berria Udako Serieak

Mila urteko bizilekua

Aitor Biain

La Hoya

Brontze Aroan hasi eta Burdin Aroaren amaierara arte bizileku izan zen La Hoyako herria. Inguruko garrantzitsuena izan zen, adituen arabera. Aztarna baliotsuak aurkitu dituzte indusketetan.

Arabako Errioxako lurrak mahastiz josita daude gaur egun. Ardoaren lurraldea da, ezbairik gabe, Ebroren harana. Ibaiaren alde banatan mundu mailako ardorik preziatuenak ondu dira azken mendeetan, eta horrek egin du ezagun lurraldea, hein handi batean. Baina ardogile eta upategien lurraldean beroiak bizi izan ziren garai batean: Brontze eta Burdin Aroan, zehazki. Garai hartakoa da, hain zuzen, La Hoyako herria. Mila urte baino gehiagoz bizileku izan zen herriaren aztarnak baino ez dira geratzen orain.

Guardiaren (Araba) iparraldean eta Toloño mendilerroaren magalean dago La Hoyako aztarnategia. Lautada txiki batean eraiki zuten orain milaka urte La Hoyako herrixka. Herriaren lehengo aztarnak oraingo aroaren aurreko 1.200. urtekoak dira, Brontze Aroaren amaierakoak, alegia. Burdin Aroan haziz joan zen herria, baina, adituen ustetan, oraingo aroaren aurreko 250. urtean utzi zion bizileku izateari, hau da, erromatarrak iritsi baino apur bat lehenago.


Merkataritza aldetik herri garrantzitsua izan zen La Hoya. (E. Portillo, Foku)

«Oso aztarnategi garrantzitsua da», Javier Fernandez Bordegarai Bibat museoko zuzendariaren hitzetan. Izan ere, erromatarrak lur hauetara iritsi aurreko bizimodua nolakoa zen ezagutzeko aukera eman die ikerlariei. «Askotan, uste da erromatarren garaian iritsi zela dena, baina ez da horrela. Aurretik ere bizimodu oso garatua zuten hemengo lurretan», nabarmendu du.

Inguru paregabean egonagatik ere, kokapen «bitxia» du herriak, adituen irudikoz. «Ez dago gune babestu batean, edota, Guardia bezala, muino edo altuera batean; guztiz kontrakoa da: erabat laua baita. Bitxia da hori garai haietarako», azaldu du Fernandezek. Jakina da, hala ere, harresi «indartsu» batek inguratzen zuela herria. Oraindik ere, aztarnategiaren iparraldeko zatian ikus daiteke zati bat. Fernandezek adierazi duenez, 500-600 metro luze izango zen harresia; garaiera, ordea, ezezaguna du. Harresiak ez zuen hiri guztia babesten, hala eta guztiz ere: «Herriaren hegoaldeko zatian ez du harresirik. Uste dena da, agian, aintzira edo laku txiki bat izango zutela, padura antzeko bat». Inguru horietan ere badira oraindik halakoak; bada, litekeena da alde hori babesteko erabili izana. Adituen arabera, kokapenak berak eta bizilekuaren babes faltak eragin nabarmena izan zezaketen herriaren desagertzean.

La Hoyako herrixkaren zati txiki bat dago egun ikusgai. Orduko etxeen zimenduak direnak ikus daitezke batez ere; garai hartako herriaren planoa izan zitekeena irudika daiteke. 1936an aurkitu zuten aztarnategia. Ez zen 1973 arte ikertu, ordea. Armando Llanos arkeologoak gidatutako taldeak egin zituen indusketa lanak Arabako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Agerian dagoena gutxi bada ere, gehiago egotea zaila bezain arriskutsua da, Fernandezek azpimarratu duenez. «Klima gogorra da, eta horrek egoera zailtzen du», adierazi du. Hain zuzen, horren ondorioz, «egoera zailean» izan zen aztarnategia orain urte batzuk.

Hiri «garrantzitsua»

Indusketa lanei esker jasotako informazioaren arabera, herri handia eta garrantzitsua zen La Hoya garai hartan. «Segur aski, inguruko hiriburua edo izan zitekeen. Indartsua baitzen ekonomikoki, politikoki eta baita populazio aldetik ere». Pisu handia izan zuen egun Arabako Errioxako lurrak diren inguruko merkataritzan. Uste denez, harresiaren ondoan eraiki zituzten aurreneko etxebizitzak, erdigunea nekazaritza edo abeltzaintzarako libre utzita. Burdin Aroan haziz joan zen apurka-apurka; ordukoak dira hirigintzaren lehen arrastoak: «Kaleak zolatuko dituzte, orotariko ekintzetarako esparru zabalak utziko, eta ongi antolatutako etxeak azalduko dira».

Etxeei dagokionez, karratu edo laukizuzen forma izaten zuten, eta hiru zati bereiz zitezkeen,  Fernandezek azaldu duenez: «Biltegi gisara erabiltzen zuten esparru bat, eguneroko bizitzarako beste bat, eta janaria prestatzeko sukalde gisara hirugarrena». Oinarrian, harrizkoak izaten ziren, eta, gainean, adobea eta burdina ere izaten zuten egurraz gain. Teilatua, berriz, lastoz eta adaxkez egindakoa izaten zen. Inguruko materiala erabiltzen zuten horretarako, noski. «Sinpleak baziren ere, benetako etxe itxura zuten ordurako». Gaur  egun, aztarnategiaren alboan bisitarientzako interpretazio zentro bat dago, eta etxearen maketa bat ikus daiteke, garai hartakoen tamaina berean eraikia.


Tamaian berean eraikitako etxe baten maketa ikus daiteke interpretazio zentroan.

Adituek uste dute beroiak izan zirela La Hoyan bizi izan ziren herritarrak. «Teorian», haiek izan baitziren Ebro ibaiaren haranean bizi zirenak. Toloñoko mendilerrotik gora bizi ziren Euskal Herriko gainerako herriak: barduliarrak, karistiarrak, baskoiak edo autrigoiak, esaterako. Baina ez dago guztiz argi. «Izan ere, garai hartan gorpu asko erre egiten zituzten, eta, beraz, orduko gizakien aztarna oso gutxi daude».

La Hoyak badu beste berezitasunik, halaber. Oraingo aroaren aurreko 300. urte inguruan herriak eraso bat jasan zuen, eta, eraso horren ondorioz, hainbat aztarna aurkitzea erraztu die ikerlariei. «Sutearen egunean azokaren antzeko zerbait zegoela uste dugu. Zeramikazko ontzi ugari aurkitu baitzuten aztarnategian egindako indusketetan». Kalean aurkitu zituzten gehienak, sutearen ondorioz behera eroritako hormen azpian. Beste asko, berriz, etxeetan: «Alde egin behar izan zuten askok, gauzak bere horretan utzita».

Gorpu batzuk azaldu ziren tartean, zortzi bat. «Kalean azaldu ziren haiek ere, eta ezohikoa da hori garai haietarako. Gorpuak aztertuta, bertan hil zituztela ondorioztatu da. Eskua moztu zietela ere ikus zitekeen zenbaitetan», adierazi du Fernandezek. Ez dakite nortzuek eraso zioten herriari. Sutearen ondoren berriz okupatu zutela ere badakite: ez zuen askorik iraun, ordea. La Hoyan aurkituta gorpuak balio eta interes handikoak dira, gorpuen azterketetatik informazio asko atera daitekeelako gaur egun. Eta, Burdin Aroko gorpuak gutxi direnez, eskaera asko izaten dutela aitortu du Fernandezek.

Ez dira aztarnategian aurkitutako gorpu bakarrak, ordea: etxeen azpian ere haurren gorpuzkiak aurkitu zituzten lurperatuta; ehundik gora. «Oso aspalditik datorren ohitura bat da; orain gutxi arte Euskal Herrian ere mantendu da baserri askotan», erantsi du Fernandezek. Horrez gainera, herritik kanpora hainbat hilobi ere atzeman zituzten ikerlariek. Hainbat kutxa ziren, zehazki. Gorpuak erre egiten zituzten aurrena, eta errautsak zistak izenez ezagutzen diren harrizko kutxetan sartzen zituzten norbanakoaren objektu pertsonal eta hil opariekin batera. Aztertutako ia 60 hilobiei esker, adituek ondorioztatu dute «gerlariak edo borrokalariak» zirela hildakoak: zilarrezko hariekin apaindutako armak, paparrekoak eta apaingarriak azaldu baitziren kutxetan.

Urregintzari lotutako piezak ere aurkitu dituzte aztarnategian: fibula izeneko paparreko orratz moduko batzuk agertu dira, adibidez; «Apaindura handikoak izaten ziren». Zeramika ugari ere atera zuten lurpetik, halaber. Fernandezek azaldu duenez, La Hoyan aurkitutakoa «balio handikoa da», nola Hispaniaren testuinguruan, hala Europa mailan. Gasteizko Bibat museoan daude ikusgai pieza guztiak gaur egun.

«Asko du emateko»

La Hoyako aztarnategiaren zati handi bat induskatu zuten 1970eko eta 1980ko hamarkadetan, baina adituek uste dute   gehiago ere eman dezakeela aztarnategiak: «Ez dakigu oraindik zenbat eman lezakeen, lurraren ehuneko zati handi bat induskatu gabe dagoelako. Aztarnategia handia da, eta aukera asko daude oraindik ikertzeko: asko du emateko», adierazi du Fernandezek.

Aztarnategiaren garrantzia azpimarratu du Bibat museoko zuzendariak, baina aitortu du etorkizun laburrean ez dutela espero beste indusketarik egiterik. «Proiektu handi bat behar da horretarako, eta garestia bezain zaila da». Ez du aterik itxi, halere: Etorkizun batean, batek daki».

Hasierara