berria Udako Serieak

Industrialde erromatarra

Lander Muñagorri Garmendia

Lander Muñagorri Garmendia

Forua

I. mendean iritsi ziren erromatarrak Forura; herrixka bat sortu zuten, eta, hiru mendez inguru hartako burdina ustiatu eta gero, hutsik geratu zen ingurumaria. Burdina lantzeko ola ugari eduki zituzten han.

Erromatar garaiko industrialde bat. Alderaketa horrekin nahiko garbi irudika daiteke zer izan zen Forua (Bizkaia) K.o. I. mendetik IV. mende ingurura arte. Burdina lantzen zuten hainbat tailer txiki zeuden Urdaibaiko itsasadarraren bazterrean, eta horregatik erabili du Iraide Zubiaga gidak industrialde baten irudia. Aztarnategira egindako bisita batean egin ditu adierazpen horiek, aztarnategira iritsi eta berehala. Barrura begiratu, eta orain arte topatu dituzten hamabost eraikinak ikus daitezke. Horietan guztietan zorua egosita dagoela dio gidak, burdina lantzeko olak zeudelako horietan guztietan. Hamabost tailer inguru zeuden, industria jarduera handia zegoen, beraz.

Bizkaiko erromatar garaiko aztarnategirik handiena da Forukoa, eta Kantauri itsasertzean dauden arrastoen artean hoberen kontserbatuta dagoena ere bada. Uztailean, gainera, bainuetxe baten aztarnak ere topatu zituzten, eta, oraindik indusketa lanak egiten hasi ez badira ere, aurkikuntza horrek areagotu egiten du Foruko erromatar aztarnategiaren balioa. 15 hektareako hedadura eduki zuen hango herrixkak, eta horietatik %40 berreskuratu dira orain arteko indusketa lan eta arkeologikoetan.



Urte luzeetan zehar egindako lana dago horren guztiaren atzean. 1982. urtean topatu zituzten aztarna horiek, Elexaldeko muinoan aurkitutako idazkun batzuetatik abiatuta. Eta garrantzitsua izan zen burdinola horien aurkikuntza, ordura arteko hipotesi bat ere bertan behera utzi baitzuen. Hau da, erromatarrak ipar isurialdean egon ez zirela zioen ustea, hain zuzen. Ana Martinez Salcedo izan zen aztarnategia topatu zutenetako bat, eta garrantzi hori ere nabarmendu du berak Bizkaiko Foru Aldundiak egin zion elkarrizketa batean: «Bizkaiarentzat oso garrantzitsua izan zen aurkikuntza hori, ordura arte uste baitzen erromatarrak ez zirela han egon; ordura arteko ikerketa arkeologikoak historiaurrean oinarritu ziren batez ere, eta erromatarren aroa apenas ikertu zen. Aurkikuntza horrek agerikoa zena argitu zuen: ingurune geografiko hori ez zegoela garai hartako joera politiko, ekonomiko edo kulturaletatik bakartuta».

Baina egungo Bizkaiko lurrak testuinguruan jarriz gero, ustezko bakartze hori zenbaterainokoa zen irudika daiteke. Pompaelo hiria —egungo Iruñea—mende bat lehenago sortua zegoen, eta Bordele (Okzitania) eta Kantauri itsaso artean zegoen merkataritza trafikoa ere garrantzitsua zen. Horregatik, ingurune horretan erromatarren presentzia egotea normalena dela dio Martinez Salcedok. Eta kontuan hartuz gero, gainera, Bigarren Burdin Arotik Urdaibai bazterrean burdina ustiatu eta lantzen zela, merkataritza trafiko horietan Bizkaia kanpo geratzea gauza arraroa litzateke. Erromatarren inperioak beharrezko zuen, lehengaia zegoelako bertan eskura: burdina.

Kontuak kontu, lehen erromatarrak Claudio eta Neronen agintaldi garaian iritsi ziren. Hau da, K.o. 48. eta 68. urteen inguruan. Hasieran, kokaleku militar bat izan zen, baina apurka handituz joan zen, eta garaiko industrialde hori sortzera iritsi. Jarduera ekonomiko garrantzitsua eduki zuen, baina ez zen iritsi hiri bat izatera, ezta herri edo hiribildu izatera ere. Herri erromatarrek zuten hirigintza plangintzarik ez baita ikusten Foruko aztarnategian. Hala ere, eraikin ugari daude, eta hirigintza plan bat ere badauka, baina bigarren mailako herrigune bat izan zen. «Apurka egiten joan ziren, eta hori eraikinen orientazioan ikus daiteke; bakoitzak ezberdina dauka», azaldu du Zubiagak.

Herri edo hiri ez izan arren ere, bere garaian garrantzia izan zuen gune bat ere izan zen, erromatarren forum bat izan zelako Forukoa. Eta, hain justu, hortik datorkio izena gaur egungo herriari. Herrixka erromatarraren izaeratik. Inperioko forum-ak merkataritza guneak ziren, inportazio eta esportaziorako lekuak, eta baita jarduera politiko eta administratiborakoak ere. 300 urtez jarduera horietan aritu ziren hango biztanleak, baina, inperioa erortzen hasi zenean, herria hutsik geratu zen, eta ahanzturan erori zen.

Merkataritza ikuspegitik, kabotaje trafikoan toki bat gehiago zen Forua. Barnealdeko lehengaiak esportatzeko baliatzen zelako portua, baita burdinoletan lantzen ziren burdin lingoteak ere. Merkataritza trafikoan portu bat gehiago izan zen arren, Kantauri itsasertzean induskatu eta aztertu den gisa horretako herrixkarik handiena da. «Indusketak eta haren ikerketak orain arte gure kostaldean ezezagunak ziren jarrera eta lan moduak ezagutzeko aukera eskaintzen digu».

Burdina lantzen zuen herria

Foruko erromatarren aztarnategitik ingurura begiratu, eta, bailararen alde bakoitzean, Arrola eta Kosnoaga mendiak daude. Bigarren Burdin Aroan mendi horietan kastroak zeuden, eta orduko biztanleak han bizi ziren. Arrolan zegoen bizilekuan, esaterako, 1.000 pertsona inguru bizi izan ziren, eta inguruko burdin zainak ustiatu zituzten, lanabesak eta armak egiteko. Forua eta ingurua nola erromanizatu zen oraindik ez dago argi, baina, teoria batzuen arabera, ekialdeko kanpaina militarretara joandako mertzenarioak itzultzean gertatu zen aldaketa. Asimilatze bat izan zela diote, eta apurka hango herritarrak erromatar bihurtu zirela. Kontua da burdina ustiatzen jarraitu zutela erromatarrek ere, eta horrela jarraitu zutela inguruko mendietan zeuden burdina zain guztiak agortu arte.

II. mendean, merkataritza fluxu handiak izan zituen inguruak, eta garapen ekonomiko bat izan zen inguruan, eta, horren eraginez, hazkunde demografikoa izan zuen Foruko herrixkak. Garai on bat izan zen, eta etxebizitza berriak egin behar izan zituzten. Horrekin batera, baita burdin lantegi gehiago ere, azkenerako egun uler daitekeen industrialde txiki bat sortzeraino. Barnealdeko zeramika eta bestelako lehengaiak ere Foruan zegoen portutik zeukaten itsasorako irtenbidea, eta horrek ere garapen ekonomikoari lagundu zion.

Garai hartako Urdaibaik, gainera, egungoaren itxura txikia zuen. Zubiagak aztarnategitik itsasadarrera begiratu du, eta duela ia 2.000 urte inguru horrek fiordo baten itxura zuela azaldu du. «Itsasontziak honaino iristen ziren, barruraino nabigatu ahal zuten». Ontzi handiagoak, ordea, egun Bermeo dagoen ingurura iristen ziren, eta, handik, itsasontzi txikiagoekin egiten zuten Forurainoko bidea.



Hiru mendeetan zehar inguruko burdina ustiatzen amaitu zutenean, herria hustuz joan zen. Garai horretan, gainera, erromatarren inperioa erortzen hasia zegoen, eta estrategia berezirik ez zuten herrixkak bere horretan geratu ziren. Forua, esaterako. Hala ere, Martinez Salcedoren arabera, zenbait urtez hango portua erabiltzen jarraitu zuten: «Topatu ditugun material arkeologikoen artean V. mendeko zeramika eta beirak topatu ditugu, eta horrek esan nahi du merkataritza harremana izaten jarraitu zuela inguruak». Dena dela, Forua lurrak irentsi zuen, XX. mende amaieran berriz ere agerira atera artean.

Topatutako aztarnak

Merkataritza jarduera adierazgarria izan zuen herriak, eta, horregatik, ulertzekoa da baliozko elementuak ere topatu izana. Horien artean, aldare bat eta hilzutabe bat nabarmendu behar dira. Ereñoko marmolean taillatutako harriak dira biak, eta aldareak, esaterako, latinez idatzitako testu bat dauka. Marcus Caecilios Montanus izeneko gizon batek Ivilia jainko indigenari bere seme Fuscus semearen osasuna babesteko eskaera biltzen du aldare horrek. Horretaz gainera, txanpon, zeramika eta garaiko bestelako arrasto ugari ere topatu dira. Horiek denak Bilboko Arkeologia museoan dauzkate gordeta.



Oraindik, gainera, arrasto gehiago ere topatuko dituzte Foruan, eta lehendik ere Kantauri itsasertzeko aztarnategirik handiena zena are handiago bihurtuko da. Izan ere, duela hilabete topatu zuten bainuetxean aztarna gehiago aurkituko direla aurreikusten dute. Ur zikinen sarea egokitzeko lan batzuetan egindako zundaketa batean topatu zuten bainuetxe hori, eta oraindik indusketak hasi ere ez dituzte egin. Hala ere, hor erromatarren garaiko Forua nolakoa zen irudikatzeko pista gehiago topatuko dituztela espero dute ikerlariek. Erromatarren garaiko industrialdeak eduki zuen itxuraren argazki zehatzago bat egiten lagundu dezake.

Hasierara