berria

Oasi bat basamortu idorrean

Kristina Berasain Tristan

Kristina Berasain Tristan

'La Bestia'

Mexiko zeharkatzea arriskutsua da oso, bereziki, talde kriminalen eta narkotrafikatzaileen esku dauden iparraldeko estatu mortuetan. La Bestia-ra igotzeak heriotza ere ekar dezake. Iheslariek, hala ere, babesa eta elkartasuna aurkitzen dute bidean; herrialdean dauden 90 aterpeak dira horren adibide.

Lautada sutan ipuin bilduman idazle mexikarrak dioenez, hildakoek bizirik daudenak baino gehiago pisatzen dute, zanpatu egiten dute bat. Juan Rulfo iraultzaren porrotaren ostean paisaia idor eta elkor honetan hiltzen ziren mexikarrez ari zen. Orain hil egiten dituzte, eta ez soilik mexikarrak, baita herrialdea gurutzatzen duten iheslari ugari ere. Mexiko hobi komun klandestinoen lurraldea da. Aste honetan bertan ezagutzera eman duten ikerketaren arabera, herrialdean 1.976 hobi komun aurkitu dituzte hamar urtean, 2006tik 2016ra. Bi egunetik behin, bat. Horietan, 2.884 gorpu, 324 garezur, 219 hezurdura eta milaka hezur zati zeuden. 1.738 baino ez dituzte identifikatu.

Indarkeria arnasa hartzea bezain naturala da hemen. Eta herrialdea hegoaldetik iparraldera zeharkatzen duten iheslariak izan ohi dira talde kriminalen lehen biktimak. Bidean, lapurretak, bortxaketak eta desagertzeak bideko harriak bezain ugariak dira. Iheslari asko bahitu egiten dituzte, gero senideei haien askatasunaren truke dirua eskatzeko; 3.000 dolar inguru. Veracruz, Tamaulipas, Guerrero, Chihuahua, Sinaloa, Zacatecas, Jalisco, Nuevo Leon, Sonora, Michoacan eta San Luis Potosi dira estatu makurrenak. Narkotrafikatzaileen esku daude estatu asko, eta gobernuak ez du ia ezer egiten egoera beltz horren aurka.

 

«Giza krisi baten aurrean gaude, eta estatuaren hutsunearen aurrean, gizarte zibila da erantzuten ari dena»

Andrea Villaseñor. Migranteentzako Zerbitzu Jesuita erakundeko zuzendaria

 

Andrea Villaseñor haratago doa: «Erabatekoa da krimen antolatuaren eta estatuaren arteko harremana. Hiri eta estatu batzuetan sartzeko narkotrafikatzaileen baimena behar duzu». Villaseñor SJM Migranteentzako Zerbitzu Jesuita erakundeko zuzendaria da. Herrialdea zeharkatzen duten iheslariei hainbat alorretan babesa ematea da erakunde horren xedea: «Giza krisi baten aurrean gaude, eta estatuaren hutsunearen aurrean, gizarte zibila da erantzuten ari dena». Karabanarekin ikusi den errealitatea da hori, baina herrialdetik iparraldera doazen iheslarien fenomenoa ez da berria.

Duela hilabete Hondurastik abiatutako karabanatik, Tijuanara, Mexikoren eta AEBen arteko mugara, 300 bat lagun iritsi ziren atzo.

Trenbidearen ondoan

Urtero 400.000 eta 500.000 lagun artean saiatzen dira herrialdea zeharkatzen, eta horietako asko bidean desagertzen dira. Estatuak dio 30.000 desagertu daudela, baina, giza erakundeen arabera, 70.000 baino gehiago dira. «Iheslariei babesa ematea ezinbestekoa da». Villaseñorrek uste du dena dagoela egiteko, eta lehen aldiz elkarrekin oinez abiatu diren iheslarien exodoak hori jarri duela agerian: «Plazetan egin behar izan dute lo, eta orain asko dira, baina bestela ere asko dira, bakarka edo talde txikiagoetan etortzen badira ere».

Alboan gobernuz kanpoko erakundea aurten hasi da iheslariekin herrialdean lan egiten duten elkarteei babesa ematen, bereziki SJMri —Eusko Jaurlaritzako Lankidetza Euskal Agentziaren barruan txertatzen da programa—. SJM iheslarientzako aterpetxe sare baten kide da. Villaseñorrek azaldu du orotara 90 aterpetxe daudela herrialdean, eta horietatik 23 sare baten parte direla. «Redodem sareak elkarlanean ari gara migratzaileen kontra egiten diren urraketak dokumentatzeko». Pasa den urtean 2.724 migratzaile izan ziren giza eskubideen urraketaren baten edo delituren baten biktima. Lapurretak (%76), erasoak (% 5.14), estortsioak(%4), bahiketak (%3,8) eta autoritate abusuak (%2,9) dira ohikoenak.

Aterpetxeak basamortuan oasi baten modukoak dira iheslarientzat.

Guadalajarako El Refugio da oasi bakan horietako bat. Cerro del 4ko auzoan dago, porlan lantegi erraldoi baten aldamenean mazelan gora doan etxe txiro eta harrizko kaleen puntan. Kokapena ez da ausazkoa. Porlan lantegia trenbidearen parean dago, eta iheslariek trenak erabili ohi dituzte iparralderantz jotzeko. La Bestia gisa da ezaguna burdinazko munstroa; izan ere, iheslariak zama daramaten trenen bagoien artean sartzen dira, edo goialdera igotzen dira mugaraino gerturatzeko. Aterpetxe guztiak horregatik daude beti trenbideen bazterretan.

 

 

El Refugiok duela zazpi urte zabaldu zituen ateak, baina azken lau urteetan bihurtu da migratzaileen babesleku. Sarai Ruiz bertako kudeatzailea da, eta, esan duenez, urtetik urtera gero eta gehiago dira aterpetxera joaten diren migratzaileak: «Lehen, astero hamabost bat lagun etortzen ziren. Orain, egunero, batez beste 25 eta 30 artean etortzen dira, eta, lehen ez bezala, orain bakarrik datozen emakumeak eta adingabeak ere etortzen dira». Aterpean lo egiteko, jateko eta garbitzeko aukera emateaz gain, senideei telefonoz deitzeko aukera ere ematen diete, eta asilo edo bizitoki baimena edo errefuxiatu estatusa eskatzeko aholkularitza. «Aterpetxe gehienetan gau bat edo bi pasa ditzakete, baina honetan, astebete edo hilabete egoteko aukera ere ematen diegu, lasai atseden hartzeko, edo tarte horretan lantxoren baten bidez aurrera egiteko dirua elkartzeko», zehaztu du Ruizek.

Tarteka, bidean desagertutako baten bila galdezka etortzen dira aterpetxera. Ruizek dio etxetik pasatzen direnen datuak erregistratzen dituztela, desagertzen direnen arrastoak bilatzen laguntze aldera: «Lehengusinaren, anaiaren edo aitaren bila etortzen dira senideak, batzuk trenean lo geratu eta erori egin direlako, edo bahitu egin dituztelako». Ehunka lagun hil dira hobi komunen batean, burdinen azpian trenak harrapatuta, edo lapurtuak, bortxatuak eta bahituak izan ostean. Arriskuak arrisku, ez diote uzten munstroaren gainean bidaiatzeari; koioteari 8.000 dolar ordaintzeko ez dutenen aukera bakarra da.

Atxilotua izatea da beste arrisku bat. Mexikon, 2016an 188.595 iheslari atxilotu zituzten; horietatik 40.542 haurrak eta adingabeak ziren. Bostetik bat, alegia. %84 sorterrira deportatu zituzten.

 

Alexander Guzman, El Salvadorko migratzailea.

 

«Trenera igotzeko unea latza da»

'La Bestia'-ren gainean ehunka migratzaile hil dira, inork ez daki zehazki zenbat, iparraldera joateko mugara iristeko ahaleginean. Ricardo Alexander Guzman horietako batean iritsi zen Mexicalira.

El Salvadorrerako bidean izango da honezkero Ricardo Alexander Guzman. Mexiko hegoaldetik iparraldera exodoan doazen milaka iheslarien kontrara ari da. Asteartean iritsi zen Guadalajarako Cerro del 4 auzoko aterpetxera, eta bart zen beste tren bat hartzekoa jaioterrira itzultzeko, duela lauzpabost hilabete egin zuen ibilbidearen kontrako norabidean. «Mexicalin lanean aritu naiz, Tulako etxalde batean, eta baita igeltsero moduan ere, baina txikitan zaindu ninduen izeba gaixorik dago, eta ikustera itzuli nahi dut».

La Bestia-ren gainean egon liteke oraintxe bertan 21 urteko gaztea. «Puro tren, puro tren», dio etengabe. Iheslariek bost eta hamar tren artean hartu ohi dituzte hegoaldetik iparraldera edo kontrako zeharkaldia egiteko. «Nik lau tren hartu ditut. Mexicalira joateko, hiru hartu nituen, eta, orain, bakarrean etorri naiz honaino. Hiru egun pasatu nituen. Kontua da trenetik erori egin nintzela eta saihets bat apurtu nuela».

 

Migratzaileak tren baten gainean, Veracruzen, Mexikon. STR/EFE

Tepic hiritik pasatzean gaizkile batzuk trenera igo zirela eta lapurtu egin zietela zehaztu du gazteak. Orduan erori zela: «Labanak zituzten, eta, aurre egin bagenien ere, ez genuen ezer egiterik izan. Bizkar zorroan aurreztutako diru apur bat neraman, eta dena kendu zidaten». Hiru lagun zetozen trenean, eta beste biek aurrera egin dute. Guzmanek atseden hartzea erabaki du, mina baitu bular aldean. Etsita dago, baina, hala eta guztiz ere, badaki zorionekoa dela, iparralderanzko bidea egin zuenean trenak pertsona bat nola zanpatu zuen ikusi zuelako begien aurrean: «Veracruzen izan zen; Tierra Blancan, gizon bat nire begien aurrean erori zen trenbidera, eta puskatan zatitu zen haren gorpua. Beste behin, beste bati oina nola mozten zion ikusi nuen».

Lehengusinaren heriotza

Puerto de Acajutla hirian jaiotakoa da 21 urteko gaztea. Trenera igotzeko unean oso urduri jartzen dela aitortu du: «Azkar badator, oso arriskutsua da; izan ere, gogor heldu behar diozu burdinari. Oso une latza da».

Trenbideen bazterretan trena pasatzeko zain egoten direla dio, «Ferromex edo Ferrosur», eta ordutegiak jakin ohi dituzten arren —«hemendik arratsaldeko lauretan eta gaueko bederatzietan pasatzen da hegoaldera doana»— batzuetan atzerapenarekin datozela. Trenbide bazterretara herritarrak eta elkarteak gerturatzen dira, trenean doazen migratzaileei janaria eta edaria eramatera.

Guzmanek gauza asko ikusi eta ikasi ditu bost hilabetean, baina jaioterria utzi aurretik ere gorriak eta bi ikusi eta ikasi zituen. Aita nor duen ez daki, eta, ama lanean aritu izan dela, bera eta atzetik etorri zen beste alaba bati jaten emateko: «San Salvador hiriburura joaten zen lanera, eta ni amonarekin eta izebarekin hezi nintzen; haien kutuna nintzen». Gaztetan hasi zen lanean, ez baitzen oso eskolazalea: «Asfalto planta batean egiten nuen lan, eta, gutxi irabazten banuen ere, gustura ari nintzen».

Pasarterik latzena etorri zen orduan, mara taldeen unibertso ilunarekin lotuta, herrialdeko gazteak irensten dituen beste bestia horrekin. Roxana lehengusinak dendatxo bat zuen, eta MS-13 Mara Salvatruchako kideak dirua eskatzen hasi zitzaizkion. Lehengusinak uko egin zion, eta erantzuna talde horren bortizkeriarekin parekoa izan zen: heriotza.
 

«Veracruzen izan zen; Tierra Blancan, gizon bat nire begien aurrean erori zen trenbidera, eta puskatan zatitu zen haren gorpua»

«Estatu Batuetako mugan gero eta soldadu gehiago dago. Donald Trumpek bere jendea deitu du hara joatera, hesira»

Ricardo Alexander Guzman. El Salvadorko migratzailea

 

Roxanak 25 urte besterik ez zuen, eta, haren heriotzaren ostean, pandillero-ak gaztea mehatxatzen hasi ziren; Guzmanek jaioterritik alde egitea erabaki zuen orduan. Sonsonatera joan zen, eskualdeko hiriburura, baina ez zen nahikoa urrun. Orain ekialderago doa: «San Vicentera noa. Puerto de Acajutla Guatemalako mugatik gertu dago; San Vicente, berriz, Hondurasko mugatik gertuago dago».

Han elkartuko da gaixorik dagoen izebarekin, atseden hartzera. Etxera itzultzeko arrazoietako bat da hori, bizitzaren nekeaz ahaztea, baina alde egiteko erabakian eragina izan duen hirugarren arrazoi bat ere iradoki du: «Estatu Batuetako mugan gero eta soldadu gehiago dago. Donald Trumpek bere jendea deitu du hara joatera, hesira, eta sekulako saltsa dago. Mexicalin ez da giro».

Iparralderantz berriro

El Refugio aterpetxean arropa eman diote gazteari. Bi gau pasatuko ditu, eta bere odisearen abiapuntura itzuliko da berriro, tren baten gainean, hegoaldeko mugaraino. Chiapasko Arriaga herria da iparralderantz doan trenbidearen abiapuntua. Guatemala zeharkatu beharko du gero. Eta hirugarren muga bat ondoren, El Salvadorkoa. Egunen batean berriro iparralderantz joko duela dio, tren batetik bestera, bagoi baten goialdean, euria egin, hotz egin, beroa egin. «Puro tren, puro tren», dio.
 

 

 

 

Hasierara