berria Udako Serieak

Trantsizioaren joko zelaia

Gotzon Hermosilla

Gotzon Hermosilla

Idazte prozesua

Korapilatsua, gorabeheratsua eta puntu ilunez betea izan zen Espainiako Konstituzioa idazteko prozesua; aurten 40 urte beteko dira, eta eztabaidak pizturik dirau.

Espainiako Konstituzioa izan zen trantsizioa deitu duten prozesu haren une gorena, emaitzarik behinena eta, aldi berean, haren bururatze eta helmuga. Prozesua lehenagotik zetorren, 1976ko abenduaren 15ean Erreforma Politikorako Legea onartu zutenetik, eta jarraitu egingo zuen Espainiako Estatuaren egitura berria guztiz osatu arte, autonomia estatutuak onartuta. Baina konstituzioak eman zion osotasuna prozesu hari; noranzkoa finkatu zion, eta, aldi berean, hurrengo hamarkadetako jokaleku politikoa zedarritu zuen. Ez da kasualitatea azken bolada honetan 78ko erregimena esapideak arrakasta lortu izana ordutik eratorritako sistema politikoa izendatzeko. 40 urte beteko dira aurten.

1977ko ekainaren 15ean, lehenengo hauteskundeak egin zituzten Espainian 1936tik. Ofizialki, ez ziren hauteskunde konstituziogileak izan, baina inork ez zuen dudarik egin haietatik sortutako Gorteen lehenengo eginkizuna konstituzio berria idaztea izango zela.

Geroago ibilbide parlamentario luzea egin bazuen ere, Iñaki Anasagasti (Cumaná, Venezuela, 1947) ez zen Espainiako Kongresuko kide izan lehenengo agintaldi hartan —Xabier Arzallus izan zen talde parlamentario jeltzalearen burua—, baina garai hartan EAJren EBB Euzkadi Buru Batzarreko kidea zenez, ondo ezagutzen ditu orduko gorabeherak: «Garai hartan, guretzat konstituzioa ez zen lehentasuna, 1936ko autonomia estatutua berreskuratzea baizik. Orduan bazegoen uste oso hedatu bat; alegia, trantsizioak ezin zuela funtzionatu Kataluniaren eta Euskadiren autogobernu nahiak ase ezean. Amnistia eta autonomia ziren eskakizun nagusiak».

Zazpien batzordea

Espainiako alderdi politikoek erabaki zuten Kongresutik ateratako batzorde batek egingo zuela Konstituzio egitasmoa. Eta batzordea eratu zuten. Zazpi parlamentari zeuden han: UCDko Miguel Herrero, Gabriel Cisneros eta Jose Pedro Perez Llorca, PSOEko Gregorio Peces Barba, PCEko Jordi Sole Tura, APko Manuel Fraga eta Talde Katalaneko Miquel Roca. Denak gizonezkoak. Euskal ordezkaririk ez zen egon.


Zazpi politikarik, denak gizonezkoak, hartu zuten konstituzioaren lehen zirriborroa idazteko eginkizuna. Ez zen egon euskal politikaririk.

«Guri esan ziguten nolabait ordezkatuta bageundela, Miquel Roca han zegoelako», azaldu du Anasagastik. «Gu, noski, ez geunden ados. Inoiz entzun dut ez zigutela ordezkaritzarik eman batzorde hartan, guri ematekotan PSPri ere eman behar ziotelako [PSP Herriko Alderdi Sozialista Enrique Tierno Galvanen alderdia zen, eta sei diputatu zituen; EAJk, berriz, zortzi], eta PSOEk beldur omen zion Tierno Galvan batzorde horretan egoteari».

Anasagastiren ustez, hura «alderdi batzuek euskal auziaz zuten sentsibilitate eskasaren adierazgarri» izan zen, baina aitortzen du ez ziela kezka handirik sortu: CGuk protesta egin genuen, jakina, baina, azken buruan, beste lehentasun batzuk genituen».

Batzordea abuztuaren 22an hasi zen lanean. Hango eztabaidak sekretupean egin ziren, baina gutxi iraun zuen sekretuak, zirriborroa prentsan agertu baitzen azaroan. Egitasmo hark kritika ugari jaso zituen, eta aldaketa asko ere bai, harik eta abenduaren 23an batzordeak proiektua ofizialki aurkeztu zuen arte. Ehunka zuzenketa aurkeztu zizkioten proiektuari, eta batzordeak 1978ko otsailetik apirilera aztertu zituen.

Puntu ilunez beteriko prozesu bat izan zen. Eztabaidak sekretuak izan zirenez, ez dute akta ofizialik, eta, hortaz, ezinezkoa da zehatz-mehatz jakitea nolakoak izan ziren zazpi batzordekideen
—eta haiek ordezkatzen zituzten alderdien— arteko negoziazioak. Baina handik urte batzuetara, batzordekideetako batzuek —Herrerok, Sole Turak eta Fragak— zenbait liburu idatzi zituzten garai hari buruz, bai eta datu jakingarri asko eskaini ere.

«Ukaezina da militarrek esku hartze handia izan zutela Espainiako Konstituzioa egiteko prozesuan»

Iñaki Anasagasti

Adibidez, 2. artikuluaren sorburuaren ingurukoa. Sole Turak kontatu zuen 1985ean, Nacionalidades y nacionalismos en España izeneko liburuan (Nazionalitateak eta nazionalismoak Espainian). Han esan zuenez, batzordean sozialisten, komunisten eta nazionalista katalanen tesiak gailendu ziren, eta, horren ondorioz, nazionalitate terminoa agertu zen, 2. artikuluan ez ezik, egitasmoaren beste artikulu askotan ere bai. Baina egitasmoa argitaratu zenean, frankismotik zetozen indarrek gogor jo zuten horren kontra, eta aurkezturiko zuzenketa gehienek hura ezabatzea eta Espainiaren batasuna bermatzea zuten xede

Zuzenketen inguruko eztabaida gogorra izan zen batzordean; zazpi kideak ez ziren ados jartzen 2. artikulua idaztean. Eztabaida kale itsu batean zegoela, Moncloatik eskuz idatzitako ohar bat iritsi zitzaion Sole Turari, artikulu horretarako proposamen batekin. Sole UCDko ordezkariekin jarri zen harremanetan, iruditzen baitzitzaion proposamena akats gramatikalez josia zegoela: «Erantzun zidaten koma bat ere ezin zela aldatu, huraxe baitzen kontsultatutako sektoreekin lorturiko konpromisoa».

Ez da aztia izan behar suposatzeko Espainiako Armada eta garai hartan botere faktiko deiturikoak zeudela horren atzean. Azkenean, akats gramatikal horiek konpontzeko aldaketa txiki batzuk eginda, zegoen-zegoenean atera zen 2. artikulua konstituzioaren behin betiko bertsioan.

Beste bide batzuetatik bada ere, Anasagastiri ere antzeko informazioa heldu zaio: «Behin, Jose Bono [PSOEko kide eta Espainiako Defentsa ministro izandakoa] nire liburu baten aurkezpenera gonbidatu nuen, eta han esan zuen militarrek presio handiak egin zituztela prozesua homogeneizatzeko; antza denez, militarrek ezin zuten jasan Katalunia eta Euskadi modu berezian tratatzea. Beste behin, elkarrizketa bat izan nuen Iñigo Caverorekin [hura ere Espainiako ministro izan zen UCDren garaian], eta hark ere esan zidan militarren presio handiak izan zituztela Nafarroaren auzian. Ukaezina da militarrek esku hartze handia izan zutela konstituzioa egiteko prozesuan».

«Konstituzio bat egin behar izatea oso egoera berezia da; horretan denak ginen hasiberriak»

Jose Angel Cuerda

Lehenengo urrats hori eginda, zirriborroa Kongresuaren Batzorde Konstituzionalera pasatu zen, 1978ko maiatzaren 5ean. 36 diputatuk osatzen zuten hori, eta han, zazpi egileen batzordean ez bezala, EAJk bazuen ordezkaritza. Jeltzaleek jakin zutenean Fernando Abril Martorell (UCD) eta Alfonso Guerra (PSOE) hainbat artikuluren inguruan ados jarri zirela aparteko bilera batean gainerako alderdiak kontuan izan gabe, jeltzaleek batzordea uztea erabaki zuten, geroago itzuli ziren arren.

Autodeterminazioa

Jeltzaleen taldekoez gain, bazegoen beste diputatu abertzale bat Kongresuaren Batzorde Konstituzionalean: Francisco Letamendia, Euskadiko Ezkerra koaliziokoa. Batzorde hartan, autodeterminazio eskubidea konstituzioan sartzea proposatu zuen. Jarrera horri eutsiko zion eztabaidak iraun zuen bitartean: «Autodeterminazio eskubidea aitortzen bada, demokrata batek guztiz zilegizkoak diren bi aukeraren artean hauta dezake: Estatu berean irautea edo independentzia», esan zuen batzordean. «Baina ezein demokratak ukatu ezin duena da aukeratzeko eskubidea bera; herri bati bere buruaz erabakitzeko eskubidea ukatzen bazaio, konstituzio harremanak ez dira askatasunean eta herrien arteko begirunean oinarritzen, inposizioan baizik».

Letamendiaren zuzenketa atzera bota zuten, alde handiz. Bozketa hartan, Marcos Bizkaia EAJren ordezkariak autodeterminazioaren aldeko proposamena babestu zuen. Batzorde Konstituzionalak ekainaren 20an amaitu zituen lanak. Kongresuaren osoko bilkurak uztailan aztertu zuen zirriborroa; aldaketa batzuk egin zizkion, eta onartu egin zuen.

Kongresuaren osoko bilkuran, Letamendiak berriro aurkeztu zuen autodeterminazioaren aldeko zuzenketa. Bozketaren egunean -uztailak 21-, tentsio handia zegoen Kongresuan: ETAk Juan Manuel Sanchez Ramos eta Juan Antonio Perez militarrak hil zituen Madrilen. «Errespetuagatik», zuzenketa ez aurkezteko eskatu zioten Letamendiari, baina eutsi egin zion. Manuel Fragarekin eztabaida garratza izan ostean, bozketa egin zuten. Gehiengo handiz bota zuten atzera: aldeko bost boto eta 11 abstentzio baino ez ziren egon. Oraingoan, baina, EAJko parlamentariek kontrako botoa eman zuten.

1979an argitaratutako El no vasco a la reforma (Euskal ezezkoa erreformari) izeneko liburuan, Letamendiak gogor kritikatu zuen EAJren jarrera: «EAJk uste du xedapen gehigarriaren eztabaida dela bataila eremua, baina ez da konturatzen bataila hori galdua zuela, konstituzioan ordurako eztabaidaturik zeudelako herri bakarraren subiranotasunaren eta nazioaren batasunaren gaiak».

Xedapen gehigarria

Izan ere, EAJk beste bide bat aukeratu zuen: «Guk ikusten genuen Letamendiak proposatutako bideak ez zuela ezer emango», esan du Anasagastik, «eta orduan, foruen bidetik joan ginen; foruak indargabetu zituzten lege guztiak bertan behera uztea proposatu genuen, eta, gero, hain ezagun bilakatu zen lehen xedapen gehigarriaren alde borrokatu ginen».


EAJren afixa abstentzioaren alde, Espainiako Konstituzioaren erreferendumerako kanpainan.

Jeltzaleen proposamenaren arabera, «konstituzioak babestu eta errespetatu egiten ditu foru lurraldeen eskubide historikoak». «Zoritxarrez, ez zen aurrera atera», azaldu du Anasagastik; «edo, hobeto esanda, aurrera atera zen, baina esaldi hori sartu ziguten, foruen eguneratzea konstituzioaren esparruan egingo dela dioena». Ikusita haien asmoak ez zuela aurrera egiten, parlamentari jeltzaleek alde egin zuten Kongresutik. Kongresuko eta Senatuko kideek batera egindako bozketan, azken oniritzia eman zioten zirriborroari 1978ko urriaren 31n. Erreferenduma abenduaren 8rako finkatu zuten.

EAJk abstentzioaren alde egin zuen: «Ez zen eztabaida erraza izan», gogoratzen du Anasagastik, «baiezkoa ematearen aldekoak ere bazeudelako gurean. Diktadura batetik gentozen, eta, jakina, erbestea, espetxea eta askatasun falta baino ezagutu ez zuen belaunaldi hark aukera bat ikusten zuen aurrera egiteko».

Hurrengo urtean, Gasteizko alkate hautatu zuten Jose Angel Cuerda (Gasteiz, 1934), baina hura ere jeltzaleen talde parlamentarioan zegoen konstituzioa egin zenean, nahiz eta eztabaidan «gutxi» parte hartu, aitortu duenez: «Herrialde batean, konstituzio bat egin behar izatea oso egoera berezia da», esan du. «Horretan denak ginen hasiberriak; inork ez zuen eskarmenturik. Lana beltz egin behar izan zen, eta nik uste dut emaitza balekoa izan zela. Baina 40 urteren ostean, gauzak asko aldatu dira; aurrera egin behar da, eta baliteke orain izatea horretarako garai egokia».

 

Hasierara