ere markatuta dago Ituskizuna. «Ean agertu baino gutxi lehenago agertu ginen elkarren aurrean», erantsi du. Eta jendaurreko proiektu bat gauzatu zuten, lehen aldiz.

«Inflexio puntu» gisa gogoratzen du Beitiak hura. Denek, egia esan. Amaitua zen Itu fanzinearen zikloa, eta garbi ikusi omen zuten Auritzen behingoz elkar ezagutu zutenen zazpiko taldean bazela gaitasuna, Ituskizuna prestatzeko lanaz gaindi. Han hasi ziren harilkatzen gerora garatuko zituzten jendaurrekoen eta proiektuen soka.

Bihar: Artedrama-Dejabu-Axut.

Hasierara