berria

Muga baten berezitasun ankerra

Kristina Berasain Tristan

Kristina Berasain Tristan

Muga eta hesia

Tijuanakoa munduan gehien gurutzatzen den muga da; egunean 180.000 lagunek zeharkatzen dute pasabidea. Beste batzuek altzairuzko hesi bat gainditu behar izaten dute iparraldera sartzeko.

Muga bakarra da, baina alde batetik bestera igarotzeko hamaika modu daude, bakoitza bere berezitasunekin, norabidearen eta jatorriaren arabera. Tijuana (Mexiko) eta San Diego (AEB) bereizten dituen harresiaren xafla batean idatzia dago poesia ametsak dituen jendea dela, eta muga horretan ametsak gurutzatzen dira, pertsonak bezainbeste, poesia aurkitzea zaila bada ere: hemen hasi ziren zutitzen Ameriketako Estatu Batuak eta Mexiko bereizten dituen harresia, duela 34 bat urte. Ordutik, burdinazko eta altzairuzko hesi anker bat gainditu behar dute askok, beste askok pasieran gurutzatzen dutena.

Tijuana 1,7 milioi biztanleko hiria da, eta munduan gehien gurutzatzen den pasabidea du. San Ysidro zubia 180.000 lagunek zeharkatzen dute egunean. AEBetara lanera edo ikastera doazen mexikarrak dira gehienak. Egunaren eta dataren araberakoa da berrehun metroko zubia autoan zeharkatzeko behar den denbora; tarteka, lau ordu ere behar izaten baitira. Oinez azkarragoa da. Garitatik pasatu, eta paper bat erakutsi baino ez da egin behar.

 

Muga igarotzeko oinezkoentzako pasabideetako bat. / Kristina Berasain Tristan

 

Dilcia Maria Cruzek, baina, ez dauka paperik. Tijuanatik kilometro gutxi batzuetara sartu zen iparraldera, Tecotetik: «Otsailaren 24a zen, beste hiru lagunekin hesia saltatu, eta korrika hasi ginen. 200 metro edo egin genuen korrika, baina migrakoek harrapatu gintuzten».

Hondurasko Choluteca hirian jaiotakoa da 20 urteko gaztea. Tijuanako Migratzaileen Etxean dago. Duela bost hilabete deportatu zuten jaioterrira, hegazkin batean, eskumuturretan eta hanketan giltzarrapoak zituela. Kontakizuna, baina, urtarrilaren 8an hasten da. Egun horretan abiatu zen Hondurastik. «Guatemalan sartu, eta bi egun eta erdiz ibili ostean iritsi nintzen Tapachulara». Mexiko hegoaldetik iparraldera trenean joan zen, La bestian, eta, han, zorroan zeraman diru eskasa lapurtu zioten. Harekin zihoan lagunarena makurragoa izan zen: «Palenquen bortxatu egin zuten».

Otsailaren 24a da iltzatua daukan beste data. Egun horretan, beste hiru lagunekin harresira gerturatu, eta eskailera bat jarrita beste aldera gurutzatu zuten. Ametsa behar zuena amesgaizto bihurtu zen orduan. Mugako Guardiak hielera batera eraman zuen. Han, aluminiozko izara moduko bat eman zioten estaltzeko, behin-behineko atxilotze gune horiek izen hori hotz handia egiten duelako baitute.

 

AEBen eta Mexikoren arteko muga irudikatzen duen puntua. / Kristina Berasain Tristan

AEBetako legediaren arabera, gehienez hamabi orduz izaten ahal dituzte gune horietan, baina atxilotzen dituztenen %67k 24 ordu pasatzen dituzte han, baldintza ankerretan, duela bi urte lehen aldiz zabaldu ziren argazkiek erakutsi zuten moduan. Cruzek zortzi egun eman zituen han: «Hotzez egon nintzen beti, porlanezko petril batean lotan, garbitu ezinik, eta egunean hirutan gauza bera jaten genuen: zuku bat, gaileta bat eta ura». Ondoren etorri zena ez zen samurragoa izan: kartzela moduko batera eraman zuten: «Uniforme urdin bat jarri zidaten. Egin zenuen delituaren araberakoa zen uniformearen kolorea: gorria, horia, laranja...». Bi hilabete luzez izan zuten han, deportatu zuten arte, maiatzaren 3ra arte. Orain Tijuanan da berriro. Hesia zeharkatzeko saiakera egingo du berriro egun hauetako batean.

Gehienak, zaurituta

Antonio Velezek egunero jasotzen ditu mugan bertan deportatzen dituzten mexikarrak. Haiek ere hesia zeharkatzen saiatzen dira ametsa egia bihurtzeko. AEBek egunero 2.175 mexikar deportatzen dituzte hegoaldeko mugan. Hamar urtean milioi bat. «Gehienak zaurituta iristen dira, eta giltzarrapoen markak dituzte eskumuturretan. Atzo [ostegunean], 32 lagun jaso nituen», esan du ekintzaileak. Migratzaileen etxera eramaten ditu egunero: «Lur jota etortzen dira, eta isil-isilik egiten dute bidea, burumakur».

Kalifornia Beherean uztailaren 9an hasi ziren Stream Line programa indarrean jartzen: «Arizonan eta Texasen aurretik ari ziren programa hau gauzatzen, baina hemen uda honetan hasi dira».

Esmeralda Siu ari da hizketan. Tijuanako Migratzaileen Defentsarako Koalizioko koordinatzailea eta abokatua da. Stream Line programak giza eskubideak urratzen dituela dio: «Aberriratze azkarrak egitean datza programa horren ardatza; horretarako, epaiketa masiboak egiten dituzte, eta inolako berme juridikorik gabe; besteak beste, migratzaileek ez dutelako abokatu bat izateko eskubiderik ere».

 

 

San Jose Obrero aterpea, Mexicaliko mugatik gertu. / Juan Barak, EFE

Iheslariak kartzeletan izateko asmatutako formula dela dio Ciuk. Donald Trumpek migrazio legeak zorrozteko hartutako neurri sortaren parte da iheslariak kriminalak balira bezala tratatzen dituen egitasmoa. «Egun bakar batean prozesatu, kriminalizatu eta deportatu egiten ahal dituzte», zehaztu du Ciuk. Asiloa eskatzera joaten direnak kriminalizatzen dira horrela, abokatuaren iritziz, eta, aurrekari penalak badituzte, zailago izango dute etorkizunean herrialdean sartzea.

AEBetan paperik ez duten 11 milioi lagun bizi dira. Deportazioen kopurua itzela da. Bada 27 bider deportatua izan denik ere. 2011. urteak hautsi zuen errekorra. Barack Obamaren agintaldiko zortzi urteetan zortzi milioi lagun deportatu zituzten; 2011 izan zen deportazio gehien egin zen urtea: 388.409 lagun. Trumpekin murriztu egin dira kopuruak; agintaldiko lehen urtean, urtarriletik azarora, 151.647 lagun deportatu zituen. Atxilotuak, aldiz, ugaritu egin dira: 143.000. Guatemalara 33.570 lagun deportatu dituzte; Hondurasera, 22.381, eta El Salvadorrera, 18.838.

Patrick Murphyk sortua

Migratzaileen Etxean, aterpeaz eta janariaz gain, aholkularitza juridikoa eskaintzen diete migratzaileei. Deportazio seguru bat izatea ere bermatzen dute. 2006tik 2016ra egunean, batez beste, 235 lagun iritsi ziren Tijuanara. Tantaka iristen ziren orain arte, talde txikietan, edo bakarrik, karabana iritsi arte. Etxeak 140 lagunentzako tokia dauka, eta aspaldian ari ziren ikusten fenomenoak ez zuela etenik izango.

Patrick Murphyk sortu zuen etxea, duela 30 urte, eta beti bezain eskuzabal jasotzen ditu iheslariak: «Ez dute ezer txarrik egin, eta etorkizun oparoago eta seguruago bat baino ez dute nahi; gizakion eskubidea da hori, eta ezin da horrela jokatu, bidean gizarte zibilaren babesa baino ez dute jaso».

 

Langileak hesiaren inguruan. / Kristina Berasain Tristan

Tijuanan, erabakiak hartzeko ordua

Bihar batzarra egingo dute migratzaileek, geroaz eztabaidatzeko. Tentsioa asko handitu da hirian.

Nekea sumatzen zaie, baina pozik daude Tijuanarainoko ibilbidea amaitu dutelako. Atzo, autobusean heldu ziren ia 1.000 pertsona, eta azkenak gaur iristekoak dira: guztira 4.000 inguru dira Hondurastik, El Salvadortik eta Guatemalatik etorriak. Ez dira inor ohartu gabe igarotzen. Haien etorrera nabaritzen da; batez ere, hondartza inguruan, hainbat kaletan, eta hiriaren erdigunean, eta, karabanak iritsi ahala, tentsioa handitu da, ez bakarrik mugaldean, baita hirian ere. Hainbat herritar migratzaileen kontrako gorroto mezuak zabaltzen hasi dira sare sozialen bidez, eta manifestazioak antolatzen.

Udalaren mezua ere argia izan da: ez dituzte Tijuana zentroan nahi, eta, hori dela-eta, bi gune handi prestatzen ari dira hiriaren kanpoaldean, han egon daitezen. Unidad Deportiva Benito Juarez kiroldegia eta Murua gunea. Migratzaile askok, ordea, ez dute hara joan nahi, kanpoaldean geratzen badira haien egoerak ikusgarritasuna galduko duelako. Bihar egingo dute lehen batzarra, hemendik aurrera zer egin erabakitzeko, eta, ahal den neurrian, taldean mantentzeko, muga nola edo hala zeharkatzea erabakitzen ez dutenei Tijuanako egonaldia luzatu egingo baitzaie.

Baina batzarra egitea ere konplexua izango da; izan ere, Tijuana migratzaileen karabanaren kontra Facebooken zabaldu duten kontuan, bihar protesta egitera deitzen ari baitira, migratzaileek batzarra egiten dutenerako. Duela astebete zabaldu zuten orrialdea, eta dagoeneko 5.000tik gora jarraitzaile dauzka. Herenegun liskarrak ere izan ziren hondartza inguruan, manifestari asko makilak eskuan atera baitziren kalera. Facebooken zabaltzen ari direnez, migratzaileok mara taldeetako kideak dira, gaizkileak gehienak, eta bota egin nahi dituzte, behar gorrian dagoen jendea baitira.

Tijuanako alkatea, gogor

Herritarrak ez dira, ordea, mezu hori zabaltzen ari diren bakarrak. Esanguratsuak dira atzo Tijuanako alkate Juan Manuel Gastelumek atzo egindako adierazpenak: «Porrozale alferzorri» batzuk dira, haren ustez. «Ez dut esango baten batzuk zintzoak ez direnik, baina gehienak jende gaiztoa dira, eta ez datoz batere onik egitera Tijuanara. Ez dute guk ezarritako mediku kontsultetara joan nahi; ez dute babeslekuetan guk jarritako janaria eta arroparik nahi, eta ez dute guk jarriko dizkiegun lekuetan lorik egin nahi. Hiriaren segurtasuna aztoratu nahi dute, eta ez dugu molesta gaitzaten nahi».

Lehenengo atxiloketak egin dituztela azaldu du. «Pare bat egunean hamar bat atxilotu ditugu, bandetako kideak denak, eta horiekin Konstituzioaren 33. artikuluaren arabera jokatuko dugu», alegia, zuzenean deportatuko dituzte, inolako babes juridikorik eman gabe. Bere jokaerak gobernuz kanpoko erakundeen salaketa ekarriko duen jakitun, aurreratu du haiei erantzun beharrekoa: «Berdin zait zer esango duten, nik oraindik pentsatzen baitut giza eskubideak gizakien eskubideak direla».

 

«Ez dut esango baten batzuk zintzoak ez direnik, baina gehienak jende gaiztoa dira, eta ez datoz batere onik egitera Tijuanara»

Juan Manuel Gastelume. Tijuanako alkatea

Baliabide federalak eskatu dizkio Andres Manuel Lopez Obrador presidente hautatu berriari. Morena ezkerreko koaliziokoa da Lopez Obrador, eta Gastelum alkateak, Ekintza Nazionala eskuineko alderdiko kideak, aukera baliatu du hari kritika egiteko: Morenakoek erabateko malgutasuna izan dute, alkatearen ustez, migratzaileek Guatemalatik Mexikorako muga igarotzeko. Baina Lopez Obradorrek abenduaren 1ean hartuko du kargua, eta oraindik ez dago jardunean.

«Egoera onbidean jartzeko» galdeketa bat egingo duela esan du, Tijuanako herritarren artean, migratzaileak handik atera edo ez erabakitzeko, eta, bien bitartean, segurtasuna bermatzeko neurriak iragarri ditu. «Ez dut baztertzen errepide nagusietan kontrol guneak jartzea hirira sar ez daitezen».

Hiriaren kanpoaldean edo barrualdean, baina luze geratzeko etorri dira migratzaileak Tijuanara, salbuespenezko neurririk hartzen ez bada; izan ere, hilabete pare bat igaro daitezke asilo eskaera tramitatzeko txanda jaso arte, eta, hortik aurrera, hilabete batzuk gehiago joango dira kasuak aztertzerako. Migratzaileak iritsi aurretik 4.000 asilo eskatzaile zeuden Tijuanan, eta orain bikoiztu egingo da, eta tramiteen prozedura zaildu.

Ez da, ordea, migratzaile gehienen nahia Tijuanan geratzea, AEBetara joatea baizik, eta muga zeharkatzen saiatuko dira. Gaur egun dagoen segurtasuna aintzat hartuta, ia ezinezkoa da AEBetara legez kanpo sartzea, baina, hala ere, mugimendu izugarria dago Mexiko AEBekin lotzen den mugan. Mexikoko poliziak eta militarrak alde batera eta bestera, AEBetakoak, harresitik barna edo errepideetatik etor daitezkeenen zain, hainbat pasabide itxi eta kontrolak areagotuta. Kazetariz ere josi da azken orduetan ingurua, zerbait larria gerta daitekeen seinale.

Hasierara