1978ko sanferminak


✎ Joxerra Senar • Iruñea


Ekaitzaren aurreko tentsioa nabari zen Iruñean, 1978ko sanferminak hasi aurreko egunetan. Festak normal hasi ziren, baina inork ez zion igarri heldu bazetorren ekaitz handiari.

Hirian zurrumurru giroa zegoen, eta egunkariek sentsazio arraro bat islatu zuten. Batetik, uztailaren 6an, Egin-ek urteroko jai aurreko ohiko urduritasun hori jaso zuen: «Festek bere bezpera izan ohi dute, eta haren distirak festaren neurria adieraz dezake. Baina Iruñean, festaren izaera beragatik, bezperak ere bere bezpera du». Iruñeko kaleetako eta inguruetako argazkiek ohiko panorama hori agertzen zuten: zezenak ukuiluetan, atzerritarrak «barra-barra», baratxurien txokoa prest, edonon lo egiteko prest diren kanpotarrak...

Hala ere, tentsio politikoa ere ez zen falta, eta hori ez zen hain ohikoa. Sanferminen bezperan, uztailaren 3an, bost gazteren atxiloketa salatzeko, manifestari batzuek entzierroetako hesiak «barrikadak jartzeko» baliatu zituzten, Egin-en arabera. El Diario Vasco-n, zurginak kexu ziren, eta «hesiei kalte handiak eginez gero lehen entzierroa korrituko ote den zalantzak» agertu zituzten. Egin-en, Pezagaña y España enpresako arduradunak arriskuaz ohartarazi zuen: «Arazoa handia izan daiteke, ordezko gutxi ditugulako, 30 zur baino ez, eta larrialdi bati aurre egiterik ez dugu».

Horrez gain, protesta horiei lotuta, atxiloketen aurkako itxialdia hasi zuten zortzi lagunek udaletxeko bigarren solairuan. Egin-ek iragarri zuen txupinazoan Sanferminetan denok etxean mezua zabalduko zela. El Diario Vasco-ren arabera, atxilotutako bost gazteetatik hiru libre geratu ziren 100.000 pezetako bermea ordainduta, baina ez zuen argi itxialdia noiz amaituko zen. Horregatik, ez zekien, urtero legez, suziria bigarren solairutik botatzerik izango ote zen edo ez.

Iruñeko Udaletik zabaldu zituzten pankartak. Joxe Lacalle

Hala ere, txupinazoa itxaropenaren zantzu gisa ikusten zuen Egin-ek: «Suziriak, edo txupinazoak, berdin dio, garai berri bat hasiko dela ohartaraziko du. Garai berri baten atarira hurbildu gara, jazarpen gutxiagoko garai bat, gizatiarragoa, adierazkorragoa, komunikazio handiagokoa. Testuinguru horretan, ulergarria gerta liteke egungo nondik norako politiko berezietan, aldarrikapenak eta elkartasun keinuak azaltzea atari horretan, aurreko urteetan egin bezala». Era berean, suziriak ilusioaren sentipen hori eragiten duela zioen: «Jendea irrikan dago betebeharrak, umore txarrak, konplexuak, presak ahazteko, eta ero moduan kalera ateratzen da lehenbailehen bere burua askatzera, bere familiaren eta gizartearen mamuetatik askatu nahirik».


Suziria, lehen solairutik

«Pozak tentsioa gailendu zuen», islatu zuen biharamunean El Diario Vasco-k. Kronikaren arabera, Juan Fromm Kultura batzordeko presidenteak txupinazoa bota zuen lehen solairutik. «Udaletxe plaza erabat beteta zegoen, ohi legez. Suziria apolitikoa izan zen, ez zen oihurik egin bigarren solairuko itxialdiari buruz, ez beste aldarrikapenei buruz».

Diario de Navarra-k aipatu zuen «txupinazo apolitikoa» izan zela, baina aurreko orduetan «denetariko zurrumurruak» nagusitu zirela hirian. Alta, azkenean, Udaletxe plazan, «saiakera hutsal batzuk egin ziren Presoak kalera oihukatzeko, baina plazan bildutakoek ez zuten jarraitu». Diario Navarra-ren arabera, suziria botatzean Fromm zinegotziak «Iruindarrok, gora San Fermin tradizionala oihukatu besterik ez zuen egin».

Hala ere, txupinazoa bota baino minutu batzuk lehenago, Iruñeko kartzelan, matxinada bat sortu zen, El Diario Vasco-ren arabera: «Presoek kristalak eta ateak hautsi zituzten, eta su eman zieten koltxoiei». Polizia ugari bildu ziren kartzelara.


Heriotza zigorra, indar gabe

Iruñetik at, garai berezia zen. Uztailaren 6an, El Diario Vasco-k iragarri zuen Espainiako Kongresuak heriotza zigorra indargabetu zuela «jurisdikzio militarrean izan ezik». Dena den, Juan Maria Bandres abokatuak hitzaldi batean esan zuen «Justizia Militarreko kodetik ere» kendu behar zela heriotza zigorra, El Diario Vasco-k jaso zuenez.

Era berean, El Diario Vasco-ren arabera, Juan Jose Etxabe ETAko buruzagi ohia «arriskutik kanpo» zegoen. Egun batzuk lehenago, uztailaren 2an, bere aurka atentatu bat egin zuen eskuin muturreko talde batek, eta Agurtzane Arregi emaztea hil zuten.

Egun haietan, era berean, Espainiako Kongresuan konstituzioa negoziatzen ari ziren alderdiak. Egin-en arabera, konstituzioaren lehen eta bigarren artikuluak «hitzartuta» zeuden. EAJk zuzenketak aurkeztu zizkion testuari. «Ez da egia estatuaren existentzia zalantzan jartzen dugula. Guk ez dugu nazionalitate kontzeptua burujabetzarako tranpolin gisa ikusten. Guretzat [Espainiako] batasun hitzak oso esanahi gogorra du», zioen Xabier Arzalluzek. Euskadiko Ezkerrako Ortzik plurinazionalitatea aldarrikatu zuen.

Euskal Kontseilu Nagusiaren Kultura Sailak —Oraindik Eusko Jaurlaritza osatu gabe zegoen— Euskadiko Orkestra Sinfonikoa sortzeko proposamenaren berri eman zuen, Diario Vasco-ren arabera. Egin-ek uztailaren 6an jakinarazi zuen Luzaiden objektu hegalari susmagarri bat agertu zela: «Zarata handi bat entzun zen, eta herri osoan zabaldu zen». Luzaideko biztanleak «izututa» zeuden.

Tourrean, uztailaren 6ko Diario Vasco-ren arabera, Sean Kelly gazte irlandarrak irabazi zuen etapa, eta biharamunean, Freddy Maertensek bigarren garaipena lortu zuen, erorketa handi bat baliatuta. Liderra Knetterman zen.

Ba al zenekien...

...Iruñeko Udalak hautetsi sozialak zituela?

Garai hartan, 1979an, lehen udal hauteskundeak egin aurretik, lau hautetsi sozial zituen: Jesus Velasco, Miguel Angel Muez, Jacinto Martinez Alegria eta Juan Fromm. Hain zuzen ere, horietako bat zen alkate garai hartan: Jesus Velasco.

Zer ziren hautetsi sozialak?

Frankismotik zetozen figurak ziren, baina kristau eta langile mugimenduko kideek sistemaren zirrikitu hura baliatu zuten diktaduraren kontroletik kanpoko kutsu sozial bat emateko udalari. 1966tik 1979ra arte iraun zuten.

Nola sortu ziren?

1945eko tokiko erregimenaren legeak ezartzen zuen udaleko hautetsiak hiru zutabetik aukeratuko zirela: batetik, gobernadore zibilak izendatutako erakunde batzuk aukeratu zituzten; bigarrenik, frankismoko sindikatu bertikalek; hirugarrenik, familiaburu eta bizilagun talde batek. Sistema haren diktaduraren kontrol politikoa ziurtatzen bazuen ere, langile mugimendu katolikoaren kide batzuek zirrikitu hura aurkitu zuten udalean sartzeko. Oso kritiko ziren aurreko udalarekin, arazo ugari sortu zirelako ur horniduran, zaborrean, taxien baimenetan, eskolen baliabideetan...

Zer egin zuten?

Hamahiru urtean, euren kopurua handituz joan zen. Batez ere hirigintza arloan nabarmendu ziren. Iruñea hedatzen ari zen, eta garai hartako eraikuntza enpresen interesei aurre egin zieten. Kooperatiba sozialeko etxebizitza sozialak sustatu zituzten, lehen udal ikastolak sortu zituzten, hiri garraioko Cotup enpresa bultzatu zuten, Opuseko unibertsitateari frankismoak 60ko hamarkadan emandako eremuan Donapea lanbide heziketako zentroa jarri zuten...

Nola zeuden hautetsiok 1978an?

Presio handia jasaten ari ziren. Sanferminak hasi baino egun batzuk lehenago, talde horretakoa izana zen Javier Erize alkate ohiak dimisioa aurkeztu zuen, eta alderdiak presio egiten ari ziren gainerakoek bide beretik jotzeko, hauteskundeak aurreratu zitezen.

Katarsiaren normaltasuna


1978ko sanferminetako kartelaren detailea. / BERRIA


Txupinazoarekin tentsioaren arrasto gehienak desagertu zirela ematen zuen, eta festa bere dinamikan murgildu zen. Dena den, zantzu batzuk geratu ziren airean.

Suziria lehertzearekin batera, sanferminek euren logika eroan murgiltzen dute hiria. Katarsi horretan, zerbait lehertzen da, eta festak aurreko egunetako arrasto gehienak eramaten ditu berekin. Antzeko zerbait gertatu zen 1978an. Labur, horrela baieztatu zuen Egin-ek, uztailaren 8ko alean: «Eta, planteamendu hori errepikatzea originala ez bada ere, edizio hau ixterako, Iruñea festa handi bat zen». Egunkariak nabarmendu zuen kanpoko pertsona gutxi zegoela kalean: «Ez dago argi sanferminetan erabat ezohikoa den eguraldi txarraren ondorio den, edo lehen egunean bolo-bolo ibili zen zurrumurru horren ondorio. Baliteke arrisku edo balizko atentatu baten ondorioz falta izatea jendea. Kontua da gaua osorik etxekoentzat geratu zela, eta familia artean egon ziren, hainbat barrakaren inguruan».

Lehen entzierroari izenburu klasikoa eman zion Egin-ek: Garbia eta azkarra. Ironia ere ez zen falta artikuluan. Adibidez, argazki batean, «ausarten artean zezen plazara iristen lehena» nabarmendu zuen. Mutiko bat ageri da plazara sartzeko aldapa jaisten, bakar-bakarrik: «Loria desberdin ulertzen dute batzuek eta besteek. Batzuek nahiago dute adar artean korrika egin, eta besteek lehenak iritsi nahi dute».

Pablo Romero ganadutegiko zezenek bi minutu eta 54 segundo behar izan zituzten zezen plazara iristeko. Diario Vasco-ren arabera, «pabloromeroak ondo portatu ziren, eta lehen entzierroa normal joan zen». Ez zen inor zauritu, eta zezen plazako erizaintzatik entzierro osteko bigantxek eragindako zaurituak izan ziren.

Horixe bera nabarmendu zuen Diario de Navarra-n Armendariz doktoreak: «Denak horrela jarrai dezala. Hori interesatzen zaigu. Entzierroa oso garbia izan da. Medikuon ikuspuntutik, bikaina». Etorkizuneko entzierroen arriskua nondik etorriko zen aurreratu zuen jarraian: «Non dago arriskua? Jende gehiegi. Gure mutikoek ongi egiten dute korrika, badakite. Baina ibilbidea bera da, ez da aldatu, eta korrikalarien kopurua handitzen ari dira. Arrisku berri bat da».

Bigantxek zaurituetako bat Jose Ignacio Juanena izan zen: «Zauritu honek 18 urte baino ez ditu, eta bigantxak kolpea jo zion. Anbulantzia iritsi zain ohatila gainean zegoela, izututa zegoen, eta Armendariz doktoreak, plazako medikuen buruak, zapladen bidez animatu zuen, ez kezkatzeko esanez».

Entzierroa korritu aurretik, zurginek kezka zuten ohol nahikorik izango ote zuten: «Azkenean zutoin bat bakarrik falta izan zaigu, eta berehala ordezkatu dugu. Atzo eguerdian, oraindik ere bi ohol falta zitzaizkigun, baina gaur goizean bere tokian aurkitu ditugu. Antza, bizilagun batek hartu zituen etxean aldamioa jartzeko, eta atzo itzuli egin zituen», adierazi zion zurginetako batek Diario de Navarra-ri.

Eguraldi txarra egin arren, jende ugari joan zen prozesiora. Egin-ek zioenez, dantzariek ikurrina zeramaten, eta baten batek ez zuen gustuko: «Emakumeren batek galdetu zuen non zegoen Nafarroako bandera, dantzariek ez baitzeramaten ikurrin handi bat baino».


Militarrak falta

Diario de Navarra-ren arabera, prozesioan militarrak falta ziren, eta ez zuen gustuko: «Militarrak falta ziren prozesioan, udalean jarraitzen duten bost zinegotziek ez zietelako gonbidapenik helarazi. Horregatik, segizioak aurten bere izaeraren zati bat galdu du, aurretik elizetako gurutzeak galdu egin diren bezala».

Diario Vasco-k zioen uztailaren 6ko gauean liskar bat sortu zela: «Ideologia desberdineko bi pertsona talde kolpeka hasi ziren elkarren artean, haietako bat Espainiako bandera erretzen ahalegindu zelako. Hamabi eta erdiak aldera, zapi gorriak zeramatzaten bi gaztek masta batetik atera zuten Espainiako bandera». Era berean, aurrerago, egunkariak zioen uztailaren 6ko gauean ezezagun batzuek su armak erakutsi zituztela, eta zentral nuklearren aurkako mezu bat ezabatzen ahalegindu zirela. Gainera, goizeko lauretan Iruñeko Udalean bonba alarma faltsu bat jaso zuten.

Egin-ek zekarren uztailaren 8an Iñaki Perurena harri jasotzaileak munduko marka berria ezarri nahi zuela, esku bakarrarekin, bost minutuz, 200 kiloko harri zilindrikoarekin ahalik eta altxaldi gehienak eginda.

Diario de Navarra-k aipagai zuen Redingo harresietako eta Ezkabako kanpalekuak gainezka zeudela. Ibaiertzak eta zelaiak «inbaditzen» zituen jendea toki batean biltzeko asmoz egokitu zuen Iruñeko Udalak Redingo gunea. Erabiltzaileak kexu ziren zaindaririk ez zegoelako eta garestiak zirela bi kanpalekuak, eta egunkariak ohartarazten zuen «istilu iturri» izan zitekeela hori guztia.


Lapurreta Arrasaten

Sanferminetatik at, Diario Vasco-k zekarren Arrasaten (Gipuzkoa) Laboral Kutxaren bulego batean 14,2 milioi pezeta eraman zituztela lapur batzuek. Agurtzane Arregiren hileta elizkizunak egin ziren herri berean. Uztailaren 2an, Donibane Lohizunen (Lapurdi) eskuin muturreko talde batek atentatua egin zuen Juan Jose Etxabe etakidearen aurka; hura bizirik atera zen, baina Arregi emaztea hil zuten. Hiletaren ostean, 7.000 lagunek manifestazioa egin zuten.

Iparralderago, Martina Navratilovak irabazi zion Winbledongo finala Chris Everti. Uztailaren 8an, berriz, Bjon Borgek eta Jimmy Connorsek jokatuko zuten gizonezkoen finala. Borgek irabaziko zuen.

Ba al zenekien...

...uztailaren 7an Polizia Armatua zezen plazan zela?

Nahiz eta istilu larriak uztailaren 8an gertatu ziren, bezperan ere Polizia Armatua zezen plazan zen. Zezenketaren ostean, peñetako batek (La Unica) erabaki zuen, protesta gisa, zezen plazan geratzea. La Unicako peñakide bat itxialdia egiten ari zen udaletxean, eta, hari elkartasuna erakusteko asmoz, keinu hori egin zuten.

Zer gertatu zen?

Polizia Armatuak zezen plazan esku hartzeko imintzioa egin zuen. Bozgorailuetatik, La Unicakoei eskatu zieten zezen plaza uzteko, eta peñako kideek, arriskua ikusirik, bertan behera utzi zuten plazan geratzeko asmoa. 21:00etan, plazaren hondarretara egin zuten jauzi, eta Oberena eta Charco peñen ostean atera ziren, euren pankarta bilduta.

Zergatik egiten ari ziren itxialdia?

Egun batzuk lehenago, bost gazte atxilotu zituzten poliziek (Javier Orofino Iturgaiz, Alfredo Galindo Sarasibar, Jesus Villanueva Larrea, Miguel Angel Valencia eta Jesus Sueskun Irujo). Atxiloketa horiek salatzeko, manifestazioa izan zen uztailaren 3an Iruñean, eta itxialdia eta gose greba hasi zuten udaletxean zortzi lagunek. Sanferminen aurretik, lehen hiru gazteak libre geratu ziren bermea ordainduta, baina itxialdikoek askatasuna aldarrikatzen jarraitzen zuten.

Zergatik atxilotu zituzten?

Juan Eseberri Guardia Zibileko tenienteordea hiltzea leporatzen zieten. Maiatzaren 10ean, Txapitela kalean, gazte batzuk barrikada bat egiten ari zirela, oldartu egin zitzaien Eseberri, eta pistola gainean zeramala jabetu ziren. Labankada jo zion gazte batek, eta Eseberri handik hilabetera hil zen, zauri haren infekzioak eraginda.

Zer gertatu zen maiatzean?

Eskuin muturreko taldeek istilu larriak eragin zituzten Iruñean. Kateekin eta makilekin Alde Zaharrera jo zuten. Liga Komunista Iraultzaileko egoitzari eraso zioten, eta tiroak ere jo zituzten. Gehienak poliziak ziren.

Sanferminak, «hautsita»


Poliziak bat-batean sartu ziren zezen plazan, eta hamarnaka zauritu eragin. Peñakideen laguntza eskertu zuten medikuek. / JORGE NAGORE


Uztailaren 9ko egunkariek esan zuten «gertaera larriak» izan zirela gau hartan, eta bazitekeela balaz zauritutako bat hilda egotea. Komisarioburuak ez zien azalpenik eman kazetariei gau hartan.

Sanferminak, «hautsita». Izenburu hori jarri zion Egin-ek uztailaren 9ko aleari. Edizioa itxi zutenean, Iruñea sutan zegoen, Polizia Armatuaren esku hartze gordinaren pean. Hala ere, balio izan zion «zezen plazako oldarraldi bortitza» eta ondorengo lehen uneetako gertaerak islatzeko. Egunkariaren arabera, «plaza hustuta, Iruñean zabaldu ziren istiluak», eta, gero, balantzea larria zen oso: «Ehunka zauritu, horietako batzuk balaz, eta haietako bat klinikoki hilda», nabarmendu zuen Egin-ek azalean. Era berean, azaltzen zuen ehunka lagunek Espainiako Gobernuaren ordezkaritza inguratu zutela, eta «festak hautsita, sumin giroa» nagusitu zela. Gertaeren larritasunak eta berehalakotasunak harrapatuta, Egin-i ez zion denborarik eman hildakoa identifikatzeko.

Bai, ordea, Diario de Navarra-ri: «Hildako bat, German Rodriguez Saiz, dozenaka zauritu (horietako sei balaz), Foru Diputazioa sutan eta gau osoan iraun duten beste hainbat istilu; hori da atzoko gertaerek utzitako balantzea». Diario Vasco-k, berriz, Oso gertaera larriak izenburua eman zion uztailaren 9ko azalari. Testuan, gaineratzen zuen «hainbat lagun» zeudela «balaz zaurituta», eta «sanferminak bertan behera geratzeko arrisku handia» zegoela.

German Rodriguez, ezkerrean behean, zezen plazan. Bizirik zegoela egin zioten azken argazkietakoa da.
Serge Baggi

Egunkariek eguneko entzierroaren edo zezenketan kronikak ere bazekartzaten, eta, istiluak zezenketen ostean jazo zirenez, horrek ere eragina izan zuen testuetan: «Benetan, zezenez idazteko gogo gutxi geratzen zaio bati, oraindik ere lasterketak eta jendearen oihuak entzuten diren bitartean, eta ke poteak alde guztietatik hegan doazen bitartean», onartu zuen Paco Apaolaza Egin-eko kazetariak. Horrela hasi zuen kronika, eta galdera batekin amaitu: «Zer gertatuko da bihar?».

Diario de Navarra-k adierazi zuen zezenketan dena «erabat normal» zihoala, «harmailetatik kantu politikorik egin gabe». Cordovillako berripaperaren arabera, zezenketa amaitutakoan hamabost lagunek presoen amnistiaren aldeko pankarta berde bat zabaldu zuten, eta zenbaitek kuxinak bota zizkieten itzalpeko harmailetatik. Liskarra sortu arren, «eguzkitako harmailetatik San Fermin, San Fermin oihukatzen zuten bitartean, beste batzuek giroa baretu nahi izan zuten». Hiru minutu geroago, «ustekabean, inori aurrez abisatu gabe» sartu ziren poliziak, kolpeka, ke poteak eta gomazko pilotak jaurtiz eguzkipeko harmailetara.

Diario Vasco-k, azalean, horrela laburbildu zituen pankarta atera ostekoak: «Eztabaidaren ostean, ukabilkadak etorri ziren. Istiluen aurkako poliziek hustu egin zuten plaza, orduan 15.000 lagun inguruk betea, eta gudu bortitza eragin zuen, zeina hiri osora hedatu zen».

Ordu horretan agintari ugari zeuden zezen plazan, tartean Ignacio Llano gobernadore zibila, Jesus Fortun, Ignacio Irazoki eta Julio Asiain foru diputatuak (garaiko kontseilariak) eta Manuel Irujo (EAJ), Gabriel Urralburu (PSOE), Jaime Ignacio del Burgo eta Jose Gabriel Sarasa (UCD). Diario de Navarra-ren arabera, diputatuak eta Irujok lehenago utzi zuten plaza, eta gainerakoak «nahasmenaren erdian» atera ziren.


Eskuetan su armak zituztela»

Diario de Navarra-k gaineratu zuen gazte batzuek Poliziaren oldarraldi bortitzari «botilak, kuxinak eta beste objektu batzuk» jaurtiz aurre egin ziotela. Adierazgarriak dira ondorengo bi lerroak: «Orduan, polizia batzuek eskuetan su armak zituztela ikusi zuten. Harearen gainean, bi polizia zeuden lurrean, eta hainbat gaztek handik atera zituzten».

Zauritu guztiak zezen plazako erizaintzara eraman zituzten. Hala ere, halako batean ateak itxi egin behar izan zituzten, gas negargarria sar ez zedin. Bezperan, lehen entzierroaren ostean lasai zegoen Armendariz doktoreari gertaera larri haiek kudeatzea egokitu zitzaion. Armendarizek kazetariei azpimarratu zien gazteek asko lagundu ziotela. Plazako mediku taldea bertan zen, gainera: «Azken ikuslea joan arte geratu ohi gara beti; horregatik gaude hemen».

Plazatik at, Diario Vasco-k zioen ehunka manifestarik autoak gurutzatu zituztela, polizien joan etorriak eragotzi asmoz, eta gobernuaren ordezkaritza «inguratuta» zegoela. Kazetariek gertaerez galdetu zioten Iruñeko komisarioburuari, eta horrela erantzun zien: «Ezin dut orain kazetariekin arreta galdu; Gobernu Zibila defenditu beharra daukat». Europa Presseko kazetariak Llano gobernadore zibilari azalpenak eskatu zizkion telefonoz, eta, haren agindupeko poliziak izua eragiten ari ziren bitartean «lasaitasun eta normaltasun mezua» zabaldu zien Iruñeko herritarrei.

Diario de Navarra-n zaurituen zerrenda irakurrita, ez zegoen lasaitasunerako tarterik. German Rodriguez zen larriena, baina Jose Ramon Velezek gerrialdean zuen bala, eta «ziurrenik» gibelari eragin zion. Editorialean aipatzen zuenez, «ez da onargarria bere politika bilatzen duen gutxiengo batek festa ospakizun batean diren 20.000 parte hartzaile manipulatzea, baina, era berean, ez da onargarria hori isilarazi nahi izatea modu neurrigabe eta bortitz batean».

Ba al zenekien...

...entzierrotxorik ez zela egin uztailaren 8an?

Ilunabarrero, Gaseko ukuiluetatik San Domingoko ukuiluetara eramaten dira entzierroa korrituko duten zezenak. Alta, 1978ko uztailaren 8an ez zen entzierrotxorik izan. Nahiz eta ordurako, istiluak hasiak zirenean, inguru hori lasai zegoen.

Zer gertatu zen?

Biharamuneko Diario de Navarra-ren arabera, gauerdian, Guardiola ganadutegiko zezenak Gaseko ukuiluetan zeuden oraindik, arduradunek erabaki baitzuten zezenak ez mugitzea, «zerbait gerta lekiekeelako». Hesiaren arduradunak beldur ziren ibilbideko ohol eta zutonei gerta zekiokeenaz.

Ba al zen beste arrazoirik?

Bai; egunkariaren azalpenak istiluak gertatu ondorengoak dira, baina ez du aipatzen aurretik ere ezinezkoa zela. 2016ko uztailaren 10ean BERRIAn argitaratutako elkarrizketan, Jesus Belasko orduko alkateak azaldu zuen zezenketaren erdian utzi zuela zezen plaza Iruñeko Udaletxera joateko, «zerbait larria» gertatzen ari zelako: «Ibaitik ukuiluetarainoko bidea autoz beteta zegoen».

Hain larria al zen?

Bada, bai. Egunero, udaltzainek ibilbidea itxi eta autorik sartzea galarazi ohi dute. Egun hartan, ordea, utzi egin zuten ibilgailuak sartzea, eta horrek galarazi zuen entzierrotxoa egitea. Iruñeko alkateak, Belaskok, azalpenak eskatu zizkionean, ez zuen topatu Erro udaltzainen komandanteburua. «Ez nuen topatu sanfermin haietan guztietan. Ez dakit non sartu zen».

Orduan, zein zen asmoa?

Detaile hori oharkabean pasatu da. Asmoa izan zitekeen istiluaren unean Iruñeko Udalaren arreta desbideratzea, edo anabasa gehiago eragitea. Belaskok oso argi du zer adierazten duen: «Eraso hura prestatua zegoen». Jose Luis Ruiz de Gordoak, 1972tik 1976ra gobernadore zibil izan zenak, hala onartu zion: «Belasko, promes egiten dizut esango dizudala nork eman duen grisak plazan sartzeko agindua». Alta, inoiz ez zion esan. Hil egin zen.

Hiri izutua, suntsituta


Jendea polizien oldarraldiari aurre egiten, uztailaren 8an. / JORGE NAGORE


Uztailaren 9an, igandean, «suntsituta» esnatu zen hiria: autoak gurutzatuta, sutan, barrikadetan. Gau hartan, poliziek «denen aurka» jo zuten, haur nahiz nagusi, «indarkeria handiz».

Garai hartan, 1978an, astelehenetan ez zen egunkaririk kaleratzen. German Rodriguezen hilketa eta gau hartako istiluak uztailaren 8 eta 9 arteko gauean gertatu ziren, larunbatean. Biharamuneko egunkariek islatu zuten berehalako lehen erantzuna, baina uztailaren 11ra arte itxaron behar izan zuten orduko irakurleek gehiago jakiteko. Garai hartan ez zegoen sare sozialik, eta telebistan kate bakarra zegoen (TVE). Hartara, astearteko egunkariek igandeko —uztailaren9ko— eta asteleheneko —uztailaren 10eko— albisteak jaso zituzten.

Dolu egunak. Lerroburu hori eman zuen Egin-ek. «Asteburuan, Iruñeak hiri izutu baten itxura hartu zuen. Segurtasun indarren presentziak eta saltokien eta entretenimendurako guneen itxierak baldintzatu zuten itxura hori», zioen berripaperak.

Igandean, hiri hondatu baten tankera zuen Iruñeak, eta horrek berehalako ondorioa izan zuen, El País egunkariaren arabera. «Bi dolu eta protesta egun bizi zituen hiriak, eta larunbat gauetik bertatik [8tik] handia izan da turisten exodoa. Kalkulatzen da 150.000 pertsonak utzi dutela hiria». Larunbat gauean, poliziek hirian eragindako triskantzak eta German Rodriguezen hilketaren aurka gazteek egindako protestek arrastoa utzi zuten: «Udaleko garbiketa zerbitzuek lan itzela egin zuten, eta igande osoa behar izan zuten kaleak egokitzeko eta garbitzeko», nabarmendu zuen El País-ek, eta azpimarratu zuen igande gauetik asteleheneko goizaldera arte jarraitu zutela liskarrek. Ondorengo egunetan ere, Iruñean eta Euskal Herri osoan, erasoaren aurkako erantzuna handia izan zen kalean.

«Iruñea suntsituta zegoen uztailaren 9an; itxura mingarria zuen», zioen Diario de Navarra-k. «Kaleak hustuta zeuden, jenderik gabe, eta aurreko gaueko borroken aztarnak oraindik ere ikus zitezkeen hiriko erdiguneko kaleetan. Karlos III.aren etorbideak gudaleku bat zirudien, lasaitasuna heldu zenean. Makina bat auto gurutzatuta, kristal zatiak lurrean nonahi, bezperan Poliziaren aurka jaurtitako harri eta adreilu zatiak... Hiru auto erretzen ere ikus zitezkeen: Chrysler 150 bat, Renault 5 bat, eta furgoneta bat». Harrigarriki, balei ez zien aipamenik egin. German hil zen tokiaren inguruan, 35 bala zulo atzeman zituzten.

Zezen plazako istiluak, uztailaren 8an. Jorge Nagore

Diario de Navarra-k azpimarratu zuen uztailaren 9ko gauean ere liskarrek jarraitu zutela eta «05:00etara arte» iraun zutela. Ordu horretan, polizia gehiago iritsi ziren Iruñera liskarrei aurre egitera: «Uztailaren 5etik Iruñean ziren Logroñoko polizia bereziekin bat egin zuten», zioen berripaperak. Logroñoko polizia horietako batek hil zuen German Rodriguez, hain zuzen.

Era berean, egunkariak uztailaren 8an zauritutako batzuen testigantzak bildu zituen. Miguel Fernandez Diaz de Zerio burlatarra bularraldean zauritu zuen bala batek. «Bala bizkarretik sartu zitzaion, saihetsezurrak zeharkatu gabe, tiroa jaso zuenean makurtuta balego bezala», zioen Diario de Navarra-k. «Zezen plazako hondarretan nengoen; uste dut plaza erdian nengoela, zutik. Bala nabaritu nuen, eta lagun bati deitu nion. Antza, lurrera erori nintzen; ez dut gogoan», esan zuen lekukoak, La Unicako peñakideak. Uste zuen kailejoitik tiro egin ziotela poliziek. «Ni apez poloniar batekin eta hiru frantsesekin egon nintzen zezenketa ikusten, eta, amaitzean, hondarretan nengoen, plazatik peñekin ateratzeko asmoz».


Charly eta Pegaso, erasora

Egin-ek zekarrenez, uztailaren 9ko egunkarian ez zuten denborarik izan gau hartako lehen orduei buruz idazteko. Informazio ofizialen arabera, oldarraldia akats bat izan zen, eta egoera konpontzen saiatzen ari ziren. Hala ere, Egin-en arabera, polizien jarrera kontrakoa zen. «Igande gauerdian, Charly eta Pegaso konpainiak iritsi ziren, eta berehala guduan sartu ziren». Zuzenean Alde Zaharrari erasotzera jo zutela dio: «Irekita geratzen ziren taberna bakanak hustu zituzten. Lekukoen arabera, bospasei sartzen ziren, jendea joz. Atean, jendeari zangartea jartzen zioten, eta beste hainbatek borrekin egiten zieten ongietorria; beste batzuek su armekin mehatxu egiten zuten. Kolpeetatik ihes egitea lortu zutenean, metro gutxira, hurbil-hurbiletik, gomazko pilotak jaurtitzen zizkieten». Sixto taberna atzerritarrez beteta egon arren, ez zuten errespetatu. «Mutiko bati pilota batek eman zion, lurrera erori zen, eta lauzpabost poliziak harengana jo zuten». Egin-en arabera, «denei» egiten zieten tiro: «Nagusiei, emakumeei, haurrei... Indarkeria handiz».

Iruñeko Udalak berehalako eta larrialdiko osoko bilkura batera deitu zuen igande hartarako. Irmo egin zuen protesta Espainiako Gobernuaren aurrean, eta agiri bat kaleratu zuen. Eskatu zuen gertaerak argitzeko ikerketa bat egiteko, «batez ere nondik etorri ziren aginduak, Indar Publikoa abisurik eman gabe tiroka zezen plazan sar zedin».

Ba al zenekien...

...peñek ikerketa batzordea osatu zutela?

Zezen plazan, polizien jomugan izan ziren peñak, eta zaurituen artean hainbat peñakide izan ziren. Gainera, Iruñeari eta festei eraso egin zietela uste zuten, eta horregatik osatu zuten batzordea. Txostenak Así fue (horrela izan zen) izenburua hartu zuen, eta, gaur-gaurkoz, uztailaren 8ko gertaerei buruzko kontakizunik fidagarriena da.

Zer egin zuten txostenean?

Gertaerak laburbildu, bertako zein nazioarteko egunkariek ziotena jaso, frogak bildu, argazkiak jaso, Poliziaren irratietako edukiak kaleratu, lekukotzak idatzi, kaltetuekin eta zaurituekin egon, ondorio ekonomikoak zenbatu...

Zer zioen polizien irratiak?

Mezuetako bat egin da batez ere oso ezaguna, han entzuten delako agindu hiltzailea, Vulcano 2 poliziak egindakoa: «Prestatu arma guztiak, eta tiro egin indar guztiz. Inor hilez gero ere, berdin du». Beste batek ohartarazi zion kontuz ibiltzeko zer esaten zuen irratian: «Ea, Vulcano 2, kontuz diozunarekin, esan justu esan beharrekoa. Eta ez zaitez pasatu». Vulcano 2 sutan zegoen: «Eta hemen diren 200 edo 300 putaseme handi hauek egiten ari zaizkigunari aurre egin! Geldiarazi eskura dituzuen prozedurekin!».

Eta German Rodriguezi buruz zerbait esan zuten?

Une batean, zera esan zuen polizietako batek: «Sekzioetako batzuetan, joan-etorri bat egin. Bestea utzi diputazioan, eta garbitu 200-300 umeak iragan diren eremu hori, baina ez ukitu gizon hori hilda erori zen tokian dagoen pankarta». Polizia batek zera esan zuen: «Gobernadorearekin [Ignacio Llano] eta teniente koronelarekin hitz egin du Segrek». Irratiaren bestaldean zen poliziak berriro ohartarazi zion «izenik ez aipatzeko irratian». Eta besteak, burlaz erantzun: «Kartzelan ikusiko dugu elkar».

Azken agurra Germani


German Rodriguezen hilkutxa hilerrira eramaten, uztailaren 10ean. CONCHI ZUDAIRE / ANDRES VALENTIN


Uztailaren 10ean, Rodriguezen hiletan, Francisco Larrainzar apezak azpimarratu zuen poliziek «euskal herritarrek eta nafarrek elkarri emandako eskuak moztu» nahi izan zituztela.

Bigarren dolu eguna izan zen astelehenekoa (uztailaren 10), eta hala jaso zuten garai hartako egunkariek biharamunean. Bezperan egin zen German Rodriguez Saizen hileta elizkizuna, eta handik manifestazio isilean joan ziren Iruñe erdigunerantz, hil zuten tokiraino. Protesta olatua Euskal Herri osoan zabaldu zen. Dolu manifestazio jendetsua atzo Iruñean, nabarmendu zuen Egin-ek azalean. German Rodriguez Saizen aldeko hileta hilerriaren zabalgunean, idatzi zuen Diario de Navarra-k. Milaka herritarrek eman zioten azken agurra Germani. «Tentsio handiko egoera», nabarmendu zuen Diario Vasco-k: «Errepideak moztuta, barrikada, lanuztea, manifestazioak... Iruñeko gertaera tragikoek (hildako bat eta 300 zauritu) erreakzio biolentoak eragin zituzten Euskal Herri osoan».

Jesus Lezaun, Francisco Larrainzar eta Luis Lizaur apezek eman zuten Germanen hileta elizkizuna. Larrainzarrek eraldatu egin zuen Winston Churchillen RAFeko pilotuei buruz Bigarren Mundu Gerrako aipu ezaguna —«Inoiz ez zioten hainbestek hainbeste zor hain gutxiri»—, Diario de Navarra-ren arabera: «Inoiz, hain gutxik ez dute hainbeste jende sufriarazi. Ea esaterik badugun inoiz ez diotela hainbeste pertsonak halako erronka bati hain sendo erantzun», esan zuen Larrainzarrek. Bere sermoian, salatu zuen esku beltzak zeudela, eta ematen zuela sortzen ari zen garai berria eragotzi nahi zutela: «Aspalditik dugu nafarrok irudipena norbait atzetik zelatan dugula eta fusilarekin jomugan gaituela; norbaitek, sortu berri den demokrazia ziztrin honen trikimailu guztiak erabiliz, arnasa kendu eta hasi berri dugun bidea moztu nahiko baligu bezala. Ematen du euskal herritarrek eta nafarrek elkarri emandako eskuak moztu nahi izan dituztela. Zer nahi zuten gizon horiek izua zabalduz?».

Hileta amaituta, hitzaldiak egin ziren hilerriaren kanpoaldean. Diario de Navarra-ren arabera, lehenik Ignacio Zudaire Anaitasuna peñako ordezkariak hartu zuen hitza. Peñen izenean, euren mina adierazi zuen gertaera tragiko horiengatik: «Sutsu gaitzesten ditugu gure herriari eraso egin dioten erakundeak, eta ikerketa hasteko eskatzen dugu, erantzukizun zibilak eta kriminalak exijitzeko, azken ondorioraino».

Gero, LKIko Ramon Contrerasek bere lagun German Rodriguezi buruz hitz egin zuen, Diario de Navarra-k kronikan jaso zuenez: «Zer zentzu du heriotza honek? Zer logika du Polizia plazan sartzeak jendea hiltzera? Zer logika du metrailetak erabiltzeak? Mozorroa kentzeko ordua iritsi da. Bai, badakigu nortzuek hil zuten, 1973an kartzelan sartu zuten horiek». Haren ustez, azken erantzulea Espainiako Gobernu «antinafarra» zen. «UCDkoek diktaduraren jazarpen indarrak bidali dizkigute hona. Ondorioak denok ikusten ditugu. Edonor eror daiteke bala baten ondorioz, edo atxilotuta».

Uztailaren 10eko omenaldia. Heinz Hebeisen

Egin-en arabera, Contrerasek Euskal Herriko «txoko guztietan» erantzun bateratu bat ematera deitu zituen alderdi eta sindikatu guztiak. Eusko Gudariak abestu ondoren, isilpean atera zen manifestazioa. Aurretik, German Rodriguezen lau anai-arrebak zihoazen, eta atzean, Guk ez dugu ahazten, German zioen LKIko pankarta. Baziren pankarta gehiago: Arduradunei zigorra, Jazarpen indarrak desegin...


Isilik batzuk, oihuka besteak

Hilerritik irten, Donibane auzotik igaro eta, erdigunerantz iristean, polizien jeep eta autobus ugari topatu zituzten. «Anaietako batek segurtasun indarrekin negoziatu zuen esku hartu ez zezaten». Diario de Navarra-ren arabera, LKIko batek mezu hau zabaldu zuen: «Jarraitu behar dugu borroka erakusten kalean, fabrikan, batzarretan... Baina momentu honetan, egin dezagun isilik». Handik Orreaga etorbidera iritsi ziren, German Rodriguez hil zuten tokira, eta han «azken omenaldia» egin zioten Rodriguezi, «isilune handi batekin».

Hala ere, 3.000 lagun inguru ez ziren ados agertu jarrera horrekin, eta manifestazio bat egin zuten inguruan. Egin-en arabera, ETAren aldeko oihuak egin zituzten, eta mendekua aldarrikatu zuten. Manifestazio hori Alde Zaharreko kaleetara sartu zen, eta, San Domingo kalera iristean, segurtasun indarrekin egin zuten topo: «Minutu batzuk zain egon ostean, segurtasun indarrek gomazko pilotekin eta negar gasekin erantzun zuten, 17:00ak arte iraun zuten liskarrei hasiera emanez».

Egin-en arabera, udaletxe aurrean German Rodriguezen argazkia jarri zuten mahai baten gainean, eta jendea dirua uzten hasi zen mahai haren gainean: «Segurtasun indarrek une oro errespetatu zuten mahaia, baina ez zioten inori gerturatzen uzten». Bazkalorduan, kaleak «hutsik» zeuden: «17:00etan, indar berezien autobusek Alde Zaharra utzi zuten, eta, Estafetatik igarotzean, bertan zeuden barrikadak ireki zituzten. Minutu batzuk geroago beren tokira itzuli ziren. Segurtasun indarrak joateko agindua eman zuten, Iruñeko peñen ordezkariak udaletxean bil zitezen». Festekin zer egin erabaki behar zuten.

Ba al zenekien...

...Logroñoko polizia bereziek jo zutela tiroa?

Ondorengo ikerketa judizialak zehaztu zuen Logroñoko Polizia Armatuaren Erreserba Nagusiko konpainiako polizia batek jo zuela tiroa. Unitate horrek berak hil zuen Donostian Joseba Barandiaran astigartarra. Lekuko batek esan zuenez, sanferminen aurretik Toledoko eskola militarreko bi kadeterekin egon zen, eta haiek esan zioten «lehenik Iruñera eta gero Donostiara» joateko esan zietela. Logroñoko Konpainia horretako poliziek uztailaren 3tik zeramaten Iruñean. Uztailaren 8ko gauean, lekuko batzuek entzun egin zieten poliziei amorru bizian nafarren eta, oro har, euskal herritarren aurka irainka. 22:00etatik aurrera, CETME fusilekin tiroka ibili ziren.

Nor zen arduraduna?

Ignacio Llano gobernadore zibila. Zezen plazan zegoen poliziak sartu zirenean. Iruindar batzuek kritikatu zuten oldartzea, eta Llanok erantzun zien berak dena ikusi zuela eta ez zegoela ados esku hartzearekin. Gerora, esan zuen agindu hura ez zegoela justifikatua, baina Egiaren Batzordeak bertsio hori gezurtatu du. Zezen plazakoaren ostean, ondorengo orduetan, tiroka eta bortizkeria handiz jardun zuten, hasierako agindu ustez erratu hori zuzendu ordez.

Nork eman zuen agindua?

Miguel Rubio Rubio Iruñeko komisarioburuak. Plazara sartu zen Benito Perez Vazquez eta Francisco Abellan Vicente tenienteekin batera, aginduak emanez. Plazan, su armekin tiro egin zuten poliziek. Gainetik, Fernando Avila Garcia zegoen, arduradun nagusia. Egiaren Batzordearen arabera, Nafarroako polizien aurreko buruaren postua lortu nahi izan zuen, eta hura mendekatzeko asmoa zuen. Peñako kideek salatu zuten Avila Fuerza Nuevako militantea zela. Uztailaren 8ko 22:00etan, bilera bat egin zen gobernu ordezkaritzan ordezkari politiko eta sindikalekin, eta, han, lekuko batek Avila kaleko jantzita ikusi zuen.

Nor zen arduradun politikoa?

Rodolfo Martin Villa Espainiako Barne ministroa.

Beste gazte bat hilik, Donostian


Joseba Barandiaranen hilkutxa garraiatzen, Astigarragan. / BERRIA


Tentsioa Iruñetik Gipuzkoako hiriburura zabaldu zen. 09:30ean, manifestazio bat antolatu zuten Grosetik erdigunerantz, eta, Aldapetan, polizia batek Joseba Barandiaran hil zuen, tiroz.

Uztailaren 11tik aurrera, tentsio handiko egunak izan ziren Euskal Herrian, batez ere Gipuzkoan. Iruñetik Donostiara eta Errenteriara zabaldu zen polizien indarkeria; hein batean, erantzule nagusia, Logroñoko Polizia unitate berezia, harantz zuzendu zelako. Donostian, Aldapetako maldan, poliziek Joseba Barandiaran hil zuten, eta bigarren hilketa hark su handiago baten txinparta piztu zuen. Greba egunak izan ziren, eta Diario Vasco, adibidez, ez zen bi egunez argitaratu —uztailaren 12 eta 13an—.

«Poliziaren tiro sorta batek hil zuen Jose Ignacio Barandiaran», zioen Egin-ek. Kronikan aipatzen zenez, «tentsio handi baten erdian» esnatu zen uztailaren 11ko goiz hartan Gipuzkoako hiriburua, bezperan gauez istilu ugari izan zirelako poliziekin. Banco, Ahorro y Seguros bankuko langileek greba egin zuten, eta 09:30ean manifestazioa antolatu zuten. Ordu erdi baten buruan, mila lagun inguru batu ziren: Gros auzoan hasi, Bulebarra zeharkatu eta Easo kalerantz —garai hartan Victor Pradera— joan ziren.

10:30ean heldu ziren hara, eta barrikada handi bat antolatu zuten behealdean, kuarteletik 300 metrora, Egin-en arabera. Ordutik, tentsioa handituz joan zen. «Polizia armatu saldo batek, kaleko jantzitako bi pertsonarekin batera, aldapa igo zuen. Manifestariak txistuka hasi ziren, eta, horren aurrean, zibiletako batek pistola atera zuen. Bi tiro jo zituen, sumindura handia eraginez, baina ez zen besterik gertatu». Kronikak Jesus Uriarte argazkilariaren irudia zekarren, eta hauxe zioen oinak: «Goian dago Polizia armatuaren kuartela. Irudian, kaleko jantzitako bi norbanako ikus daitezke, eskuan pistolak dituztela. Jertse iluna zeramanak hainbat tiro jo zituen».

Hortik aurrera, barrikada gehiago osatu ziren, eta poliziek gomazko pilotak jaurti zizkieten manifestariei. Kronikaren arabera, manifestariei aurre egiten hamabi jeep eta zeta bat zeuden, eta ematen zuen ez zutela ordezkorik. 12:30ean, manifestariek aurrera jo zuten, eta, lekuko baten arabera, zera gertatu zen: «Zeta ibilgailuko gidariaren ondoan zen poliziak lehenik pistola atera zuen, eta ondoren metraileta. Harekin, tiro sorta bat bota zuen». San Bartolome kaleko supermerkatuaren ondoan zen Joseba Barandiaran, eta hura jo zuen. «Balek bihotzean jo zuten zuzenean». Lagunek, gaztea hartu, eta hogei metro bultzatu zuten ate baterantz. Han esan zituen azken hitzak: «Ez puskatu atea».

Diario de Navarra-ri Poliziaren iturriek esan zioten «ikerketa hasia» zutela. «Ematen duenez, gaztea hil zuen tiroen egilea metrailetarekin tiro sorta bota zuen bera da». Egunkariak zioen gertaera horren «lekuko bakarra» zegoela.


Greba orokorraren txinparta

Hilketaren albistea berehala zabaldu zuten, eta sumina hauspotu zuen. «Donostiako gertaerek greba orokorra eragin dezakete Euskadin», zioen Egin-ek. Horrela laburbiltzen zuen, euskaraz, jardunaldi bero hura: «Atzo goizean ia geldirik aurkitzen ziren Gipuzkoako lantegi guztiak. Goizean, lanuztea hedatuz joan zen. Jose Iñazio Barandiaran Urkola gaztearen berri jakin zenean, goizean izan ziren salbuespen apurrak lana utzi eta geldirik geratu ziren».

Nafarroak, bi dolu egunen ostean, bake apur bat berreskuratu zuen, baina, Barandiaranen hilketaren berri izan bezain azkar, greba egiteko gertu zeuden. Bizkaian, bi orduko lanuzteak egin zituzten, Araban bezala.

Diario de Navarra-k zekarren Donostia «inkomunikatuta eta poliziek hartua» zegoela. Espainiako beste tokietatik joan ziren poliziak Donostiakoak laguntzera. Barandiaran hil zuten tokian, laxo beltz bat zeraman ikurrin bat jarri zuten, baina poliziek «berehala» kendu zuten handik. Gobernu Zibilak Barandiaranen hileta egitea debekatu zuen.

Iruñean, festak uztea erabaki zuen udalak, 21:00etan. «Festak bertan behera geratu dira», zioen Diario de Navarra-k. «Festaren eta herritarren bakearen artean aukeratu behar izan dugu», justifikatu zen Iruñeko Udala. Argazki nagusian, zezen plaza hutsik ageri zen, eta honako informazio hau gaineratu zuen berripaperak: «Aurretik, zezenketarik ez zen izan, presidentea ez baitzen aurkeztu». Toreatzaileek ere ez zuten gogo handirik, Egin-en arabera. «Angel Teruelek esan zuen ez zuela oinik Iruñean jarriko, ezta munduko urre guztia emanda ere».

Egin-en arabera, udalak zalantza asko izan zituen, baina Donostiako gertaerak erabakigarriak izan ziren. «Eguerdiko gertaeren berri izanda, tristeziaz, sentimendu handiz, festak etetea erabaki dugu», esan zuen Jesus Velasco alkateak. Jose Miguel Muezen arabera, ahal zen neurrian, «festak berreskuratzea» zen asmoa, baina galdetutako erakundeek erabakiaren alde egin zuten. «Tristea eta mingarria da lehen aldiz sanferminak hautsi izana», zioen Martinez Alegria festen batzordeko presidenteak.

Ba al zenekien...

...Rodolfo Martin Villak poliziak zuritu zituela?

Espainiako telebista kateari elkarrizketa bat eman zion uztailaren 13an, eta han markatu zuen ildo politikoa: «Gureak akatsak izango dira; gainerakoa krimenak dira». Espainiako Barne ministroak polizien jarrera zuritu zuen une oro, eta estrategia bera erabili zuen Espainiako Kongresuan, beti eta beti polizien jarrera zurituz.

Zer esan zuen Kongresuan?

«Gertaera hauek saihesgarriak ziren. Denok onartu behar dugu gure erantzukizuna. Nik lehendabizi, Barne ministro moduan». Hori esan arren, erruak banatzerakoan oso argi eduki zuen non zegoen marra. Lehenik, aipatu zuen «hiri gerrillaren taktikak ezagutzen dituzten talde aktibistek» izua eragin zutela herritarren artean. «Terrorismoaren eraginpean, terroristatzat har daitekeen indarkeria praktikatzen dute». Horiei aurre egiten, poliziak leudeke.

Haren ustez, okerrik egin zuten?

Martin Villaren arabera, plazan sartzea akatsa izan zen, esku hartze «erratua». Iruñean polizia «gutxiegi» zegoen, eta informazioak ere «akatsak» zituen. Donostiako hilketaren inguruan ere diagnostiko bera egin zuen. «Ukaezina da segurtasun indarrei kalean bortizki eraso zietelako gertatu zirela German Rodriguezen eta Joseba Barandiaranen zauri hilgarriak». Haren ahotik ez da hil edo erail aditzik aterako. «Gertaerak» egoerak eragindako emozioen ondorio izan ziren, haren hitzetan. «Gizarte libre batean legearen zerbitzuan dagoen polizia bat eraso egin beharreko gaizkiletzat hartzen denean, hark defenditzen duen gizarteak pasibotasunez ikusten duenean erasoa, haren senideak ahanzturara kondenatuak direnean, erasoen biktima direnean, lasaitasunaren zerbitzari izan beharko luketen horietako zenbaitek lasaitasuna galtzen dute».

Orduan, ez zekien ezer?

Bai, jakina. Barne Ministerioak barne txosten bat egin zuen. Sekretupean jarraitzen du gaur egun.

Euskal Herria, sutan


Polizia Armatuak Errenterian, uztailaren 13an. / JESUS MARI PEMAN


Joseba Barandiaranen hilketaren ondotik, greba orokorra egin zen Hego Euskal Herrian, eta erantzun handia izan zuen, batez ere Bizkaian eta Gipuzkoan. Iruñea, berriz, «hila» zen.

Egun gutxiren buruan, Polizia Armatuak bi gazte hil zituen: German Rodriguez Iruñean, eta Joseba Barandiaran Donostian. Hilketek protesten sua piztu zuen Euskal Herri osoan. Honela azpimarratu zuen Egin-ek: «Tentsio handiko protesta eguna Donostian». Gipuzkoako hiriburuan nagusitu ziren protesta nagusiak, baina gainerako hiriburuak ere sutan ziren. Greba orokorrerako deiak erantzun zabala izan zuen: «Euskadiren historian, 1978ko uztailaren 12a greba orokorraren egun gisa geratuko da Gipuzkoan eta Bizkaian, eta erantzun handia izan zuen Araban eta Nafarroan», nabarmendu zuen Egin-ek, eta gaineratu: «Bilbon eta Gasteizen, borroka handiak izan ziren manifestarien eta polizien artean, eta, Donostian, kopuruagatik eta euskal politikan duen lekuagatik, garrantzi berezia hartu zuen gertatu zenak».

Goizean goizetik gertatu ziren lehen liskarrak Donostian. Lehenik «manifestazio txiki bat» antolatu zuten. «Kaleek itxura izugarria zuten: eserlekuak kalean, kristal hautsiak, barrikadak...», zioen Egin-ek. Desegin zen manifestazioa, eta beste bat sortu Gros auzoan, Juan Mari Bandres Euskadiko Ezkerrako politikari eta abokatua buru zuela. «Gobernadorearekin hitz egin zuen, eta haren baimena lortu. Poliziaren auto eta unitate guztiek jaso zuten mezua, manifestazioa baimendua zegoela». Gainera, goiz hartan pertsona ugarik bisitatu zuten San Bartolome kalea, Joseba Barandiaran hil zen tokia, eta loreak jarri zituzten bertan. Egun osoan jarraitu zuten liskarrek.


Beste bi zauritu

Hiriburutik at, Gipuzkoan, tentsioa handitzen ari zen. «Asteazkenean erabat gelditu zen Gipuzkoa», zioen Egin-ek. Donostia aldetik mugara bitarteko eremuan, komunikazioak «erabat moztuta» zeuden. Testuinguru hartan, beste bi lagun zauritu zituzten balaz: bata Errenterian (Hernandez Zeberio), eta bestea Larratxon (Jose Luis Jimenez Ruiz). Bi kasuetan, guardia zibilek jo zituzten tiroak. Adibidez, Errenteriakoaz kontakizun hau egin zuen Egin-ek: «Guardia Zibila zubiaren bi aldeetan zeuden barrikadetako bat kentzera joan zen, eta tiro egin zien inguruan —Beraungo lehen etxeen alboan— ziren pertsonei».

Diario de Navarra-k, berriz, Euquitiano Prado Donostiako komisarioburuaren adierazpenak zekartzan Barandiaranen hilketari buruz. Haren esanetan, uztailaren 11ko 14:00etatik poliziak heriotza ikertzen eta lekukotzak biltzen hasi ziren. Kexu zen hainbat lekukok Euskal Kontseilu Nagusira jo zutelako: «Nahiko nuke Kontseilu Nagusian deklaratu zuten ehun lekukoek niregana jo izan balute. Aulkian eseri dira, eta orain gertaeren bertsio bat eskatzen dute». Ematen zuen Pradok, polizien artean bilatu beharrean, lekukoak zituela jomugan.

Egin-ek eta Diario de Navarra-k aipatu zuten Miguel Rubiok Iruñeko komisario izateari utzi ziola eta Valentziako Chirivela herrira aldatu zutela. «Gogoratuko den bezala, Rubio komisarioa izan zen, bere hitzetan, zezen plazan sartzeko agindua eman ziena istiluen aurkako poliziei, eta gerora horrek berak eragin zituen hiriak bizitako tentsio une guztiak. Rubio jaunak adierazi zuen bere aginduak gaizki ulertu zirela», idatzi zuen Egin-ek. Diario de Navarra-ren arabera, 1978ko uztail hartan 53 urte zituen Rubiok, eta hiru urte eta erdi zeramatzan Iruñean lanean. Hauxe esan zion egunkariari: «[Chirivelako] Polizia etxe berria funtzionatzen hasteko moduan dagoen bezain laster, hara joango naiz. Espero dut azkar izatea».

Iruñea, berriz, «jada hiri hila zen», Egin-en arabera. «Zorabiatuta eta nekatuta» zegoen uztailaren 12 hartan, udako beroak hartuta. Bezperan, udalak festak bertan behera uztea erabaki zuen, eta iruindar asko «igerilekuetara» joan ziren. «Tragedia baten lekuko isil izandako oholak eta hesiak kendu zituzten zurginek. Zapi gorriak desagertu egin ziren kaletik, janzkera zuri-gorriak, saltoki mugikorrak, atzerritar gehienak, ardo zahatoak... Poliziek eragindako indarkeriaren ondorioz, triste eta nekaturik, hiria, lozorroan, apurka, eguneroko pultsua berreskuratzen hasi zen».


Martin Villaren ikerketa

Diario de Navarra-ren arabera, Rodolfo Martin Villa Barne ministroa «lau orduz» Iruñean izan zen, baina ez zen atera Gobernu Zibilaren eraikinetik. Handik Donostiara zuzendu zen, eta, han, lehen adierazpen publikoak egin zituen. «Egoera oso kezkagarrian gaude» esan zuela nabarmendu zuen Diario de Navarra-k. «Inork ez dio gobernu honi irabaziko dena argitzeko eta erantzukizunak eskatzeko orduan». Ondoren zehaztu zuen gauza bat zela polizien erantzukizuna eta «bestea poliziei oldartzen zaizkien horiena».

Gezurraz gain, dena anabasaren ondorio zen bi hilketen kasuan. «Gai zalantzagarriak daude: kea, polizia etxea hartzeko ahalegina eta Jose Ignacio Barandiaran hil zuen balaren jatorria», esan zuen Martin Villak Donostian egindako prentsaurrekoan.

40 urte iragan dira, eta errealitateak argi utzi du gogo horiek hutsaren hurrenak zirela.

Ba al zenekien...

...epaitegiek bost sumario ireki eta itxi zituztela?

Epaitegiek, 1978ko gertaerengatik, bost sumario ireki zituzten, bakarra egin beharrean. Akusazioko abokatuen arabera, gertaera bakarra zenez ikerketa bakarra egin behar zen, baina epaileek nahiago izan zuten zatikatu, osotasunik ez zutelako ikusi. Gerora, banan-banan itxiz joan ziren kasu guztiak. Hortaz, judizialki ez zuten inor ere zigortu.

Zeintzuk ziren bost sumario horiek?

Alde batetik, 151/78 sumarioan, German Rodriguez Saizen hilketa ikertu zen. Horrez gain, sumario horretan bertan Fermin Ilundaini eragindako zauriak ere ikertu ziren. 82/1980 sumarioan, 1978ko uztailaren 8an Iruñeko zezen plazan gertatutakoak ikertu ziren. Hirugarrenik, 81/1980 sumarioan, plazatik kanpo Iruñeko kaleetan izandako gertaerak ikertu zituzten. Bai plazan, bai istilu horietan, guztira 11 pertsona zauritu zituzten balaz. Beste bi sumarioetan, foru diputazioan izandako kalteak, eta, oro har, gertaeren ondorioz hirian izandako kalte materialak ikertu zituzen. Ikertu bai, baina ondoriorik atera gabe.

Zer jarrera izan zuen Barne Ministerioak?

Martin Villak, bere lehen adierazpenetan, nabarmendu zuen ikertzeko borondate argia zutela —ikus alboko testua—. Haatik, egiazki ez zuen lagundu, eta alderantziz, ikerketa oztopatu zuen. Aurten, Iruñeko Udalak sustatutako Egiaren Batzordeak honako ondorio hau hartu du: «Are gehiago, Polizia Judizialak, Polizia Armatuaren Inspekzio Orokorrak eta Barne Ministerioak ez zuten batere lagundu. Erakundeok oso modu larrian oztopatu zuten gertaeren ikerketa». Adibidez, German Rodriguezen sumarioan sei proba praktikatzeko eskatu, eta bat bera ere ez zuten egin.

Eta zer jarrera izan zuten epaitegiek?

Ez zuten ezer egin. Adibidez, ondorioztatu zuten Logroñoko Polizia Armatuek bota zutela tiroa, baina ez zuten ezer egin. Gainera, arduradun zuzenei eskatu zieten ikerketak egiteko.

Errenterian, poliziak suari erregaia botatzen


Polizia armatua uztailaren 13an Errenterian, denda batean lapurretan. / JESUS MARI PEMAN


Apurka, normaltasuna itzultzen ari zen, baina, uztailaren 13an, polizia armatuak Errenterian sartu ziren: herrian triskantza eragin, dendetan lapurtu, udaleko ikurrina apurtu eta kamioi bati su eman zioten.

German Rodriguezen eta Joseba Barandiaran hilketek Euskal Herrian eragindako protesten suari erregai gehiagorekin erantzun zioten polizia armatuek. Uztailaren 13an, Errenterian sartu ziren, eta egun hartan gertatutakoa herriaren memorian iltzatuta geratu zen. Gertaera larriak Errenterian, nabarmendu zuen Diario de Navarra-k uztailaren 14ko azalean. «Polizia Armatuaren 200 kide oldarka sartu ziren, erakusleihoak hautsi zituzten eta objektuak lapurtu zituzten. Euren aginduetara zegoen burua berehala kaleratu zuten», gaineratu zuen egunkariak. «Errenterian, Poliziaren ekintza gaitzesgarri batek lasaitasuna hautsi du», zioen Diario Vasco-k. «Azken egunetako gertaera dramatikoen ostean, Euskal Herrian normaltasuna praktikoki itzuli zen». Horrela deskribatzen zuen oldarraldi horren testuingurua.

Esanguratsua zen Diario Vasco-k hori esatea, aurreko bi egunetan, grebaren ondorioz, kalera ateratzerik ez zuelako izan Donostiako kazetak. Artikuluaren sarreran aipatzen zen aurreko egunetako tentsioaren ondoren, normaltasuna itzultzen ari zela, baina «aurreko egunetako gertaera larriei beste bat gehitu zitzaien». Diario Vasco-ren arabera, «Errenterian, biztanleen erdia ez zen lantokietara joan. Goizean batzar bat egon zen, eta ondoren saltoki eta lantokiak itxi ziren. Barrikadak osatu ziren eta borrokak egon ziren Guardia Zibilarekin». Poliziek laguntza gehiago eskatu zioten gobernadore zibilari, eta hark polizia armatuak bidali zituen.


Poliziak ohoin

«Manifestariei aurre egin zieten, baina ondoren biztanleak lasai zeudenean, bazkalorduan, euren armekin inguruko saltokietan kalte larriak eragin zituzten [poliziek]: kristalak eta etxebizitzetako atari automatikoak hautsi zituzten, ikurrinen aurka tiro egin zuten eta eraso egindako saltokietan hainbat objektu hartzera heldu ziren. Gertaeren aurrean, biztanleak erabat harrituta zeuden ordurako. Poliziek kamioi bat erre zuten eta ibaira bota zuten bere zama, eta euren ibilgailu polizialaren aurka kolpeak jo zituzten», deskribatu zuen Diario Vasco-k azalean. Ondoren, gaineratu zuen udaletxeko ikurrina «erabat hautsita» zegoela, eta eraso egindako kamioia Luzuriaga enpresarena zela.

Barruko testuan, poliziek erasotako bi saltokiren argazkia zekarren berripaperak. Artikuluaren arabera, polizien ekintzek «tentsio handia» eragin zuten herrian. «Poliziek alde egin zutenean, jendea kalera atera zen protesta egitera, eta udalbatzak batzar bat antolatu zuen arratsaldeko bostetan». Arratsalde hartan merkatariek salatu zuten bi dozena betaurreko, hainbat argazki kamera, arrantzatzeko kanaberak, eta 3.000 pezeta balio duten bonboi eta txokolate kutxak lapurtu zituztela, besteak beste.

«Gainerako indar politikoak bezain haserre nago», esan zion Antonio Oiarzabal garaiko gobernadore zibilak RNE irrati kateari, egun hartan bertan eman zion elkarrizketan: «Polizia Armatuak berak erabateko kontzientzia du han gertatu denaz, eta hori azpimarratu nahiko nuke». Gertaerak ikertuko zirela aipatu zuen, eta uztailaren 15eko Diario Vasco-k aipatu zuen Polizia Armatuak Errenterian «kalte-ordainak» pagatuko zituela.

Garaiko Euskal Kontseilu Nagusia ere oso haserre zegoen, eta «bandalotzat» jo zituen poliziak. Uztailaren 14ko Diario de Navarra-n, euskal herritarrei dei egiten zien, «etortzen diren tokitik etortzen direla, probokazioetan ez erortzeko». Egin-ek garaiko kontseiluko Herrizaingo sailburu Txiki Benegasek okupazio militar baten aukerari buruz esandakoak aipatzen zituen: «Hondamendi bat litzateke», azpimarratu zuen Benegasek. «[Espainiako] Gobernuak euskal auziari aurre egin nahi badio, euskal polizia baten beharra aintzat hartu beharko du».

Rodolfo Martin Villa Barne ministroa, egun haietan telebistan eman zuen elkarrizketan. BERRIA

«Gureak akatsak izango dira...»

Egun hartan bertan, Rodolfo Martin Villa Espainiako garaiko Barne ministroa elkarrizketatu zuen TVEk. «Errenterian gertatutakoa larria da, eta erabat ulertezina». Aipu hori bera nabarmendu zuen Diario de Navarra egunkariak. Egin-ek, berriz, 1978ko sanferminei buruzko esaldi ezaguna azpimarratu zuen, 1978ko sanferminetako gertakariak itzali eta 40 urtera, oraindik ere, jende askoren memorian gelditu diren hitzak: «Gureak akatsak izango dira; gainerakoa krimenak dira».

Ba al zenekien...

...Polizia armatuen istiluek kalte ekonomiko handia eragin zutela?

Iruñeko peñen ikerketaren arabera, uztailaren 8ko istiluek 117 milioiko pezetako kalteak eragin zituzten. Ostalariek 38 milioi pezetako galerak izan zituzten; sanferminak bertan behera geratu zirenez, zezenketen antolatzaileari, Misericordia etxeari, 49 milioi pezetako kalteak; peñei, 6,5 milioi pezeta; herritarren etxebizitzei, 5,6 milioi pezeta; bertan behera geratu ziren ikuskizunetako artistei, 6 milioi pezeta; elikagai dendei eta saltokiei, 8 milioi pezeta; eta istiluek kaltetutako kotxeei, 2,5 milioi pezetakoa.

Gaur egun, zenbatekoa litzateke kaltea?

2002tik, euroak ditugu esku artean, eta zuzenean euro bihurtzean, kopurua 703.100 eurokoa da, baina, jakina, 1978ko pezetak eta 2018ko euroak ez du berdin balio. 40 urteotako inflazioa aintzat hartuz gero, bost milioi eurokoa litzateke kaltea; kopuru horrek bestelako perspektiba ematen du kalte materialez.

Eta zaurituei zer gertatu zitzaien?

Uztailaren 8ko gauean, poliziek German Rodriguez hil zuten, baina, gainera, beste 11 pertsona balaz zauritu zituzten. Peñen ikerketak hala jaso zuen: Ricardo Azkona Latasa, belaunean; Fermin Ilundain, besoan; Philippe Bidegain, bizkarrean; Jose Ramon Velez Mendizabal, urdailean eta pankrean; Javier Arteta, besoan; Javier Ibarrola, izterrean; Miguel Fernandez Diaz de Zerio, bularraldean; Tomas Saso Clemente, ipurdian; eta Jesus Garcia Martinez, besoan. Horiek guztiak ospitaleetan artatu zituzten. Garaiko egunkarien arabera, adibidez, Velez de Mendizabal oso larri egon zen.

Zer beste zauritu izan ziren?

Ospitaleetan artatutakoez gain, Gurutze Gorriak gau hartan 170 pertsona artatu zituen 21:00etatik 06:30era bitartean. Peñen ikerketaren arabera, pertsona askok nahiago izan zuten ospitalera ez joan, kasu larriagoak egongo zirelako.