berria Udako Serieak

Iraganaren lekuko

Eihartze Aramendia Iparragirre

Izturitzeko eta Otsozelaiko harpeak

80.000 urte baino gehiago dituzten giza aztarnen lekuko dira Izturitzeko harpeak; geologia aldetik, naturak sortutako elementuak ikusgarriak dira.

Burdinazko ate handi bat irekitzen da, artisten topaketa batean artista batek egindako margolan batek apaindurik. Hori ere badira-eta Izturitzeko harpeak (Nafarroa Beherea); artisten topaleku. Baina bisitariak atearen bestaldean aurkitzen ditu artistarik handienak egindako artelanak; «naturak ikaragarrizko gauzak egiten ditu», dio Izturitzeko eta Otsozelaiko harpeak ezagutzera joan den batek.



Berehala nabaritzen da freskotasuna; Aude Labarge bisitaren gidariak jakinarazi du hamalau gradu daudela. Zer topatuko zain, bisitari guztiak isil-isilik sartu dira harpera, gidariak haur bati kargu hartu dion arte: «Ahoan duzun gozoki hori kendu, mesedez». Arauek argi diote ezin dela edan, ezta erre ere, lurrera erortzen diren gauza guztiak kaltegarriak baitira leizearentzat, bakterio erasoak sortzen dituztelako. Orain bai, denak prest. Labargek azalpenak eman ditu Homo sapiens-en historiaurreko aurinagciarren kultura eta haien inguruan arkeologoek aurkitutakoa : «Aurinagciarrek egiten zuten jardueren arabera, bizilekua egituratu zuten, eta hiru lan eremu aurkitu dituzte hemen: harategia, animalien larrua lantzeko eremua eta apaingarrien eremua». Hiru eremu horiek aztertuta, ikerlariek zera ondorioztatu dute: aurinagciar gizakiek ekonomia garatu zutela Pirinioen mendilerroan, landutako objektu zein materiala inportatuz eta esportatuz. Horrez gain, ondorioztatu dute apaingarriak gizataldeen nortasunaren adierazgarri zirela, eta oso gizarte eredu antolatua zutela. «Orain dela 40.000 urte ezarri zituzten gizarte garaikideen oinarri sozialak, ekonomikoak eta politikoak», esan du Labargek.


Indusketa lanak. / Bob Edme

Beste areto batera gidatu ditu bisitariak, Madeleine aldiko Homo sapiens-ak bizi izan ziren aretora, hain zuzen, aurinagciarrak han egon eta 30.000 urtera. 1913tik 1953ra, ikerlarientzat lehentasuna izan zen areto hori, Izturitzeko areto handia ere deitua. Urte horietan zehar, milaka objektu, animalien hezur eta artelan berreskuratu zituzten. Horiek denak Saint-Germain-en-Layen daude, Frantziako Arkeologia Museoan. Maiz galdetzen diete ea aurkikuntza horiek guztiak ezin ote diren ekarri Euskal Herrira, baina erantzuna beti bera da: dirua. Dena den, Paris ondoko museo horretan objektuak erakusketa batetik bestera mugitzeko filosofia dute, eta horrekin kontent da harpeen jabe Darricau familia.

Areto nagusi horretan, Madeleine aldiko gizakiek zutabe batean zizelkatutako animaliak ikus daitezke: oreinak, zaldiak, arrainak... Zizelkatutako zutabe bakarra da, eta, Labargek azaldu duenez, munduan ez dago hain bestiario oparoa duen beste zutaberik. Egun areto nagusia horma batek estaltzen badu ere, aretoak argi naturala zeukan orain dela 17.000 urte, irekidura bat baitzuen hegoaldetik; horrela zizelkatu ahal izan zuten zutabea. Ikerlariek Madeleine aldiko gizakien egunerokoa nolakoa zen irudikatu ahal izan dute; esaterako, lan eremu batzuk aurkitu dituzte, eta horietako hainbat, gainera, sutondo bati lotuta.

90 eskailera eta Otsozelaira

Izturitzeko harpea utzi eta Labargek eskailera batzuk seinalatu ditu, «behean itxaron» esanez. Bat, bi, hiru, lau... 90 eskailera jaitsita, gidak jakinarazi du: «Otsozelaiko harpean zaudete orain». Bidexka bat ikus daiteke, ohar batekin. Laplace galeria ikusteko oharra da; bertan daude zizelkatutako zaldien irudiak, baina igandeetan bisita berezi bat egiten dute horiek ikusteko; beraz, momentu horretan ezin sartu. Bada zer ikusia bestela ere, eta itzultzeko aitzakia ere ematen du, bide batez.

Izturitzeko harpeetan aurkitutako flauta.


Aurrera egin eta argiak pizterakoan, jendea aho-zabalik geratu da, naturak urteen poderioz sortutako artelanak txunditurik. Momentu horretan, Labargek aprobetxatu du azaltzeko nola sortzen diren estalaktitak eta estalagmitak. Bada beste elementu bat, gortinak deitutakoa, pareta osoan barreiatzen diren urek sortua. Gortina horiek berezitasun bat dute: kolpe leun batzuk emanez gero, bibratu egiten dute, eta melodia bereziak sortzen. Labargek horren adibide entzungarria jarri du minutu gutxi batzuez. Pierre Esteve musikologoak sortutako musika jarri du, areto horretan bertan sortua. Leizeetarako propio sortutako mailu batekin bibrarazi zituen gortinak, eta ateratako soinuak grabatu zituen. Soinu horiekin konposizioak egin zituen; instrumentu natural horiei litofono esaten zaie.

Areto magiko hori atzean utzi, eta Bizarzuri izeneko aretora gonbidatu ditu bisitariak. Bertan, gidariak azaldu du nola sortu ziren Gazteluko mendixkako leizeak. Hurrengo aretoan leize baten bizitzaren zikloak izan ditu mintzagai, hala nola ur jauzi distiratsua. Ur jauziak euri ura jasotzen du aldizka; kaltzita etengabe sortzen da bertan, eta distira egiten du. Konkrezio lehorrak ere badaude, euri urik jasotzen ez dutenak eta beraz jardunik ez dutenak.

Neguan atsedena

Izturitzeko eta Otsozelaiko harpeak zortzi hilabetez egoten dira irekita, martxoaren 15etik azaroaren 15era. Gero, atseden hartzen du lau hilabetez; ezinbestekoa da hori kontserbaziorako. Ikerketen arabera, harpeak oso ongi kontserbatuta daude, eta arduradunek gutxi esku hartuz lortzen dute hori; hau da, batzuetan ur asko dago, besteetan gutxiago, baina bere kasa erregulatzen da.

Urtean 40.000 bisita izaten dituzte, eskaintzen dituzten bisita mota guztiak kontuan hartuta: bisita berezi bat dute argazkilarientzat soilik, sentimenezkoa itsuentzat, soinu-bisita, haurrei zuzendua, bisita geologikoa, historiaurreari buruzko bisita... Argazkilarientzako bisitetatik eta soinu bisitetatik ateratako dirua ikerketara bideratzen dute; gaur egun, Akitania Berriko Arkeologiako Eskualde Zuzendariordetzak egiten ditu egin beharreko ikerketak.

Izturitzen ez, baina Donapaleuko Chemins-Bideak espazioan (Nafarroa Beherea) egun osoko jardunaldi bat antolatzen ari dira urriaren 20rako. Ordu erdian behin, zientzialari batek mintzaldi bat emango du. Jendea bertako altxorraz jabetzea nahi dute.

 


Otsozelaiko harpea. / Bob Edme

Ezagutzaren hartu-emana
 

Joelle Darricauk betidanik ezagutu du Gazteluko muinoa eta bere barneko altxorrak: Izturitzeko eta Otsozelaiko harpeak. Gune horren jabea da, oinordetzan hartua. Gaur egun, ardura handia du, baina txikitako oroitzapenek irribarre bat ateratzen diote: «Gure aitatxik gida lanak egiten zituen, eta anaia eta biok harpeetan ezkutatzen ginen bisiten artean, bisitariak izutzeko. Harriak ere hartzen genituen, eta gero bisitariei saltzen saiatzen ginen; ez genuen ezer saltzen, ordea! Gure aitatxi haserre bizian egoten zen! Gure jolasa zen».

Gazteluko muinoa Darricauren familiaren lurren parte zen, belaunaldiz belaunaldi pasatu dena. Garai batean, tokiak «gauenara anitz eta hori besterik ez» bazirudien ere, lehen aurkikuntza arkeologikoek Darricau familiaren etorkizuna markatu zuten, «denok oso inplikatuta gaude». Izturitze eta Otsozelaiko harpeen ardura izanagatik, Joelle Darricauk nabarmendu du ez duela jabetza sentimendurik: «Denen zerbitzura dago. Toki hau jakintza partekatzeko izan da betidanik, ezagutzaren hartu-emanerako; hori da toki honen izpiritua».

Bertako harpeek irteera natural bat dutenez horizontalean, legez ez dira lur azpikotzat hartzen; beraz, ez dira eremu publiko. «Hori Otsozelaiko harpea deskubritu zenean izan zen, 1929. urtean. Frantziako estatuak beretzat hartu nahi zuen, eta nire aitatxik epaiketa galdu zuen, baina helegitea jarri eta hori izan zen azkenean epaia. Baliagarri izan zen Frantziako kobazulo askotarako. Gaur egun, Frantzian lurpeko munduaren %66 pribatua da; hortik %25, historiaurrekoa, eta beste %25 monumentu historiko gisa sailkatua dago».

Darricau familiaren patua XIX. mendearen bukaeran aldatu zen. Ordu hartan, guanoa ustiatzen zen Izturitzeko harpean, eta Hego Amerikara bidaltzen zen. «Langile bat nire aitatxirengana joan zen erranez bazirela hezur anitz ateratzen ari ziren lurraren artean, eta hezur horiek ez zirela orduko garaikoak», azaldu du Darricauk. Ikertzaile bat ekarrarazi zuten, eta hark baieztatu zuen hezur horiek mamutenak, bisonteenak eta abarrenak zirela. Orduan ulertu zen toki hura historiaurreko toki bat zela. «Nire aitatxik guanoaren ustiaketa geldiarazi zuen, eta ikerketaren lehen fasea hasi zen. Berak ere bere lana utzi zuen, arkitekto gisa lan egiten baitzuen Hiriburun».

Emmanuel Passemard ikerlariak Izturitzeko zutarri grabatua eta geruza estratigrafikoen seriea aurkitu zituen, eta, 1928tik 1959ra bitarte, De Saint Perier kondeek abiatu zuten ikerketek historiako 80.000 urte azaleratu zituzten.

Otsozelaiko kobazuloa kasualitatez aurkitu zuen herriko laborari batek: «Etxegarai jaunak txakurra galdu zuen. Bila joan, eta zulo bat ikusi zuen; orduan konturatu zen kobazulo bat zela». Hala, Andre Darricauk —Joelle Darricaun aitatxi— eskailera luze bat eraikiarazi zuen bi harpeak lotzeko, eta monumentu historikotzat hartu zituzten. 1953tik daude publikoari irekita. Geroztik, lekuari garrantzia eman dioten hainbat aurkikuntza egin zituzten: grabatuak eta margoak, Erberoa hirugarren harpea —ezin da bisitatu—, hezurrezko elementuak eta okrezko narrioak, beste hainbaten artean.

 


Hasierara