berria Udako Serieak

Lehorreko olatuak

Imanol Eppherre - Irati Urdalleta Lete

Surf oholak eta hidrogeno bizikletak

Ezkirotz itsasotik urrun badago ere, surf oholak egiten dituzte han. Ostera, Miarritzen, olatuen hirian, hidrogeno bizikletak ekoizten ditu Pragma konpainiak.

Pablo Larretak olatuetatik urrun egiten ditu surf oholak. Itsasotik lerro zuzenean 70 kilometrora, Ezkirotzen (Nafarroa) dauka Lamoona surf denda eta lantegia. Indurainen lurraldean surf oholak, eta surfaren herrian bizikletak. Izan ere, Miarritzeko (Lapurdi) Pragma lantegian egiten dituzte hidrogenozko erregai pila darabilten lehenengo bizikletak.

Itsasorik gabe surfean

Larretak ez zuen inolako erlaziorik surfarekin, nahiz eta, azken bederatzi urteetan, buru-belarri oholak ekoizten diharduen. Diseinu industrialeko ikasketak eginak zituen; beraz, gustatzen zitzaiona produktuak diseinatzea zen. «Oholak egiteko erabiltzen den materialarengatik sartu nintzen mundu honetan, ez surfa gustatzen zitzaidalako».

Lagun batekin elkartu zen, eta oholak egiten hasi eta berehala ikusi zuen nahiko ondo saltzen zirela, baina onartu du hasiera pixka bat zaila izan zela: «Mundu esklusiboa da, eta zaila da izen bat egitea». Ez du arazotzat, ordea, oholak barnealdean egitea. «Hasiera pixka bat konplikatua izan zen. Gure oholak uretan ikusten hasi zirenean, ordea, jendeak ikusi zuen irauten zutela eta onak zirela». Orduan hasi ziren gehiago saltzen. «Jendea ez zen hainbeste harritzen oholak Iruñean egiten ditugulako, baizik eta surfa egiten ez dugun bi lagunek egiten ditugulako».

Surfaren munduan izena izatea zaila den arren, lortu dute. Horretarako, lagungarri izan zaie beren bereizgarri nagusia: oholak pertsonalizatuak dira. «Hemen, gehienbat, bezero bakoitzari berak nahi duen bezalako ohola egiten diogu, bai formari dagokionez, bai diseinuari dagokionez». Eskatzen dietenaren arabera, aldatu egiten da ohola egiteko behar duten denbora: «Hiru aste ere behar izaten ditugu marrazki handi bat egin behar bazaio».

Abantailak eta desabantailak ditu surf oholak surfik egin ezin den leku batean egiteak. «Onena lehiakiderik ez edukitzea da. Surfa ohikoa den lekuetan, marka asko egoten dira, eta hor enpresa berri bat sartzea oso zaila da». Desabantailak ere badauzka, ordea. «Hau ez da uda pasatzeko ohiko leku bat, eta surflariak ez dira hemen egoten; beraz, zailagoa da komunikazioa eta jendeak gu ezagutzea». Kostan lan hori errazago egiten dutela dio, jendeak errazago ikusten dituelako. «Guk sare sozialak erabili ditugu».

Estrategiak funtzionatu die, eta ohikoa da Lamoona oholak ikustea Espainiako hondartzetan. Izan ere, han saltzen dituzte taulen %90 inguru. Batez ere, norbanakoak dituzte kontsumitzaile. Beste surflari batzuek onak direla esan dietelako erosten dizkiete,  edo sare sozialen bidez euren berri izan dutelako. «Gure dekorazioak gustatzen zaizkie, eta pertsonalizatzeko aukera ere bai. Hori lantzen eta bultzatzen saiatzen gara».

Iruñea inguruan ere gero eta jende gehiagok du surferako zaletasuna. « Hemen errazagoa da eskia egitea, mendiak bertan ditugulako. Surfa egiteko, ordea, ordubete edo ordu eta erdi mugitu behar dugu, eta hori zailagoa da». Zaletasuna badagoela azaldu du, baina, surflariak herri askotan bananduta daudenez, komunikazioa zailagoa dela. Itsasoko kirol hori maite dutenak gero eta gehiago direnez, ez dira Nafarroan oholak egiten dituzten bakarrak. «Beste marka bat badago, Trinity izenekoa, baina hasieran behintzat kanpoan fabrikatzen zituzten».

Larretak dio Iruñe inguruan ere badagoela beste jende bat oholak egiten hasteko interesa erakutsi diona, baina gero konturatzen direla lanbide sakrifikatua dela. «Lan zikina da, eta materialak ere nahiko toxikoak dira; kontuz ibili beharra dago». Gainera, azaldu du eskulan handia dutela eta akats txiki bat eginez gero ohol guztia hondatu daitekeela. «Ohola egiteko prozesua ezagutzea gustatzen zaie, baina honetan lan egiten hastea hobeto pentsatzen dute».

Surfeko oholak eginez bizi ez baizik iraun egiten dela dio Larretak «Negozio txiki gehienak bezala, justu ibiltzen gara. Hilero egin beharreko ordainketak ez datoz bat dauzkagun diru sarrerekin». Dioenez, ez daukate laguntza handirik, gainerako autonomoek bezala. «Lan hau egiten disfrutatu egin behar duzu; bestela, hobe da enpresa batean sartu eta hilero soldata finkoa edukitzea».

Aurrerantzean ere surf ohol berriak egiten jarraituko du. «Diseinu industrialeko ikasketak ditut, eta iruditzen zait produktu asko hobetzeko daudela surfaren munduan». Nafarroak, lehorrean, surf oholera igota segituko du.
 

Kostaldeko bizikletak

Hidrogenoa etorkizuneko energia sortzaile gisa bistaratzen du  Pragma Industries Miarritzen kokatutako goi teknologiako enpresa ttipiak eta Alexandre Blanc operazio zuzendariak. Hidrogenoaren inguruko soluzioak proposatzen hasi zen enpresa mundu mailako I+G laborategientzat. Ondoren, hezkuntzaren aplikazioan garatu zituen produktu batzuk, eta militarrentzat ekoitzitako erregai pila batekin jarraitu zuen. Gaur egun, militarrek gerrara eramaten dituzten litiozko bateria pisutsuen ordez, hidrogenoarekin funtzionatzen duen sistema arinago bat proposatzen segitzen du Pragmak. Hala ere, azken urteetan mugikortasun arinean du kokatzen iparrorratza.

Alpha bizikleta da enpresaren izarra. Mundu osoan lortu du ezagun izatea, komertzializatzen lehena izan den hidrogenozko erregai pila batekin ibiltzen den bizikleta elektrikoa delako. Blancek onartu du sekulako ikusgrina sortzen duela Alphak: «Kanadan egindako lan bidaia batetik itzuli berri gara, eta, petrolioaren esklabo den herrialde batean, ikaragarri gustuko dituzte horrelako soluzioak».

«Ziklismo aldetik, ez da beste bizikleta elektriko bat baino hobea», dio Blancek. Aldiz, argi du aitzinetik ezin ikusiak diren abantailak badituela. Autonomia aldetik 100 kilometro badituela zehaztu du, baina erabileraren arabera 60 eta 80 kilometroetara hurbiltzen dela onartu du Blancek. Litiozko bateriak erabiltzen dituzten pirripita elektrikoak baino autonomia fidagarriago bat hitzematen du Pragmak.

Horrez gain, «gau oso batez bateria kargatzen utzi beharrean, gure sistemak minutu batez berriz kargatzea ahalbidetzen du», azken batean, gas botila bat betetzea baita. Azkenik, Blancek balioa eman dio erregai pilari eta sistema osoaren iraupenari. «Denek dakigu zenbat irauten duten gure sakelakoetan dauden litiozko bateriek». Bateria handiagoen kasuan ber konstatazioa dela dio. Iraupena erabilpen orduz kalkulatu dute, eta, egunero lanera joateko 8 eta 10 kilometro artean egiten dituen pertsona batentzat, Alphak hamar urte irauten duela hitzeman du: «Pirripita bera zaharkituko da hidrogeno bateria baino lehenago».

Bizikleta aukeratu zutenean enpresaren motor bilakatzeko, ez zuten aurreikusia pirripita elektrikoaren gaur egungo merkatuaren boom-a. Blancek dio Pragma hobekien espezializatua den potentzia ertaineko hidrogenozko erregai pila komeni zitzaiola bizikleta elektrikoari. Apustua aukera bilakatu da. Izan ere, Europako herrialdeetan pirripita elektrikoak izugarrizko garapena dauka. Frantziaren adibidea esanguratsua da: 2016tik 2017ra, %90 emendatu du salmenta, 134.000tik 255.000ra.

Ehun bizikleta ekoitzi zituzten joan den urtean. Blancek argitu du ezin direla lehiatu eskala industrialean ekoitziak direnekin: «Haiek 10.000-100.000 bizikleta ekoizten dituzte». Litioa erabiltzen duen teknologia eta hidrogenoa baldintza ezberdinetan lehiatzen dira. Bata edozein etxetako azpiegiturei egokitua da; besteak, berriz, hidrogeno-estazio sare bat beharrezkoa du, eta Iparraldean bakarra da, Miarritzen. Ekoizbide txikiek eta hidrogenoaren metatzeari eskainia zaizkion azpiegitura bakanek dute Alpha pirripitaren prezioan eragiten, 7.500 euroan proposatua baita.

Hala ere, Pragmak lortu ditu bezeroak. Iragan urtean ekoiztutako gehienak elkargo administratiboei saldu dizkie. Euskal Elkargoko Euskal Kostaldea-Aturri lurraldeari hamahiru saldu zizkion iaz, eta zenbait zerbitzutako langileen esku dira. Frantzia iparraldeko St Lo hiriak ere erosi dizkio hamar bat. Itzuli turistikoak egiteko erabiliko dituzte.

Etorkizuna argi du enpresak. Epe laburrera pirripitak publiko zabalari irekitzea baldin badu ere helburu, Pragmaren borondatea ez da produktu hornitzaile izatea. Hidrogenoaren arloan soluzioak ebazteko eskaintzara bideratu nahi dute soilik. «Bizikleta sortu dugu hasieratik bukaerara, gure teknologiaren egokitasuna egiaztatzeko asmoz», onartzen du Blancek. «Gure ideia erregai pilaren sistemaren hornitzaile izatea da, Orbea eta halako bizikleta ekoizleei saltzeko». Beraiek koadro eta ekipamendu guztian inkorporatzearen lana uzteko gogoz daude Pragman.

Hasierara