berria

«Karabanak herritarren desesperazioa islatzen du»

Kristina Berasain Tristan

Kristina Berasain Tristan

Ismael Moreno

Morenorentzat, Mexiko zeharkatzen ari den karabanak «bere identitatea galdu duen herrialde baten porrota» sinbolizatzen du. Hondurastik AEBetara ihesean doazenek leku bat aldarrikatzen dute kapitalismoaren barruan, kazetariaren iritziz.

Heriotzaren arrastoa gertu izan du beti Ismael Morenok, Melo-k (El Progreso, Honduras, 1958). 16 urte baino ez zituenean hil zuten haren aita, bertsio ofizialaren arabera lapurreta batean. Melo-rentzat, baina, nekazarien buruzagia zelako hil zuten. Jesuita ordenatu berritan etorri zen bigarren heriotza. San Salvadorren ikasten ari zela, haren maisu izan zena hil zuten: Ignacio Ellakuria. 1989ko azaroaren 16 hura iltzatuta dauka memorian. Ez da egun beltz bakarra: 2014an, haren etxean bertan hil zuten babestua zuen 35 urteko homosexuala. Gero, lagun minaren heriotza etorri zen. Berta Caceresek Melo-ren etxeko giltzak zituen; biek bromak egiten zizkioten elkarri, aurrenekoa nor izango zen galdetuz. Caceres 2016ko martxoaren 3an hil zuten.

 

Moreno jesuita, kazetaria eta ekintzailea da, eta, beste ezeren gainetik, ahots disidente bat, herrialdean oposizioak duen hutsunearen lekua hartu duena, gizon errespetatua eta aitortua, betiere. ERIC Hausnarketarako, Ikerketarako eta Komunikaziorako Taldea sortu zuen, alor ezberdinetan egiten diren urraketak salatzeko —Alboan gobernuz kanpoko erakundearekin elkarlanean aritzen da ERIC—. Progreso irratiaren egoitza berean dauka erredakzioa pertsona konprometituez osatutako taldeak. Morenok egunero-egunero, astelehenetik ostiralera, irratsaio bat egiten du hemen, iluntzeko zortzietatik bederatziak arte, eta saioa hasi aurretik egin dio tartea BERRIAri.

Hondurasi begira jarri da mundua egun batetik bestera, baina ezer gutxi dakigu herrialdeaz.

Honduras ahaztuta dago. Hondurasek ez du interesik, ez du inporta, existitzen ez den herrialde bat da, eta, existitzen bada, sobera dago. Soilik zerbait oso makurra gertatzen denean jartzen diote hedabideek arreta Hondurasi. Zoritxarrez, karabana bezalako zerbait gertatu behar da munduak hona begiratzeko. Karabanaren jatorrian drama bat dago: 5.000 eta 6.000 lagun artean atera behar direla herrialdetik ihesi kazetariak etortzeko. Honduras ahaztuta dago, eta uste dut arreta behar duela karabana bezalako gauza tragiko bat zergatik gertatzen den ulertzeko: munduko aberatsenekin harremana duen pertsona talde batek bahituak gaitu.

Aberats eta pobreen arteko arrakala itzela da hemen, ezta?

Horrela da. Forbes aldizkariaren urriko zenbakiak herrialdeko bost pertsona dirudunenak identifikatu ditu. Hondurasko pertsona aberatsenak 3.000 milioi euro ditu, eta bigarrenak 2.300 milioi euro. Herrialdeko bost pertsona aberatsenek 8.610 milioi euro dituzte, eta kopuru hori bi milioi hondurastarren gutxieneko soldataren urteko baliokidea da. Hori da errealitatea.

Aberatsenen zerrenda horretan dauden 225 pertsonak dira erabaki politikoak eta ekonomikoak hartzen dituztenak. Hondurasek bederatzi milioi biztanle ditu, eta horietatik sei milioi ezin dira duintasunez bizi; beste milioi bat atzerrian bizi da. Lau milioi pertsona daude langabezian. Hori da Hondurasko argazkia.

Hondurasek, hala ere, baliabide natural handiak ditu.

Hori da kontraesana. Bioaniztasun handia daukagu, kontinenteko handienetakoa; munduko ur erreserba handienetakoak hemen daude, hondartza izugarriak ditugu, El Agua haranean baso zoragarriak ditugu. Hondurasek gaur egungo belaunaldien eta etorkizuneko belaunaldien bizitza bermatzeko adina baliabide ditu. Eta hondurastarrak langileak dira; badira goizaldeko lauretan esnatu eta arratsaldeko bostetan etxeratzen diren indigenak. Lanaldi horren truke 40 lempira irabazten dituzte, bi dolar baino gutxiago. Gazta libera bat erosten duzu 40 lempirarekin. Hondurasen milaka pertsona daude gazta libera batengatik lan egiten dutenak. Eta oso gogor egiten dute lan.

 

«Hondurasek ez du interesik, ez du inporta, existitzen ez den herrialde bat da, eta, existitzen bada, sobera dago. Soilik zerbait oso makurra gertatzen denean jartzen diote hedabideek arreta Hondurasi»

«Kanpora begira itxura bat eman nahi du gobernuak, baina karabanak agerian utzi du makillaje hutsa dela hori, eta horrek min izugarria ematen die»

Landa eremuan ez dago bizitzeko baldintzarik, ezin zara gazta libera batekin bizi. Eta ez da pertsona bakarra; milaka dira, nekazariak eta indigenak. Mendixka batean jaiotzen den mutikoak edo neskatoak ez du jatekorik, ez du osasunik, ez du eskolarik, ez du etxebizitza duinik. Milioi erdi bat dira lurrik ez duten familiak. Duintasunez bizitzeko baliabideak ditugu, baina miserian bizi da herria, aberastasuna gutxi batzuen eskuetan dagoelako.

Sistema kapitalistaren ondorioa al da hori?

Garapen eredu baten ondorioa da. Eta eredu horri eusteko hiruko aliantza moduko bat dago, guztiz ustela den burokrazia politikoaren, elite aberatsaren eta multinazionalen artean. Hiruko aliantza hori da benetako gobernua, eta aliantza hori zalantzan jartzen duenak heriotzara kondenatuta dago. Horregatik mehatxatzen gaituzte, eredu hori zalantzan jartzen dugulako.

Horiek dira karabanaren erantzuleak, ez soilik iparraldera abiatu den karabanarena, baizik eta herrialdean dauden bestelako miseria karabanena ere. Aliantza horrek hiru babesgune ditu: Ameriketako Estatu Batuak, militarrak eta krimen antolatua. Horiexek dira herrialdean gertatzen ari dena definitzen duten eragileak, horiek dira exodoaren erantzuleak.

Botere egitura hori oso errotuta dagoela salatu izan duzu.

Hala da. Aliantza horrek ez du onartzen dirua bereganatzeko mekanismo horri mugak jartzea, eta horregatik meatze ustiaketen edo proiektu hidroelektrikoen aurrean protesta egiten duzunean erantzuna itzela da. Ez dute oposizioa onartzen, eta horrexegatik hil zuten Berta Caceres. Ez dute onartzen euren harropuzkeria ukitzea, eta hori da karabanarekin gertatzen ari dena. Kanpora begira itxura bat eman nahi du gobernuak, baina karabanak agerian utzi du makillaje hutsa dela hori, eta horrek min izugarria ematen die. Horren aurrean edozer egiteko prest daude.

 

Moreno, Duintasunaren aldeko Martxan parte hartzen. / Gustavo Amador, EFE

Migrazioaren fenomenoa ez da berria. Egunero egiten dute ihes herritarrek iparralderantz, nahiz eta oraingoan, lehenengoz, batera egin duten zeharkaldia. Zer sinbolizatzen du karabanak?

Karabana honek herritarren desesperazioa sinbolizatzen du. Irudikatzen du herrialdearen barruan irtenbide bat aurkitzen ez duen herria. Karabanak etsita dagoen gizarte bat sinbolizatzen du, baita sektore sozialen alternatiben porrota ere, lehen aipatzen nuen hiruko aliantza horrentzako alternatiba izan nahi zuena. Karabanak, nire ustez, dramatikoa den zerbait sinbolizatzen du, eta nahiko nuke horrela ez izatea. Egunero 400 hondurastarrek gurutzatzen dute muga, pertsona horien pentsaera oso kontserbadorea da.

AEB Ameriketako Estatu Batuetan dirua irabazteko eta gastatzeko bizimodu bat ikusten dute, baina kontsumismoan oinarritutako sistema kapitalista horrek baztertu egin zituen, bide bazterrean utzi zituen, eta orduan leku bat aldarrikatzen dute. Ez dute leku ezberdin bat aldarrikatzen, beste leku batean, baizik eta kapitalismoaren barruan. AEBek aintzat hartuak izatea nahi dute, eta berdin zaie baztertuta bizitzea eta mezu arrazistak jasotzea, dolarrak irabaztearen truke baldin bada. Hori da karabanen atzean dagoen drama, eta horrek azalpen zehatz bat dauka.

Zein da azalpena?

Honduras banana errepublika gisa definitutako herrialde tipikoa da. Hondurasen bertan sortu zen esamolde hori, 1904an. Hondurasen soilik Estatu Batuentzako bananak ekoizten bizi zintezkeen.

Mentalitate hori barru-barruan txertatu zen. Beti pentsatu izan dugu iparraldean dagoela ona dena, AEBetan. Beti pentsatu izan dugu handik datorrela ona dena, eta bakarrik egin genezakeela aurrera AEBek babesten bagaituzte. 1960ra arte, gringoek hartzen zituzten erabakiak. Hemen, haurrak AEBen eskoletara joaten ziren, hemen hizkuntza inportanteena ingelesa zen. Banana enpresek trenbidea egin zutenean, haien itzulera itxaroten geratu ginen. Gringoen betiereko itzulera itxaroten bizi gara, salbatu gaitzaten; hortaz, migrazioa ez da soilik aukera faltarengatik, baizik eta uste dugulako aukera bakarra abandonatu gintuen iparraldeko herrialde horretan dagoela. Eta abandonatu gintuenez, haren atzetik goaz. Erantzunak kanpotik etortzea espero dugu, eta, etortzen ez direnez, kanpora goaz erantzun horien bila, hesi baten gainetik saltatu eta modu otzan batean bizitzeko bada ere, gogorregi lan egiteko bada ere.

Pobrezia eta indarkeriatik haratago ihes egiteko dagoen arrazoia da, beraz?

Karabanak bere identitatea galdu duen herrialde baten porrota sinbolizatzen du; hortaz, irtenbidea ez dago karabanan. Hondurasen barruan berreraiki behar dugu gure identitatea. Hemen ditugun aukerak berraurkitu behar ditugu, eta ohartu behar dugu erantzunak ez direla kanpotik eta goitik etorriko, baizik eta herri gisa etorriko direla, behetik.

 

 

«Babestutako demokrazia batetik, demokrazia autoritario batera pasatu ginen, hau da, militarren zaintza zuen demokrazia autoritariora»

«Pertsona gisa zure ospe ona kentzen saiatzen dira, indarkeria erabiltzeaz edo dena delakoaz akusatzen gaituzte. Eta horren ostean kriminalizazioa dator»

 

2009an Manuel Zelayaren kontra estatu kolpea izan zen. Iaz, iruzur salaketak tarteko, eskuina nagusitu zen berriz ere hauteskundeetan. Juan Orlando presidentearen agintaldiari zer iritzi diozu?

Oraingo egoera atzetik dator. Ezin dugu esan 2010ean, 2013an eta 2017an hauteskundeak izan zirenik, hori esatea litzatekeelako esatea demokrazia eta zuzenbide estatua daudela, eta ez da horrela. Ordena demokratikoaren haustura bat egon zen. Egun dugun erregimena, dena den, 1982an hasi zen prozesu baten emaitza da.

Zer gertatu zen urte hartan?

Demokrazia formal bat ezarri zen orduan. AEBek babestutako demokrazia deitu zioten. Hogei urte iraun zuen erregimen militarren aro batetik gentozen, eta, demokrazia horren samurra zenez, babestu egin behar zen. 2009. urtera arte iraun zuen epe horrek. Orduan, estatu kolpe bat izan zen herrialdeko 225 pertsona aberats horiek ezin zutelako onartu kapitalismoari konpetentzia egingo zion eredu bat. Kuba, Brasil edo Venezuelako ereduetatik urrundu nahi izan zuten.

Orduan etorri zen estatu kolpea, eta babestutako demokrazia batetik, demokrazia autoritario batera pasatu ginen, hau da, militarren zaintza zuen demokrazia autoritariora. 2017ko azaroaren 26ko hauteskundeen ostetik hirugarren agertoki batean gaude. Erregimen autoritario batez hitz egin dezakegu orain, eta hori da diktadura batetik gertuen dagoena, non demokrazia formalaren markoa ere ez den errespetatzen. Bozen ostean izan zen erantzun sozialari erantzun militarra eman zitzaion, eta urte honetan guztian adiskidetze nazionalerako ahalegin bat, presioak tarteko. Baina esango nuke etapa hau ere bere azkenetan dela; erregimenak jada ez daukala erreserbarik; eta orain beste aro batean sartuko gara, non presio soziala handiagoa izango den, eta uste dut horren emaitza bozak aurreratzea izango dela.

 

Adingabe bat lurrean eserita, Honduras eta Guatemala arteko muga zaintzeko jarritako polizien aurrean. / Gustavo Amador, EFE

Ahots disidente bat izateagatik heriotza mehatxuak jaso dituzu. Zer sentitzen duzu?

Ni beti izan naiz ahots disidente bat, hori baino gehiago: giza eskubideen eta pobreen defendatzailea naizela esango nuke. Badakit ez dela erosoa, baina deserosoago izango litzateke puskatan hausten ari den herrialde batean modu erosoan bizitzea ezer egin gabe. Aitortzen dut une batzuetan ez dela erraza.

Heriotza izan daiteke emaitza.

Bost pauso dituen protokolo moduko bat da. Lehenik eta behin, ekintzaileak aintzat hartuak ez izaten saiatzen dira. Ez dugu garrantzirik; ez gara existitzen; isilaraziak gara. Hori lortzen ez dutenean, orduan zu erosten saiatzen dira, diruarekin edo goraipamenekin. Hori ere lortzen ez badute, estigmatizazioa dator; pertsona gisa zure ospe ona kentzen saiatzen dira, indarkeria erabiltzeaz edo dena delakoaz akusatzen gaituzte. Eta horren ostean kriminalizazioa dator; prozesu judizial bat etor liteke, eta, bide horretatik ere isilaraztea lortzen ez badute, orduan paretik kentzen zaituzte. Hori da protokoloa.

Dena den, esker onez eta pozik bizi naiz. Ezin liteke beste modu batean izan. Ezinezkoa litzateke. Jainkoarengan fede handia daukat, ez edozein jainkorengan, baizik eta bizitzaren jainkoarengan, nire itxaropena etengabe elikatzen duen jainko horrengan. Eta martiriengan ere fede handia daukat. Horri eusten diot.

Zure gertuko jende asko hil dute, tartean Berta Caceres.

Bai. Martiri asko ezagutzen ditut. Berta Caceresen lagun mina nintzen, eta hil egin duten beste jende askorena, baina ezin naiz bizi aldaketa posible dela pentsatzen zuten horien borrokan sinesten ez badut. Komunitateak ere indar handia ematen dit; kemena ematen dit, baita nire lankideek ere. Badakite ez dutela dirua egingo, baina, hala ere, ausardiaz eta adorez ari dira lanean, egiten duten horretan sinesten. Horrek indarra ematen du, eta badakit erein ditugun hazi hauek egun batean loratuko direla.

 

 

 

 

 

Hasierara